40. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

588/2009 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, gas naturaleko instalazioak eraikitzeko administrazioaren baimena eman eta "Larraga-Los Arcos Bigarren mailako Garraiorako APB Gasbidea Larraga, Oteitza, Allo, Deikaztelu, Arellano, Arroitz, Barbarin, Lukin, Los Arcos eta Sesma udalerrietan" proiektuaren onura publikoa onartzen duena.

Gas Natural Transporte SDG, S.L., enpresak, 2009ko azaroaren 6an, "Larraga-Los Arcos Bigarren mailako Garraiorako APB Gasbidea" izeneko proiektuko gas naturaleko instalazioak eraikitzeko administrazioaren baimena eskatu zuen eta horien onura publikoa onar zedila. Larraga, Oteitza, Allo, Deikaztelu, Arellano, Arroitz, Barbarin, Lukin, Los Arcos eta Sesma dira ukituriko udalerriak.

Administrazioaren baimen hori jendaurrean jarri zen, iragarkia paratuz 2009ko 7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 16an, eta "Diario de Navarra" nahiz "Diario de Noticias" egunkarietan 2008ko azaroaren 20an eta 27an, bai eta gasbidea igarotzen deneko herriko etxeetako iragarki oholetan ere. Epe horretan 4 alegazio jaso dira eta enpresa eskatzaileak erantzuna eman die.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

eraiki beharreko gasbidea Faltzes-Irurtzun gasbidearen G-07.01 balbulen kokalekutik abiatuko da, Larragako herrigunearen hego-mendebaldetik. Adar nagusiak ipar-mendebaldera egiten du, Lerin-Larraga NA601 errepidea gurutzatzen du, Oteitzako udalerriko mugaraino iritsi arte, Ega ibaia zeharkatu eta Allon eta Deikaztelun sartzen da. Sarriá lantegitik hurbil bigarren balbulen kokalekua dago (G. 07.01.2). Bada, NA-132 errepidea gurutzatu eta, Allon, San Cristóbal bidearen parean, hirugarren balbulen kokalekua dago (G-07.01.3). Puntu horretatik bi adar ateratzen dira, aurkako noranzkoetan: bat Alloko hirigunea hornitzeko, eta bestea Sesma eta Lerin hornitzeko (Larraga-Los Arcos Bigarren mailako Garraiorako APB Gasbideko 1. adarra). Horren ondoren NA-166 errepidea zeharkatzen du, Arellanoko udal mugapea gurutzatu, NA-634 errepiderantz, Arroitzen (han jarriko da G-07.01.4 balbulen kokagunea), eta handik aterako da hirigunerako hornidura sarea. Gero, NA6343 errepidea zeharkatzen du, Los Arcoserantz. Han jarriko da G-07.01.5 balbulen kokalekua, eta handik hirigunerako hornidura sarea.

1. adarra Allotik ateratzen da, G. 07.01.3 kokalekutik, eta NA666 errepidearekin parez pare doa Deikaztelura eta NA-634 errepidea gurutzatzen du, Sesmarantz (han jarriko da G-07.01.6 balbulen kokalekua, eta handik aterako da Sesmako eta Leringo hiriguneetarako hornidura sarea).

APA 45 bar sarearen luzera guztira 36.693 m-koa da, gutxi gorabehera, horietatik 29.386 adar nagusikoak dira, 7.307 m. 1. adarrekoak. Erabiliko den materiala karbono-altzairua izanen da, muga elastiko handikoa, UNE-EN 102082 arauari jarraikiz fabrikatua (L 245 gr. kalitatea, 12''-ko diametroa).

Zerbitzuaren gehineko presioa 16 bar-ekoa da, diseinuko tenperatura 15ºC-ekoa eta aurreikusitako gehieneko emaria 16.061 N m³/h-koa.

Aurrekontua hamabi milioi berrehun eta hemeretzi mila eurokoa da (12.219.000 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Natural Transporte SDG, S.L. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu enpresa titularrak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Larraga-Los Arcos Bigarren mailako Garraiorako APB Gasbidea" izeneko proiektua onestea eta Gas Natural Transporte, SDG, S.L. enpresari administrazioaren baimena ematea, proiektu horretako instalazioak eraikitzeko.

2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zortasuna ezartzearren.

3. Gas Natural Transporte SDG, S.L. enpresa onuraduntzat jotzea desjabetze espedientean.

4. Administrazioaren baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.-Enpresak bi hilabeteko epean 244.380 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

Bigarrena.-Instalazioetan eta haien muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena.-Gas Natural Transporte SDG, S.L. enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean ezarritakoa bete beharko du une oro, eta berau garatzeko gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuan jasotzen diren xedapen eta arautegiak.

Laugarrena.-Instalazioak eraiki eta gero, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarreko xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor eta partzial guztien berri eman beharko dio banatzaileak aipatutako zerbitzuari, behar den denborarekin.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bosgarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazioaren baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adierazitako eran eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, zuzendaritza nagusi honek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Gas Natural Transporte SDG S.L. enpresari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta adieraztea ebazpenak ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 4an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0911400