39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AIEGI

Aiegiko Udalaren Trafikoari buruzko ordenantza.
Behin betiko onespena

Udalak 2008ko abuztuaren 29ko osoko bilkuran hasiera batez onetsi zuen Aiegiko Udalaren Trafikoari buruzko ordenantza, eta 2008ko 121 zk.ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 3an, ostiralarekin.

Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren edukiaren aurka.

Horiek horrela, Aiegiko Udalak, 2009ko otsailaren 24an egin osoko bilkura arruntean eta legezko quoruma zuela, ondotik osorik ematen den erabakia hau hartu zuen:

1.-Behin betikoz onestea Aiegiko Udalerriaren Trafikoari buruzko ordenantza; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.-Ordenantza horren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

3.-Ordenantzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, bere azken xedapen iragankorrean aurreikusia dagoen bezalaxe.

Aiegin, 2009ko otsailaren 26an.-Alkate udalburua, José Artiz Segura.

AIEGIKO UDALAREN TRAFIKOARI BURUZKO ORDENANTZA

Ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz: Toki Araubidearen gaineko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-b artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta 5/1997 Legearen 7.b) artikulua (lege honek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu baitzuen); eta kontuan hartuz artikulu horiek denek hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorretako eskumenak Udalari ematen dizkiotela, ordenantza hau ematen da.

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

1. artikulua. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debekatua dute udal mugapean barna ibiltzea, A-12 autobian izan ezik. Aldez aurretik eskabide arrazoitua aurkeztuta, ibilgailu horiek baimena lor dezakete udal mugapean barna ibiltzeko, salbuespen gisa eta ohiz kanpoko egoeretan betiere. Baimen horretan zehatz-mehatz adieraziko dira eguna, ordua eta ibilbidea.

2. artikulua. Guztiz debekatua dago 1. artikuluan aipatu ibilgailuek Aiegiko udal mugape osoan aparkatzea.

Oinezkoen eremuak

3. artikulua. Aiegiko Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua, erabatekoa edo hein batekoa, ezarri ahal izanen du udalerriko alde batzuetan. Horiexek izanen dira oinezkoendako alderdiak.

4. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita, beharrezkoaa bada, ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.

5. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinaleztatutako alderdiaren barreneko bide guztiak hartzen ahal ditu.

b) Ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua ordutegi jakin batera mugatzen ahal du, baita halako erabiltzaile edo ibilgailu jakin batzuetara ere.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik denbora jakin baterako.

6. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa horiek ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek Udalaren baimena badute.

7. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraituz, hala adierazten denean.

8. artikulua. Aiegiko oinezkoendako eremu guztietan, gehieneko abiadura 30 kilometro orduko izanen da, seinale baten bidez bestela adierazten ez bada, edo seinaleak bestelako mugak ezartzen ez baditu.

Autobus eta kamioiak aparkatzea

9. artikulua. Oro har, 3.500 kg-tik gorako BGP (gehieneko pisu baimendua) duten ibilgailuek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea, industrialdeetako bideetan izan ezik, haietan berariaz seinalatuko baita non aparkatzen ahal duten.

Honako ibiligailu hauek aurreko debeku horretatik kanpo gelditzen dira: larrialdietakoak, su-itzaltzekoak, ibiligailuak kentzeko garabiak, babes zibilekoak eta udal zerbitzuetakoak.

10. artikulua. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea. Nolanahi ere, Aiegiko Udalak ibilgailu horiek apartzeko tokiak prestatu eta seinalatzen ahal ditu industrialdeetan (Cañada Real de Imas industrialdean, adibidez) eta eremu turistikoetan (bai Plaza de Irache plazan, Iratxeko Monasterioa baitago bertan, bai Prado de Irache etorbidean, Irache Hotela baitago bertan). Azken bi horietan, behar dena egiteko baino ezin izanen da aparkatu.

11. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan; betiere, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

Ibilgailu abandonatuak

12. artikulua. Ibilgailu abandonatuek bide publikoak erabiltzeko aukerak murrizten dituzte eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen dituzte kaleetara. Horregatik, Udalak haiek ikusi eta berehala kenduko ditu, Trafikoari buruzko Legean eta halako kasuak erregulatzen dituen araudian ezarritako tramiteak betez.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak Trafikoari buruzko Legean, Zirkulazioaren gaineko Erregelamendu Orokorrean eta araudi osagarrietan adierazi bezala zehatuko dira, arau horietan bilduta baldin badaude.

Lege-testu horietan bildu gabekoak arau-hauste arintzat joko dira.

14. artikulua. Arau-hausle berberak egindako arau-hausteak larritzat joko dira baldin eta pertsona horrek berak arau-hauste arinak egin izanagatik hiru ebazpen zehatzaile irmo jaso baditu urtebete naturaleko epean.

15. artikulua. Arau-hausle berberak egindako arau-hausteak oso larritzat joko dira baldin eta pertsona horrek berak arau-hauste larriak egin izanagatik hiru ebazpen zehatzaile irmo jaso baditu urtebete naturaleko epean.

16. artikulua. Arau-hauste arinek 90 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek, 300 eurora bitartekoa, eta oso larriek, berriz, 600 eurora bitartekoa.

Zehatzeko prozedura

17. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da, baita Trafikoari buruzko Legearen 69. artikulua (zehapenen mailakatzea) eta 70 eta 71. artikuluak ere (ibilgailua ibilgetu edo kentzea).

18. artikulua. Udaleko alkate udalburuak eginen du, Udalbatzako idazkariak aholkaturik, ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatiko espedienteen instrukzioa.

19. artikulua. Udalak arau-haustea zehatzeko eskumena ez duenean, Lizarrako Udaltzaingoari emanen dio arau-hauste horren berri.

20. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

21. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian arlo horretaz arduratzen den Salari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, aldez aurretik organo egileari errekurtsoa aurkezteko asmoaren berri emanik; edo bestela:

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aitzina.

c) Bi horien aitzin, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza eman duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, honen jakinarazpena egin eta biharamunetik aitzina.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo hartan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Bigarrena.-Ordenantza honetan bildu gabeko alderdi eta kasu guztietan, Trafikoari buruzko Legea, Zirkulazioaren gaineko Erregelamendu Orokorra eta araudi osagarria aplikatuko dira.

Xedapen iragankorrak

Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0911117