4. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak azaroaren 13ko 200/2008 Ebazpenaren bitartez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Koordinazioko operadore laguntzaile izateko 29 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak azaroaren 13ko 200/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Koordinazioko operadore laguntzaile izateko 29 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdia onetsi da.

Lekualdatze lehiaketa hau arau hauen mende egonen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduaren 10. artikulua eta gainerako arau aplikagarriak (Erregelamendu hori azaroaren 6ko 215/285 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emandako abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako

OINARRIAK

1.-Xedea.

1.1. Deialdia iragartzen da lekualdatze lehiaketa bereziaren bidez Koordinazioko operadore laguntzaileen 29 lanpostu huts betetzeko, Nafarroako Larrialdietarako Agentziari atxikiak. Lanpostu horien destinoa Iruña da. Lanpostuetatik 20 funtzionario araubidekoak dira (4145, 4149. 4152, 4157, 4273, 4276, 4582, 5792, 5794, 5795, 5796, 6495, 6496, 7984, 8167, 8168, 8169, 8170, 8171 eta 8172) eta gainerako 9ak asteburuetan lanaldi partzialeko kontratuekin aritzekoak (8354, 8355, 8356, 8357, 8358, 8359, 8360, 8361 eta 8362).

Koordinazioko operadore laguntzaileei dagozkien eginkizunak maiatzaren 4ko 150/1998 Foru Dekretuaren 14. artikuluan zehaztuta daude, horren bidez Ekintza Koordinaziorako Zentroa arautu baitzen (1998ko 65. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 1ekoa).

2.-Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

2.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

2.2. Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.

2.3. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdatze lehiaketetan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko "iraungitzeko" lanpostuak baldin badira.

2.4. Lehiatzaileren batek lehiaketa honetan lanpostua erdietsi eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, izendapenean izen berria hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik.

3.-Betebeharrak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) D maila edo taldekoa izatea.

3.2. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari diren funtzionarioek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdi honetako baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleituriko lanpostuaz jabetzeak berarekin dakar zerbitzuko zuzendari izateari edo atal nahiz bulegoburu edo horiei parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.3. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete eman duten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.

3.4. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketa honetan.

3.5. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

Baldintza horretatik salbuetsita daude Estatuko Administraziotik Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioak, MUFACEn afiliatuta eta, beraz, Estatuko Klase Pasiboen Araubidearen mende daudenak. Horiek, deialdiko lanpostua hartuz gero, araubide hori utziko dute eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

4.-Ordainsariak.

Lekuz aldatzen den langileak indarra duten xedapenek ezarritako ordainsariak jasoko ditu.

5.-Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo erregistro orokorreko beste edozein bulegotan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu behar dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/2008 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

5.2. Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

5.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak, salbu eta Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala zerrendatuak, alegatu eta frogatuko dituzte baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

6.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsak zuzen ditzaketela.

6.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

6.3. Lehiatzaile bazterturik gertatzen ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

6.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

7.-Epaimahaiko kideak.

7.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: José Miguel Olaiz Zoroquiáin jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako SOS Nafarroaren Alorreko burua.

Ordezkoa: Javier Vergara Falces jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Larrialdien Zuzendaritza eta Koordinaziorako Arloko burua.

-Mahaikideak:

1. Langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak proposatua. Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Langileen Batzordeak proposatua.

2. Iñaki Goñi Urrizola jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako APT (arlo juridikoa), idazkari lanetan ere arituko dena.

Ordezkoa: Begoña Martínez Barrado andrea, Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloko burua.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

7.4. Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.5. Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek beren espezialitatean baizik ez dira ariko eta horretan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.-Lehiaketaren osagaiak.

Alderdi hauek baloratuko dira, hurrenez hurren:

a) Merezimenduak:

-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez 35 puntu.

-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: gehienez 25 puntu.

-Hizkuntzak jakitea: gehienez 20,50 puntu.

Erantsitako baremoari jarraituz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak.

Merezimendu guztiak, Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuenak izan ezik (organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio) agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

b) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu bitarte.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, izangaiak deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarrietara nola egokitzen diren baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

c) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu bitarte.

Lehiaketako epaimahaiak egoki baderitzo, proba praktikoa tresna informatikoen bidez egitea eta izangai bakoitza ahoz azaldu eta defendatzea erabaki dezake. Agerraldi horretan, orobat, aurkeztu diren merezimenduei buruzko galderak eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara noraino egokitzen den jakiteko galderak egiten ahal dira.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

Proba praktikoa ahoz azaldu eta defendatzeko ekitaldira agertzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da, besterik gabe.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa ateratzeko.

Lehiaketako osagaien balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Eta berdinketak badirau, lanpostuaren edukiei eta eginkizunei buruzko proba praktikoan puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren alde joko da.

9.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, eta prestakuntza ikastaroa.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko puntuazioak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko ditu, dei egin duen organoari igorriko dio, dokumentazio guztiarekin batera, 8. oinarrian aipatutako proba praktikoa gainditu duten izangaien zerrenda, lehiaketako atal guztiak batu eta lorturiko azken puntuazioaren araberakoa, eta puntuaziorik altuenak lortzeagatik deitutako lanpostuetan sartzen ahal diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen du.

Aurreko paragrafoan aipatutako proposamenean sartzen diren izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen prestakuntza ikastaroa egin beharko dute.

Ikastaro horretako izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa jarriko zaie. "Ez gai" kalifikazioa hartzen dutenek Koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

10.-Lanpostu hutsak hautatzea.

10.1. Lehiatzaileek lanpostu hutsak aukeratzen ahalko dituzte lorturiko puntuazioaren arabera, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloak deituko duen ekitaldi batean.

10.2. Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek Koordinazioko operadore laguntzaileen lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lanpostu hutsa aukeratzen duten lehiakideak Koordinazioko operadore laguntzaile izendatuko ditu, egokitzen zaien lanpostua esleituko die eta hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea aginduko du.

11.2. Izangai izendatuek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute izendapenaren eta esleipenaren Ebazpena jakinarazi ondoko hamar egun naturaleko epean.

11.3. Behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez diren lehiakideek esleitu zaien lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Aurkezturiko agiriak.

12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, aurkezturiko agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak eramaten ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileari zuzenduta, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko azaroaren 13an.-Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzailea, David Sainz Jiménez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskabidea, .................................................... izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ........zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...(e)ko .....aren .....(e)an.

1.-Datu pertsonalak.

Izen-abizenak:

Jaiotze eguna eta tokia: ................../

NANa:

Helbidea: ................................... P.K.:

Etxeko telefonoa: ................... Sakelako telefonoa:

2.-Datu administratiboak.

a) Zer lanpostutarako izendatu zuten:

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa.

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako estatutupeko langilea.

f Lan-kontratudun finkoa.

f Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa.

b) Administrazio egoera.

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

(X batez markatu behar den kontzeptua)

c) Egungo destinoa.

Lanpostua:

Jabetza hartzearen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

d) Zein maila edo taldetakoa den:

3.-Nik, sinatzaileak, adierazten dut eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.

4.-Eskaerarekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu ditudan merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditut, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

Horrenbestez,

Eskatzen dut deialdi honetan onar nazatela.

Iruñean, .......(e)ko ................aren ........ (e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO LARRIALDIETAKO AGENTZIAKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1) Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: 1,50 puntu urte bakoitzeko.

2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutako mailakoak ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

5) Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: gehienez ere 2 puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako.

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 25 puntu izanen da gehienez.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

-Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 5 puntu gehienez.

-Euskaraz jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 5,50 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 5,25 puntu gehienez, betiere, plantilla organikoaren arabera, lanpostu horretan aritzeko euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen baldin bada.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da eta, euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Lau hizkuntza horietako bakoitzean izangaiak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez ere ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bosten bat emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F0818329