39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Justiziako zuzendari nagusiak otsailaren 19an eman 55/2009 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuko burutza berariazko merezimendu lehiaketa bidez betetzeko.

Justiziako zuzendari nagusiak, otsailaren 19ko 55/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuko burutza berariazko merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justiziako Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide igoerari buruzko Erregelamenduaren 49. artikuluan eta hurrengoetan xedaturikoarekin bat, aditzera ematen da zuzendaritza nagusi honetako eskumen esparruko Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuko burutza berariazko merezimendu lehiaketa bidez Auzitegiko Medikuen Kidegoko funtzionarioen artean betetzeko deialdia eginen dela, oinarri hauei jarraituz:

OINARRIAK

Lehena.-Deialdiaren xedea.

Deaildi honen xedea Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuko buruaren lanpostu berezia berariazko merezimendu lehiaketa bidez betetzea da.

Izendatzen denak Auzitegiko Medikuntzaren klinikari loturiko arloetan ezagutzak eta esperientzia frogatu beharko ditu berariazko betebehar gisa, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua sortu eta haren jardunaren erregelamendua onesten duen azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuan aurreikusiriko eginkizunetan dedikazio osoz arituko da, baita Institutuaren lurralde eremuaren barruan esleitzen zaizkion bestelako eginkizun eta jarraibideetan ere. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua izanen du destinoko zentroa.

Bigarrena.-Parte hartzeko betebehar eta baldintzak.

1. Lehiaketa honetan auzitegiko medikuek hartzen ahal dute parte, kidegoan titular gisa gutxienez bost urteko esperientzia badute, edozein delarik haien destinoko lurralde eremua, baldin eta parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta, deialdi honetan eskatzen diren orotariko baldintzak eta berariazko betebeharrak betetzen badituzte, lehiaketaren gainean behin betiko ebatzi arte.

2. Honako hauek ezin izanen dute lehiaketan parte hartu:

a) Epai irmo baten bidez eginkizun gabetuak direnek, gabetzeak iraun bitartean.

b) Interes partikularra dela eta, borondatezko eszedentzian dauden auzitegiko medikuek, egoera horretan nahitaez egon beharreko gutxieneko epean.

c) Nahitaez lekualdatzeko zehapena dutenek (zehapena egin zen herri bereko destinoak hartzeko bakarrik), harik eta urtebete edo hiru urte igaro arte, egindako hutsegitea larria edo oso larria izan den, hurrenez hurren.

Hirugarrena.-Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Eskabideak, sinatuak eta I. eranskineko ereduarekin bat etorriko direnak, Justiziako zuzendari nagusiari igorriko zaizkio eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Iruñeko Karlos III.aren etorbideko 2an, 31002 posta kodean, edo Nafarroako Erregistroko edozein bulegotan. Horien zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean.

2. Eskabideak Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarririko moduan ere igortzen ahal dira. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskabideari.

3. Eskabideak aurkezteko epea behin bukatuta, izangaiek ezin izanen dute hura aldatu edo baliogabetu.

4. Eskabidearekin batera, eskatutako lanpostuetarako alegatutako merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu behar dira, zenbakituak eta haien aurkibidea eginda.

5. Aipatu diren agiriez gain, memoria bat, sinatua, aukeztu beharko da, non gehienez ere 10 foliotan, hautagaiak eskatzen duen lanpostuaren eginkizunak, horietan aritzeko baldintza eta baliabideak, eginkizun horiek hobetzeko proposamenak eta interesgarri edo garrantzitsu deritzen gainerako kontuak oro aztertuko baititu, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren jardunari buruzko Erregelamenduan aipatzen diren eginkizunen azalpena oinarri. Memoriak baloratzeko, nahitaez, eskabideak aurkezteko epean aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.-Lehiaketaren faseak eta baremazioa.

1. Bosgarren oinarrian ezarririko Balorazio Batzordeak baloratuko ditu alegatu eta frogatzen diren merezimenduak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Batzorde horrek, balorazio prozesuan argibideak edo agiri osagarriak eskatzen ahalko dizkie interesdunei, alegaturiko merezimenduak egiaztatzeko behar badira.

2. Lehiaketak bi fase edukiko ditu:

Lehenbiziko fasean orotariko merezimenduak baloratuko dira, II. eranskinaren A atalaren arabera. Gehienez ere 60 puntu emanen dira.

Bigarren fasean gaitasunak baloratuko dira, II. eranskinaren B atalaren arabera. Gehienez ere 40 puntu emanen dira.

Bi faseak baturik, azken puntuazioa, gehienez ere, 100 puntukoa izanen da.

Bosgarrena.-Esleipen proposamenerako gutxieneko puntuazioa.

Zazpigarren oinarrian hautagai-proposamenean fase bakoitzean ondoren ezartzen diren gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten izangaiak agertzen ahalko dira bakarrik:

Lehen faseko puntuazioa: 12 puntu gutxienez eta 60 puntu gehienez.

Bigarren faseko puntuazioa: 10 puntu gutxienez eta 40 puntu gehienez.

Hautagaien merezimenduak ez dira bigarren fasean baloratuko lehen fasea gainditu ez badute.

Seigarrena.-Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzordeak ebaluatuko ditu merezimenduak. Kide hauek izanen ditu:

Titularrak:

-Carolina Delgado Gómez andrea, Modernizazio Zerbitzuko zuzendaria, buru lanetan arituko dena.

-Jorge González Fernández, Errioxako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendaria.

-José Amador Martínez Tejedor jauna, Avilako, Burgosko, Segoviako eta Soriako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendaria.

-María Aranzazu Chocarro Úcar andrea, Nafarroako Justizia Administrazioko Langileen Batzordeak proposatua.

-Alfredo Amestoy Ibarra jauna, Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboko zuzendaria, idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoak:

-Gabriel Casajús Gavar jauna, Nafarroako Administrazio Auzitegiko burua.

-Julio Irigoyen Alba jauna, Errioxako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinikako Zerbitzuko burua.

-María Luisa Andrés Pérez andrea, Avilako, Burgosko, Segoviako eta Soriako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinikako Zerbitzuko burua.

-Francisco Javier Isasi Barbier jauna, Nafarroako Justizia Administrazioko Langileen Batzordeak proposatua.

-Lourdes Aldave Villanueva andrea, Justiziako Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikokoa), idazkari lanetan arituko dena.

Balorazio Batzordeak Justiziako Zuzendaritza Nagusiari eskatzen ahalko dio adituak aholkulari izenda ditzala. Aholkulariek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

Balorazio Batzordea Administrazioko kide anitzetako organotzat joko da eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren arauen mende egonen da. Halaber, Balorazio Batzordeko kideak abstenitzeko eta errefusatuak izateko azken arauan aipatzen diren zergatikoen mende egonen dira.

Zazpigarrena.-Lanpostuak banatzea.

1. Balorazio Batzordeak Justiziako zuzendari nagusiari igorriko dio lanpostua eskuratzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu duten hautagaien zerrenda.

2. Hautagaien zerrenda partaideek lorturiko puntuazioei jarraituz antolatuko da, puntu gehien lortu dituztenetik puntu gutxien lortu dituztenetara. Puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasun handiena duenaren alde joko da.

3. Balorazio Batzordeak, hautagaien proposamena idatzi baino lehen, lehiaketako balorazio faseetan lortu dituzten puntuazioak jakinaraziko dizkie interesdunei, Justiziako Zuzendaritza Nagusiko eta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko oholetan iragarkiak paratuz.

Interesdunek 10 egun balioduneko epea izanen dute, lehiaketako Balorazio Batzordean egokitzat jotzen dutena alegatu eta justifikatzeko.

Balorazio Batzordeak ebazpen proposamena, alegazioak eta justifikazioak (onartuak eta ezetsiak) barne, idatzi ondoren, Justiziako Zuzendaritza Nagusira igorriko da. Horrek, haiek aztertu ondoren, bidezkoa den ebazpena emanen du.

Zortzigarrena.-Esleituriko destinoen ezaugarriak.

1. Esleituriko destinoei uko egiterik ez dago. Hala ere, destinoa berariazko lehiaketa honetan lortu duen auzitegiko medikuak uko egiten ahalko dio, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen deialdi publiko baten bidez beste destino bat lor badeza. Kasu horretan, deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko dio interesdunak. Hori egin ezik, funtzionarioak esleituriko lehen destinoaz jabetu beharko du, Justiziako Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide igoerari buruzko Erregelamenduaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Lehiaketa honen ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuak, zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzkoak, ezarririko ondorioetarako. Beraz, ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

Bederatzigarrena.-Lehiaketaren gaineko ebazpena.

1. Justiziako Zuzendaritza Nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du lehiaketa honen gaineko ebazpena, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

2. Balorazio Batzordeak proposaturiko hautagaien artetik puntu gehien lortu dituen auzitegiko medikua izendatuko du Justiziako Zuzendaritza Nagusiak.

3. Auzitegiko medikua lehiaketa honen bidez Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan eskaintzen den lanposturako izendatzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Lehiaketa honen gaineko ebazpenean, aurreko lanpostua utzi eta berriaz jabetzeko epeak zehaztuko dira espresuki.

Hamargarrena.-Errekurtsoak.

Balorazio Batzordeak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Justiziako zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, Balorazio Batzordeak hartutakoen aurka izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA

NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN INSTITUTUKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN KLINIKA ZERBITZUKO BURUTZA BETETZEKO MEREZIMENDU LEHIAKETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

A) NORBERAREN DATUAK

DEITURAK

IZENA

NANa

HELBIDEA

PK

HERRIA

PROBINTZIA

HARREMANETARAKO TELEFONOA

B) GAUR EGUNGO EGOERA ADMINISTRATIBOA

JARDUNEAN

? BAI

? EZ (Kasu honetan, hurrengo laukia bete)

BESTE BAT, LANPOSTUA ERRESERBATUTA (adierazi zein)

C) BALORATZEKO ALEGATURIKO MEREZIMENDUAK

Zehaztu eta frogagiriak adierazi

Merezimendua

Alegaturiko agiria

Aurkezten dena

ANTZINATASUNA: Urteak Hilabeteak Egunak

BESTELAKO OROTARIKO MEREZIMENDUAK:

BERARIAZKO MEREZIMENDUAK:

SARRERA ERREGISTROA

Tokia eta eguna

Sinatua:

JUSTIZIAKO ZUZENDARI NAGUSIA. Iratxeko Monasterioa, 22, 31011 IRUÑA.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A) Orotariko merezimenduak:

a) Antzinatasuna, gehienez ere 45 puntu. 2 puntu kidegoan lanean emaniko urte oso bakoitzagatik. Zerbitzualdiko lehen bost urteak ez dira kontatuko. Urtebetetik beherako aldiak hainbanatuko dira, 0,166 puntu hilabete bakoitzagatik. Bakarrik hilabete osoak puntutatuko dira. Ulertuko da hilabete bakoitzak hogeita hamar egun dituela.

b) Bestelako orotariko merezimendu batzuk, gehienez ere 15
puntu.

1. Auzitegiko Medikuntzari loturiko irakasle lanengatik: 5 puntu gehienez, 0,2 puntu edozein ikastetxe publiko edo pribatutan, ofizialki aitortua edo homologatua badago, edo funtzionarioak prestatzeko zentro ofizialetan eta homologatuetan emaniko 10 orduko.

2. Zuzenean Auzitegiko Medikuntzari loturiko argitalpenak, komunikazioak eta biltzarretan parte hartzea.

Espainiako aldizkarietako argitalpenak: 0,5 puntu bakoitzagatik.

Nazioarteko aldizkarietako argitalpenak: 0,6 puntu bakoitzagatik.

Liburu eta monografietan parte hartzea: 0,7 puntu bakoitzagatik.

Komunikazioak eta afixak Espainiako biltzarretan: 0,1 puntu bakoitzagatik.

Komunikazioak eta afixak nazioarteko biltzarretan: 0,2 puntu bakoitzagatik.

Ponentziak Espainiako biltzarretan: 0,3 puntu bakoitzagatik.

Ponentziak Espainiako biltzarretan: 0,4 puntu bakoitzagatik.

Auzitegiko Medikuntzari loturiko biltzarretan parte hartzea: 0,1 puntu 10 prestakuntza orduko.

Fase honetan gehienez ere 60 puntu lor daitezke.

B) Berariazko merezimenduak:

1. Merezimendu akademikoak: Medikuntzako Doktoretza: doktore tesia, aparteko sariarekin, 10 puntu; "cum laude" gai edo bikain, 7,5 puntu; bestelako puntuazioekin, 5 puntu.

2. Lanpostuarekin loturiko medikuntza espezialitate baten jabe izateagatik: 10 puntu bitarte. Medikuntzako bestelako espezialitateak: 5 puntu bitarte, espezialitate bakoitzagatik.

3. Antzeko eginkizunetan aritzeagatik: 10 puntu bitarte, 2 puntu urte bakoitzagatik.

4. Berariazko prestakuntzagatik, lanpostuaren eginkizunen berezko arlo edo diziplinetan: 5 puntu bitarte, 0,2 puntu prestakuntzan emaniko 10 orduko. Atal honetako merezimenduak bakarrik baloratuko dira unibertsitate batek, institutu edo eskola ofizialek edo bestelako entitateek prestatu eta antolatu dituztenean, betiere ere administrazio publiko batek homologatu baditu.

5. Auzitegiko Medikuntzari loturiko arloetan, bekengatik edo ikerketa ofizialetarako proiektuengatik: 5 puntu bitarte.

6. Bestelako merezimenduak: koordinatzailea, moderatzailea, tutorea, epaimahaiko kidea, ikastaroen zuzendari eta abar izategatik edo beste edozein merezimendurengatik: 5 puntu bitarte.

7. Memoriagatik: 10 puntu bitarte.

Fase honetan gehienez ere 40 puntu lor daitezke.

Iragarkiaren kodea: F0910980