39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

45/2009 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ingurumenaren eta Uraren zuzendariak uztailaren 24an emandako 1368/2008 Ebazpenaren bidezko Ingurumen ukipenetarako baimena luzatzeko. Ebazpen hori Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 31ko 0521/2008 Ebazpenaren bidez aldatu zen. Baimena luzatzeko eskaera Miranda Argako Udalak egin du.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak uztailaren 24an emandako 1368/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zen, zenbait baldintzarekin, "Miranda Argako La Dehesa kalean, zk.g., udal igerilekuak, egoitza soziala eta aldagelak eraberritzeko proiektuaren obratik ateratako zagorrezko betelan materialen 1.900 m³ garraiatu eta zabaltzea" izeneko proiekturako, Miranda Argako 2. poligonoko 726 B lurzatian. Proiektua udalak sustatu du.

2008ko urriaren 27an sustatzaileak idazkia igorri zuen, emandako Ingurumen ukipenetarako baimenaren luzapena eskatzeko. Eskaeraren xedea zen eremu hartan (2. poligonoko 726 B lurzatian) bota ahal izatea Mirandako udal mugapeko Arga ibaiaren arroan eta Badalenguako sakanean ibilgua hondeatzetik ateratako lurrak eta bertan egindako garbiketa lanetatik ateratako landare hondakinak. Jarduketa Ebroko Ur Konfederazioak sustatu du.

Ibaiko obrak ez zirela egin ikusirik, eta hasierako proiektuan diseinatu zen amaierako topografia lortzearren, Miranda Argako Udalak berriz eskatu du, 2009ko otsailaren 5ean, "Berbintzanako hondakin urak ponpatu eta Miranda-Berbintzana HUAra igortzeko estazioa" izeneko proiektuko obretatik ateratzen diren hondeaketa lurrak botatzeko epea luza dadila.

Jarduera abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu hark Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ingurumenaren eta Uraren zuzendariak uztailaren 24an emandako 1368/2008 Ebazpenaren bidezko Ingurumen ukipenetarako baimena luzatzeko. Ebazpen hori Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 31ko 0521/2008 Ebazpenaren bidez aldatu zen. Baimena luzatzeko eskaera Miranda Argako Udalak egin du.

2. Baimenak baldintza hauek izanen ditu:

-2009ko irailean bukatuko da hutsunea bete eta ukitutako eremu guztia lehengoratzeko epea. 2. poligonoko 726 B lurzatiko hutsunea betetzeko hondeaketako lur eta harri garbiak botatzen ahalko dira.

-Baimen honek balioa izateko, beharrezkoa izanen da uztailaren 24ko 1368/2008 Ebazpenean ezarritako gainerako baldintzak eta ebazpen honen xede den proiektuarenak betetzea.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta interesa dutenek, administrazioek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, sustatzaileari, Basozaintzari eta Miranda Argako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 10ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0910351