39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LAKUNTZA

Udal Planeko determinazio xehakatuen aldaketa puntuala.
Behin betiko onespena

2009ko urtarrilaren 8an, Lakuntzako Udalak, osoko bilkura berezian eta erregelamenduzko quorumarekin, ondoren hitzez hitz heldu den erabakia onetsi zuen:

1. Behin betiko onestea Lakuntzako Udal Planeko determinazio xehakatuen aldaketa puntuala, Ordenantzetan, I, II eta III eremu homogeneoetan, Lakuntzako Udalak sustatua. Hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 74 eta 79.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat.

2. Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 79.3 eta 81. artikuluetan xedatutakoa bete dadin.

3. Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraziko zaio, onetsitako agiriaren ale batekin batera.

Lakuntzan, 2009ko otsailaren 16an.-Alkate udalburua, José Ramón Garin Lizarraga.

LAKUNTZAKO ARAU SUBSIDIARIOETAKO ALDAKETA XEHAKATUA

1.-Xedea.

Dokumentu hau prestatu da Lakuntzako Arau Subsidiarioetan aldaketa puntuala egiteko, planeamenduko determinazio berriak ezartze aldera, mantsarden neurrien inguruan.

2.-Sustatzailea.

Arau Subsidiarioetako aldaketa xehakatu hau Lakuntzako Udalak sustatu du, mantsardei buruzko ordenantzak aldatu eta udalerri osorako baldintza berberak ezartzeko, teilatupeko solairuak argitzeko eraikuntza sistema horrek izan duen gorakada dela-eta.

3.-Aurrekariak. Egungo Planeamendua.

Arau Subsidiarioen eta haietan egindako ondoko aldaketen arabera, gai honi dagokionean bi puntu definitzen dira, gaur egun indarrean direnak. Hona hemen kronologikoki zerrendatuak:

-Planeamenduko Arau Subsidiarioetako aldaketak. 1991ko abuztua.

5. aldaketa. Eraikuntzaren ordenantza orokorra.

Eraikuntzaren ordenantza orokorreko 29. artikuluko araudian, "Estalkiak", honako testu hau gehitu da:

"...

Orobat, estalki maldadunaren gainean mantsardak baimenduak daude, baldintza hauetan:

  • Mantsardaren azpiko edo gaineko estalki maldadunaren zatia ez da 2 m baino txikiagoa izanen.
  • Kanpoko zabalera, gehienez: 2 metro.
  • Estalkiaren erdi-erdian kokatua.
  • Bi isurkiko estaldura, gainerakoaren material berarekin.
  • Alboak zarpiatuak eta pintatuak fatxadaren kolore berarekin.
  • Zurezko arotzia.
  • Eskema: ... "

-Arau Subsidiarioetako aldaketa puntuala. Mañueta kalea, 14tik 36ra bitarteko zenbaki bikoitiak. 1999ko urtarrila.

"Eremu horretarako, garaiera, bolumen eta mantsarden arauketan bi aukera izatea proposatzen da:

1) Mantsarden gehieneko garaierari eta neurriei buruzko egungo araudia mantentzea, Arau Subsidiarioetako 1991ko 5. aldaketan, "Estakiak" 29. artikuluari buruzkoan, ezarritakoari jarraituz.

2) Egungo araudia aldatzea zentzu honetan:

Eraikinaren sustatzaileak eraikineko teilatu-hegalaren egungo garaiera mantendu nahi badu, araudian baimendutako mantsardak egin ahalko ditu, baina ezaugarri hauekin: kanpoaldeko gehieneko zabalera 4 metrokoa izanen da, betiere mehelinetatik gutxienez metro bateko tartea utzita. Mantsarden gaineko ordenantzen gainerako determinazioak ez dira aldatuko."

-Lakuntzako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako aldaketa puntuala. 2007ko martxoa.

"29. artikulua, "Estalkiak", osatu da testu honekin:

...

Bigarren solairutik gora, eta teilatupeak argitzeko debekatuta daude "mantsardak".

Estalki-planoetatik gora soilik igogailuen kasetoiak eta berogailuen tximiniak edo aireztatzekoak ezarri ahalko dira, eta ezin izanen dira egitura goratuak egin instalazioak ezartzeko.

4.-Jarduketa esparrua.

Dokumentazio honetan ezartzen diren determinazioak Lakuntzako hirilurretako I, II eta III. eremu homogeneo osoan aplikatuko dira. Bertan, aurretik egindako aldaketekin ezarritako determinazioak bateratuko dira eta mantsarden inguruko determinazio berdinak ezarriko udalerri guztirako.

5.-Proposamenaren deskripzioa eta justifikazioa.

1991ko abuztuko aldaketarekin, udalerri guztian 2 metro zabaleko mantsardak eraikitzeko aukera ezarri zen, baina ondoren, soilik Mañueta kaleko zenbaki bikoitiei eragiten zien 1991ko urtarrileko aldaketa batekin, 4 metroko zabalera baimendu zen.

Mañueta kalea I. Eremu Homogeneoan dago; herrigune historikoan, alegia. Gainera, kale horretako eraikin bikoitiak multzo gisa sailkatzen dira.

Herrigune historikotik kanpora dauden eraikin berrietan ez du zentzurik mantsarden neurriak murriztaileagoak izatea Mañueta kalean baino; izatekotan, alderantziz behar luke.

Horregatik, onargarria da herrigune guztian Mañueta kaleko zenbaki bikoitietarako ezarritako baldintza bereko mantsardak erabiltzea.

6.-Determinazio berriak Lakuntzako Arau Subsidiarioetan.

Arau Subsidiarioen Ordenantzetako I, II eta III eremu homogeneoen eraikuntzako baldintza partikularretako 29. artikulua "Estalkiak" osatzeko, mantsardei dagokienean:

Lakuntzako hiri lurzoru guztian, katalogatutako eraikinak salbu, estalki maldadunean "mantsardak" baimentzen dira, baldintza hauekin:

-Mantsardaren azpiko edo gaineko estalki maldadunaren zatia ez da 2 m baino txikiagoa izanen.

-Kanpoaldeko gehieneko zabalera 4 metrokoa izanen da, betiere mehelinetatik gutxienez metro bateko tartea utzita.

-Estalkiaren erdi-erdian kokatua, eta teilatu-hegal horizontaleko fatxada bakoitzeko mantsarda bakarra.

-Bi isurkiko estaldura, gainerakoaren material berarekin.

-Alboak zarpiatuak eta pintatuak fatxadaren kolore berarekin.

-Zurezko arotzia.

-Bigarren solairutik gora, eta teilatupeak argitzeko debekatuta daude mantsardak.

-Mantsardez gain, estalki-planoetatik gora soilik igogailuen kasetoiak eta berogailuen tximiniak edo aireztatzekoak ezarri ahalko dira, eta ezin izanen dira egitura goratuak egin instalazioak ezartzeko".

Iragarkiaren kodea: L0910604