4. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

5/2008 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, abenduaren 29koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren esparruan tributuak ezartzeko ahalmena erabiliz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluarekin bat, Estatuan unean-unean indarra duten oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berak aplikatu behar ditu. Horregatik, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legeari dagozkion aginduak Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko arautegiak araubide arruntean izan duen aldaketara egokitu behar ditu. Estatuko araudia aldatu da eta zenbait berrikuntza ekarri ditu.

Lehenbizi, estatuko araudiak zehazten du merkataritza entitateek enpresaburuaren edo profesionalaren izaera dutela berez, baina betiere kontrakoa frogatu ezean. Horrela, araua Europar Batasuneko jurisprudentziara egokitzen da, izan ere, horrek ez du bide ematen merkataritza entitate bat, berez eta kasu guztietan, enpresaburua edo profesionala dela aldarrikatzeko.

Bigarrenik, enpresako edo lanbideko ondare guztiaren eskualdaketa lotuta ez dagoela adierazten duen agindua aldatzen da, hori ere araua Europar Batasuneko jurisprudenziara egokitzeko asmoz.

Hirugarrenik, kenkaria egiteko eskubidearen erabilerari buruzko eta kenkaria egiteko formazko betebeharrei buruzko aginduen idazketa aldatzen da, inportazioei eta horiei asimilaturiko eragiketei dagozkien kuoten kenkaria egiteko eskubidea noiz sortzen den finkatzeko asmoz.

Azkenik, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren itzulketen gaineko araudiaren artikuluetan aldaketa nabarmenak egin dira.

Zergadunaren aldeko saldoa urte bukaeran eskatzeko sistema orokorra mantentzen bada ere, aldeko saldoa likidazioaldi bakoitza bukatutakoan eskatzeko aukera ematen zaie hala nahi duten zergadunei. Sistema berri hori aukeratzen duten subjektu pasiboek, betiere, hilabetero likidatu beharko dute BEZa. Aukera hori zergadun guztiek erabil dezakete, eragiketen izaera eta bolumena edozein izanda ere.

Entitate multzoen araubide berezia aplikatzen denean ere, itzulketarako prozedura bera erabil daiteke.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 54. artikuluko 1. idatz-zatian xedatzen du, Hitzarmen Ekonomikoarekin bat, tributu araubide arruntaren aldaketa batek behartzen badu Foru Komunitatean Estatuan unean-unean indarra duten arau berdin-berdinak, hots, funtsez eta formaz berdinak, aplikatzera, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak haren esku utzirik, tributu arloko foru legeak aldatzeko behar diren foru legeen mailako arauak ematen ahalko dituela. Legegintzarako eskuordetza Estatuko tributuen aldaketak argitaratzearekin batera egiten dela ulertzen da.

Hori guztia dela eta, legegintzarako eskuordetza hori erabiliz, beharrezkoa da tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu baten bidez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzeko behar diren arauak ematea, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 54. artikuluko 1. idatz-zatiarekin bat.

Hori horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko abenduaren 29an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen agindu hauek aldatu dira eta ondoren azaldu bezala gelditu dira:

Bat.-4. artikuluko 2. idatz-zatia.

"2. Ondoko hauek enpresa edo lanbide jarduera baten barrenean egintzat hartuko dira:

a) Merkataritza sozietateek egindako ondasun-emateak eta zerbitzu-emateak, enpresaburu edo profesional izaera baldin badute.

b) Subjektu pasiboen enpresa edo lanbide ondarea osatzen duten ondasun edo eskubideak osorik edo partez hirugarrenei eskualdatzea edo haren erabilera lagatzea, are zergari lotua egotea dakarren jarduera ekonomikotik gelditzearen ondorioz egindakoak."

Bi.-5. artikuluko 1. idatz-zatia.

"1. Foru lege honetan xedatutakoaren ondoriotarako, ondoko hauek hartuko dira enpresaburu edo profesionaltzat:

a) Artikulu honetako hurrengo idatz-zatian zehazten diren enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituzten pertsona edo entitateak.

Dena dela, bakar-bakarrik ondasun-emateak edo zerbitzu-emateak dohainik egiten dituztenak ez dira enpresaburu edo profesionaltzat hartuko, hurrengo letran ezartzen dena deusetan galarazi gabe.

b) Merkataritza sozietateak, kontrakoa frogatu ezean.

c) Ondasun-emate edo zerbitzu-emate bat edo gehiago egiten dituztenak, ondasun ukigarri edo ukiezin baten ustiapena dakartenak, denboran diru-sarrera jarraituak lortze aldera.

Ondasunen errentatzaileak halakotzat hartzen dira, berariaz.

d) Lurrak urbanizatzen dituztenak edo eraikinak sustatu, eraiki edo zaharberritzen dituztenak, gero edozein tituluren bidez saldu, esleitu edo laga behar baldin badira, noizean behin egiten bada ere.

e) Foru lege honen 22. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan xedatutakoaren arabera, zerga ordaintzetik salbuetsita dauden garraiobide berrien emateak noizbehinka egiten dituztenak.

Letra honetan aipatzen diren enpresaburu edo profesionalak halakotzat hartuko dira, bakarrik, bertan adierazten diren garraiobideen emateen ondorioetarako."

Hiru.-7. artikuluko 1. zenbakia.

"1. Subjektu pasiboaren enpresa edo lanbide ondarearen parte diren elementu ukigarrien edo, kasua bada, ukiezinen multzo baten eskualdaketa, baldin eta berez enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeko gauza den unitate ekonomiko autonomo bat osatzen badute, foru lege honen 4.3 artikuluan xedatutakoaren arabera dagokion tributuaren eta beste tributu batzuen esparruan eskualdaketa horri aplikagarri zaion zerga araubidea zein den gorabehera.

Ondoko eskualdaketa hauek aurreko paragrafoan aipatutako loturarik ezaren arautik kanpo gelditzen dira:

a) Enpresaburu edo profesionalaren izaera, bakar-bakarrik, foru lege honen 5.1.c) artikuluan xedatutako eragiketengatik dutenek egindako eskualdaketak, eskualdaketa horien helburua ondasunen lagapen hutsa baldin bada.

Horren ondorioetarako, errentan emandako ondasunen eskualdaketa ondasunen lagapen hustzat hartuko da, horiekin batera eskualdatzen ez bada unitate ekonomiko autonomotzat har daitekeen antolamendu egitura bat, bere baitan produkzio-faktoreak (hots, materialak eta giza baliabideak, edo bietako bat) dituena.

b) Enpresaburu edo profesionalaren izaera, bakar-bakarrik, foru lege honen 5.1.d) artikuluan aipatutako eragiketak noizbehinka egiteagatik dutenek egiten dituzten eskualdaketak.

Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, berdin da eskuratzailea aritzea eskuratutako elementuak atxikita zeuden jarduera berean edo beste batean, betiere eskuratzaileak frogatzen badu enpresa edo lanbide jarduera bati atxikita mantenduko dituela.

Gero batean, eskualdatutako ondasunak eta eskubideak edo horien parte bat desafektatzen badira zenbaki honetan xedatzen den loturarik gabeko arauaren xedeko enpresa edo lanbide jardueretatik, desafektazio hori Zergari lotua egonen da foru lege honetan kasuan-kasuan ezarrita dagoen bezala.

Zenbaki honetan arautzen den loturarik ezaren arauaz baliatzen diren eskualdaketetako ondasun eta eskubideen eskuratzaileak transmititzaileen tokian subrogatuko dira eskubide eta ondasun horiei dagokienez, foru lege honen 17.1.12 artikuluan eta 38. artikulutik 60.era bitartean dauden arauen aplikazioari begira".

Lau.-28. artikuluaren 4. idatz-zatia.

"4. Zerga-oinarria murrizten ahalko da, orobat, kargaturiko eragiketengatik jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak, osorik edo partez, kobraezinak direnean.

Horren ondorioetarako, kreditu bat osorik edo partez kobraezina dela ondorioztatuko da baldintza hauek betetzen baditu:

1. Jasanarazitako zerga sortu zenetik urtebete igarotzea haren ondoriozko kreditua osorik edo partez kobratu gabe.

2. Egoera hori kasuko zergarako behar diren erregistro-liburuetan jasota izatea.

3. Eragiketaren hartzaileak enpresaburu edo profesional gisa jardutea, edo, bestela, eragiketaren zerga-oinarria, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta, 300 eurotik gorakoa izatea.

4. Subjektu pasiboak zordunari kobraketa eskatua izatea auzibidean.

Aldaketa hiru hilabeteko epean egin beharko da, aurreko lerroaldearen 1. baldintzan aipatzen den urtebeteko epea bukatzen denetik, eta horrez gainera, zerga arloko administrazioari jakinarazi beharko zaio erregelamenduz ezartzen den epean.

Zerga-oinarria murrriztu ondoren, ezin izanen da hura handitu, subjektu pasiboak kontraprestazio osoa edo zati bat kobratzen badu ere, salbu eta hartzaileak ez badu enpresaburu edo profesional gisa jarduten. Horrelako kasuetan, ulertuko da Balio Erantsiaren gaineko Zerga jasotako diru-kopuruetan sartuta dagoela, jasotako kontraprestazioaren proportzio berean.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, subjektu pasiboak zorra auzibidean erreklamatzeari uko egiten badio, zerga-oinarria berriz aldatu eta handitu beharko du. Horretarako, erreklamatzeari uko egiten dion egunetik hilabeteko epean zuzenketa faktura bat luzatu beharko du, bidezkoa den kuota jasanarazteko."

Bost.-17. artikuluko 1. idatz-zatiaren 3. zenbakia.

"3. Inportazioen kasuan, Administrazioak egindako likidazioa erakusten duen agiria, edo inportazioei asimilatutako eragiketak badira, horiek egitearen ondorioz sorrarazitako zerga erakusten duen autolikidazioa."

Sei.-45. artikuluko 4. idatz-zatia.

"4. Kuota kengarriak jasan direla ulertuko da haiek jasan dituen enpresaburuak edo profesionalak faktura edo kenkaria egiteko eskubidea ematen duten gainerako frogagiriak jasotzen dituen unean.

Zergaren sorrarazpena faktura jaso ondotik gertatzen bada, kuota horiek sorrarazten direnean jasaten direla ulertuko da.

Foru lege honen 110. artikuluan aipatutako kasuetan, artikulu honetan aipatzen den faktura luzatzearekin batera kuotak jasan direla ulertuko da, salbu eta sorrarazpen eguna faktura luzatu ondotik baldin bada, izan ere, kasu horretan kuotak jasanen dira haiek sorrarazten diren unean.

Foru lege honen 44.4 artikuluan aipatutako kasuan, kuota kengarriak jasanen dira kenkaria egiteko eskubidea sortzen den unean berean."

Zazpi.-61. artikulua.

"61. artikulua. Itzulketarako kasu orokorrak.

1. Kenkarien zenbatekoa sorrarazitako kuotak baino handiagoa izateagatik, likidazioaldi batean sortutako kenkariak foru lege honen 45. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez egiterik izan ez duten subjektu pasiboek eskubidea izanen dute urtero abenduaren 31n haien alde dagoen saldoa itzultzeko eskatzeko. Eskaera hori urteko azkeneko likidazioaldiari dagokion autolikidazioan egin beharko dute.

2. Nolanahi ere, foru lege honen 62. artikuluan aipatzen diren subjektu pasiboek likidazioaldi bakoitza bukatutakoan haien alde dagoen saldoa itzultzeko eskubidea izanen dute.

3. Artikulu honetan eta hurrengoan adierazten diren kasuetan, Administrazioak, hala badagokio, sei hilabeteko epean eginen du behin-behineko likidazioa, zergaren itzulketa eskatzen duen autolikidazioa aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Autolikidazioa epez kanpo aurkeztuz gero, sei hilabeteak autolikidazioa aurkezten den egunetik hasiko dira kontatzen.

Autolikidazioaren edo, hala badagokio, behin-behineko likidazioaren arabera dirua itzuli behar baldin bada, zerga administrazioak ofizioz itzuliko du, deusetan galarazi gabe ondotik bidezkoak diren behin-behineko edo behin betiko likidazioak egitea.

Behin-behineko likidazioa idatz-zati honen lehenengo paragrafoan ezarritako epean egin ez bada, zerga administrazioak ofizioz itzuliko du eskatutako diru-kopuru guztia, deusetan galarazi gabe ondotik bidezkoak diren behin-behineko edo behin betiko likidazioak egitea.

Idatz-zati honen lehenengo paragrafoan ezarritako epean ordainketa agindu ez bada eta hori zerga administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik izan baldin bada, itzultzeko dagoen diru-kopuruari Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 50.2.c) artikuluan adierazitako berandutza-interesa aplikatuko zaio, epea bukatu eta biharamunetik hasita ordainketa agintzen den egunera artekoa, subjektu pasiboak hori eskatu behar izan gabe.

Idatz-zati honetan adierazitako ofiziozko ordainketa egiteko modua eta prozedura erregelamendu bidez arautuko dira."

Zortzi.-62. artikulua.

"62. artikulua. Likidazioaldi bakoitzaren bukaeran itzulketak egiteko eskaera.

1. Subjektu pasiboek aukera izanen dute likidazioaldi bakoitzaren bukaeran haien alde dagoen saldoa itzultzeko eskatzeko. Hori egiteko baldintzak, modua, betebeharrak eta prozedura erregelamendu bidez finkatuko dira.

Prozedura hori aukeratzen duten subjektu pasiboen likidazioaldia hilabete naturala izanen da, haien eregiketen bolumena zein den ere.

2. Foru lege honen 15.2 artikuluan aipatutako kasuetan, ondasunak zergaren aplikazio lurraldean inportatzen dituen pertsona juridikoak inportazioari dagokion kuota berreskuratzen ahalko du baldin eta ondasunak beste estatukide batera bidali edo garraiatu dituela eta zerga estatu horretan ordaindu duela frogatzen badu."

Bederatzi.-108. nonies artikuluko 4. idatz-zatia.

"Lau. Entitate menderatzaileak ondoko betebeharrak izanen ditu, horrek kendu gabe berez dituenak betetzea, eta erregelamenduz ezartzen diren baldintza, muga eta beharkizunekin:

1. Nafarroako Zerga Ogasunari informazio honen berri ematea:

a) Foru lege honen 108 quinquies eta sexies artikuluetan aipatzen diren betebeharrak bete izana, kasuan kasuko erabakiak hartu izana eta araubide bereziaren aplikazioa aukeratu izana. Informazio hori guztia araubide berezia aplikatu beharreko urte naturala hasi aurreko abenduan aurkeztu beharko da.

b) Araubide berezia aplikatzen duten taldeko entitateen zerrenda, aurreko urtekoarekin alderatuta osaketan izandako edozein aldaketa arrazoitzen duten entitateak zein diren adierazita, halakorik baldin badago. Informazio hori urte natural bakoitzeko abenduan jakinarazi beharko da, hurrengo urteari dagokionez.

c) Araubide bereziari uko egiteko aukera ondorioak izan beharreko urte naturala hasi aurreko abenduan erabili beharko da, bai araubide berezia aplikatzen duten entitate guztiek uko egiteko kasuetan, baita banaka uko egiteko ere.

d) Foru lege honen 108 sexies artikuluko bosgarren idatz-zatian ezarritako aukera ondorioak izan beharreko urte naturala hasi aurreko abenduan jakinarazi beharko da.

2. Entitate taldearen aldizkako autolikidazio erantsiak aurkeztu eta, halakorik behar bada, tributu zorra kitatu edo, bestela, ordaindu edo itzul dakiola eskatu. Autolikidazio erantsi horiek barne hartuko dituzte entitate taldearen araubide berezia aplikatzen duten entitateen banakako autolikidazioen emaitzak.

Entitate taldearen aldizkako autolikidazio erantsi horiek entitate taldearen araubide berezia aplikatzen duten entitateen banakako aldizkako autolikidazioak aurkeztu ondoren aurkeztuko dira.

Entitate taldearen araubide berezia aplikatzen duten entitateen likidazioaldia hilabete naturala izanen da, zein den ere horien eragiketen bolumena.

Likidazioaldi batean, entitate taldearen araubide berezia aplikatzen duten entitateei itzuli beharreko saldoen osotarako zenbatekoa entitate taldearen araubide berezia aplikatzen duten gainerako entitateek likidazioaldi berean ordaindu beharreko saldoen zenbatekoa baino handiagoa baldin bada, soberakinaren itzulketa eskatzen ahalko da, betiere lau urte iragan ez badira soberakina sortu zeneko banakako autolikidazioak aurkeztu zirenetik. Itzulketa hori foru lege honen 61. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu den moduan eginen da. Kasu horretan, itzuli beharreko saldo horiek ez dira konpentsatuko ondoren egindako autolikidazio erantsietan, itzulketa egin arte iragandako denbora gorabehera.

Entitate taldearen araubide berezia aplikatzeari utzi eta taldean sartutako entitateei itzuli edo konpentsatu gabeko zenbatekorik gelditzen bada, zenbateko horiek entitate horiei egotziko zaizkie, araubide berezia aplikatu zen azken urte naturalean izandako eragiketa bolumenaren proportzioan, eta horretarako foru lege honen 66. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

3. Informazio analitikorako sistema bat edukitzea, foru lege honen 108 octies artikuluko lehen idatz-zatian aipatzen diren eragiketetan zuzenean nahiz zeharka, osotara nahiz zati batean, erabilitako ondasun eta zerbitzuak egozteko irizpide arrazoizkoetan oinarritua. Sistema horrek islatu beharko du ondasun eta zerbitzu horien erabilera, hurrenez hurrenekoa, taldetik kanpo izandako amaierako aplikaziora arte.

Informazio sistemak barne hartu beharko du erabilitako egozpen irizpideak justifikatzen dituen memoria; irizpide horiek homogeneoak izan beharko dute taldeko entitate guztientzat eta araubide berezia aplikatzekoa den aldi guztietan mantendu beharko dira, non ez diren aldatzen zentzuzko arrazoiengatik, memorian justifikatuta.

Informazio sistema hori zergaren preskripzio epean gorde beharko da."

Hamar.-Hamaikagarren xedapen iragankorra gehitzea.

"Hamaikagarren xedapen iragankorra.-Entitate taldearen araubide bereziari uko egitea.

Foru lege honen 108 sexies artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz, entitateen taldeko araubide berezia aplikatzea aukeratu duten entitateek uko egiten ahalko diote 2009ko urtarrilaren 31ra arte, eta ondorio horietarako ez zaie aplikatuko artikuluak aipatzen duen hiru urteko epea."

Hamaika.-Hamabigarren xedapen iragankorra gehitzea.

"Hamabigarren xedapen iragankorra.-Balio Erantsiaren gaineko Zergaren zerga-oinarriaren aldaketa.

Kargaturiko eragiketak egiteagatik jasanarazitako kuotei dagozkien kreditu kobraezinak -osotara edo zati batean- dituzten subjektu pasiboek, baldin eta, foru lege honek indarra hartzen duen egunean kontatuta, zerga sorrarazi zenetik urtebetetik bi urte eta hiru hilabetera bitarteko denbora iragan bada, zerga-oinarrian murrizketa egiten ahalko dute foru legeak indarra hartu eta hurrengo hiru hilabeteetan, betiere Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.4 artikuluak aipatzen dituen baldintza guztiak betetzen badira, salbu eta arau horren 1. idatz-zatian aipatzen dena.

Foru lege honek indarra hartu eta hurrengo hiru hilabeteetan, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioz zerga-oinarrian murrizketak egin ditzaketen subjektu pasiboak ezin izanen dira aurreko paragrafoan adierazitakoaz baliatu."

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra.-Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko Legegintzako Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Zazpigarren idatz-zatitik bederatzigarrenera bitarte ezarritakoa, biak barne, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren likidazioaldietan aplikatuko da.

Iruñean, 2008ko abenduaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0819918