40. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

TUTERAKO UDALAREN UR BATZORDEA

Deialdia, lantaldeko ofizial izateko 2 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko

Udalaren Ur Batzordeko lehendakariordeak 2009ko otsailaren 18an emandako ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen zerbitzuan lantaldeko ofizial izateko 2 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko.

OINARRIAK

1.-Xedea.

1.1. Deialdia eginen da, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen zerbitzuan lantaldeko ofizial izateko 2 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko; lanpostuak alor teknikoari atxikita daude (ustiakuntza) eta plantilla organikoan 0502C06504 eta 0502C06508 kodeak dauzkate.

1.2. Lanpostuaren oinarrizko lana da Ur Batzordearen azpiegitura guztien eta erabilitako makina, ekipo eta tresnen mantentze-lanez arduratzea, bai aurrea hartzekoez, bai matxurak konpontzekoez; hauek dira, besteak beste, azpiegitura horiek: harguneak, ponpak, ponpaketak, ura tratatzeko estazioak, biltontziak, hornidura eta saneamendu sarerak eta araztegiak.

Mantentze lanak egiteko (alegia, konponketak, azterketak, garbiketak etab.), askotariko makinak eta tresnak erabili behar dira; hala nola, saneamenduko kamioiak, dumperrak, konpresoreak, hormigoi makinak, multzo elektrogenoak, ur ponpak, erradialak, zulagailuak, ihesak bilatzeko gailuak; orobat, ordezko piezak, mantentze lanetako eta garbiketako produktuak, etab.

2.-Aplikatu beharreko arauak.

Lehiaketa hau ondoko arau hauek arautuko dute: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Nafarroako Administrazio Publikoetan Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta jarraian adierazten diren oinarriak.

3.-Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

3.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

4.-Betebeharrak.

4.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekuz aldatzeko lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:

a) Tuterako Udalaren Ur Batzordeko edo Tuterako Udalaren mendeko beste erakunde autonomo bateko langile finkoa izatea, eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) C maila edo taldekoa izatea.

c) C motako gidabaimena edukitzea.

4.2. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute, betiere eskatutako betebeharrak betetzen badituzte, erreserbarik gabeko borondatezko eszendentzian dauden langileek, bai eta nahitaezko eszedentzian daudenek ere, egoera administratibo horretan gutxienez urtebete eman badute.

Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian egonik, lehiaketaldian lanpostua aukeratzen duten langileak berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.

4.3. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

5.-Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak eta Udalaren Ur Batzordearen plantilla organikoan aurreikusitakoak jasoko dituzte.

6.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

6.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Ur Batzordearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, hamabost egun naturaleko epean.

6.2. Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

6.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo fotokopia behar bezala egiaztatuak, salbu eta administrazio publikoetan egindako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte.

6.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

7.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

7.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen lehendakariordeak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo bost egun naturaleko epean izangaiek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

7.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen lehendakariordeak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

7.3. Izangaietan inor bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

7.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko lehendakariordeak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.-Epaimahaiko kideak.

8.1. Lehiaketako epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Fernando Ferrer Molina.

-Ordezkoa: Manuel Ucar Catalán.

-1. mahaikidea: Ivan Arnaiz del Bosque.

-Ordezkoa: José Luis García Serrano.

-Mahaikide idazkaria: Angel María Plaza Lasheras.

-Ordezkoa: Ana Jose Martinez Navarro.

8.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

8.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

8.4. Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.5. Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

9.-Merezimenduen kalifikazioa.

9.1. Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.

Izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Deialdiko 6.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabiliz. Salbuespen bakarra Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

c) Txosten psikoteknikoa: gehienez 15 puntu.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa lotzailea izanen da epaimahaiarentzat.

d) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere 25 puntu.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba horretarako ordu bat izanen da, gehienez ere.

9.2. Lanpostuaren gaineko proba praktikoa gainditzen duten izangaiek lortutako puntuazioa lehiaketaren gainerako ataletan lortutakoari gehituko zaio, bakoitzaren puntuazioa guztira zenbatekoa den jakiteko.

9.3. Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

9.4. Lehiaketako elementuen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

10.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, entitate horretako lehendakariordeari igorriko dio espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

11.-Lanpostu hutsak hautatzea.

11.1. Lehiatzaileek lanpostu hutsak aukeratzen ahalko dituzte lehiaketan lorturiko puntuazioaren arabera; horretarako, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko lehendakariordeak ekitaldi baterako deia eginen du.

Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia idatziz eginen da, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki oholean eta Interneteko www.tudela.es web gunean argitaratuko den idazkiaren bidez.

11.2. Behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

12.1. Tuterako Udalaren Ur Batzordeko lehendakariordeak, ebazpen bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

12.2. Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko bertze data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

13.-Aurkeztutako dokumentazioa.

13.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agirien itzulketa berariaz eskatu beharko dute eta horretarako hiru hilabeteko epea izanen dute. Esleipenari buruzko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta handik hiru hilabetera hasiko da epe hori.

13.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

13.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratzen ahal dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.-Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko dagokion epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik. Aldez aurretik, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik; edo, bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Horretaz gain, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzenduta, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Tuteran, 2009ko otsailaren 18an.-Lehendakariordea, Manuel Ucar.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, lantaldeko ofizial izateko 2 lanpostu lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia .. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ..(e)ko ......aren .(e)an.

1.-Norberaren datuak:

Izen-deiturak

Jaiotze eguna eta tokia

NANa:

Helbidea

P.K.:

Etxeko telefonoa: ................................ Lantokiko telefonoa

2.-Datu administratiboak.

a) Zer lanpostutarako izendatu zuten: (ezarri X).

  • Tuterako Udalaren Ur Batzordeko, Tuterako Udaletxeko edo Castel Ruiz Kultur Etxeko funtzionarioa.
  • Tuterako Udalaren Ur Batzordeko, Tuterako Udaletxeko edo Castel Ruiz Kultur Etxeko lan-kontratudun finkoa.

b) Egoera administratiboa: (ezarri X).

  • Jardunean.
  • Zerbitzu berezietan.
  • Eszedentzia berezian.
  • Borondatezko eszedentzian.
  • Nahitaezko eszedentzian.

c) Egungo destinoa:

Lanpostua

Lanpostuaz jabetzearen data

d) Maila edo taldea

3.-Sinatzaile naizen honek adierazten dut eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.

4.-Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu ditudan merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditut, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

Horrenbertzez,

Eskatzen dut deialdi honetan onar nazazuen.

Tuteran, 20...(e)ko ..........aren .......(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, egin beharreko lanekin zerikusia duen lanpostuan, bai lanpostuaren jabe gisa bai zerbitzu berezietan: puntu 1 urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. a) atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk:

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen.

3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera epaimahaiak baloratu beharrekoak.

4) Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: gehienez ere, 6 puntu.

5) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere, 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Idatz-zati honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa 25 puntukoa da, gehienez.

Iragarkiaren kodea: L0910608