48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

28/2009 FORU DEKRETUA, martxoaren 30ekoa, Miguel de la Quadra-Salcedo Gayarre jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Nafarroako Gobernuak, apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" kondekorazioa sortu zuen, Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen beren esparruetan nabarmendu diren pertsona eta entitateek egindako lana jendaurrean azpimarratu eta aitortze aldera. 104/1997 Foru Dekretuak kondekorazioari Karlos III.a Noblea izena jartzea gomendatzen zuen, Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen erregea izan zelako, bere izaera bakezale eta adiskidetzaileagatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidetasuna ezartzeagatik.

Bere merezimendu objektiboak ikusirik eta aintzatespen instituzional gisa, Nafarroako Gobernuak erabaki du aurten, 2009an, "Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea" Miguel de la Quadra-Salcedo Gayarre jaunari ematea, goi lehiaketako atleta, kazetari eta gazteen arteko topaketa eta lankidetza proiektuen sustatzaile gisa hainbat urtez izandako jendaurreko proiekzioa aitortze aldera.

Miguel de la Quadra-Salcedo Gayarre Madrilen jaio zen, 1932ko apirilaren 30ean, eta lau urte zituela, bere familiarekin batera Iruñera etorri zen bizitzera. Nekazaritzako peritu izateko karrera ikasi zuen, baina laster nabarmendu zen atleta gisa. Guztira, Espainiako bederatzi txapelketa irabazi zituen mailu, disko eta xabalina jaurtiketa espezialitateetan. Horretaz gainera, Espainiako zenbait marka hautsi zituen. Halaber, nazioarteko absolutua izan zen 18 aldiz, eta Melbourneko eta Erromako joko olinpiarretan parte hartu zuen, 1956an eta1960an, hurrenez hurren.

1961etik 1963ra Kolonbiako Gobernurako lan egin zuen, Amazonasko oihaneko etnobotaniko gisa, ibai bazterretako kulturekiko harreman handia egitea ahalbidetu zion esplorazio batean.

Esperientzia horren ondorioz, 1963an Espainiara itzuli zenean, Miguel de la Quadra-Salcedok Televisión Españolako programa entzutetsuetan parte hartu zuen eta gertakari garrantzitsuen berri eman ahal izan zuen: Vietmango gerra, Managuako 1972ko lurrikara, Augusto Pinochetek 1973an Txilen egindako estatu kolpea... Kazetari egindako ibilbidea dela eta, elkarrizketak egin ahal izan zizkien XX. mendeko historiako aktore ospetsuei, eta sari asko jaso zituen.

80ko hamarkadaren erdialdera gaur egun Ruta Quetzal izenez ezagutzen den programa jarri zuen abian. Programa Latinoamerikako eta Espainiako gazte eta nerabeen kultura trukeko proiektuetan oinarritzen da. Programaren xedea da Lurraren ingurumen errealitatearekiko pertsona heldu konprometituak heztea. Horregatik, proiektua interes orokortzat deklaratu zuen UNESCOk eta, hari eskerrak, De la Quadrak beste sari garrantzitsu bat jaso zuen, esperientzian oinarritutako pedagogiarekiko zuen interesa aitortzen duena: Outward Bound 2001.

Interes esparru horren barrenean, Miguel de la Quadra-Salcedo Gayarrek, 1994an, bere seme-alabekin bat, "2092" Fundazioa eratu zuen, Amerika aurkitu zeneko VI. urteurrenari buruzko espedizio geografiko eta zientifikoak antolatzeko.

Aipatu sariez gain, Miguel de la Quadra-Salcedok, besteak beste, honako hauek ere eskuratu zituen: Kirol Merituaren zilarrezko Domina, Nekazaritza Merituaren Domina eta Meritu Zibilaren Ordenaren Enkomienda.

Goi lehiaketako atleta, kazetari eta gazteen arteko topaketa eta lankidetza proiektuen sustatzaile gisa hainbat urtez izandako jendaurreko proiekzioa aitortze aldera eta Nafarroako Foru Komunitatea ezagutarazten eta hari ospea ematen egindako lanagatik, Nafarroako Gobernuaren ustez bidezkoa da Miguel de la Quadra-Salcedo Gayarre jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 30eko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Miguel de la Quadra-Salcedo Gayarre jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko martxoaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0913087