39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MURILLO EL CUENDE

Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Murillo el Cuendeko Udalak, 2008ko uztailaren 3an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2008ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 15ean, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, 2009ko otsailaren 27ko osoko bilkuran ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Murillo El Cuenden, 2009ko martxoaren 3an.-Alkatea, Angel Arnaudas Granell.

EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela ematea arautu gogo du, Europako Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondoren joan-etorri handirik egin beharrik gabe.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatzeko txartelaren eskubidea izateko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea.

2.1. Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

2.1.1. Elbarri interesdunak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2.1.2. Mugikortasuna murrizten dion elbarritasuna izatea, eta alderdi hauek egiaztatu:

-%33tik gorako elbarritasunak jota egotearen ziurtagiria, non garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasuna aipatuko baita eta garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunen baremoko puntuazioa zazpi puntukoa dela, gutxienez ere.

2.2. Behin betiko ezgaitasuna dutenen ahaide bizikideak edo zaindariak:

2.2.1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2.2.2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

2.2.3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hau egiaztatu beharko da:

-%33tik gorako elbarritasunak jota egotearen ziurtagiria, non garraio publiko kolektiboa erabiltzeko ezgaitasuna aipatuko baita eta garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunen baremoko puntuazioa zazpi puntukoa dela, gutxienez ere.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak Udalaren bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehaztutako ziurtagiriak erantsiko zaizkio, indarra duen gidabaimena eta ibilgailuaren agiriak, baita karnet tamainako bi argazki ere, koloretan.

4. artikulua. Funtzionamendu arauak.

a) Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko moduan dela, kanpotik kontrolatzeko.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta Udaletxera eraman beharko da, berritu beharrik badu.

c) Txartela daraman ibilgailua elbarrientzat erreserbatu eta seinalizatuta dauden tokietan aparkatu ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatu ahalko da, ordutegi mugatu baten barrenean. Aparkatzeko debekua seinale bidez adierazten den tokietan, eta berariazko baimena duten bestelakoetan.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babesean: Txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoen pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten tokietan. Garraio publikoarentzat erreserbatutako lerroetan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartela eskuratu zen herritik kanpo aparkatzen denean, herri horretan ezarritako arauak beteko dira.

g) Edozein arrazoi dela medio, txartela erabiltzeari utzi behar bazaio, eskuratutako Udalean itzuli beharko da, arrazoiak adierazita.

h) Txartela galdu edo norbaitek ebatsiz gero, Udalari eman beharko zaio horren berri.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

5.1. Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

5.2. Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea edo iruzur eginez haien kopiak ateratzea.

Faltsutu dutenak eta txartelaren eskatzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, ebazpena eman aurretik, beti emanen zaie entzunaldia interesdunei. Espedientea zehapen ahalmenaren erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

Xedapen iragankorra

Egun indarrean diren txartelak berritu ahal izateko, ordenantza honetako baldintzak betetzen direla frogatu beharko da.

Iragarkiaren kodea: L0911127