39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

250/2009 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Enpresa zuzendari nagusiak emana. Honen bidez interes berezikotzat jotzen dira Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoan sartuta dauden herrietako saltokietan inbertsioak egiteko proiektuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 12an emandako 195/2008 Foru Aginduan aurreikusitako ondorioetarako.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 12an emandako 195/2008 Foru Aginduak txikizkako saltokiak modernizatzeko diru-laguntzaren araubidea ezarri du 2008-2011 aldirako.

I.1.b) eranskinean ezarri da Enpresa zuzendari nagusiak proiektu bat interes berezikoa dela adierazi ahal izanen duela, eta hari gehieneko portzentajea esleitu, %10ekoa, hain zuzen ere, ondoko alderdi hauek kontuan hartuz: garapenerako arazoak dituzten tokietan egotea, toki bateko merkataritza jarduerari eustea eta proiektuaren garrantzia estrategikoa.

Agoizko Udalak, 2008ko abenduaren 2ko idazki baten bidez, herri horretako saltokietan inbertsioak egiteko proiektuak interes berezikotzat jotzeko eskatu du, eta laguntzaren gehieneko portzentajea, %10ekoa, eslei dadila.

Idazki horretan Agoizko Udalak azaldu du jarduera ekonomikoa eta enpresa ekimena zenbait esparrutan sustatu eta dibertsifikatzeko ahalegina egiten dela Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoaren bidez; esparru horien artean merkataritza sektorea, zahartzen eta berritu ezinean dabilena. Azaldu du, halaber, Agoitzek toki garrantzitsua duela Pirinioetako eremuan eta, inguru horretan 1.500 biztanletik gorako herri bakarra denez, saltokietako inbertsioetan aplikatzen den diru-laguntza portzentajea %5ekoa dela gaur egun, lehentasunezko proiektuen arloan.

Nafarroako Gobernuak 2006ko urtarrilaren 23an hartutako Erabakiaren bidez hasiera eman zitzaion Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoa prestatzeko prozesuari. Erabaki horretan adierazten da plan horren helburuen artean, jarduera ekonomikoen arloan, txikizkako saltokiak sortu eta berritzen laguntzeko pizgarri ekonomikoak daudela.

Hori hala izanik, Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzuak proposatu du saltokietako inbertsio proiektuak interes berezikotzat jotzeko eskaera onets dadila, eta adierazpen hori Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoan sartzen diren herri guztietara heda dadila.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Interes berezikotzat jotzea Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoan sartuta dauden herrietako saltokietan inbertsioak egiteko proiektuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 12an emandako 195/2008 Foru Aginduan aurreikusitako ondorioetarako.

2. Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 12an emandako 195/2008 Foru Aginduaren I.1.b) eranskinean ponderazio hau sartzea:

ENPRESAREN NEURRIA

LEHENTASUNEZKO PROIEKTUAK

DIRU-LAGUNTZA %

Mikroenpresa eta txikiak

Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoan sartutako herretako saltokiak

10

Ertaina

Pirinioa Garatzeko Plan Estrategikoan sartuta dauden herrietako saltokiak

10

Portzentaje hau aplikatuko zaie foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera diru-laguntza lortzeko aurkezten diren eskaeren xede diren inbertsioei.

3. Ebazpen hau Merkataritza eta Nazioartekotze Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Agoizko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 4an.-Enpresa zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0910199