39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CAPARROSO

Caparrosoko laborantzako herrilurren aprobetxamenduen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2008ko azaroaren 24an egin osoko bilkura berezian, legeak eskatzen duen quoruma zuela, aldaketa hasiera batean onestea erabaki zuen Caparrosoko laborantzako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2009ko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 12an, baita Caparrosoko Udalaren ediktuen oholean ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka -xedapen administratibo bat baita- ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2009ko otsailaren 26an.-Alkate udalburua, Irene Jiménez Iribarren.

ORDENANTZA, CAPARROSOKO LABORANTZAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Caparrosoko Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Administrazio Zuzenbidea, ordenantza hauek eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatua, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Caparrosoko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Caparrosoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Caparrosoko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Caparrosoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko prozedura izanen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) 143.ean eta hurrengoetan ezarritakoa.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Caparrosoko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Caparrosoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Caparrosoko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Caparrosoko Udalak administrazio bidea erabiliko du; betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Caparrosoko Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Caparrosoko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea. Edozein arrazoi dela-eta erretirodun izanez gero edo zeinahi pentsio edo laguntza sozial jasoz gero, herrilurretako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzeko bateragarritasunaren agiria beharko da aurkeztu, entitate edo erakunde laguntza emaileak luzatua; izan ere, gizarte segurantzaren nekazaritzako araubide bereziaren erregelamendu orokorra onesten duen abenduaren 23ko 3772/1972 Dekretuaren 52. artikukuak dioenez, zahartzaroko pentsioa baterazeina da pentsiodunaren lanarekin, Gizarte Segurantzako edozein araubide aplikatzeko esparruan sartuko bailitzateke.

b) Caparrosoko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea sei urteko antzinatasunez.

c) Caparroson urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Caparrosoko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea. Betetzen ez badu, espedientea tramitatu ondoren, herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkio gelditzen den esleipen aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren: betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Caparrosoko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herrilurren batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurretako aprobetxamendua

15. artikulua. Caparrosoko laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan esleituko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarren aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Caparrosoko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.fa

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

16. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek Ondasunen Erregelamenduko 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzarako edo industriarako lurrak edukitzea, hirilurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.

17. artikulua. 1. Lote bakoitzaren azalera eta nolakotasuna honako hauek dira:

1. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

Ohiko ureztalurrak: 25 erregu.

Lehorreko lurra, Saso Nuevo: 42 erregu.

2. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

3. lotea, lehorreko lurra: 400 erregu.

4. lotea, ohiko ureztalurrak: 30 erregu (gehienez).

5. lotea, ureztalurrak (ihinztaketa): 50 erregu.

6. lotea, lehorreko lurretako zainzuria (Saso): 21 erregu.

7. lotea, ureztalurretako zainzuria: 10 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei eman beharreko loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) 7 - 9 kide bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.

18. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Caparrosoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 16 eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. (epeak kontatzeko, urte naturala).

20. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

-Lehorreko lurrak:

1. mota: 500 pezeta/erregua/urtea.

2. mota: 250 pezeta/erregua/urtea.

3. mota: 200 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak: 500 pezeta/erregua/urtea.

-Ureztalurrak:

1. mota: 6.000 pezeta/erregua/urtea. (ihinztaketa), uraren kontsumoa esleipen hartzailearen kontura.

2. mota: 6.000 pezeta/erregua/urtea. (ohiko ureztalurrak).

Baratzeak: 5.000 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak: 6.000 pezeta/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2001. urterako proposaturiko kanonak dira eta urtero eguneratu beharko dira, nekazaritzako KPIren arabera. Nolanahi ere, kanonak Caparrosoko Udalak ordaindu beharreko kostuak estali beharko ditu, gutxienez ere.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Caparrrosoko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Caparrosoko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Caparrosoko Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Caparrosoko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte; orobat, azpierrentamenduan, apartzerian edo lagapenean parte hartzen dutenei, edo esleipen hartzaileak zuzenean eta pertsonalki parte hartu gabe laborantzan dabiltzanei.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Udalaren Diruzaintzan.

24. artikulua. Caparrosoko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki burutzen dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

-Landazaintzaren edo herrilurren batzordearen ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak ordenantza honetako 21, 22 eta 23. artikuluetan xedatu bezala lantzen ez direnean.

-Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkeztea eskatu ondoan, Caparrosoko Udalak agindu epean aurkezten ez dituztenean.

-Esleitutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

2. ATALA

Herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

26. artikulua. Hau da aprobetxamendu mota honetarako ezarri den ereduko lotearen azalera:

-1. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

Ohiko ureztalurrak: 5 erregu.

Lehorreko lurra, Saso Nuevo: 40 erregu.

-2. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

-3. lotea, lehorreko lurra: 400 erregu.

-4. lotea, ohiko ureztalurrak: 30 erregu.

-5. lotea, ureztalurrak (ihinztaketa): 50 erregu.

-6. lotea, lehorreko lurretako zainzuria (Saso): 21 erregu.

-7. lotea, ureztalurretako zainzuria: 10 erregu.

27. artikulua. Esleipen epea 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.

28. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

-Lehorreko lurrak:

1. mota: 500 pezeta/erregua/urtea.

2. mota: 250 pezeta/erregua/urtea.

3. mota: 200 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak: 500 pezeta/erregua/urtea.

-Ureztalurrak:

1. mota: 6.000 pezeta/erregua/urtea. (ihinztaketa), uraren kontsumoa esleipen hartzailearen kontura.

2. mota: 6.000 pezeta/erregua/urtea. (ohiko ureztalurrak).

Baratzeak: 5.000 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak: 6.000 pezeta/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2001erako proposatutako kanonari dagozkio, urtero eguneratuko baitira gehienez ere nekazaritzako K.P.I.ren arabera.

29. artikulua. Esleipen hartzaileak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21, 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren %5 gainditzen ez duen eremu bat gordetzen ahal du onuradun berriei esleitzeko. Udalak herrilur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez esleitu ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati laga beharrez, baina horrela bada esleipenaren baldintzetan espresuki adierazi beharko da.

31. artikulua. Zainzurietarako lehorreko lurretako nahiz ureztalurretako ereduko loteen esleipen hartzaile bihurtuz gero, ezin izanen da laborantzako herrilurretan beste inongo aprobetxamendurik hartu.

32. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, halako diru-sarrera batzuetatik gorakoak dituzten familia unitateen titularrenak kenduko dira. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

33. artikulua. Caparrosoko Udalak erregu bateko familia baratzeak esleitzen ahal dizkie familia unitateen titularrei; betiere, hori eskatu badute eta erreparatu gabe herrilurretako beste aprobetxamenduen onuradun diren edo ez, halako baldintzei jarraikiz:

a) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Esleipenak zortzi urtetarako epea izanen du, luzatzeko aukerarekin, eta gehienez ere hamasei urte bitartekoa; betiere, eskaera egin ondotik.

Caparrosoko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Caparrosoko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako esleipen zuzenerako ezarritako kanonarea izanen da, eta urteroko igoera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Caparrosoko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

35. artikulua. Caparrosoko Udalaren osoko bilkurak erabakita, hamabost egun balioduneko epea zabalduko da, behar bezala aditzera emanen baita, eskubide dutela uste duten guztiek herrilurretako lurzatiak esleitzeko idatziz eska dezaten, argi eta gabi adierazita zer lote duten gogokoen.

36. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Caparrosoko bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Caparrosoko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Caparrosoko mugape honetakoak bai bestelakoak.

e) Aurreko ekitaldi ekonomikoko Errenta Aitorpenaren kopia edo familia unitateko kide bakoitzak lortzen dituen diru-sarrerak egiaztatzeko edozein agiri.

f) Erretiroa hartu behar duten esleipen hartzaileek horren berri eman beharko diote Udalari erretiro eguna baino lehen, hura gertatzen den urte naturalean. Udalak bere gain hartuko ditu lurrak abenduaren 31n. Inguruabar horren berri garaiz ematen ez duten esleipen hartzaileei hura iraungiko zaie eta uzta Udalaren eskuetara joanen da. Ez dute kalte-ordainetarako eta erreklamatzeko eskubiderik izanen.

g) Familia unitateko kideren bat beste udalerri batean erroldatua badago, ziurtagiria aurkeztu beharko du, beste udalerri horretan herritar gisa edo haren herrilurretan eskubiderik ez duela erakusteko.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Caparrosoko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 16.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Erregelamenduko 14, 16 eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran, erregelamenduko 15 B) eta C) artikuluan ezarritako esleipen moduen artean banatuko ditu herrilurren aprobetxamenduak.

38. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean jarriko da 15 egun balioduneko epean, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten edo, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak aurkeztuz gero, Osoko Bilkurak herrilurretako batzordearen txostena jaso ondoren, haiei buruzko ebazpena emanen du, beharrezko arrazoiak azalduta, eta esleipen modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

40. artikulua. Esleipena zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko esleipen zuzenekoetarako, era honetan:

1.-Zenbakiak jarriko dira modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan.

2.-Herrilurretako lurzatiei, bai lehorrekoei bai ureztalurrei, zenbakiak emanen zaizkie.

3.-Ondoren eta betiko moduan, boltsatik aterako da zenbaki bat, herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena; horrela, behin eta berriro.

4.-Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herrilurretan.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina lurzati zuzeneko esleipenaren bidezko eskatzaileei esleitzeko, ordenantza honen 31. artikuluak zehaztu bezala eginen da, hau da, diru-sarrera handienak dituzten familia unitateetako titularrak aparte geldituko dira.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

Kapitulu hau ezabatu egin da; izan ere, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean bildutakoaren hitzez hitzezko kopia hutsa da.

42. artikulua. 1. Caparrosoko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

e) Udalerrian lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituzten proiektuak.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidean hala egokitzen bazaie.

43. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

44. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herrilurrak laborantzarako luberritzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:

1.-Norberak ez lantzea esleitutako lurzatiak.

2.-Esleituriko lurzatiaren %80 bederen ez lantzea.

3.-Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

4.-Kanonak, gizarte aseguruak, landazaintza edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasak zein bere epean ez ordaintzea.

5.-Nekazaritzako lanak Erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

6.-Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

7.-Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

8.-Lurzatiak banatzen dituzten ezpondak goldatzea.

9.-Bideak edo altxonbideak landatzea, edo txaradia (erromeroa, milazka etab.) luberritzea.

10.-Bideetan eta alxonbideetan harria edo bestelako materialak botatzea.

11.-Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea horretarako.

12.-Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

13.-Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

14.-Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelatsukoak ez biltzea edo erretiratzea esleitutako lurzati, sarbide edota altxonbideetatik.

46. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

-1, 2, 3, 4, 5 eta 6. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.

-12.agatik, berriz, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzaile izateko eskubidea galduko da.

-Gainerako arau-hausteetan, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen Legearen 21.1-n) artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunen Erregelamenduaren 52.2. artikuluan xedatzen denaren arabera, 50.000 pezeta bitarteko isunak jarriko dira. Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte behar diren zenbatekoak.

BESTE XEDAPEN OROKOR BATZUK

47. artikulua. Herrilurretako lurzatien esleipen berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste esleipen batzuk eginen dira urtero; izan ere, esleitu gabeko lurzatiak horietarako izanen dira. Horiek, egindako eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, lehenbizi erantzunen zaie, ezkontza dela bide, onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoentzat, behar den zozketa baztergarria eginen da eta baztertuek lehentasuneko txanda bat izanen dute hurrengoan eginen den urteko esleipena arte.

48. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen esleipenak direla-eta, herrilurretako lurzatiak esleitzeko urteroko zozketa azken hiru hilabeteetan eginen da, Udalak osoko bilkuran finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta Udaletxeko iragarki oholean ikusgai jarriko den ediktuaren edukiarekin bat, hori guztia ordenantza honen 4. tituluko 2. kapituluko 4. atalean, 37. artikuluan, ezarritako prozedurari jarraikiz.

49. artikulua. a) Herrilurretako edozein lurzati esleitzean, hura landuta badago, esleipen hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

b) Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko esleipen hartzailearena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herrilurretako lurzatien edo loteen esleipen hartzaileak, zortzi urteko epea urratuz, herrilurra edo lotea erein edo lantzen badu (Erregelamendu honetako 49-12 artikulua); izan ere, Udalak hala egin duela egiaztatutakoan, zehatua izanen baita Erregelamendu honetako 50. artikuluari jarraikiz.

50. artikulua. Egokitu zaion herrilurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19 eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, Udalaren Osoko Bilkuraren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste esleipen baterako aukera izanen du.

51. artikulua. Herrilurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izatetik gelditzeagatik, herrian urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Caparrosoko Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik, ordenantzaren 14. artikuluak agintzen duen moduan.

52. artikulua. Ureztatzeko herri lurzatien esleipen hartzaileek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatu moduan. Herriko Ureztaketa Batzordeko sindikatuak dermioko ureztaketa orokorrari buruz ezarritako guztiari ere lotuko zaizkio. Nolanahi ere, egindako arau-hausteei dagozkien zehapenak 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira.

53. artikulua. Abeltzainak edo herri lurzatien eta ureztatzeko loteen belar eta larreen onuradunak belarrak eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen esleipen hartzaileak 10 egun gabe erein nahi baldin badu abeltzainari esan beharko dio, belarrak balia ditzan.

54. artikulua. Esleipenaren azken urtean, zortzigarrenean, alegia, ureztatzeko lurzatietan ezin izanen dira bi landaketa batera egin, bakarra egin beharko da edo gehienez ere elkarri lotutako bi, eta edozein kasutan, lurzatia hutsik geldituko da abenduaren 31rako.

55. artikulua. Erregelamendu hau edo hura aplikatzeari buruzko udal egintza nahiz erabakiak ulertzerakoan sortzen diren afera guztiak errekurtso hauen bidez ebatziko dira:

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

-Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran eta aurrekoa baino lehen, Udalari zuzendua, hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L0911034