I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
122/2008 FORU DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dauden gidarien berariazko araubidea erregulatzen duena.
ZIOEN AZALPENA
Barne Zuzendaritza Nagusiari gidari lanpostuarekin atxikirik dauden langileek egiten dituzten zerbitzuek, batez ere agintari baten zerbitzuan aritzen direnean, Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko gainontzeko langileendako orokorrean ezarritakoen aldean ezaugarri berezi eta desberdinak dauzkate, hau dela eta, beharrezkoa da eginkizun horiek arautzea.
Langile hauen arautzeak beren berariazko araubidearen ezaugarri guztiak kontuan izan ditzan, zerbitzu emateari buruzko alderdiez gain, hurrengo hauek hartuko ditu kontuan: zein taldetakoa den zehaztea, berariazko araudi honen ondorioz esleituta dituzten ordainsari osagarriak eta lanpostuetan sartzeko sistema.
Azkenik, egungo egoera foru dekretu honen araudira egokitzeko araubide iragankor baten aplikazioa arautzen da, bai egun eginkizun horiek betetzen dituzten langileei, bai plantilla organikoan diren hutsuneei dagokienez.
Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2008ko abenduaren 15eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Foru dekretuaren helburua eta aplikazio eremua.
Foru dekretu honen xedea da Barne Zuzendaritza Nagusiari gidari lanpostuarekin atxikirik dauden langileen berariazko araubidea erregulatzea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.
2. artikulua. Gidariei lanak eta eginkizunak esleitzea.
1. Gidariei lanak eta eginkizunak esleitzea, eta hauen artean agintari bat eramateko zerbitzuak, Barne zuzendari nagusiak eginen du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 5.1.a) artikuluaren bidez emandako eskudantziak erabiliz.
2. Barne Zuzendaritza Nagusiko gidarien zerbitzua emateko araubidea desberdina izanen da agintari bat eramateko eginkizunak betetetzen dituzten edo ez kontuan izanda.
3. artikulua. Agintari bat eramateko eginkizunak betetzen dituzten gidarien zerbitzu emateko araubidea.
1. Agintari baten zerbitzuko gidariek esleituta dituzten eginkizunak betetzea, zerbitzua ematen dioten agintariaren agendaren menpekoa izanen da. Hau dela eta, ezinezkoa da ordutegiari buruzko aurreikuspen orokorrik egitea. Beraz, agintari baten zerbitzuko eginkizunak betetzen dituzten gidariek prestasun osoz eta erabateko dedikazio araubidean emanen dute zerbitzua. Hau dela eta, dedikazio esklusiboko osagarria jasoko dute.
2. Agintari baten zerbitzuko gidarien urteko lanordu kopurua Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileendako oro har ezarritakoa izanen da, eta eguneroko lanalditzat hartuko dira bai eguneroko lanaldia, bai zerbitzu emateko araubide honen berezko ordu erabilgarriak.
3. Benetan emandako zerbitzutzat hartuko da, gidaldia eta egin beharreko bidaiez gain, ibilgailuaren prestakuntza eta entregatzea, hala nola lanpostuari dagokion eta esleitzen ahal zaion beste edozein lan. Nolanahi ere, itxaron denborak dedikazio esklusiboko osagarria jasotzearekin konpentsatuko dira.
4. Lan egutegia zerbitzu ematen dioten agintarien eta hauei atxikitako gidarien beharretara egokituko da kasu bakoitzean, eta Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileendako oro har ezarritako egutegiko lanegun kopuru bera izanen du, gehienez.
4. artikulua. Bestelako lan eta eginkizunak dituzten gidarien zerbitzu emateko araubidea.
1. Aurreko artikuluan adierazitakoetatik bestelako lan eta eginkizunak garatzen dituzten Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitako gidariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileendako oro har ezarritako lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketari lotuko zaizkie, beharrezkoak diren ohiz kanpoko zerbitzuak egiteko betebeharra galarazi gabe.
2. Behar bezala justifikatutako beharraren kasuetan, agintari baten zerbitzuko gidatze eginkizunak esleitu ahalko zaizkie salbuespenez. Kasu horietan zerbitzu ematea oro har ezarritako lanaldia baina handiago bada, aparteko orduak egiteagatik erregalamenduz ezarritako ordu edo diru konpentsazioa jasoko dute.
3. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako egoera modu jarraian hilabete bat baino baino gehiago luzatutzen bada, agintari baten zerbitzuko gidariendako foru dekretu honetan jasotako aurreikuspenak ezarriko zaizkie ukitutako langileei.
5. artikulua. Zein mailatakoa den.
Barne Zuzendaritza Nagusiari gidari lanpostuarekin atxikirik dauden langileak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko C mailan sartuko dira.
6. artikulua. Lanpostuetan sartzeko sistema.
Barne Zuzendaritza Nagusiko gidari lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira, eta hautaproben artean prestakuntza ikastaro bat gainditzea sartzen ahal da.
7. artikulua. Ordainsari osagarriak.
1. Barne Zuzendaritza Nagusiari gidari lanpostuarekin atxikirik dauden langileen lansari osagarriak hurrengo hauek izanen dira, lanpostuaren mailaren hasierako soldataren arabera kalkulaturik:
-Lanpostuko osagarria: %4,52.
-Arrisku bereziko osagarria: %8.
2. Horietaz gain, agintari baten zerbitzuko eginkizunak betetzen dituzten gidariek hurrengo ordainsari osagarriak jasoko dituzte:
-Dedikazio esklusiboko osagarria: %55.
-Lanpostuko osagarria %10ean gehitzea modu iraunkorrean zerbitzuaren xede den agintaria Iruñetik 35 km baino gehigora bizi bada. Horretarako, zerbitzu emate iraunkorra eskaintzen dela ulertuko da aipatu zerbitzua modu jarraian hiru hilabete baino gehiago luzatzen bada.
8. artikulua. Beste ordainsari batzuk.
1. Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dauden gidariek Foru Komunitarearen Administrazioaren zerbitzuko langileendako jaiegunean lan egiteagatik erregelamenduz ezarritako sariak jasoko dituzte.
2. Halaber, gaueko ordutegian lan egiteagatik ezarritako sariak jasoko dituzte, agintariaren bizilekura ohiko joan-etorriak alde batera utzita.
3. Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik dauden gidariek, zerbitzua dela eta bidaiak egiteagatik Foru Komunitarearen Administrazioaren zerbitzuko langileendako orokorrean ezarritako kalte-ordainak jasoko dituzte.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengo xedapen gehigarria.-Lanpostu hutsak moldatzeari buruzko arauak.
Barne Zuzendaritza Nagusiko agintarien gidari (C maila) eta gidari (D maila) lanpostu hutsak, eta izen honekin hemendik aurrera sortzen diren lanpostuak, gidari lanpostu hutsak (C maila) bihurtuko dira modu automatikoan foru dekretu honen araudiari jarraikiz.
Bigarren xedapen gehigarria.-Lan eskaintza eta deialdia.
Aurreko xedapen gehigarrian aurreikusitako moldatzearen ondorioz foru dekretu honek indarra hartu eta sortzen diren gidari lanpostuak lan publikoaren eskaintzan sartuko dira, eta ondoren sarbideko hautaprobetarako deialdi bat argitara emanen da, foru dekretu honetan araututako sistemarekin bat.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengo xedapen iragankorra.-Agintarien gidari (C maila) izendapena duten langileei aplikatu beharreko araubidea.
Foru dekretu honek indarra hartzen duenean agintarien gidari lanpostuaren jabetza duten Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikiriko funtzionarioei, agintari baten zerbitzuko gidariendako foru dekretu honetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, eta bere egungo lanpostua betetzen jarraituko dute plantilla organikoan "iraungitzeko" izaerarekin.
Bigarren xedapen iragankorra.-Gidari (D maila) izendapena duten langileei aplikatu beharreko araubidea.
1. Gidari (D maila) izendapena duten Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioek Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 6. idatz-zatiko 15. artikuluan xedatutakoaren babesean lehiaketa murriztuaren bidez eta behin bakarrik deitzen diren hautaprobetan parte hartu ahalko dute.
2. Aipatu hautaprobak gainditzen dituztenak C mailan sartuko dira gidari lanpostuarekin, eta Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikiko zaizkio, foru dekretu honetan jasotako zerbitzu emateko araubidearekin.
3. Hautaproba horietara aurkeztu ez edo gainditzen ez dituztenek D mailan jarraituko dute, eta egungo lanpostua eta atxikipena mantenduko dute plantilla organikoan "iraungitzeko" izaerarekin.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.-Foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko ahalmena.
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2008ko abenduaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F0819382