39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARANGUREN

Ordenantza, Labianoko mugapeko herrilarreak aprobetxatzeko

Labianoko Kontzejuak, 2009ko urtarrilaren 15ean egin bilkuran, erabaki zuen behin betikoz onestea Labianoko mugapeko herri larreak aprobetxatzeko ordenantza. Hona hemen haren testua:

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Labianoko herrilurretan dauden larreen esleipen eta aprobetxamendua arautzea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretua).

3. artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da:

a) Herritarrei zuzenean esleituz.

b) Antzinako usadioaren arabera.

Eta bertzenaz,

c) Enkante publikoan esleituta.

4. artikulua. Ondoko artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten familia unitateak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.

Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

5. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Labianoko erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunez.

c) Labianon urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Onuraduna zer toki entitateri dagoen lotua, Zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

6. artikulua. Esleipenerako, larreak lote hauetan banatu dira:

1. lotea, Aldapa alderdian, 28 erregu.

2. lotea, Aldapa alderdian, 28 erregu.

3. lotea, Aldapa alderdian, 28 erregu.

4. lotea, Arbide alderdian, 12 erregu.

-Aldapa alderdian, bereizteko hesiak loteen esleipen hartzaileen kontura izanen dira.

-Ondoko planoan lote bakoitza ematen da aditzera.

-Herrilurretako gainerakoan, 420 erregu labore egiten baitu, larreen esleipen hartzaileak nahi bezala alatuko dituzte beren artaldeak.

7. artikulua. Esleipen hartzaileak ordaindu beharreko saria ondokoa da:

-Aldapa alderdiko lote bakoitzagatik, urtean 200 euro ordainduko dira.

-Laboredun herrilurretan, 40 zentimo ordainduko dira urtean, ardi buru bakoitzeko.

Saria urtero eguneratuko da Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera.

8. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidezko aprobetxamenduagatik, epea zortzi urte izanen da.

9. artikulua. Herrilarreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo bertze batzuei lagatzeko.

Aitzineko paragrafoan xedatu denari dagokionez, larreen zuzeneko aprobetxamendutzat hartuko da onuradunak legez eratutako talde edo elkarteetan biltzen direnean egiten dena ere; betiere, kideek 5. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

10. artikulua. Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, larreen aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.

11. artikulua. Kontzesiodunek luberritzeko, larreak sortzeko eta abarretarako, Udalaren baimena beharko dute, harexek ezarriko baitizkie zer baldintzatan egiten diren.

12. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez ez badira herrilarre guztiak esleitu, enkante publikoaren bidez esleituko dira.

13. artikulua. Herrilarreak aprobetxatzeko eskubidea izan uste dutenek hamabortz egun balioduneko epea izanen dute beren eskabideak aurkezteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina.

14. artikulua. Eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Familia unitatearen titularraren NANren fotokopia. Adinez txiki burujabe edo judizialki gaitua izanez gero, horren egiaztagiria.

b) Zinpeko aitorpena dioena Labianoko bizilaguna dela, gutienez ere hiru urteko antzintasunez, eta bere hartan urtean gutienez ere bederatzi hilabetez bizi dela.

c) Zinpeko aitorpena dioena zerga betebeharrak eguneratuak dituela loturik dagoen toki entitate guztiekin.

15. artikulua. Eskabideak egiaztatutakoan, Udalak esleipenerako onartu direnen behin-behineko zerrenda emanen du argitara Labianoko iragarki oholean.

Zerrenda horretan eskatzailearen izen-deiturak agertuko dira, baita zenbat azienda buru dituen ere.

16. artikulua. Iragarki berean, hamabortz egun balioduneko epea irekiko da, interesdunek bidezko iruditzen zaizkien erreklamazioak aurkez ditzaten.

17. artikulua. Epe hori buruturik, ebatziko dira aurkezturiko erreklamazioak eta onetsiko da onuradunen behin betiko zerrenda, behin-behineko zerrendako zehaztapen berekin.

18. artikulua. Esleitzeko zozketarako deialdia eginen da, Labianoko iragarki oholean jakinarazpena eginez. Onuradunei banan-banan jakinaraziko zaie, beren etxean, zozketa zer tokitan, zer egunetan eta zer ordutan eginen den.

19. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren ondoan herrilarrerik gelditzen bada, enkante publikoa eginen da indarra duen legeriak aurreikusten duen bidea erabiliz hartarako.

20. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

Labianon, 2009ko otsailaren 2an.-Kontzejuko burua, Eneko Idareta Olagüe.

Iragarkiaren kodea: L0910617