48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

79/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Abenduaren 27ko 18/2006 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak, Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriko 1. b) atala aldatzen duenak, ezartzen du lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei laguntzak emateko urtero deialdia onetsi beharra dagoela eta deialdian bertan ezarriko dela diru-laguntzen zenbatekoa. Halaber, maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuak, Amatasunaren diru-laguntzak arautzen dituenak, laguntza horiek jasotzeko baldintzak eta betebeharrak ezartzen ditu.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak direla eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei laguntzak emateko 2009ko deialdia onestea.

2. 810.755,27 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Lau seme-alaba edo gehiago dituzten familientzako laguntzak" izeneko 950001 92210 4809 231502 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentroari jakinaraztea.

Iruñean, 2008ko martxoaren 2an.-Osasuneko kontseilaria (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ordez, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren otsailaren 27ko 3/2009 Foru Dekretuarekin bat), María Kutz Peironcely.

Deialdiko oinarriak

Lehenbizikoa.-Xedea.

Foru agindu honen xedea da lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei laguntzak emateko deialdia onestea. Laguntza horiek ezarrita daude Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 27ko 18/2006 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenean, Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeari buruzko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriko 1.b) atala aldatzen duen horretan, eta Amatasunaren diru-laguntzak arautzen dituen maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuan.

Bigarrena.-Araubide juridikoa.

Laguntzen deialdi hau Amatasunaren diru-laguntzak arautzen dituen maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuan ezarritako oinarri arautzaileei jarraikiz erregulatuko da, laguntzaren zenbatekoari dagokionean izan ezik.

Hirugarrena.-Zenbatekoak.

1. Kategoria arrunteko familia ugariei urtero 413,89 euroko diru-laguntza emanen zaie laugarren seme-alabagatik. Ordainketa urtekoa izanen da, harik eta seme-alaba horrek 18 urte bete arte.

2. Kategoria bereziko familia ugariei urtero 620,83 euroko diru-laguntza emanen zaie laugarren seme-alabagatik eta handik aurrera dituzten guztiengatik, harik eta seme-alaba horiek 18 urte bete arte.

Laugarrena.-Eskaerak.

1. Laguntza eskaerak 2009. urte osoan aurkeztuko dira, eta horretarako ezinbesteko baldintza izanen da laguntzak eskatzen dituzten familia ugariek familia ugariaren txartela indarrean izatea eta familiako kide guztiak Nafarroan erroldatuta egotea.

2. 2008. urteko ekitaldiko errenta aitorpena aurkeztuko da, alegia, 2009. urtean egiten dena.

Bosgarrena.-Legeria aplikagarria.

Deialdi hau foru agindu honetan eta Amatasunaren diru-laguntzak arautzen dituen maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz erregulatuko da.

Seigarrena.-Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F0911338