48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

700/2009 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2009ko deialdia onesten duena.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2009ko aurrekontuetan bada kontu-sail bat, "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izenekoa, 881001 / 84100 / 4609 / 241300 zenbakia duena. 18.000 euroko zuzkidura du aurrekontuan. Ez dago horrelako laguntzen gaineko berariazko araudirik ez Espainian, ez Nafarroako Foru Komunitatean.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, horrelakoetan behar-beharrezkoa da deialdia egitea eta haren arauak ezartzea, besteak beste.

Aurrekoa ikusirik, bidezkoa da Nafarroako Enplegu Zerbitzuak sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea, 11/2005 Foru Legean ezarritako norgehiagokako araubide orokorra aplikatu ahal izateko.

Halaber, beharrezkoa da gastua baimentzea, eta zehaztea ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zein kontu-sailetatik ordainduko diren eta zein izanen den horretarako kreditu-muga.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek, 13. artikuluan emandako eskudantziak erabiliz eta Zuzendaritza Kontseiluaren aldeko txostena izanik,

EBATZI DUT:

1. Sasoiko langileendako kanpalekuak prestatzen dituzten toki entitateei diru-laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 18.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko aurrekontuko "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izeneko 881001-84100-4609-241300 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko martxoaren 11n.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.-Xedea eta eremua.

Deialdi honen xedea da uzta garaian izaten diren sasoiko langileei ostatu emateko toki entitateek prestatzen dituzten kanpalekuen funtzionamendu eta kontsumo gastuak 2009. urtean finantzatzeko diru-laguntzen araubidea ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

2.-Onuradunak.

Diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke kanpalekuak egokitu eta ostatu hartzeko moduan prestatu ondoren sasoiko langileen esku uzten dituzten toki entitateak, diruz lagundutako jarduera garatzeko behar besteko gaitasun teknikoa eta kudeaketa gaitasuna baldin badute.

3.-Eskaerak aurkeztea.

Deialdi honetako diru-laguntzak emateko eskaerak, 4. oinarrian adierazitako agiriekin batera, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo 15 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (Arcadio María Larraona, 1, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.

4.-Agiriak.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Kanpalekuaren berri emateko memoria, kokagunearen plano eta krokis batekin batera, honako alderdi hauek gutxienez zehaztuta:

-Kanpalekuaren kokagune geografikoa eta hartzen duen eremua.

-Kanpalekuaren edukiera.

-Eskaintzen diren instalazio eta zerbitzuak.

-Komunikazioak eta sarbideak.

-Arduradunak eta kudeaketako langileak.

-Kanpalekua ireki eta ixteko egunak.

-Kanpalekuaren aurrekontu orokorra.

-Mantentze lanetako eta kontsumoko gastuen aurrekontua.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatzen zaion diru-laguntza, guztira.

b) Entitate eskatzailearen organo eskudunak egindako ziurtagiria, kanpalekua jartzea onetsi dela egiaztatzeko.

c) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, diruz laguntzen ez den kostua finantzatzeko kreditua badela adierazteko.

d) Entitate eskatzaileak beste diru-laguntzaren bat jasotzen badu, diru-laguntza horrek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarenarekin batera, ezin izanen du gainditu diruz laguntzen den jardueraren guztirako kostua.

e) Nafarroako Ogasunarekiko betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea.

f) Onuradun izateko ezarritako inolako debekutan ez dagoela dioen aitorpena.

5.-Aurrekontuko kontu-saila.

Deialdi honetako diru-laguntzak 2009ko gastuen aurrekontuko "Sasoiko langileendako ostatu-lekuak prestatzeko diru-laguntzak" izeneko 881001 / 84100 / 4609 / 241300 kontu-sailaren kargura emanen dira, betiere aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

6.-Prozedura antolatu eta instruitzeko eskumena duen organoa.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak emateko organo instruktorea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko Lan-mundura Sartzeko Atala izanen da.

7.-Balorazio batzordea:

Kide anitzeko organo bat osatzen da, eskaerak ebaluatzeko. Batzorde horren irizpena lotzailea izanen da. Organo instruktoreak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak baloratzeko batzordea kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea:

Lan-munduan Sartzeko Ataleko burua.

Idazkaria:

Lan-munduan Sartzeko Ataleko teknikari bat.

8.-Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bitartez tramitatuko da.

Aurkeztutako proiektuek arau hauetan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Balorazio Batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak, balorazio irizpide hauek kontuan harturik:

1. Kanpalekuaren, instalazioen eta zerbitzuen ezaugarri teknikoak eta kalitatea.

2. Kanpalekua kudeatzeko eta zerbitzuak emateko ezarri diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

3. Entitate eskatzaileak horrelako jarduerak kudeatzen duen esperientzia egiaztatua.

4. Kanpalekua finantzatzeko, entitate eskatzaileak eta beste entitate edo erakunde batzuek jartzen dituzten diru-baliabideak.

9.-Espedienteen ebazpena.

Aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak emanen du.

Diru-laguntzak emateko, 8. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen ondoriozko lehentasun ordenari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diruaren arabera, 5. oinarrian ezarri bezala.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aitzina. Ezarritako epea espresuki emandako ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, entitate eskatzaileak eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko du.

10.-Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

11.-Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

2. oinarrian ezarritakoaren arabera, aurreko urteetan bezala, helburua da kanpaleku horietako funtzionamendu eta kontsumo gastuak finantzatzea, honako hauek, besteak beste: gastu orokorrak; erregaienak; aseguruak; komunen alokairua; ura, argia, telefonoa; zaborra biltzea eta beste.

12.-Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza gastu horien %75ekoa izanen da gehienez.

13.-Ordaintzeko modua.

Ordainketa honela eginen da:

Laguntzaren %50, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak laguntza onartu eta ordaintzeko emanen duen ebazpenaren bidez, aurkezten den dokumentazioa aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak eskaerak ebaluatu eta proposamena egin eta gero.

Gainerako %50a, edo kasuan kasuko azkeneko saldoa, azkeneko justifikazioa eta kanpalekuan egindako jardueraren gaineko memoria aurkeztu ondoren.

Artikulu honetan adierazitako aurrerakina jasotzeko, entitate onuradunak justifikatu beharko du funtsak aldez aurretik behar dituela. Justifikazio hori diru-laguntzaren eskaeran berean egin daiteke.

14.-Onetsitako baldintzen aldaketak.

Proiektuak aldatuz gero edo diru-laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, onets ditzan. Aldaketa horiek funtsezkoak badira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du diru-laguntza emateko hasiera bateko ebazpena aldatzeko. Onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzten ahalko da, aldaketen garrantziaren arabera.

15.-Diru-laguntzak itzultzea.

Bat.-Deialdi honetan eta/edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean jaso beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

Bi.-Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera arte sortutako berandutza interesak barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan.

Hiru.-Aurreko lehenengo puntuan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarritako prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Lau.-Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean diru-laguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.

16.-Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, martxoaren 21eko TAS/816/2005 Aginduan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakori jarraituko zaio.

17.-Errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

18.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

1.-Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaien, onuradunak, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

2.-Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, entitate onuradunak behar bezala jakinaraziko du jarduera horrek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza jaso duela, horren gaineko informazioa kanpalekuko toki ikusgarri batean jarriz, baita komunikazio eta idazki ofizialetan eta hedapen eta propagandarako materialetan ere.

Iragarkiaren kodea: F0911775