40. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 3a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

ARANGUREN

Deialdia, lorezain-ofizial izateko hiru lanpostu, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko otsailaren 26an hartu erabakiaren bidez onetsita.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek Aranguren ibarreko Udaleko lorezain-ofizial izateko hiru lanpostu betetzea du xede, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez.

1.2. Hautaprobak gainditurik, deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen diren pertsonak C mailan edo taldean sartuko dira, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako lansari eta osagarriak jasoko dituzte, lehendik atxikirik zeuden departamentuetan jarraitzen dutela.

1.3. Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du, behin ere, langileak barne igoera baino lehen zuen lan araubide juridikoa aldaraziko eta Gizarte Segurantzako araubide orokorreko afiliazio berari eutsiko dio.

1.4. Lanpostuen jabe egiten direnek ordu arteko eginkizun berak egiten jarraituko dute; gainera, maila berriari dagozkionak esleitzen ahalko zaizkie.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aranguren ibarreko Udaleko langile finkoa izatea, lorezain lanpostu baterako izendatua.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua egiaztatzea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.

Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan zortzi urteko antzinatasuna izatea frogatu beharko da.

3.-Eskabideak.

3.1. Eskabideak Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko arratsaldeko ordu bata baino lehen, hura balioduna bada edo halakoa den hurrengoan. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

3.2. Deialdi honetako 3.1. oinarrian aipatzen diren eskabideekin batera, lehiaketaldian baloratu behar diren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira, halakorik baldin badago. Merezimenduen egiaztagiriek jatorrizkoak edo fotokopia egiaztatuak izan beharko dute.

3.3. Curriculum vitaea eta baremoan alegatu nahi dituzten merezimendu guztien egiaztagiriak, jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotuak, erantsiko dituzte izangaiek.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta probak hasteko egunarekin batera Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Manuel Romero Pardo, Aranguren ibarreko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Ruben Ibero Goñi

Mahaikidea: Javier Cía Aldaba.

Mahaikidea: Abelardo Paternain Cadena.

Idazkaria: Udalekoa, edo haren ordez legez diharduena.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

-Ikasketa tituluak: 5 puntu, gehienez ere.

-Administrazio publikoetan eginiko zerbitzuak: 20 puntu, gehienez ere.

-Prestakuntza ekintzak ikastetxe publikoetan: 5 puntu, gehienez ere.

7.2. Lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.

Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

7.3. Lehiaketaldia amaitzen denean, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean emanen du izangaietako bakoitzak lortutako puntuazioa.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa teoriko bat izanen du, eta beste bat, praktikoa.

Lehen ariketa: teorikoa, lanbideari edo bete beharreko lanpostuari buruz; test motakoa izaten ahal da eta 20 puntu emanen dira, gehienez ere.

Bigarren ariketa: praktikoa, lorezain-ofizialaren lanpostuari buruz: 50 puntu.

8.2. Oposizioko ariketa ez da baztergarria izanen eta haren balorazioa 70 puntu izanen da gehienez.

8.3. Lehiaketaldia amaitzen denean, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean emanen du izangaietako bakoitzak lortutako puntuazioa.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda.

Kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak aditzera emanen du Udaletxeko iragarki oholean probak gainditzen dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntu gehien lortu duten izangaiak izendatzeko eta deialdiko hiru lanpostuak haiei esleitzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautapen prozesua burutu ondoan, alkateak, ebazpenaren bidez, proposatutako izangaiak izendatuko ditu eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak ondorio ekonomiko zein administratiboak sorraraziko ditu, eta egun horren ondokoa kargua hartzeko unetzat joko da, ondorio guztietarako, berariazko egintza egiteko beharrik gabe.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri nahiz aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian dagokion Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina. Dena dela, aldez aurretik berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, nahi izanez gero, organo egileari zuzenduta, hilabeteko epean, erabaki edo ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Horretaz gain, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzenduta, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

Mutiloabeitin, 2009ko otsailaren 26an.-Alkatea, Manuel Romero Pardo.

I. ERANSKINA

Izena: ..................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: .............., sorteguna: ........................, sorterria: ............... (................), bizilekua: ............................, kalea: ..............................., zenbakia: ....... posta kodea: ...................., telefonoa: ...........................................

Honako hau azaltzen dut:

Aranguren ibarreko Udaleko lorezain-ofizial izateko hiru lanpostu, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartu eta goian aipatutako deialdian parte hartzen uzteko eskatzen dut.

Aranguren ibarrean, 2009ko ................aren ..........(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.-Ikasketa tituluak:

a) Goi mailako titulazio akademiko ofizialak: 3 puntu, titulu bakoitzeko.

b) Erdi mailako edo graduko titulu akademiko ofizialak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

c) Aurrekoak ez bezalako titulu ofizialak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: puntu bat, titulu bakoitzeko.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko 2.1.d) oinarrian ezarritakoaren arabera deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

Lehenbiziko atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 5 puntu izanen da.

2.-Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:

Atal honetan baloratuko dira izangai bakoitzak deialdia argitaratzen den egunean, antzinatasuna zehazteko, zerbitzu egiten aitortuak dituen urteak. Urte bakoitzeko 2 puntu.

Zerbitzu urteen kopurua ez bada osoko zenbaki bat, izangaiei egokituko zaie egin dituzten zerbitzu egunei proportzioan dagokien puntuazioa.

Bigarren atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 20 puntu izanen da.

3.-Prestakuntza ekintzak ikastetxe publikoetan:

a) Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 3 puntu:

-Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

-Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

-Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

b) Euskaraz jakiteagatik, erakunde ofizialek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztaturik, gehienez ere 2 puntu.

Horretarako, 2 puntu emanen dira Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Gaitasun Ziurtagiria edo baliokidea den ofizialki aitortutako beste tituluren bat izateagatik. Ez izatera, 0,60 puntuz baloratuko da Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitza, edo 0,25 puntuz Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetako urrats bakoitza.

Iragarkiaren kodea: L0911052