4. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ATETZ

Atezko Udalaren lokalen erabileraren gaineko araua. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2008ko irailaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Atezko Udalaren lokalen erabileraren gaineko Araua.

Delako arauaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2008ko 121. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urriaren 3an, eta Udalaren iragarki oholean.

Jendaurreko epean erreklamazioak aurkeztu ziren hasierako testuaren aurka. Haiek kontuan hartu ditu eta zati batean onetsi Osoko Bilkurak 2008ko abenduaren 4an, baita behin betiko testua ere.

Legean aurreikusitako ondorio juridikoak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa bete dadin, aipatu arauaren testu osoa ematen da argitara.

Atetzen, 2008ko abenduaren 5ean.-Alkatea, Carmen Ciganda Ibarrola.

ATEZKO UDALAREN LOKALEN ERABILERAREN GAINEKO ARAUA

Atezko Udalak lokal edo biltoki gutxi ditu; izan ere, Herriko Etxearen jabe baino ez da, Eritzen.

Hortaz eta kontuan hartuta Udalbatzak, gobernu taldeak, batzordeek, talde politikoek, ibarreko kontzejuen batzarrek, bertako elkarte eta taldeek, auzo taldeek eta abarrek espazio horiek erabiltzeko beharra dutela, lokal horien erabilera arautu beharra dago, eta horretarako baldintza eta lehentasunak ezarri.

Toki Entitateen Antolaketari, Funtzionamenduari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamendua ezartzen duen 2568/1986 Errege Dekretuaren 27 eta 28. artikuluen edukiaren arabera, Udaleko talde politikoek eskubidea dute Udalbatzaren lokalak erabiltzeko, haietan bilkurak edo laneko saioak egiteko elkarteekin herritarren interes kolektibo, orokor zein sektorekoen onerako; betiere, "toki entitatearen administrazio antolaketaren aukera funtzionalen heinean".

Aurrekoa ikusita, honako arau hauek ezarri dira,

ERABILTZEKO ETA FUNTZIONATZEKO ARAUAK

1.a Erabilgai dauden espazio eta lokalak.

Udalak espazio eta lokalen erabilera baimentzeko, behar bezala egokituta egon beharko dute, erabiltzaileentzat arriskurik batere ez dutela.

Udalak erantzukizun zibileko poliza harpidetuko du, erabiltzaileek izan dezaketen kaltea estaltzeko, baita suteen asegurua ere eraikinarentzat.

2.a Udalbatzak, gobernu taldeek eta udal batzordeek espazio eta lokalak erabiltzea.

Aipatu helburuarekin Udalaren espazioak erabiltzeko, nahikoa izanen da Alkatetzak edo batzordeko buruak baimena ematea.

Lehentasuna emanen zaio espazioak helburu horrekin baliatzeari beste edozein erabiltzaileren aurretik.

3.a Ibarreko Kontzeju batzarrek eta talde politikoek lokalak erabiltzea.

Udalaren espazioak aipatu helburuarekin erabili eta baliatzeko, jarduketa hauek egin beharko dira:

-Noiz erabili gogo den, bost egun lehenago gutxienez eskabidea aurkeztu beharko da Udalaren bulegoetan, eskatzailearen izena, bere ordezkaria, telefonoa, bileraren helburua eta zein ordutan baliatu nahi den adierazita.

-Eskaera ondoko hiru laneguneko epean, Alkatetzak erabakia hartuko du eta bitartekoak prestatuko ditu espazioa edo lokala ireki eta ixteko.

Lehentasuna emanen zaio espazioak helburu horrekin baliatzeari beste edozein erabiltzaile eta helbururen aurretik, 2. arauan aipatutakoak izan ezik.

4.a Ibarreko elkarte eta taldeek, auzo taldeek eta abarrek lokalak erabiltzea.

Udalaren espazioak aipatu helburuarekin erabili eta baliatzeko, jarduketa hauek egin beharko dira:

-Noiz erabili gogo den, astebete lehenago gutxienez eskabidea aurkeztu beharko da Udalaren bulegoetan, eskatzailearen izena, bere ordezkaria, telefonoa, bileraren helburua eta zein ordutan baliatu nahi den adierazita.

-Eskaera ondoko hiru laneguneko epean, Alkatetzak erabakia hartuko du eta bitartekoak prestatuko ditu espazioa edo lokala ireki eta ixteko.

5.a Erabiltzaileen betebeharrak.

Debekatua dago animaliak sartzea, zakur gidariak izan ezik.

Talde eta erabiltzaileek konpromisoa hartuko dute instalazioak zaintzeko, bai ondasun higigarriak bai higiezinak.

Erabiltzaileek bizikidetzaren arauak bete beharko dituzte eta begirunea zor diote elkarri.

Iragarkiaren kodea: L0818836