48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

82/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan gradudunentzako beka bat eta, behar badira, beste bi sortu eta horretarako deialdia egiten duena.

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Zerbitzuak proposatu du Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan gradudunentzako beka bat eta, behar badira, beste bi sortu eta horretarako deialdia egitea, tituludun gazteen prestakuntzan eragingarri izateko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz:

AGINDU DUT:

1. Kontsumo Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka bat eta, behar badira, beste bi emateko 2009ko deialdiaren oinarriak onestea. Bekadunen zeregina kontsumo arloko kontsultak, erreklamazioak, kexak eta salaketak jaso eta tramitatzea izanen da, bai eta erreklamazioetan bitartekotza lana egitea ere.

2. 10.128 euroko gastua baimentzea, gehienez, 2009ko gastuen aurrekontuan Kontsumoko Arbitrajearen Atalak duen "Prestakuntza beketarako transferentziak" kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzea ematea aginduak ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Kontsumo Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 3an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka bat eta, behar badira, beste bi emateko 2009ko deialdiaren oinarriak onestea. Bekadunen zeregina kontsumo arloko kontsultak, erreklamazioak, kexak eta salaketak jaso eta tramitatzea izanen da, bai eta erreklamazioetan bitartekotza lana egitea ere.

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Zerbitzuan aritzeko zuzenbideko lizentziadunentzako beka bat eta, behar badira, beste bi norgehiagokako araubidean emateko 2009ko deialdiaren oinarriak onestea. Bekadunen zeregina kontsumo arloko kontsultak, erreklamazioak, kexak eta salaketak jaso eta tramitatzea izanen da, bai eta erreklamazioetan bitartekotza lana egitea ere.

2. Tutoretza.

Kasuan kasuko administrazio unitateak izendatuko duen tutoreak zuzendu eta gainbegiratuko ditu lanak. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunak bere eginbeharrak betetzen dituen begiratuko du.

3. Iraupena.

Beka honen eta, hala denean, gehitzen direnen iraupena kontzesioaren ebazpenetik 2009ko abenduaren 31ra artekoa izanen da gehienez.

Bekak luzatzen ahalko dira, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak barne.

Beka luzatzeko proiektuko tutorearen eskaera beharko da aldez aurretik.

4. Diru zuzkidura.

Hasierako bekak eta gehitzen ahal direnek 10.128 euro izanen dituzte gehienez. Bekaren ordainketa hilabetez hilabete eginen da, bakoitzean 844 euro.

5. Bateraezintasunak

Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira Administrazio beraren eta beste Administrazio Publiko batzuen bekekin.

6. Izangaien betebeharrak.

Jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urteetan lortu izana.

f) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

7. Balorazio baremoa.

Ebaluazio Batzordeak aztertu eta baloratu eginen ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du, eskatzaileak gutxienez 5 puntu lortzen baditu betiere.

Eskaerekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen arloarekin lotuta dauden lanetan esperientzia izatea.

0,25 puntu emanen dira deialdia argitaratu arte eginiko ikerketa bakoitzeko, gehienez ere puntu bat.

b) Informatika.

0,50 puntu emanen dira eginiko informatika ikastaro bakoitzeko, 10 ordu edo gehiago iraunez gero, gehienez ere 3 puntu.

c) Ingelesez jakitea.

Ingelesez jakiteagatik: 2 puntu bitarte.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Halako titulaziorik ez dutenei Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzeko 0,25 puntu emanen zaie.

d) Ikasketa espedientea.

Espedienteko batez besteko nota gehienez ere 4 puntuz baloratuko da.

Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituen kalifikazioa zehazten ez denean, "nahikoa" gisa baloratuko dira.

Ikasketa planen arabera bakarrik "gai" kalifikazioa izan dezaketen kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

8. Eskabideak eta frogagiriak.

Deialdi honetako bekak foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman ondoko hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahalko dira.

Eskatzaileek ondoko agiriak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan aurkeztuko dituzte, Gonzalez Tablas kalean, zk.g., edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu du lege hori):

a) Prestakuntza bekaren eskabidea, inprimaki normalizatua erabiliz. Inprimaki hori lortzen ahalko da Kontsumo Zerbitzuan (Tomás Caballero parkea, 1, 2. solairua, 31005 Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/default.htm).

b) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

c) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

d) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

e) Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria.

f) Alegatu diren gainerako merezimenduak.

9. Ebaluazio Batzordea.

Bekadunaren hautaketa ondoko hauek osatzen duten ebaluazio batzordeak eginen du:

a) Batzordeburua: María Antonia García Gurría, Kontsumo Ataleko burua.

Ordezkoa: José Antonio Marañón Oricain, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

b) Batzordeburua: María Antonia Sesma Vea, Kontsumoko Arbitrajearen Ataleko burua.

Ordezkoa: Carlos Arana Aicua, Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Carlos Agúndez Salinas, Kontsumoko Arbitrajearen Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezkoa: María José Ezkurra Legazkue, Kontsumo Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

10. Beka ematea.

Beka Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen da, aldez aurretik Ebaluazio Batzordeak proposamena eginik, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen hori, batzordeak ezarritako puntuazioaren arabera ordenatutako eskatzaileen zerrendarekin batera, Nafarroako Gobernuaren web orrian jarriko da jendaurrean (www.navarra.es/home-es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/default.htm).

Puntuazio handiena lortzeagatik onuradun suertatzen den eskatzaileari ebazpena igorriko zaio. Hasiera batean aurreikusitako bekari beste batzuk gehituz gero, horren ondoriozko onuradunei igorriko zaie ebazpena.

11. Beka jasotzen duenaren berariazko betebeharrak eta eskubideak.

a) Bekaren xedeko jarduera egitea eta hori frogatzea.

b) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

c) Beka emateko betebehar eta baldintzak betetzea.

d) Eman den bekaren inguruan organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

f) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, Ogasun Publikoarekiko betebeharrak egunean dituela.

g) Organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

i) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

12. Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunak hamar eguneko epea izanen du jarduerak egiten hasteko, beka eman zaiola jakinarazten zaionetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari espresuki uko eginez gero, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari horren berri eman beharko zaio.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, ezertan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

13. Jarduerak.

Bekaren xede diren jarduerak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Kontsumo Zerbitzuaren egoitzan eginen dira, astean 30 ordu gehienez.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

14. Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualerako dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

15. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera dotazio ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutza interesak eta ezar litezkeen zehapenak alde batera utzi gabe, Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz.

16. Lan edo administrazio harremanik eza.

1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Administrazio Publikoarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. Gora jotzeko errekurtsoa.

Foru agindu honen eta berau betearazteko ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraikiz. 30/1992 Legea urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

Zuzenbideko lizentziadunentzako beka, Kontsumo Zerbitzuan aritzeko

Iruñean, 2009ko .........aren ...........(e)an.

Norberaren datuak

Lehen deitura:

Bigarren deitura:

Izena:

NANa:

Jaioteguna: ...................... Jaioterria:

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua)

Herria: ..................................................... P.K.:

Telefonoa: ................................. Faxa:

Helbide elektronikoa:

Ikasketen datuak

Titulazioak:

Ikasketak hasi zitueneko urtea: ............ Ikasketak bukatu zitueneko urtea:

Fakultatea:

Unibertsitatea:

Titulazioarekin zerikusia duten lanetako esperientzia

Aldia Lanpostua Erakundea

Ingelesa jakitea:

  • BAI
  • EZ

Informatika jakitea:

  • BAI
  • EZ

Eskatzailearen sinadura

Iragarkiaren kodea: F0911393