48. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

68/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateentzako 2009. urteko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak bere jarduketa esparruan dauzka haurtzaroa eta familia, oinarrizko osasun laguntzan.

Irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari esleitu zitzaizkion, beste eginkizun batzuen artean, Nafarroako Foru Komunitateko familiaren eta adingabeentzako programen sustapena, koordinazioa, kudeaketa eta segimendua egitea.

Bestalde, irailaren 3ko 2007/3 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurrekontuen kargura emanen diren diru-laguntzen deialdiak egiteko eskumena Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari esleitu zitzaion.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean adingabeen babesaren esparruan aritzen diren entitateei emanen zaizkien diru-laguntzen 2009ko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. 115.375 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Adingabeen eta lantegi-eskolen esparruko diru-laguntzen deialdia " izeneko 950002 92300 4819 231700 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalari, Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuari eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 25ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiko oinarriak

1. Helburua eta aplikazio eremua.

Deialdi honen helburua 2009ko diru-laguntzak esleitzeko araubidea ezartzea da, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamendurako eta jardueren sustapenerako.

Diru-laguntza hauen bidez, adingabeen esparruan aritzen diren elkarte eta gainerako entitateek talde horien premiak asetzeko ekintzak egin ditzatela bultzatu nahi da.

2. Diruz laguntzen ahal diren ekintzak.

1. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagunduko ditu babes gabezia arina/moderatua duten adingabeentzako gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak eta baita esku-hartze terapeutikoa ere; zehazki, egoera horietan diren adingabeen bizi baldintzak hobetzeko programak, lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio programak ezarriz.

2. Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko 15/2005 Foru Legearen arabera babesik gabeko egoeran ez dauden haur edo nerabeentzako programa edo ekintzak ezin dira diruz lagundu.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta laguntza-metaketa.

1. Diru-laguntza gisa, osotara, 36.000 euro ematen ahalko dira urtero, gehienez.

2. Eskatutako kopurua gehienez ere 36.000 eurokoa izanen da , urtero. Bestela, eskaera ez da onartuko.

3. Diru-laguntzak emateko ezinbestekoa izanen da aurrekontuan horretarako diru nahikoa egotea.

4. Aurkezten diren entitateek diru-laguntza bana jasoko dute soilik, programa batengatik.

5. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka tramitatuko da.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak diru-laguntzaren xedeko jarduera garatzeko beharrezkoak direnak izanen dira.

2. Diru-laguntza jasotzen duten entitateek langileria eta, funtzionamendu gastuetarako eta jardueretarako erabiliko dute. Funtzionamendu gastuak emandako diru-laguntzaren %30 izanen dira gehienez.

5. Betebeharrak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, elkarteek eta entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera egiten duten egunean:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko entitate, zerbitzu eta zentroen erregistroan inskribatua egotea.

b) Irabazi asmorik ez izatea eta egoitza soziala Nafarroan izatea.

c) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, adingabeen babesarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Zergei buruzko betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak eguneratuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko akordio batera lortu dela frogatzea.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia eta langile eta baliabide aski izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f) Lehenago Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzak hartuak izanez gero, frogatu beharko dute diru-laguntza horiek emateko ebazpenetan finkatutako betebehar guztiak bete dituztela.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

2. Baldintza horiek guztiak lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

6. Programa egiteko epea.

Diruz lagundutako programak urte batean burutu behar dira. Edozein egunetan hasten dela ere, diruz lagunduko diren jarduerek 2009ko abenduaren 31rako bukatuak izan behar dute.

7. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Diru-laguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Mendekotasun Agentziako Erregistroan (González Tablas kalea, zk.g.) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako beste erregistro batean.

8. Agiriak.

Eskaera egiteko eskabide orokorra aurkeztu behar da, entitatea legez ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsona batek sinatua, honako agiri hauekin batera:

a) Entitate eskatzaileari buruzko agiri orokorrak:

-Elkarte edo entitatearen estatutuak.

-Entitatearen legezko helbidearen ziurtagiria.

-Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

-Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria.

-Izaera juridikoa dela medio, dagokion beste edozein inskripzioren egiaztagiria.

-Identifikazio fiskaleko txartela.

-Hala behar izanez gero, eta deialdi honen 12. oinarrian ezarritakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena. Bereziki justifikatu beharko da entitateak ordainketak egin behar dituela diru-laguntza jasotako jarduera justifikatu baino lehen, edo ez duela ordainketa horiei aurre egiteko funtsik.

-Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

-Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, ez dago eskatutako agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo horren esku dauden datuak badira, salbu diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsen aurretiazko hornidura justifikatzeko txostena. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

b) diru-laguntza jaso nahi duen programaren gaineko txosten teknikoa, honen deskribapena eta ondoko datu hauek zehazturik:

-Helburuak.

-Zein giza-talderi zuzentzen zaizkion ekintzak.

-Eginen diren jarduerak eta haien metodologia.

-Laguntza emanen zaien pertsonen kopuruaren kalkulua, eta ekintzen bidez lortu nahi diren emaitzen azalpena.

-Ekintza horretara bideratuko diren giza baliabideak.

-Lan egutegia. Ekintzak diru-laguntza eskatzen den urte berean egin beharko dira.

-Ebaluazio sistema.

-Eta programa baloratzeko interesgarriak izan daitezkeen gainerako gorabehera guztiak.

c) Agiri ekonomikoak:

-Programaren aurrekontua guztira.

-Programa garatzeko eskatzen den zenbateko zehatza, gehienez ere 36.000 euro.

Proiektuko gastuen aurrekontu osoa eta eskatzen den zenbateko zehatza zehaztu beharko dira, kontzeptuka (langileak, funtzionamendua eta jarduerak).

-Hala denean, programa osoa finantzatzeko dauden beste baliabide batzuk.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Adin Txikikoak Babesteko Atalari esleitu zaizkio. Oinarri hauetan organo instruktoreari egindako aipamenak atal horri egindakotzat hartuko dira.

Organo instruktoreak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.

2. Eskerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio 15 egun naturaletan okerra zuzendu dezala, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

3. Ez da diru-laguntza eskaerarik tramitatuko memoria teknikoa eta ekonomikoa erantsi ez baditu eta, hala badagokio, aurreko urteko diru-laguntzaren gastuaren fakturak ekarri ez badira.

4. Eskaeren balorazioa Batzorde Tekniko batek eginen du. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuko zuzendariak, Adin Txikikoak Babesteko Ataleko buruak eta atal horretako Arazo Sozialak dituzten Adingabeei Laguntza Emateko Bulegoko buruak.

5. Programak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari.

10. Balorazioa.

1. Entitate eskatzaileek aurkeztutako programak baloratzeko honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileen balorazioa: 15 puntu gehienez, honela banaturik:

-Entitateen helburuak, 5 puntu gehienez.

-Adingabeen esparruan aurretik zuen esperientzia, 5 puntu gehienez.

-Herri, probintzia edo bestelako mailetan hezkuntzaren, gizartearen eta osasunaren esparruko bestelako entitate eta elkarteekin lankidetza eta koordinazioa, gehienez 5 puntu.

b) Programen balorazioa, 45 puntu gehienez, 8. oinarriaren b) letran eskatutako edukia kontuan hartuta. Zehazki:

-Programaren kalitatea, gehienez 35 puntu.

-Aurreko urteetan egindako programen eraginkortasuna, gehienez 10 puntu.

c) Baloratu beharreko beste alderdi batzuk: 40 puntu bitarte.

-Aurreko ekitaldietan abiarazitako programa edo jardueren jarraipena bultzatzea, interes publikoko arrazoiak direla eta, gehienez 15 puntu.

-Oinarrizko zerbitzu komunitarioek egindako beste programen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea, gehienez 5 puntu.

-Gizarteak dituen beharrei erantzutea, gehienez 5 puntu.

-Proiektu berritzaileak izatea, gehienez 15 puntu.

2. Ondoko entitate hauek deialditik at geldituko dira:

a) Oinarri honetako lehen ataleko a) letran aurreikusitako balorazioan 8 puntu baino gutxiago lortzen duten entitateak.

b) 8. oinarriaren b) letran eskatutakoa ez bezalako edukia duen programa aurkezten dutenak.

c) Oinarri honetako lehen ataleko b) letran aurreikusitako programen balorazioan 25 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

d) Oinarri honetako lehen ataleko b) letran aurreikusitako programaren kalitatearen balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

e) Oinarri honetako lehen ataleko c) letran aurreikusitako alderdien balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

f) Deialdiaren guztirako balorazioan 50 puntu baino gutxiago lortzen dutenak.

3. Onartu diren entitateen zerrenda eginen da, puntuazioaren araberakoa, eta bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko da.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa ondoko puntuazio hauen arabera finkatuko da:

a) 86 puntu edo gehiago: eskatutako zenbatekoaren %100.

b) 70 puntutik 85 puntura: eskatutako zenbatekoaren %90.

c) 60 puntutik 69 puntura: eskatutako zenbatekoaren %75.

d) 50 puntutik 59 puntura: eskatutako zenbatekoaren %50.

5. Diru-laguntzak emateko, ezarritako balorazio irizpideak aplikatzeak dakarren lehentasun ordenari jarraituko zaio, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

6. Puntu-berdinketarik izanez gero, eta/edo aurrekontuetan diru aski ez badago, banaketa proportzionala eginen da entitate onuraradun guztien artean.

11. Ebazpena.

1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena egin ondoren, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da, gero ematen den ebazpen espresuaren nondik norakoa edozein delarik ere.

3. Ebazpenean, gutxienez, diru-laguntza jasotzen duten eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoak jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

12. Ordainketa.

1. Proiektua burutu dela frogatzen denean ordainduko da diru-laguntza.

2. Diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak aurretik eskuratu beharra dagoela frogatzen den kasuetan, esleitutako diru-laguntza bi epetan ordaintzen ahalko da, 8. oinarrian ezarritakoarekin bat.

a) Ordainketa bat, %75ekoa, diru-laguntza esleitzen duen ebazpenarekin batera emanen da.

b) Bigarren ordainketa, gainerako %25ekoa, programa bukatu eta justifikatu ondoren emanen da.

Aurrerakin hori jasotzeko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak dituen betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

13. Jarraipena eta kontrola.

Organo instruktoreak burutzen diren jarduketen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola eginen du, eta haien kalitateaz eta eraginkortasunaz arduratuko da. Horretarako, jarraipen eta kontrolerako bestelako jarduketak galarazi gabe, entitate onuradunak urtero txosten tekniko bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruzkoa.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza zein programa eta jardueratarako ematen den, horiek burutzea deialdiaren oinarrien arabera, ez baita zilegi diru hori erabiltzea eman zenaz bestelako helburuetarako.

b) Jarduera egin dela eta diru-laguntza emateko edo erabiltzeko baldintza guztiak bete direla justifikatzea, jarduera bukatu eta hilabeteko epean, eta betiere 2010eko urtarrilaren 8a baino lehen, 2009ko abenduaren 31rako bukatu diren jarduerak badira.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da horren berri, betiere jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko betebeharrak betetzea.

g) Froga gisa, entitateak programaren diru-sarrera eta gastuen balantzea aurkeztuko du, eta harekin batera diruz lagundutako programari aplikatutako gastuen zerrenda bat, non zehaztuko baitira dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, hartzailea, jaulkipen-data eta ordainketaren data eta zenbatekoa.

Zerrenda horrek ziurtagirien bermea beharko du (fakturak edo antzeko froga-balioa duten dokumentuak); jatorrizkoak izan beharko dute, eta kopia bat erantsita aurkeztuko dira. Egiaztagiri guztietan (faktura, banku-laburpenak, jasotze-agiriak, etab.) honako hauek agertuko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua, prezioa, ordainketa-modua; eta ordainketa frogatzen duen dokumentua erantsita behar dute.

h) Memoria teknikoa aurkeztea. Bertan, gutxienez, honako hauek bilduko dira:

-Entitatearen eta programaren identifikazioa.

-Lortutako helburuak.

-Parte hartu edo onura lortu duen giza taldea.

-Egindako jardueren azalpen laburra, edukiak, metodologia, bilakaera denboran eta beste erakundeekin izandako koordinazioa jasoz.

-Proiektua burutzean izandako oztopoak.

-Proiektuaren balorazioa, ebaluaziorako ezarri ziren irizpideen araberakoa.

i) Prestatu beharreko programan Nafarroako Gobernuko Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntza aipatzea eta hori azaltzea urteko memoriaren azalpenean, erabiltzen diren materialetan, kartel edo paneletan, hala nola Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak bidezkotzat jotzen dituen beste edozein baliabidetan.

Halaber, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak, urte bukaeran, emandako diru-laguntzen zerrenda jarriko du bere iragarki oholean, diru-laguntzaren entitate hartzailea, zenbatekoa eta helburua adierazita.

j) Proiektua egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak behar den bezala frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Horretarako, entitateak aski izanen du proiektua egiteko hiru aurrekontu aurkeztea, horretarako bidea baldin badago.

k) Diruz lagundutako jardueraren parte bat egiteko hirugarrenekin azpikontratazioa egin behar izanez gero, azpikontratazio horrek ez du emandako diruaren %25 baino gehiago hartuko.

15. Laguntza itzultzea.

1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak ez betetzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du berarekin, bai eta, halakorik bada, dagokion berandutza-interesak ordaindu beharra ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera, deusetan galarazi gabe aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen bestelako erantzukizunak.

2. Aurrekoa gorabehera, bidezko izanen da eskubidea kentzea eta jasotako dirua, osorik edo partez, itzularaztea, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza jasotzeko programaren oinarrian zeuden ekintzak ez burutzea.

b) Diru-laguntzak zuen xedea edo hura emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Laguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

3. Orobat, bidezkoa izanen da eskubidea kentzea eta jasotako diruaren %50 itzularaztea diru-laguntzaren erabilera aldatzen baldin bada Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman gabe edo zuzendaritza horrek aldaketak bidegabetzat jo baldin baditu.

Ildo horretan, entitate onuradunek diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartutako baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari.

Bestalde, salbuespen gisa, entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, haren garapena eragozten duten gorabeherak azalduz gero.

4. Gainera, bidezko izanen da eskubidea galtzea eta jasotako diruaren %25 itzultzea, honako kasu hauetan:

a) Ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzea laguntzak zertan erabili diren.

b) Organo eskudunari egiaztapen lanetan oztopoak jartzea edo uko egitea.

16. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako ematen diren bestelako diru-laguntzekin, betiere haien zenbatekoa, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa ez bada.

17. Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edota errekurritutako ekintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Legean adierazitakoari jarraikiz.

2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

18. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0911256