48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

78/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko ezarri den "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko baliabidearen titular diren pertsona juridikoei 2009an diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Familiari Laguntzeko Planak ezartzen dituen helburuetariko bat hauxe da: "familiaren babesa hobetzea, beren kargura mendeko pertsonak dituzten gizon eta emakumeei sostengu finantzario eta praktikoa emanez, laneko eta familiako bizitza bateratu ahal izateko."

Helburu hori lortzen laguntzeko, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak, otsailaren 7ko 27/2006 Foru Aginduaren bidez, laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabide hau sailkatu zuen: "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua".

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du. Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri beharko ditu, eta argitaratu egin beharko dira. Horrela jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte.

Deialdi honen xedea da laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko ezarri den "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko baliabidearen titular diren pertsona juridikoei 2009an diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea, zerbitzu horrek berarekin dakartzan funtzionamendu gastuak hein batean finantzatzeko.

Ikusita Nafarroako Gobernuak 2006ko apirilaren 24an hartutako Erabakia, zeinaren bidez baimena eman baitzen banakako ebaluazioaren araubidea erabiltzeko, honako deialdi honetan: laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko ezarri den "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko baliabidearen titular diren pertsona juridikoei diru-laguntzak emateko deialdia.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta gizarte interesekoak direla eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko ezarri den "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko baliabidearen titular diren pertsona juridikoei 2009an diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 321.660,00 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Etxe lagunak eta laneko eta etxeko bizitza bateratu ahal izateko beste proiektu batzuk" izeneko 950001 92210 4819 231506 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontu-hartzailetza Zentroari jakinaraztea.

Iruñean, 2008ko martxoaren 2an.-Osasun kontseilaria (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren ordez, Nafarroako Gobernuko lehendakariaren otsailaren 27ko 3/2009 Foru Dekretuarekin bat), María Kutz Peironcely.

Oinarriak

Lehena.-Helburua eta aplikazio eremua.

Deialdi honen helburua da laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko ezarri den "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzua" izeneko baliabidearen titular diren pertsona juridikoei 2009an diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Diru-laguntza horiek emanez, laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izatea sustatu eta bultzatu nahi da.

Bigarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.

Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baliabide horren funtzionamendua finantzatuko du, laneko eta familiako eginkizunak bateratzeko.

Hirugarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa eta laguntza-metaketa.

1. Diru-laguntza, gehienez, baliabide hori abian jartzeko eta funtzionamendurako behar den aurrekontuaren %60koa izanen da.

2. Diru-laguntza emanen da aurrekontuetan diru aski baldin badago. 2009. urterako 321.660,00 euro jarri dira.

Laugarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Baliabidearen funtzionamendu gastuak izanen dira diru-laguntzen xede. Honako hauek zehazki:

a) %20 gehienez, egin beharreko obra txikiengatik edo egokitze lanengatik.

b) %20 gehienez, altzariak, berariazko ekipamendua eta material didaktikoak erosteagatik.

c) Zaintzaileen, ordezkoen eta arduradun edo koordinatzaileen lansariak eta gizarte segurantza eta azken horien joan-etorrien gastuak.

d) Zerbitzuak funtzionatzeko beharrezkoak diren gastu orokorrak. Zehazki:

-Kanpoko zerbitzuetarako (laneko, zerga arloko eta kontabilitateko aholkularitza) gastuen, aseguruen, publizitatearen, lan arriskuetarako aurreneurrien eta prestakuntza ikastaroen %100.

-Bestelako gastuak, hala nola, telefonoa, ura, argia, berokuntza, amortizazioak eta antzekoak, etxean ematen den zerbitzuaren ordu kopuruarekiko proportzionala den zenbatekoan.

Bosgarrena.-Betebeharrak.

1. Deialdian parte hartu ahal izateko, Nafarroan kokaturik dauden irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateek ondoko baldintzak bete beharko dituzte eskaera aurkezten duten egunean:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea.

c) Estatutuetan espresuki agertzea haurrekin edo/eta familiekin zerikusia duten jarduerak prestatzea erakundearen xedea dela.

d) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordioa lortu dela frogatzea.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide aski izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

Zaintzaileez gainera, honako hauek eduki beharko dituzte:

-Koordinatzaile eta arduradun bat, eginkizun hauek izanen dituena: kudeaketa komertziala, etxeak gainbegiratu eta ikuskatzea, Administrazioarekiko eta beste entitate batzuekiko koordinazioa, familiendako laguntza, langileen kudeaketa eta adingabeen jarraipen pedagogikoa.

-Aldi baterako langileak, bajak eta oporrak daudenean zerbitzua bermatzeko eta zaintzaileak behin-behinean ordezteko.

-Zerbitzua ematen den bitartean larrialdi bat gertatuz gero, haurrendako jarduketa plana.

-Laneko arriskuei aurrea hartzeko plana.

-Kudeaketa tresna bat, hezkuntzako esku-hartzea gobernatuko duten helburuak jasotzen dituena.

f) Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzak hartu badituzte lehenago, frogatu beharko dute diru-laguntza horiek emateko ebazpenetako eginbehar guztiak bete dituztela.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

2. Aipatu diren betebehar guztiak eskabidea aurkeztean bete eta diru-laguntzaren xede den jarduera egiten deino bete beharko dira.

Seigarrena.-Proiektua edo ekintza gauzatzeko epea.

Laguntzaren xede diren proiektuak gauzatzeko epea gehienez ere aurrekontu ekitaldikoa izanen da. 2009ko urtarrilaren 1ean hasten ahalko dira.

Zazpigarrena.-Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Diru-laguntza jasotzeko eskaerak deialdia argitaratzen denetik aurrera eta urtea bukatu bitartean aurkezten ahalko dira Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako erregistroetan.

Zortzigarrena.-Agiriak.

Eskaera egiteko, eskabide orokorra aurkeztuko da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, honako agiri hauekin batera:

a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

-Elkarte edo entitatearen estatutuak.

-Entitatearen legezko helbidearen ziurtagiria.

-Eskaera sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

-Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

-Nortasun juridikoa dela medio, beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

-Identifikazio fiskaleko txartela.

-Hala behar izanez gero, eta deialdiaren 12. oinarrian adierazitakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko dirua aldez aurretik jaso beharra justifikatzeko txostena.

-Transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

-2008an emandako diru-laguntzaren justifikazioa, halakorik izan bada, fakturak (jatorrizkoak eta fotokopia konpultsatuak) eta ordainketak frogatzeko banku-agiriak aurkeztuz.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ez dago eskatutako agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo horren esku dauden datuak badira, salbu diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

b) Memoria, osagai hauek edukiko dituena:

-Hiru urtetik beherako haurra zaintzen deneko etxean hezkuntza edo laguntza arloan garatu beharreko proiektua, non xedeak, helburuak, metodologia, ordutegiak, giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ezarririko ebaluazio ereduak adieraziko baitira.

-Laneko eta familiako eginkizunak bateratu ahal izateko baliabideen sailkapenean "Hiru urtetik beherako haurrak zaintzaileen etxean zaintzeko zerbitzu" gisa sartzeko otsailaren 7ko 27/2006 Foru Aginduan ezarrita dauden betebeharrak betetzen dituen etxea edo etxeen zerrenda eta, horri lotuta, etxearen titularraren izen-deiturak, herria, helbide osoa eta harremanetarako telefonoa.

-Etxe horietan arituko diren langileen zerrenda eta, horri lotuta, haien izen-deiturak, haien lanbide gaitasunaren frogak, ikasketa tituluak eta adingabeak zaintzen eta laguntzen izaniko esperientzia.

-Koordinatzaileen, etxeetako zaintzaileen eta oporretan, kanpoan edo gaixo egonez gero haiek guztiak ordezteko kontratatzen diren langileen agiriak, hain zuzen ere lan kontratua, izendapena eta Gizarte Segurantzako araubideko alta.

-Hartzen diren postuen kopurua eta baliabidea erabiltzeko orduak.

c) Zerbitzuaren funtzionamenduaren aurrekontu osoa eta entitateak eskatzen duen zenbatekoa.

Aurrekontua aurkezterakoan, gastuak zehaztu beharko dira kontzeptuen arabera, eta haiek finantzatzeko baliabideak azalduko dira, horrelakorik egonez gero.

Bederatzigarrena.-Antolamendua eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Familiaren Sustapenerako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri hauetan organo instruktoreari buruz egindako aipamenak zerbitzu horri egindakotzat hartuko dira.

Organo instruktoreak departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako teknikari juridiko baten laguntza izanen du.

2. Eskerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala, eta adieraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera utziko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Hamargarrena.-Ebaluatzeko betebeharrak.

1. Ez da diru-laguntza eskaerarik tramitatuko baldin eta txosten teknikoak eta ekonomikoak aurkeztu ez badira eta, halakorik badago, aurreko urteko diru-laguntzaren gastuaren fakturak aurkeztu ez badira.

2. Entitate eskatzaileek aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa: 20 puntu gehienez, honela banatuta:

-Entitatearen helburuak: gehienez 10 puntu.

-Aldez aurreko esperientzia: gehienez 10 puntu.

b) Proiektuen balorazioa. 45 puntu gehienez, 8. oinarriko b) letran eskatzen den edukia eta lortutako aintzatespenak (kalitatearen arloan, bateratzearen arloan) kontuan hartuz. Zehazki:

-Proiektuaren kalitatea: gehienez 30 puntu.

-Aurreko urteetan egindako proiektuen eraginkortasuna: gehienez 15 puntu.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk: gehienez 35 puntu.

-Aurreko ekitaldietan abiarazitako programa edo jardueren jarraipena bultzatzea, interes sozialeko arrazoiek hala komeni dela erakusten dutenean, gehienez 10 puntu.

-Laneko eta familiako eginkizunak bateratzeko arloan eginiko beste programa batzuekiko osagarritasuna eta koordinazioa, 5 puntu gehienez.

-Etxeek otsailaren 7ko 27/2006 Foru Aginduan eskatzen diren gutxieneko betebeharrak hobetu eta gainditzea, 5 puntu gehienez.

-Etxe horien kokalekuaren arabera, herritarren beharrei erantzutea, inguru horretan adingabeen arretarako baliabiderik ez egoteagatik edo, baldin badago, behar beste postu ez izateagatik edo ordutegiak postua eskatzen duten familien beharretara ez egoteagatik, 10 puntu gehienez.

-Zaintzaileen lanpostuen egonkortasuna edo haiek beren lanpostua sortu izana, 5 puntu gehienez.

3. Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten entitateak deialditik baztertuko dira eta, orobat, proiektuen balorazioan (10. oinarriko bigarren puntuko b letran) 25 puntu lortzen ez dituztenak.

4. Kontuan hartuz eskabideak aurkezteko epea urte osoan irekirik egonen dela, espedienteak aurkeztu ahala ebatzi eta tramitatuko dira. Diru-laguntza lorturiko puntuen arabera emanen da, aurrekontuetan dirua dagoeino.

5. Diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu baliabidearen aurrekontuaren %60a, eta aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, puntuazio hauen araberakoa izanen da:

a) 81 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.

b) 66 puntutik 80 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.

c) 50 puntutik 65 puntura: eskatutako zenbatekoaren %50.

Hamaikagarrena.-Ebazpena.

Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena egin ondoren, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea gehienez hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Diru-laguntza ematen bada, ebazpenean adieraziko dira eskatzailea, jarduerarako eman den diru-laguntzaren zenbatekoa, diru-laguntzaren xede diren kontzeptuak, gastua nola justifikatu behar den, ekintzak abiarazteko epeak, hasiera eman ez bazaie betiere, eta zer epe dagoen burutzeko.

Hamabigarrena.-Diru-laguntza ordaintzea.

1. Diru-laguntza bi epetan ordainduko da:

a) %75 aurrerakin gisa, diru-laguntzaren ebazpenarekin batera, eta, horretarako, diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak aldez aurretik eskuratu beharra frogatu beharko da.

Aurrerakin hori jasotzeko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortzen dituen betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Aurrerakina 60.000 eurotik gorakoa bada, beharrezkoa izanen da egokiak diren bermeak jartzea Nafarroako Gobernuan.

b) Gainerako %25, emandako diru-laguntza justifikatzen denean.

2. Diru-laguntza aurretik jasotzeko premia behar bezala justifikatu ezean, ordainketa bi hilabetean behin eginen da, epe horretan programak izandako gastuak justifikatutakoan. Justifikazioa egiteko, deialdi honetako 14. oinarriaren 1. ataleko g) letran ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira, bertan adierazitako moduan.

Hamahirugarrena.-Jarraipena eta kontrola.

Organo instruktoreak burutzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, koordinazio bilerak eginen dira, hiru hilean behin, baliabidea koordinatzen duen entitate onuraduneko pertsonaren eta Familia Zuzendaritza Nagusiak jartzen duen arduradunaren artean.

Era berean, agindutakoari jarraikiz, entitate onuradunak egin dituen jardueren urteko memoria teknikoa aurkeztu beharko du.

Hamalaugarrena.-Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza zer zerbitzutarako ematen den, hori deialdiaren oinarrien arabera burutzea, ez baita zilegi diru hori beste helburu batzuetarako erabiltzea.

b) Zerbitzua egin dela justifikatzea eta diru-laguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak betetzea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Froga gisa, entitateak programaren diru-sarrera eta gastuen balantzea aurkeztuko du, eta harekin batera, diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data eta zenbatekoa.

Zerrenda horrek egiaztagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta kopia bat erantsita aurkeztuko dira. Egiaztagiri guztietan (faktura, banku-laburpenak, jasotze-agiriak, etab.) honako hauek agertuko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa, ordainketa modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita behar dute.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean, entitateak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu behar dio diruz lagundutako programaren justifikazio ekonomikoa, aurreko lerroaldean adierazitako moduan.

h) Memoria tekniko bat aurkeztea, deialdi honetako 8. oinarriko alderdiak bilduko dituena.

i) Zerbitzuaren publizitatean Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntza aipatzea, eta hori azaltzea urteko memoriako deskribapenean, erabiltzen diren materialetan, kartel edo paneletan, edo Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak bidezkotzat jotzen duen beste edozein baliabidetan.

Halaber, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak, urte bukaeran, emandako diru-laguntzen zerrenda jarriko du bere iragarki oholean, diru-laguntzaren entitate emailea, zenbatekoa eta helburua adierazita.

j) Diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada obraren kostuan, edo 12.000 eurotik gorakoa ekipo ondasunen erosketan, diru-laguntzaren onuradunak frogatu beharko du, egokia den moduan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela.

Horretarako, entitateak aski izanen du ekintza edo proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, horretarako bidea baldin badago.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.

2. Zerbitzua urtea bukatu arte ematen denean, 14. oinarri honen lehen ataleko g) letran ezarritako agiriak 2010eko urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dira Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian. Memoria teknikoa, h) letran aipatzen dena, 2010eko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian.

Hamabosgarrena.-Ez betetzea.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutza korrituak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu ezertan galaraziko aipatu 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru guztia itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza jasotzeko proiektuaren oinarrian zeuden ekintzak ez burutzea.

b) Diru-laguntzak zuen xedeari edo hura emateko ezarritako baldintzei zegokiena ez betetzea.

c) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

3. Orobat, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diru kopuruaren %50 itzularaztea, baldin eta diru-laguntzaren erabilera aldatzen bada Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman gabe, edo zuzendaritza nagusi horrek aldaketak bidegabetzat jotzen baditu.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan izandako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari.

Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherak azalduz gero.

4. Gainera, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diruaren %25 itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea laguntzak zertan erabili diren.

b) Organo eskudunari egiaztapen lanak egiten ez uztea edo trabak jartzea.

Hamaseigarrena.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

Hamazazpigarrena.-Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

2. Foru agindu honen aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hemezortzigarrena.-Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0911333