40. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

109/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiteko, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, eta gazteriaren arloko profesionalak gai horren gaineko jardunaldietara, topaketetara, mintegietara, biltzarretara eta masterretara joateko beken deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Gizartea oso bizkor aldatzen da eta horrek behar, itxaropen eta eskaera berriak sortzen ditu herritar guztiengan, oro har. Hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta emantzipazioa bereziki gazteei eragiten dieten aferetako batzuk dira. Horregatik, administrazio publikoek gazteen benetako premiak asetzeko eta norberaren autonomia, trebakuntza eta garapen osoa lortzeko politikak egin behar dituzte. Gazteek gizarte aldakor honetan guztiz integratzea eta haien parte-hartze soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala bermatzea are gehiago bultzatu behar da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko helburuetako bat gazteekin zuzeneko harremana eduki behar duten pertsonak heztea da, halaxe adierazten da Nafarroako Gazteriaren Institutua erakundea sortu, eta horren estatutuak onetsi zituen 217/2007 Foru Dekretuaren 16. artikuluko p) atalean.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) sortu zuen uztailaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren 3. artikuluko a) atalak dioenez, NGJEri dagokio "Gazteriaren arloko teknikari eta espezialistak heztea".

Nafarroako Gobernuak, 2009ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, baimena eman zuen Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolan (NGJE) prestakuntza ikastaroak eta astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, eta Gazteriaren Zuzendariordetzaren iritziz gazteentzat interesa duten ikastaroak egiten dituzten pertsonei bekak emateko deialdia tramitatzeko. Tramitazioaldian eskaerak banan-banan ebaluatuko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiteko, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, eta gazteriaren arloko profesionalak gai horren gaineko jardunaldietara, topaketetara, mintegietara, biltzarretara eta masterretara joateko beken deialdia onestea.

2. Deialdiaren kostuari aurre egiteko, 57.900 euroko gastua baimentzea, 2009ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Prestakuntza bekak" izeneko 960002-96100-4809-232100 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutura, Plangintza eta Informazioaren Atalera, NGJEra eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 13an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdiaren xedea da Nafarroako gazteen hezkuntza ez-formala sustatzeko beken edo diru-laguntzen araubidea ezartzea, aisiako, aisiako eta boluntariotzako jarduerak ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko eta gazteek zein haiekin lan egiten duten teknikariek prestakuntza hori jasotzeko aukera berdinak izateko.

2. Helburua.

Beken helburua da ikastaro hauen matrikula eskubideek dakartzaten gastuak neurri batean konpentsatzea:

a) Astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak.

b) Gazteriaren arloko profesionalentzako espezializazio ikastaroak: Gazteei eta herritarrei argibideak emateko zerbitzuetako aditua, Salamancako Unibertsitatekoa. Gazteentzako programa eta zerbitzuen koordinazioko eta kudeaketako lanbide espezializazioaren unibertsitateko diploma, Valentziako Unibertsitatekoa, eta Gazteriaren eta gizartearen arloko unibertsitate arteko masterra, Gironako Unibertsitatekoa.

c) Gazteriaren arloko gai espezifikoei buruzko jardunaldiak, topaketak, mintegiak eta biltzarrak, autonomia erkidegoetako gazteriaren arloko erakunde publikoek, toki entitateek eta onarpen ofiziala duten erakundeek, irabazi-asmorik gabeek, antolatuak.

3. Onuradunak.

3.1. Deialdiko diru-laguntzak eskatzen ahalko dituzte aurreko oinarrian adierazitako ikastaroak edo jarduerak egiten dituzten gazteriaren arloko profesionalek eta astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, onarpen ofiziala duten astialdiko eskolek antolatuak eta emanak, lehenbizikoz egiten dituzten pertsonek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroakoa izatea edo bertan bizitzea, ikastarorako edo jarduerarako matrikulatzen denean.

b) 1. oinarrian adierazitako prestakuntza ekintzetan matrikulatua egotea eta matrikula ordainduta izatea.

c) Hauetako bat dela frogatzea: gazteen informatzailea, onarpen ofiziala duen astialdiko eskola bateko irakaslea nahiz zuzendaria edo toki entitate zein mankomunitate bateko funtzionarioa edo lan kontratuduna.

3.2. Astialdiko monitore edo zuzendari ikastaro batean lehen aldiz parte hartzen denean soilik emanen da diru-laguntza eta ez hurrengo parte-hartzeetan, edozein dela ere arrazoia: ikastaroa ez gainditzea, hura aldi baterako bertan behera uztea, eritasunagatik ez egitea, eta antzeko egoerak.

4. Aurkezteko epea eta lekua.

4.1. Eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, Iruña, 31002), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein prozeduraren bitartez (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketan). Postetxeen bidez igortzen diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, data eta zigilua jartzeko ziurtatu baino lehen.

4.2. Astialdiko monitore edo zuzendarien ikastaroetarako eskaerak ikastaroa antolatzen duen eskolak aurkeztuko ditu, laguntza jaso nahi duen ikastaroa hasi eta 15 eguneko epean.

4.3. Ikastaro hauetan parte hartzen dutenek kasuan kasuko ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago aurkeztu beharko dute eskaera: Gazteei eta herritarrei argibideak emateko zerbitzuetako aditua, Salamancako Unibertsitatekoa; Gazteentzako programa eta zerbitzuen koordinazioko eta kudeaketako lanbide espezializazioaren unibertsitateko diploma, Valentziako Unibertsitatekoa; Gazteriaren eta gizartearen arloko unibertsitate arteko masterra, Gironako Unibertsitatekoa, eta jardunaldi, topaketa, mintegi eta biltzar nazional zein nazioartekoak.

4.4. Diru-laguntza eskaera guztiak, betiere, 2009ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

5. Agiriak.

5.1. Ikastaro bakoitzerako eskaera guztiak batera aurkeztuko dira, eskabide orokorrari dokumentazio hau erantsirik:

a) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko agiria, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zein egunetan inskribatu den adierazita.

b) Banakako inprimakia, behar bezala betea, Nafarroako Gazteriaren Institutuan eskuratua, datu pertsonalak adieraziko dituena. Toki bat izanen du eskolak zigilua jartzeko, eta ikasleak matrikula ordaindu izana frogatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Ikastaroan parte hartzen duten onuradunen NANaren fotokopia.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (lehenago aurkeztu ez dutenentzat soilik), ikastaroan parte hartzen dutenena, laguntzarik emanez gero diru-sarrera egiteko.

e) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eginak eta eguneraturik dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez duela adierazteko.

5.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendaritzak ikastaroak ematen dituztenei eta haietan parte hartzen dutenei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

5.3. Gazteriaren Zuzendaritzak edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako ikustaldiak, prestakuntza ekintzak behar bezala egiten direla eta diru-laguntza bere xede eta helbururako zuzen aplikatzen dela egiaztatzeko.

5.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

5.5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, ikastaroak ematen dituztenei eta haietan parte hartzen dutenei eskatzen ahalko die hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera ebazpen baten bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

6. Instrukzioa, balorazioa eta laguntzen zenbatekoa.

6.1. Plangintza eta Berrikuntza Atalak tramitatuko ditu eskaerak, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio bekak emateko proposamena.

Organo instruktoreak administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) baten laguntza izanen du.

6.2. Lehen adierazitakoaren arabera aisiako monitoreentzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion beka ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da, gehienez ere 170 euro beka bakoitzeko.

6.3. Lehen adierazitakoaren arabera aisiako zuzendarientzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion beka ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da, gehienez ere 270 euro beka bakoitzeko.

6.4. Kalitatezko prestakuntza ematearren eta ikastaroetan jende gehiegi izan ez dadin, bekak 20 ikaslerentzat izanen dira gehienez monitoreentzako ikastaro bakoitzeko, eta 15entzat zuzendarientzako ikastaro bakoitzeko.

Oinarri honetan adierazitako ikasle kopurua gaindituz gero, astialdiko eskolak horren berri eman beharko die matrikulatu nahi duten ikasleei, matrikula/inskripzioa egin behar duten momentuan, eta matrikulazio kostu osoa beren gain izanen dela adierazi. Inskripzio/matrikulazio agirian inguruabar hori jasoko da.

Deialdian ezarritako laguntzak eskura ditzaketen ikasleak inskripzio ordenaren arabera aukeratuko dira, hau da, monitoreen ikastaroetan inskribatutako lehendabiziko 20ak eta zuzendarien ikastaroetan inskribatutako lehendabiziko 15ak.

6.5. Honako ikastaro hauetan parte hartzen dutenei matrikularen kostuaren %80ko beka emanen zaie: Gazteei eta herritarrei argibideak emateko zerbitzuetako aditua, Salamancako Unibertsitatekoa. Gazteentzako programa eta zerbitzuen koordinazioko eta kudeaketako lanbide espezializazioaren unibertsitateko diploma, Valentziako Unibertsitatekoa, eta Gazteriaren eta gizartearen arloko unibertsitate arteko masterra, Gironako Unibertsitatekoa.

Jardunaldi, topaketa, mintegi eta biltzar nazional zein nazioartekoetan parte hartzen dutenei emanen zaien bekaren zenbatekoa, aldiz, matrikulak, ostatuak eta bidaiak sortutako gastuen %60 izanen da gehienez.

6.6. Beka gizabanakoak hartuko duenez, ez da bidezkoa jaso duen bekaren publizitatea egitea eskatzerik.

7. Ebazpena.

7.1. Beka deialdiari buruzko ebazpenak Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen ditu, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean. Ebazpen hori erakundeei nahiz interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarrita dagoen bezala. Epe hori iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsi direla ulertuko da.

7.2. Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira.

7.3. Betiere, beken zenbatekoa 2009ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

7.4. Bekak ekitaldi ekonomiko jakin batean emateak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere bekak hartzeko.

7.5. Diru-laguntza emateko ebazpena Nafarroako Gazteriaren Institutuko oholetan jarriko da, orok jakin dezan (Iruñeko Arrieta kalea, 25, solairuartekoa).

8. Bateraezintasuna.

Diru-laguntza bateraezina izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, nazionalek zein nazioartekoek, xede bererako ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin.

9. Betebeharrak.

9.1. Beka jasotzen dutenek haren helbururako beharko dute erabili, astialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroen amaierako praktikaldia egin eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ikuskapenak onartu eta erraztu.

9.2. Laguntza eskaeren bitarteko lanetan aritzen diren astialdiko eskolek ere Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ikuskapenak onartu eta erraztu beharko dituzte. Eskaerak aurkeztearekin batera, astialdiko eskolak foru agindu honetan ezarritako arauak eta hortik datozen eginbeharrak betetzera beharturik daude.

9.3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

10. Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Emandako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena eman eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

11. Ez-betetzeak.

Deialdiko oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko du eta, beharrezkoa bada, baita berandutza korrituak ere itzuli beharra, diru-laguntza ordaindu zen unetik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen VI. kapituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

12. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

14. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala jokatuko da.

Iragarkiaren kodea: F0912285