39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

64/2009 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren" izen aldaketa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzen duena. Hemendik aurrera "Nafarroako Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargoa" izanen da. Estatutuen hein bateko aldaketa ere inskribatu da.

2008ko irailaren 19an eskaera bat jaso zen, elkargo ofizialaren izenaren aldaketa eta Nafarroako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren Estatutuen 1, 2, 3, 4, 5, 6, 8, 9, 15, 20, 32 eta 47. artikuluena inskribatzeko.

Barne zuzendari nagusiaren martxoaren 7ko 426/2002 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatu zen, 4. erregistro-zenbakiarekin, Nafarroako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala.

Elkargoaren Gobernu Batzordeko idazkariak batzordeburuaren oniritziarekin eman duen eta espedienteari erantsi zaion ziurtagiriaren bidez adierazten da ezen, 2008ko irailaren 16ko batzar orokor berezian erabaki zela, estatutuek ezartzen duten moduan, elkargo ofizialaren izena eta estatutuen 1, 2, 3, 4, 5, 6, 8, 9, 15, 20, 32 eta 47. artikuluak aldatzea. Hemendik aurrera "Nafarroako Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargoa" izanen da. Onetsitako testu berriaren kopia erantsi zen, inskribatu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Dokumentazioa azterturik ikusi zen ez zela aurkeztu Nafarroako Foru Komunitateko Tasei eta Prezio Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean eskatutako tasak ordaindu izanaren frogagiria. Horregatik, 2008ko urriaren 2ko idazkiaren bidez, okerra zuzentzeko eskatu zen, eta hala egin zen 2008ko urriaren 15ean.

Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen 20.b) artikuluak eta Lege hori garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren 23.b) artikuluak ezartzen dutenaren arabera, lanbide elkargoek edo elkargoen kontseiluek erregistroan izanen duten inskripzioak ondokoa jasoko du: "Elkargoen estatutuak eta elkargoen kontseiluen estatutuak eta haien aldaketak".

Aipatu den foru legearen 11. artikuluak dioenez, lanbide elkargo baten izena aldatzeko foru dekretu baten onespena beharko da. Horregatik, abenduaren 15eko 124/2008 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren izen aldaketa onetsi zuen Nafarroako Gobernuak. Izen berria "Nafarroako Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargoa" da.

2009ko otsailaren 6an, 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen foru dekretua. Bidezkoa da, orain, elkargo ofizialak berak eskatutako estatutu aldaketa inskribatzea, aipatu den araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 116/2007 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Nafarroako Aparejadoreen eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren" izen aldaketa Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea. Hemendik aurrera "Nafarroako Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargoa" izanen da, abenduaren 15eko 124/2008 Foru Dekretuan ageri den moduan.

2. Elkargoaren estatutuen 1, 2, 3, 4, 5, 6, 8, 9, 15, 20, 32 eta 47. artikuluen aldaketa Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzea. Eranskinean ageri da haren eduki osoa.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarren Partaidetzarako eta Arretarako Zerbitzuari eta Nafarroako Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargoari, eta aditzera ematea ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko otsailaren 12an.-Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Ildefonso Sebastián Labayen.

NAFARROAKO APAREJADOREEN, ARKITEKTO TEKNIKOEN ETA ERAIKUNTZAKO INGENIARIEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Izena, izaera eta eremua

1. artikulua. Izena, izaera eta eremua.

1.-Nafarroako Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa da; elkargoak izaera juridiko propioa du eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasuna. Hala barneko egitura nola jarduteko duen araubidea demokratikoak dira.

2.-Elkargoko kideak dira lanbide egoitza, bakarra edo nagusia, Nafarroan duten aparejadoreak, arkitekto teknikoak eta eraikuntzako ingeniariak. Halaber, elkargoko kide izaten ahal dira egoitza beste edozein lurraldetan duten profesionalak, baldin eta bertako kide izateko eskabidea egin badute.

3.-Elkargoaren jarduteko lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

II. KAPITULUA

Elkargoaren helburuak eta eginkizunak

2. artikulua. Elkargoaren helburuak.

Ondoko hauek dira Elkargoaren helburuak:

1.-Aplikagarria den legeriaren barruan, aparejadoreen, arkitekto teknikoen eta eraikuntzako ingeniarien lanbidearen jarduna antolatzea, lanbide horren ahalik eta ospe eta aurrerakuntza handiena lortzeko.

2.-Aparejadoreen, arkitekto teknikoen eta eraikuntzako ingeniarien lanbidearen ordezkari bakarra izatea Nafarroako Foru Komunitatean, eta elkargokideen lanbideko eskubideak eta legezko interesak defendatzea. Hori guztia funtzionarioekiko harremana dela-eta Administrazio Publikoak duen eskumena alde batera utzi gabe.

3.-Elkargoko kideak diren profesionalek eskatzen dituzten zerbitzuak ematea. Helburu horrek erabateko lehentasuna du eta Elkargoaren antolamenduaren xederik behinena hori izanen da.

4.-Lanbidea betetzerakoan izaten diren helburu publikoak zaintzea, hartzaileen interesen berme baitira.

5.-Lanbidea nola betetzen den zaintzea, eta legezko xedapen guztien berri ematea eta horiek betetzeko bideak eskaintzea; halaber, berariaz dagozkion arau deontologikoek ezartzen duten lanbide etika betearaziko du, eta elkargokideek ematen dituzten lanbide prestazioen kalitatearen maila egokia dela zainduko du, eraikuntzaren kalitatea defendatuz.

3. artikulua. Elkargoaren eginkizunak.

Elkargoak eginkizun hauek izanen ditu:

1.-Ondokoak zorroz betetzen diren begiratzea: lanbidean aritzeko elkargoaren arauak, legezko bateraezintasunak irmo betetzea, lanbidearen printzipio deontologikoak eta, oro har, aparejadoreen, arkitekto teknikoen eta eraikuntzako ingeniarien eginkizunak eta eskumenak arautzen dituzten xedapenek ezarritako betebehar guztiak.

2.-Lanbide estatutuak eta Barne Araubideko Erregelamendua betetzea eta elkargokideei betearaztea; halaber, beraien eskumenekoak diren gaietan elkargoko organoek hartzen dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta betearaztea.

3.-Elkargoko kideen ahalik eta maila tekniko, etiko eta kultural handiena sustatzea, horrela beren lanbide jarduera hobetzeko. Horretarako prestakuntza programak antolatuko dira.

4.-Elkargoko kideentzat interesgarriak izanen diren jarduerak eta zerbitzuak antolatzea esparru profesional, zientifiko, kultural, sozial, laguntzazko, ekonomiko eta baliokideetan, horretarako ekimenak eta burutu beharreko jarduketak sustatuz eta bultzatuz.

5.-Lanbidea ordezkatu eta defendatzea administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean, eta lanbideko interesak ukitzen dituzten auzietan alderdi izateko legezko gaitasuna izatea eta, legean ezarri dena betez, eskariak egiteko eskubidea izatea.

6.-Profesionalen arteko intrusismoa eta bidegabeko lehia saihesteko legeek ezartzen dituzten ekintzak gauzatzea, horrelakoetan administrazio publikoek ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzeko dituzten eskumenak alde batera utzi gabe.

7.-Elkargoak, inoiz ordezkaritzarik eskatzen zaionean, erakunde publiko edo pribatuetan, entitateetan, batzordeetan, auzitegietan eta epaimahaietan izanen dituen ordezkariak izendatzea.

8.-Diziplina ezartzeko ahalmena erabiltzea, elkargokideei zehapenak eta diziplinazko neurriak ezarriz horretarako arrazoiak daudenean, Estatutu hauetan ezarri den prozedurari jarraituz.

9.-Elkargoko kideen arteko kidetasuna eta begirunea lortzeko ahalegina egitea, eta kide horien artean edo horien eta hirugarrenen artean sortzen ahal diren lanbide gatazketan bitartekotza edo arbitraje lanak egitea, alderdiek ados jarri ondoren hori eskatzen dutenean.

10.-Nafarroako Foru Komunitateak egiten dituen eta lanbidea ukitzen duten arau proiektuei buruzko txostenak egitea, eta administrazio publikoek eskatzen dizkioten txostenak egitea.

11.-Justizia Auzitegiei gai judizialetan peritu lanak egin ditzaketen elkargoko kideen zerrendak ematea. Halaber, auzitegi edo epaitegi batek eskatzen dionean, txostenak egitea eta irizpenak ematea.

12.-Unibertsitateko Patronatuetan parte hartzea, ikasketa planak egiteko prozesuetan esku aritzea, lanbideari dagozkion ikastetxeen antolakuntzan jardutea eta, oro har, une bakoitzean legezko araudiek elkargoei ematen dizkieten gainerako helburuetan parte hartzea.

13.-Lanbideko zerbitzuen gida bat prestatzea, erabiltzaileek lanen eta esku-hartzeen berri errazago izan dezaten, elkargoko kideen titulu akademikoaren eta lanbide jarduketei buruzko araudiaren babesean.

14.-Profesionalek jasotzen dituzten lanbide enkarguen jakinarazpenak erregistratzea eta, horiek gauzatzen badira, profesionalen lanak eta dokumentazio teknikoak ikus-onestea. Komunikazioa dokumentatuko da legeak eskatzen duen eta Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargo Ofizialaren Kontseilu Nagusiaren jarraibideen arabera ezarritako enkargu-orriaren eta aurrekontuaren bidez.

15.-Administrazio zerbitzuak ezartzea eta lan profesionalen ondoriozko zerbitzu-sarien kobrantzaren borondatezko kudeaketaren araubidea erregulatzea.

16.-Elkargoko kideei beharrezkoak diren kuotak eta ekarpen ekonomikoak ezartzea.

17.-Bere funtsak bildu eta administratzea, urteko sarrera eta gastuen aurrekontua eginez, baita horri dagokion likidazioa eta balantzea ere. Kontu horiek guztiak Elkargoko Kideen Batzar Nagusian aurkeztuko dira, berretsi ditzan.

18.-Barne Araubideko Erregelamendua idaztea eta argitaratzea; erregelamendu hori Elkargoko Kideen Batzar Nagusiak onetsi behar du. Halaber, erregelamendua era egokian interpretatu, garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren arauak emanen ditu.

19.-Legeriak esleitzen dizkion administrazioko eskumen guztiak betetzea, eta Administrazioarekin lankidetzan aritzea azterlanak, txostenak eta estatistikak eginez eta Elkargoaren helburuei lotuta dauden beste jarduera batzuetan arituz. Lankidetza hori administrazioak eskatuta edo norbere ekimenagatik hasten ahal dira.

20.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoenak diren eginkizunak betetzea, baldin eta administrazio horietako organo eskudunek horixe erabakitzen badute.

Eginkizun horiek xedapen, hitzarmen edo eskuordetza-akordioan ezarritako hedadurarekin eta bertako terminoak betez gauzatuko dira.

21.-Lanbideko jarduketa osoa hartuko duen Ikuskapen Zerbitzua sortzea, Elkargoen Kontseilu Nagusiak eman dituen arauei jarraikiz.

22.-Elkargoko kideei legelarien zerbitzua ematea, estatutu hauetan eta Gobernu Batzordeak elkargorako ezartzen duen araudian azaltzen den moduan.

23.-Foro tekniko, ekonomiko eta kulturaletan parte hartzea, lanbidearen interesak kontuan hartuta.

24.-Lanbide sozietateak elkargoan erregistratzea eta erregistro hori mantentzea.

25.-Lanbide interesetarako onuragarriak izaten ahal diren eta elkargoaren helburuak betetzeko izanen diren beste eginkizun guztiak.

II. TITULUA

Elkargoko kideak

I. KAPITULUA

Elkargoko kide bihurtzea eta elkargoko kide motak

4. artikulua. Elkargoko kide nahitaez egin beharra.

Egoitza profesionala, bakarra edo nagusia, Nafarroan duten aparejadoreen, arkitekto teknikoen eta eraikuntzako ingeniarien kasuan, nahitaezkoa izanen da Elkargoko kide izatea, lanbidean aritzeko. Elkargoko kide izatea borondatezkoa izanen da egoitza beste lurralde batean duten profesionalentzat.

5. artikulua. Elkargoko kide egiteko prozedura.

1.-Elkargoko kide egiteko lehen eskabidearekin batera ondokoa aurkeztu beharko da:

a) Lanbidean aritzeko legezko gaitasuna ematen duen titulua edo egiaztagiria, edo, horrelakorik ez badu, notarioaren lekukotza, edo ikasketen ziurtagiria eta titulua luzatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, nahiz eta titulua, eskuratutakoan, Elkargoan aurkeztu beharko den.

b) Elkargoan sartzeko kuotaren zenbatekoa Elkargoaren Kutxan sartu dela frogatzen duen ordainagiria.

c) Aparejadoreen, arkitekto teknikoen eta eraikuntzako ingeniarien lanbidean aritzeko desgaituta ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena.

Elkargoak aurkezten diren agirien gordekinak emanen ditu, harik eta Gobernu Batzordeak hautagaia onartu duela jakinarazi arte, hogeita hamar eguneko epean.

Baldin eta eskatzailea beste Elkargo bateko kide ere bada, nahikoa izanen da elkargo horren ziurtagiria, hautagai horrek bere lanbide egoitza bakarra edo nagusia aldatu duen adieraziko duena.

2.-Egiten den lehenengo Gobernu Batzordeak eskaera aztertuko du eta, ebazpen arrazoituaren bidez, elkargoko kide izateko eskaera onartu edo ukatuko du.

Elkargoan sartzeko eskaera ukatua duten interesdunek berriz eskatzen ahalko dute sartzea, ukatzearen arrazoiak bukatu eta gero.

Kide izateko eskaera ukatzen duen Gobernu Batzordearen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, hilabeteko epean, Aparejadoreen, Arkitekto Teknikoen eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari zuzenduta.

3.-Gobernu Batzordeak aparteko prozedura bat jartzen ahalko du abian, presazko kasuetan, elkargoko kide izateko aukera behin-behinekoz emateko, behin betiko ebazpena alde batera utzi gabe.

6. artikulua. Lanbidean ari diren kideak eta ari ez direnak.

Aparejadoreak, arkitekto teknikoak eta eraikuntzako ingeniariak, elkargoan sartzean, lanbidean ari den kide gisa edo ari ez den kide gisa sartzen ahalko dira.

Elkargoan lanbidean arituko den edo ez den profesional gisa sartzea borondatezko izanen da, lanbidean zein modutan aritzen diren kontuan hartu gabe. Dena dela, ikus-onetsia behar duten jarduerak egin nahi dituztenek nahitaez izan behar dute lanbidean arituko diren elkargoko kideen izaera.

Lanbidean aritzen ez diren elkargoko kideek ez dute eskubiderik izanen enkargu eta lan profesionalen ikus-onetsia jasotzeko.

7. artikulua. Lanbidean aritzen den kidea lanbidean aritzen ez den kide bihurtzea, eta alderantziz.

Lanbidean aritzen den edo aritzen ez den elkargokideak egoera hori aldatu nahi badu, Elkargoari jakinarazi behar dio, Gobernu Batzordeari bidaliko dion idazkiaren bidez.

Elkargoko Gobernu Batzordeak eskaerari buruzko ebazpena hamar eguneko epea emanen du.

Ezin izanen da baimenik eman lanbidean ari den elkargokide izatetik ari ez denera pasatzeko, bukatu gabe dauden lanbide jarduketak baldin badaude.

8. artikulua. Lanbidean aritzea.

1.-Aparejadoreen, arkitekto teknikoen eta eraikuntzako ingeniarien lanbide jardueran indarreko arauak bete beharko dira, eta lanbidea arautzen duten manuen, Lehiaren Defentsarako Legearen, Bidegabeko Lehiari buruzko Legearen, Eraikuntza Antolatzeko Legearen, bateraezintasunen arloko arauen eta araudi aplikagarriak eskatutako zerga eta aseguramendu arloko betebeharren mendean egonen da.

2.-Elkargoko kideak diren aparejadoreak, arkitekto teknikoak eta eraikuntzako ingeniariak bakarka edo beste batzuekin elkartuta aritzen ahalko dira lanbidean, betiere Lanbide Elkarteei buruzko Legean xedatutakoari eta, hala denean, elkargoaren araudiari jarraikiz.

9. artikulua. Beste lurralde batzuetako elkargokide diren aparejadoreen, arkitekto teknikoek eta eraikuntzako ingeniarien lanbide jarduketak jakinaraztea.

Indarra duen Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 3.2. artikuluan ezarritakorekin bat, beste edozein Elkargotako kide diren profesionalak Nafarroan aritzen ahalko dira, baldin eta jarraian aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Beste lurralde bateko elkargoko kidea den profesionalak, baldin eta Nafarroako Elkargoaren lurraldean jardun nahi badu, aurrez esku-hartze horren berri eman behar dio, nahitaez, Elkargoari; jakinarazpen horrekin batera elkargokidea dela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

Tramite horiek bete ondoren, elkargokideak kasuan kasuko lanbide jarduketa hori egiten ahalko du.

Beste lurralde batzuetako elkargokideak, lanbide jarduketen berri ematen diotenean Elkargo honi, ez dira elkargokidetzat jotzen eta, horrenbestez, ez dute eskubide politikorik izanen Elkargo honetan. Elkargoak ez die elkargoratzeko kuotarik edo kuota arruntik ezarriko profesional horiei.

Beste lurralde batzuetako elkargoetako kideek, Nafarroako Elkargoko kideek egiten duten bezala, egiten duten lanbide jarduketa zehatzari lotuta dauden kontraprestazio ekonomikoak ordainduko dituzte.

10. artikulua. Elkargoko kide izaera etetea eta galtzea.

1.-Gobernu Batzordeak, ikerketa egin ondoren, Elkargoko kide batek dituen eskubide guztiak etetea erabaki dezake, jarraian aipatzen diren kasuetan.

a) Kuota arruntak edo apartekoak ez ordaintzea ondoz ondoko hiru hilabetez.

b) Ikus-onetsia behar duen lan edo enkargu bati dagokionez, esku-hartze profesionalaren eskubideen ordainketa hiru hilabete baino gehiago atzeratzea.

2.-Honako arrazoi hauengatik utziko zaio Elkargoko kide izateari:

a) Norberak uko egiten diolako edo baja eskatu duelako; horrelakoetan interesduna idatziz jakinaraziko dio Elkargoko buruari.

b) Elkargotik egotzia izanagatik, irmo bihurtu den diziplinazko espedientearen bidez horixe erabaki bada.

c) Epai irmoan zigorra ezarri denean, horrek lanbidean aritzeko desgaikuntza ekarri badu.

d) Kuota arruntak edo apartekoak urtebete baino denbora gehiagoz ez ordaintzea.

e) Ikus-onetsia behar duen lan edo enkargu bati dagokionez, esku-hartze profesionalaren eskubideen ordainketa urtebete baino gehiago atzeratzea.

f) Hiltzeagatik.

3.-Aurreko ataleko d) eta e) kasuetan aipatu diren elkargokide izaera galtzeko arrazoien aplikazioari dagokionez, beharrezkoa izanen da erabakia hartzea eta hura irmoa izatea.

4.-Elkargokide izaera galdu arren, ezinbestekoa izanen da ordura arte sortutako betebeharrak betetzea.

II. KAPITULUA

Elkargoko kideen eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Elkargokideen eskubideak.

Elkargokideek honako eskubide hauek izanen dituzte:

1.-Beren interes profesionalak defendatu eta babestea.

2.-Beren lanbide jardueran laguntza eta aholkularitza izatea.

3.-Bizitza korporatiboan parte-hartze aktiboa izatea, Batzar Nagusietara joanez eta horietan esku hartuz.

4.-Elkargoko organoetara jotzea, eskaerak, proposamenak eta zuzenketak aurkezteko.

5.-Zuzendaritzako karguak betetzeko hautagai gisa aurkeztea, estatutuetan ezarrita dauden baldintzetan.

6.-Gobernu Batzordeko eta Elkargoko gainerako organoetako kideak hautatzea.

7.-Elkargoko jarduera eta zereginetan laguntzea eta parte hartzea, batzordeen, lan taldeen eta abarren bitartez.

8.-Elkargoak dituen zerbitzuak erabiltzea eta ematen dituen prestazioak lortzea.

9.-Elkargoko organoek ematen dituzten ebazpenen aurkako errekurtsoak jartzea.

10.-Batzar Nagusi Berezia egiteko deialdia eskatzea, estatutuetan ezarritako moduan.

12. artikulua. Elkargokideen betebeharrak.

1.-Elkargokideek betebehar hauek dituzte:

1. Elkargoetako Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorrak betetzea, eta baita honako estatutu hauek eta horiek garatzeko eta osatzeko arauak ere; halaber, lanbideari buruzko araudia betetzea.

2. Elkargoko kargu baterako hautatzen dituztenean, kargu hori leialtasun osoz betetzea.

3. Elkargoaren arbitrajea eta adiskidetzea onartzea, elkargokideen artean lanbideari buruz sortzen diren auzietan.

4. Lanbidean ezagutzen dituzten intrusismo kasuak eta elkargokideek deontologia profesionalaren aurka egindako jarduerak Elkargoari jakinaraztea.

5. Elkargoari eusten diruz laguntzeko betebeharra, elkargoko kuota arrunt eta berezien bidez, esku-hartze profesionalak, elkargoaren esku-hartzeak eta ikus-onesteko esku-hartzeak sortutako eskubideen bidez, edo elkargoaren irizpideen eta araudiaren arabera ezarritako edozein ordain ekonomikoren bidez.

III. TITULUA

Gobernu organoak

I. KAPITULUA

Definizioa

13. artikulua. Organoak.

Elkargoko gobernu, administrazio, zuzendaritza eta kudeaketaren erantzukizuna duten organoak honako hauek dira:

a) Batzar Nagusia.

b) Gobernu Batzordea.

II. KAPITULUA

Elkargokideen Batzar Nagusia

14. artikulua. Izaera eta osaera.

Batzar Nagusia Elkargoko gobernu organo nagusi eta gorena da, eta eskubide osoen jabe diren elkargoko kide guztiez osaturik dago.

Batzar Nagusiak estatutu hauetan ezarritako eskudantziak erabiliz hartzen dituen erabakiek elkargoko kide guztiak behartzen dituzte.

15. artikulua. Batzar Nagusiaren eskumenak.

Eskumen hauek ditu:

1.-Estatutuak, Barne Araubideko Erregelamendua eta Lanbide Elkarteen Elkargoko Erregistroaren Erregelamendua onestea eta aldatzea.

2.-Elkargokideek ordaindu behar dituzten kuota arruntak eta bereziak erabakitzea, baita ikus-onetsia behar duten esku-hartze profesionalen kuotak eta eskubideak eta, oro har, Elkargoak jaso behar dituen gainerako ekarpen ekonomikoak ere.

3.-Aurrekontu arruntak eta bereziak onestea, eta kontuak aurkeztea.

4.-Elkargoaren jabetzako ondasunen inbertsio proposamenei buruzko erabakiak hartzea eta, berariaz, higiezinak eskuratu eta saltzeari buruzkoak.

5.-Gobernu Batzordeko kideei buruzko konfiantzazko edo zentsurazko mozioen gaineko ebazpena ematea. Horrelakoetan, zentsura mozioak aurrera egin badu, Batzar Nagusiak pertsona horiek kargutik kentzeko ahalmena du, Estatutu hauetan eta Barne Araubideko Erregelamenduan ezarri dena betez.

6.-Ezustekoak, geroratu ezinak edo presazkoak izateagatik Batzar Nagusiaren aldez aurreko erabakia jasotzerik izan ez duten Gobernu Batzordearen jarduketak berrestea.

7.-Hala denean, Gobernu Batzordean hutsik dauden karguak hartuko dituztenak behin-behinekoz izendatzea, edo izendapen berriak erabakitzea.

8.-Elkargoaren Gobernu Organoetako karguetan eta kudeaketarako karguetan dauden elkargokideek jaso behar dituzten diru kopuruak erabakitzea.

9.-Bidezkoa bada, aurreko Batzar Nagusietako aktak onestea.

10.-Elkargoaren eskuordetzak ezartzea edo ezabatzea, eta, aldi berean, horietan jarduteko arauak ezartzea.

11.-Lanbide gaiak hobeto aztertzeko egokiena dela uste duenean, batzordeak sortzea eta, hala denean, horietan jarduteko arauak ezartzea.

12.-Edozein sozietate mota eratzea, edo horietan esku hartzea, baldin eta sozietate horien xedea lanbidearen interesekin bat badator.

16. artikulua. Clases de Asambleas Generales.

Batzar Nagusiak bi motatakoak izanen dira: Ohikoak eta Apartekoak.

1.-Ohiko Batzar Nagusiak:

Elkargoko kideek urtean bi aldiz bilduko dira Ohiko Batzar Nagusiak egiteko.

Lehenengo batzarra hasierako seihilekoaren barruan eginen da. Derrigorrezkoa da horretan aurreko ekitaldiko kontuen azterketa eta onespena egitea eta, beharrezkoa balitz, kontu horien zentsura. Halaber, bilera horretan Gobernu Batzordearen memoria aurkeztuko da, kideek ezagutu dezaten; memoria horretan argi eta zehatz azalduko da aurreko urtean egin den lana. Elkargoko kideek ezagutza hobea izan dezaten, bi dokumentu horiek eta baita deialdia eta behin-behineko aztergaien zerrenda ere, kide guztien eskura izanen dira gutxienez Batzarra egin baino egutegiko hogeita hamar egun lehenago.

Bigarren Ohiko Batzar Nagusia laugarren hiruhilekoan eginen da eta horretan hurrengo ekitaldiko aurrekontuak aurkeztuko dira. Dokumentu horiek ere elkargoko kideen eskura izanen dira, deialdia eta behin-behineko aztergaien zerrendarekin, bilera egin baino egutegiko hogeita hamar egun lehenago.

2.-Aparteko Batzar Nagusiak.

Gainerako Batzar Nagusi guztiak aparteko bileratzat joko dira. Horrelako bileren deialdiak egiten ahal dira Gobernu Batzordeak erabakia hartu duelako edo, aztertu behar diren gai zehatzak zeintzuk diren adieraziz, gutxienez eskubideen jabeak diren elkargoko kideen %10ak idatziz eskabidea egiten duenean. Azken kasu horretan Batzar Nagusia eskabide hori Elkargora iritsi eta hurrengo egutegiko hogeita hamar egunen barruan egin beharko da.

17. artikulua. Batzarren deialdia eta quoruma.

El orden del día provisional de las Asambleas Generales Ordinarias, será elaborado por la Junta de Gobierno y remitido a todos los colegiados junto con la convocatoria, treinta días naturales antes de la fecha de la celebración. En el caso del las Asambleas Generales Extraordinarias el orden del día único igualmente elaborado por la Junta de Gobierno se remitirá a todos los colegiados, junto con la convocatoria, diez días naturales antes de la fecha de celebración.

Gutxienez batzar nagusi arrunta egin baino hamar egun natural lehenago behin betiko aztergaien zerrenda igorriko zaie elkargoko kideei. Zerrenda horretan, behin-behineko zerrendan adierazi diren gaiak ez ezik, Gobernu Batzordeak proposatzen dituen gai berriak eta gutxienez elkargoko 10 kidek Gobernu Batzordeari idazkia igorriz eskatu dituzten proposamenak azalduko dira; idazki hori bilera egin baino hamabost egun natural lehenago igorri behar dute. Bileran aztertu eta erabakitzen ahal diren gaiak behin betiko aztergaien zerrendan daudenak baino ezin dira izan.

Eguneko aztergaien zerrendako azken punturako, galdera eta eskaeren punturako hain zuzen, elkargokideek galdera eta eskaerak aurkeztu ahal izanen dituzte idatziz, bilkura egin baino hamabost egun natural lehenago. Gobernu Batzordeak aintzat hartuko ditu bileran bertan ahoz egiten diren erreguak eta galderak, baldin eta modurik baldin badago horiei egoki erantzuteko aurretiazko dokumentaziorik eduki gabe.

Batzar Nagusiaren eraketa baliagarria izan dadin derrigorrezkoa da lehen deialdian elkargoko kideen erdia gehi beste bat bertaratzea. Lehen deialdian bertaratuak kopuru horretara ailegatzen ez badira, Batzarra bigarren deialdian eratuko da, lehen deialdian ezarri den ordua baino hogeita hamar minutu geroago. Bigarren hori bertaratuen kopurua edozein izanik ere izanen da baliagarria.

18. artikulua. Batzarren eratzea eta garapena.

Batzorde Nagusietako burua Elkargoko lehendakaria izanen da, edo hura ordeztuko duena. Bilera horietako idazkaria Elkargokoa izanen da, edo hura ordeztuko duena. Mahaian, bi horiekin batera, Batzarrera bertaratuko diren Gobernu Batzordeko gainerako kideak izanen dira.

Mahaiburuak aztergaien zerrendako puntu bakoitzaren eztabaida proposatuko du eta, hasteko, txostengileari emanen dio hitz egiteko txanda. Horrek hitz egin ondoren eztabaidak hasiko dira eta hitz egiteko txanda eskatzen duten elkargoko kideek egingo dute hitz. Mahaiko kideek eta txostengileak bidezkoa denean eginen dute hitz. Mahaiburuak uste duenean gaia era egokian eztabaidatu dela erabaki-proposamen horren botazioari ekingo zaio.

Txostengilea ez dagoenean bertan, gaixorik dagoenean edo era egokian bidezkotuta dagoen beste edozein arrazoigatik joan ez denean, beste elkargoko kide bati eskuordetu diezaioke txostenaren defentsa Gobernu Batzordeari Batzar Nagusia egin aurretik idatziz jakinaraziz; jakinarazpen hori eskuordetza onartzen duen elkargoko kide horrek sinatuta egonen da.

III. KAPITULUA

Gobernu Batzordea

19. artikulua. Izaera eta eraketa.

Gobernu Batzordea organo artezkaria da eta horri dagokio Elkargoaren erabateko zuzendaritza, administrazioa eta gobernua, elkargoaren helburuak eta funtzioak era eraginkorrean betetzeko beharrezko jarduerak burutuz. Estatutu hauetan Batzar Nagusiari eman zaizkion funtzioak deusetan ukatu gabe, funtzio horien berariazko esleipenik ez dagoenean horiek betearazteko erantzukizuna eta eskumena Gobernu Batzordeari dagokiola ulertuko da.

Gobernu Batzordearen osoko bilkurak ondoko kide hauek izanen ditu:

Lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzain-kontularia eta, gutxienez, hiru mahaikide.

Mahaikideen kopurua ez da zehatza eta Elkargoaren kudeaketari dagokiona izanen da, aurrez Batzar Nagusiak onespena emanda.

Kide guztiak elkargoko kide guztien sufragio unibertsalaren bidez hautatuko dira.

Gobernu Batzordeko kide bat Elkargoa kide den "Laboratorio de Ensayos Navarra, S. A." delakoaren Administrazio Kontseiluko kide izanen da.

20. artikulua. Eskumenak.

Ondoko hauek dira Gobernu Batzordearen eskumenak:

1.-Elkargoko kide izateko eskabideak onetsi edo ez onetsi ebaztea.

2.-Aparejadoreek, arkitekto teknikoek eta eraikuntako ingeniariek beren jarduketa profesionalean bete behar dituzten lege eta arau orokorrak eta bereziak betetzea eta elkargoko kideei horiek betearaztea, eta gauza bera estatutu hauei, Barne Erregimeneko Erregelamenduei eta beraien eskumeneko arloetan elkargoko organoek hartzen dituzten arau eta erabakiei dagokienez ere.

3.-Elkargoko kideak defendatzea lanbide jarduketan ari direnean.

4.-Elkargoko kideen lanbide jokaera egokia dela zaintzea, hala kideen arteko harremanei nola horien eta gainerakoen arteko erlazioei dagokienez.

5.-Lanbidean ari daitezen galaraztea horretarako legez gaituta ez daudenei, beharrezkoa denean horretarako ekintzak bultzatuz.

6.-Estatutuetan ezarri diren epeetan, batzar arruntak eta batzar bereziak egiteko deialdiak egitea, betiere honako estatutu hauen 16. artikuluan ezarri dena betez.

7.-Aurrekontuak, balantzea eta emaitzen kontua idaztea, eta horiek Batzar Nagusiari aurkeztea organo horrek erabaki dezan.

8.-Elkargoak urtero egiten dituen jardueren Memoria idaztea eta egin den kudeaketa Batzar Nagusiari aurkeztea, horrek erabaki dezan.

9.-Hauteskundeetarako deialdiak argitaratzea, Gobernu Batzordeko karguak betetzeko, eta hauteskundeen egutegia onestea.

10.-Elkargoko estatutuen onespen eta eraldaketarako prozedura sustatzea.

11.-Elkargoko kideentzat interesgarriak diren jarduerak eta zerbitzu erkideak antolatzea, hain zuzen ere profesionalak, prestakuntzazkoak, kulturalak, jostetazkoak, laguntzazkoak edo bestelakoak eta, hala denean, graduondokoentzat lanbide trebakuntzarako ikastaroak antolatzea.

12.-Elkargoaren zerbitzu administratiboak antolatzea, elkargoaren jarduerak ahalik hobekien egiteko beharrezkotzat jotzen dituen sail, batzorde, lan talde edo zerbitzuak sortuz edo deseginez.

13.-Elkargoaren ordezkariak edo delegatuak izendatzea, beharrezkoa denean.

14.-Elkargoko funtsak biltzea eta administratzea.

15.-Bankuetako kontuen irekiera edo eskualdaketetan funtsa horien mugimenduak egiteko baimena ematea.

16.-Behar adina baimen ezartzea, lehendakariaz eta diruzain-kontulariaz gainera, Gobernu Batzordeko kide batzuek ere sinadura izan dezaten eta Elkargoko idazkari teknikoak bidea izan dezan kobrantzak eta ordainketak agintzeko eta Elkargoaren izenean irekita dauden kontuen artean funts-aldaketak egiteko.

17.-Beharrezkoak diren eta aurrekontuetan agertzen ez diren presako jarduera eta gastu geroraezinei buruzko erabakiak hartzea, eta Batzar Nagusiaren hurrengo bilkuran horien berri ematea.

18.-Diziplina ezartzeko funtzioak betetzea estatutu hauetan ezarri den moduan.

19.-Lanbidearen esparruko gaietan esku hartzea eta aldez aurretik interesatuek eskabidea egin ondoren, ararteko edo artekari lanak egitea.

20.-Oro har, legeek, erregelamenduek eta estatutuek esleitzen dizkioten eginkizunak, baita Batzar Nagusiak onesten dituenak ere.

21. artikulua. Funtzionamendua.

Gobernu Batzordeak gutxienez hilean behin eginen du ohiko bilera, baina bere jarduketan beharrezkoak diren guztiak egin ditzake. Deialdia lehendakariak eginen du, bere ekimenez, edo batzordeko kideen erdiak gehi beste batek eskatuta.

Batzordearen eraketa baliagarria izan dadin beharrezkoa da bere kideen erdia gehi bat bertaratzea.

Halaber, Batzordea, aparteko kasuan eta aurrez deialdirik egon ez arren, era baliagarrian eratuta egonen da baldin eta bere kide guztiak bilduta daudenean aho batez horrela egitea erabakitzen badute.

Gobernu Batzordearen bileretara, bere kideak ez ezik, legelariak edo beste aholkulari batzuk joaten ahal dira, hau da, aztertuko diren gai horietan ezagutza berezia izateagatik bileran egotea egokia dela uste denean.

Gobernu Batzordeko kide batek bilera horretara joateko eskuordea izendatu dezake. Eskuordetza hori lehendakari edo idazkariari zuzenduko zaion idazkiaren bidez eginen da.

22. artikulua. Partzuergoburua.

Elkargoko lehendakariak ondoko ahalmenak izanen ditu:

-Elkargoaren eskuordea izatea.

-Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzordearen eta elkargoko batzordeen bileren deialdia egitea eta, horietara bertaratzen denean, bilera horiek zuzentzea. Bozketetan berdinketa gertatuz gero, kalitatezko botoa izanen du eta hari esker konponduko dira auziak.

-Elkargoaren funtsen pentzutan eginen diren ordainketa guztiak egiteko aginduak ematea.

-Diruzain-kontulariarekin batera, funtsak mugiarazteko agiriak sinatzea.

-Bere sinaduraren bidez aktak eta sinadura behar duten Elkargoko gainerako agiriak baimentzea, baita Elkargoaren erabakiak edo bere gaitasunak eta eskumenak betetzeko behar dituen gainerako dokumentu publiko edo pribatuak ere.

-Elkargoko zuzendaritza burutzea, une oro erarik egokienean garatzen dela zainduz eta elkargoak hartu dituen erabakiak betetzen direla bermatuz.

-Sor daitezkeen ustekabe edo larrialdietan zuzenean erabakitzea, kontu horien eskumena Gobernu Batzordeari esleitu bazaio. Horrela jarduten badu, gero erabaki hori eginen den Gobernu Batzordearen hurrengo bileran berretsi behar da.

23. artikulua. Idazkaria.

Idazkariaren ahalmenak ondoko hauek dira:

-Lehendakariak agindua eman ondoren, gobernu organo guztien bileren deialdiak egitea, bidezko deiak sinatuz.

-Batzar Nagusietako eta Gobernu Batzordeetako aktak idaztea eta sinatzea; bidezko Akta Liburuen arduraduna da eta horiek zaintzearen erantzukizuna du.

-Eskatuko diren ziurtagiriak luzatzea eta sinatzea, horietan lehendakariak ikusonespena emanen duela.

-Elkargoaren agiriak eta elkargokideen erregistroa zaintzea.

-Halaber, Elkargoko administrazio zerbitzuen funtzionamendu egokiaren ardura du eta Pertsonalaren Zuzendaria da.

24. artikulua. Diruzain-kontularia.

Diruzain-kontulariari hauxe dagokio:

-Elkargoaren funtsak zaintzea eta horiek behar bezala gordetzeko neurriak hartzea.

-Elkargoaren funtsak inbertitzeko plana egitea.

-Lehendakariak baimena eman ondoren eta kontularia ere jakitun dagoela, ordainketa eta kobrantza, funtsen mugimendu eta inbertsio guztiak egiteko aginduak ematea.

-Lehendakariarekin batera, Elkargoaren kontu korronteetako txekeak eta taloiak sinatzea.

-Elkargoko kontabilitatea eta kontuen erregimen orokorra antolatzea.

-Estatutuen arabera baimendu ditzakeen kobratzeko eta ordaintzeko dokumentu guztiak sinatzea.

-Funtsen hileko egoera eratzea.

-Ekitaldi bakoitzeko balantzea, inbentarioa eta aurrekontuak egitea, eta Gobernu Batzordeari aurkeztea haien berri izan dezan.

25. artikulua. Lehendakariordea eta kideak.

Lehendakariordea lehendakariaren ordez ariko da lehendakaria gaixorik dagoenean edo falta denean, eta haren eskurantzak beteko ditu. Lehendakariak bere eginkizunak esleitzen dizkionean ere arituko da kargu horretan.

Mahaikideak, zaharrenetik hasita gazteenera arte adinaren arabera hurrenez hurren lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzain-kontulariak ordezkatuko dituzte haiek falta direnean, gaixorik daudenean edo kargu horiek hutsik daudenean.

Mahaikideen beren ardurapean izanen dituzte batzordeak eta lan taldeak, eta horietan Gobernu Batzordeak erabatzen dituen eginkizunak beteko dituzte.

26. artikulua. Karguen iraupena eta berrikuntza.

Gobernu Batzordeko kideen karguen agintaldia lau urtekoa izanen da; karguok iraungitzen direnean berrituko dira.

Gobernu Batzordeko karguren bat hutsik baldin badago, Batzordeak berak izendatuko ditu kargu horiek behin-behinean estaltzeko elkargoko kideak, harik eta lehen Batzar Nagusia egin eta horrek izendapen horiek berretsi edo ordeztu diren kargu horien iraupena agortu bitartean berriak izendatu behar direla erabaki arte.

Baldin eta lehendakariaren kargua edo batzordeko kideen erdia baino gehiago hutsik badaude. Elkargoen Kontseilu Nagusiak gertatu diren kargu huts horiek korporazioan kide moduan urterik gehien egin dituzten kideekin estaliko lituzke. Emaitzako Gobernu Batzordeak berehala eginen du aparteko hauteskundeak egiteko deialdia hutsik dauden kargu horiek betetzeko eta hauteskunde horietan hautatzen diren kideen agintealdia estatutuen arabera ordezkatu ziren karguek betetzeke zutena izanen da.

IV. KAPITULUA

Sozietatearen erabakiak hartzeko erregimena

27. artikulua. Batzar Nagusietako erabakiak.

1.-Batzar Nagusietan, hala ohikoetan nola apartekoetan, estatutu hauen 32. artikuluaren 1. atalean ezarri dena betetzen duten elkargoko kide guztiek izanen dute botoa emateko eskubidea.

2.-Erabaki horiek, baldin eta adostasunik ez badago, bertaratu diren elkargoko kideen arteko botoen gehiengo arruntaren bidez hartuko dira. Dena den, ondoko salbuespenak daude:

Bertaratu diren kideen bi herenen aldeko botoa eskatzen da ondoko kasu hauetan:

a) Elkargoko Estatutuak onesteko, aldarazteko edo berrikusteko.

b) Higiezinak eskuratzeko edo saltzeko.

c) Gobernu Batzordeari edo bere edozein kideri edota Elkargoko kudeaketarako beste organo batzuei zentsura-botoa proposatzeko.

3.-Botazioei dagokienez, hiru mota daude:

a) Arrunta, besoa altxatuz baieztatuko dena. Lehenengo eta behin eztabaidagai den horren alde daudenek azalduko dute iritzia, gero ezesten dutenek eta, azkenik, abstenitu eginen direnek.

b) Izena emanez, hau da, elkargoko kide bakoitzak bere izen-deiturak esan behar ditu eta, jarraian, ondoko hitzetariko bat: Bai, Ez edo Abstentzioa.

c) Papeletaren bidez, baldin eta bertaratu diren kideen herenak edo lehendakariak, mahaia ados dagoela, horrela egitea eskatu badu elkargokideekiko begiruneak edo gaia ezkutuan eduki beharrak horrela jokatzea aholkatzen badu.

4.-Botoa eskuordetuta ematen ahal da eta Elkargoak ondore horretarako duen inprimaki ofiziala erabili behar da. Inprimaki horretan elkargoko kidearen izen-deiturak eta zenbakia azalduko dira eta bi atal izanen ditu, lehenengoa eskuordetza bidezkotzen duena eta eskuordetzen den elkargoko kidea izendatzen duena (horretan eskuordetza eman duenaren sinadura agertuko da) eta inprimakiaren bigarren zatiak Batzarrera joaten diren elkargoko kideen frogagiri moduan balioko du. Elkargoko kide bakoitzak gehienez boto eskuordetu bakarra izanen du.

28. artikulua. Gobernu Batzordearen erabakiak.

Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Sortu diren gaiei buruzko adostasunik ez dagoenean lehendakariak hartu behar diren erabaki horiei buruzko proposamen zehatzen botazioa egiteko agindua emanen du. Berdinketa gertatzen den kasuetan lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du.

Boto eskuordetua erabiltzeko derrigorrezkoa da Batzordeari eskuordetza emanen duen kideak sinatuta egonen den idazkia aurkeztea. Idazki horretan bere botoa Batzordeko zein kideri eskuordetzen dion azalduko da. Bertaratzen den kide bakoitzak gehienez boto eskuordetu bat izan dezake.

29. artikulua. Aktak.

Hala Elkargoko Batzarretan nola Gobernu Batzordeetan bilera guztien aktak eginen dira. Akta horien idazkuntza idazkariari dagokio eta horrek lehendakariak ontzat emanda sinatuko ditu.

Batzar Nagusietan aktak gehiengo arruntaren bidez onetsiko dira, noiz-eta hurrengo Batzar Nagusian, bilera horren aztergaien zerrendako lehen puntua izanen delako. Akta horiek elkargoko kideen eskura izanen dira gutxienez egutegiko hogei egun lehenago.

Elkargokideek edukiei dagokienez egin ditzaketen erreklamazioak akta onesteko aurreikusi den data baino egutegiko hamar egun lehenago aurkeztuko dira, eta erreklamazio horiek idatziz aurkeztuko dira idazkariari zuzenduta egonen diren idazkietan. Idazkariak Batzar Nagusian irakurriko ditu erreklamazio horiek eta bertan eztabaidatuko dira.

V. KAPITULUA

Ekintzen eta elkargoaren esparruan aurkaratzearen erregimen juridikoa

30. artikulua. Errekurtsoak.

Administrazioko izaera duten Elkargoaren erabakiaren aurka, legezko interesa duenak nahi izanez gero, birjarpenezko errekurtsoa jartzen ahal da hura eman duen organoan bertan, edo gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da autonomia mailako Elkargoen Kontseiluan, edo, horrelakorik ez badago, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoen Kontseilu Nagusian. Bi errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa da errekurritu den ekintza hori argitaratu edo jakinarazi den egunaren biharamunetik zenbatuko dena.

Berraztertzeko errekurtsoa edo gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu denetik hiru hilabete igaro badira eta ebazpenik jakinarazi ez bada, ulertuko da ezetsi egin direla errekurtsook eta, irekita geratuko dira, lehenengo kasuari dagokionez, gora jotzeko errekurtsoaren bidea eta, bigarrenari dagokionez, administrazioarekiko auzibidea.

VI. KAPITULUA

Gobernu-karguak hautatzeko erregimena

31. artikulua. Deialdia eta hautagai-zerrenda.

1.-Karguen agintaldia bukatzen denean, Gobernu Batzordeak hauteskundeak noiz egin erabakiko du, eta elkargoko kideei jakinaraziko, gutxienez berrogei egun lehenago. Horretarako, elkargoaren egoitzan, botoa emateko eskubidea duten kideen zerrenda argitaratu eta jendaurrean jarriko du.

2.-Hautesle diren elkargoko kide guztiak aurkezten ahal dira elkargoko zuzendaritza taldeko edozein kargutarako, betiere ondoko salbuespenekin.

3.-Botoa emateko eskubidea duten elkargoko kide guztiak izan daitezke hautagai, baina lehendakari, lehendakariorde, idazkari eta diruzain-kontulari karguetarako beharrezkoa izanen da hautagaiak gutxienez urtebete egin izana elkargoan.

4.-Hautagaitza horiek gutxienez egutegiko hogeita bost egun lehenago aurkeztuko dira ondore horretarako hautagaiak Gobernu Batzordeari aurkeztuko dion idazkiaren bidez. Idazki horretan gutxienez botoa emateko eskubidea duten elkargoko hogei kideren sinadura egonen da. Hautesle batek hautatuko den kargu bakoitzerako hautagai bakarraren aurkezpen-idazkia baino ezin du sinatu.

Gobernu Batzordeak, baldin eta aurkeztu diren proposamenekin ados badago, hautagaien aldarrikapenari ekingo dio. Aldarrikapen hori hauteskundeak izan baino gutxienez egutegiko hamabost egun lehenago eginen du.

5.-Hautagaiak proklamatu ondoren karguren bat betetzeko hautagai bakarra baldin badago, proklamazioa aski izanen da pertsona hori kargu horretarako hautatzeko eta ez da beharrezkoa izanen bozketarik egitea.

Gobernu Batzordeak zerrenda itxien sistemaren bidez eginen den hauteskundeen deialdia egiten ahal du, nahiz eta horretarako berariaz Batzar Nagusiaren bileran horretarako baimena behar den. Hautagaien aurkezpenean, sistema honen bidez, kargu bakoitza betetzeko hautagaiaren izenaren ondoan zein kargutara aurkezten den azalduko da. Hautagaien zerrenda hori ere zerrenda irekietan eskatu den kideen sinadura kopuru berarekin abalatu behar da.

6.-Hautagaietako bat Gobernu Batzordeko kidea baldin bada, horren proklamazioak berez ekarriko du horrek karguari uko egitea edo zuzendaritza taldeko eginkizunetatik bereiztea. Lehendakariaren edo Gobernu Batzordearen kideen erdia baino gehiagoren karguak hutsik badaude, estatutu hauen 26. artikuluan ezarri den moduan jokatuko da.

32. artikulua. Hauteskundeak egitea eta horien garapena

1.-Botoa emateko eskubidea izanen dute Elkargoko betebeharretan egunean dauden elkargoko kide guztiek, baldin eta ez badaude lanbidea egiteko etenda edota ez badaude elkargoaren disziplinazko espedientearen bidez ezarritako zehapenaren aldian.

2.-Hauteskunde Mahaiak ondoko kide hauek izanen ditu: Elkargoko lehendakaria edo ordeztuko duen Gobernu Batzordeko kidea, gehi Gobernu Batzordeak izendatuko dituen elkargoko lau kide. Mahaia Elkargoaren egoitzan eratuko da, botazioa egiteko ezarri den egunean eta orduan.

3.-Hautagai bakoitzak, Gobernu Batzordeari aurkeztuko dion idazkiaren bidez, boto eskubidea duen beste elkargoko kide bat izenda dezake Eskuhartzaile lanak egin ditzan. Idazki hori adierazi den eguna baino berrogeita zortzi ordu lehenago aurkeztu behar du.

4.-Hautesleen botoa botazioa egitera norbera joanda ematen ahal da, edo postaz, Hauteskunde Mahaiko lehendakariari igorriko zaion posta ziurtatu bidezko jakinarazpenean egonen den botoaren bidez. Prozedura ondokoa izanen da: hautesleak botoa emateko bere papeleta gutunazal itxi baten sartuko du, horrela botazioa sekretua izanen dela bermatzeko. Gutunazal hori, gehi botoa eman duen kidearen NANaren fotokopia, Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialari igorriko zaion beste gutunazal baten barruan sartuko dira, lehendakariarentzat dela adieraziz.

5.-Botazioa amaitu ondoren Hauteskunde Mahaiak jendaurrean benetakotuko du eman diren botoen zenbatespena (hala denean, hauteskundeei buruzko arauetan ezarri dena ez betetzeagatik balio gabekotzat jo diren botoak zeintzuk diren adieraziz) eta botazioaren emaitza jakinaraziko du, eta hautetsi diren kargu horiek betetzeko botorik gehien izan duten hautagaitzak aldarrikatuko ditu. Berdinketa gertatzen bada, indarrean dagoen Hauteskundeei buruzko Legean ezarri denaren arabera ebatziko da.

6.-Baliorik gabeko bototzat joko dira:

a) Postaz eman direnak eta botazio mota honetarako Gobernu Batzordeak ezarri dituen beharkizunak betetzen ez dituztenak.

b) Hautagai aldarrikatu ez diren pertsonen alde eman diren botoak.

c) Kargu bererako aurkeztu diren bi hautagai edo gehiagori eman zaizkienak.

d) Irakurtzeko edo interpretatzeko dudak ematen dituztenak.

7.-Botazioaren emaitzak ezagutu ondoren bidezko Aktak beteko dira. Akta horien ale bat Elkargoen Kontseilu Nagusiari igorriko zaio, hautatuak izan diren pertsonen bidezko izendapenak egin ditzan.

8.-Hautatu diren kargu horien izendapenak Elkargoen Kontseilu Nagusiarengandik jaso ondoren, horiek karguen jabetza hartuko dute.

9.-Ekintza hori hurrengo egutegiko hamar egunen barruan eginen da. Gobernu Batzorde berriaren osaketaren jakinarazpena eginen zaio Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuari, bidezko erregistroan erasotzearen ondoreetarako.

IV. TITULUA

Elkargoaren zerbitzuak

I. KAPITULUA

Lan eta dokumentuei bisatua emateko zerbitzua

33. artikulua. Bisatu zerbitzua

Elkargoak lanak eta dokumentuak bisatzeko zerbitzua edukiko du eta horren erantzukizuna izanen da material horiek berrikustea; zerbitzuak lana norena den eta egilearen titulazioa, gaitasuna eta gaikuntza benetakotuko ditu; halaber, material horren eduki formala ziurtatuko du.

34. artikulua. Bisatuaren edukia

Elkargoaren bisatua behar dute, derrigorrez, elkargoko kideek jasotzen dituzten enkarguen ondorio diren esku hartze profesionalek, salbu eta Herri Administrazioek beraien funtzionarioei formulatzen dizkieten enkarguen kasuan.

Obren proiektuak eta zuzendaritzak direnean obra horiek egin diren esparruari dagokion Udalari igortzen zaio, indarrean dauden legezko xedapenak betez, hain zuzen ere.

35. artikulua. Bisatuaren tramitazioa.

Elkargoak bisatua ematearen tramitea egiten bada berez sortarazten ditu, Elkargoaren alde, eman den zerbitzuari dagozkion eskubide ekonomikoak. Eskubide horiek bidezko arautegian ezarri diren parametro objektiboen arabera zehaztuko dira eta horien ordainketa aurretiazko baldintza da interesatuek tramite hori betetzeko aurkeztu duten dokumentazio hori jasotzeko.

Aurkeztu diren lan profesional horiek onesten dituen eta, ondorioz, bisatu diren, edo ezesteen dituen Elkargoaren ebazpena dokumentuak aurkeztu eta hamabost eguneko epearen barruan eman behar da. Ezespenaren arrazoiak bi baino ezin dira izan, hau da, elkargoko kideak ez dituenean betetzen estatutuetan eskatu diren baldintzak, legez ezarrita dagoen bateraezintasunagatik, alegia, edo, ezarri den arautegian esaten denaren arabera, bisatuaren xedea den dokumentazio teknikoaren eduki formaletan okerrak daudelako. Dena dela, Elkargoak, arestian adierazi den epe horretan, bisatua etetea erabaki dezake baldin eta legez ezarrita dagoen ustezko bateraezintasuna dagoelako edo aurkeztu den dokumentazioari eskatzen zaizkion beharkizun formalei dagokienez zerbait falta delako, eta hori onesteko edo ezesteko erabakia gehienez bi hileko epean eman behar du, beti ere etetea erabaki denetik zenbatuko dena.

36. artikulua. Bisatuari dagokion ebazpenaren jakinarazpena

Elkargoak zioak eta arrazoiak adieraziz emanen duen ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie hamar eguneko epearen barruan eta jakinarazpen horretan hartu den erabakiaren testu osoa emanen zaie. Interesatuei egiten zaien jakinarazpenean, halaber, esanen da Elkargoari dagokionez ebazpena behin betikoa den edo ez eta, hala denean, erabaki horren aurka aurkezten ahal diren errekurtsoen berri emanen zaie, non aurkeztu behar diren errekurtsook eta horiek aurkezteko dauden epeak.

II. KAPITULUA

Lansariak kobratzeko Elkargoaren zerbitzua

37. artikulua. Lansariak kobratzeko zerbitzua.

Elkargoak zerbitzu profesionalak egiteagatik elkargoko kideen lanak sortarazi dituen jasotzeko munta, ordainketa edo ogibidesarien kobrantza kudeatzeko ardura izanen duen zerbitzua du.

38. artikulua. Zerbitzuaren edukia.

Elkargoko kideek sortarazten dituzten lanbide ogibidesarien kobrantzaren kudeaketa hala Elkargoak eskatuta nola elkargoko kideek, askatasun osoz eta berariaz eskatuz, burutuko da. Horretarako berariaz funtzio hori betetzeko gaitu diren inprimakiak edo galdera-sortak behar dira erabili.

III. KAPITULUA

Zerbitzu profesional eta kulturalak / Bulego Teknikoa

39. artikulua. Zerbitzu profesional eta kulturalak / Bulego Teknikoa.

Elkargoak elkargoko kideei informazioa emateko zerbitzua izanen du. Informazio hori interes profesionalekoak diren gaiei buruzkoa izanen da, eta baita prestakuntza eta erreziklajeari buruzkoa ere. Halaber, izaera kulturala izanen duten beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu, kasu honetan elkargoko kideen lanbide hobekuntza eta eguneratzea lortzeko.

Elkargoko Bulego Teknikoaren helburua izanen da elkargoko kideei informazioa ematea, hain zuzen ere lanbiderako interesgarriak diren gaiei buruzkoa, eta baita prestakuntza eta erreziklajeari buruzkoa ere. Halaber, izaera kulturala izanen duten beste zerbitzu batzuk eskainiko ditu, kasu honetan elkargoko kideen lanbide hobekuntza eta eguneratzea lortzeko, eta, bukatzeko, Gobernu Batzordeak aginduko dizkion gaiei buruzko informazioa emanen du.

40. artikulua. Prestakuntza eta informazioa.

1.-Elkargoak ikastaroak, hitzaldiak eta prestakuntzako jarduerak antolatzeko zerbitzua izanen du. Zerbitzu horren xedea berariaz izanen da elkargoko kideen ezagutzak eguneratzea, eta baita horien lanbide maila hobetzea eta egokitzea ere. Funtzio hau garatzeko Elkargoak hitzarmenak sinatzen ahal ditu arlo horretan lan egiten duten unibertsitate, erakunde edo izaki publikoekin eta pribatuekin.

2.-Elkargoak, halaber, arlo profesionalean elkargoko kideentzat interesgarriak izaten ahal diren gai guztiei buruzko informazioa emateko zerbitzua izanen du eta elkargoko kide horiei berariaz jakinaraziko zaizkie argitaratuko diren eta lanbidearen jardunarekin zuzeneko zerikusia duten legezko arau berrien edukiak. Zerbitzu hau aldiro argitaratuko den buletin baten bidez eginen ahal da, edo informazioa transmititzeko edozein euskarri teknologiko erabiliz igortzen ahal diren zirkularren bidez.

3.-Zerbitzu horien antolakuntza eta funtzionamendua, eta baita jarduera horien ustezko dirulaguntzak ere, hala Gobernu Batzordearen erabakien bidez nola Batzorde horrek emanen dituen arautegi zehatzen bidez erregulatuko dira.

IV. KAPITULUA

Elkargoaren beste zerbitzu batzuk

41. artikulua. Elkargoaren beste zerbitzu batzuk.

1.-Adierazi diren horiek guztiak ez ezik, Elkargoak ondoko zerbitzuak jar ditzake elkargoko kideen eskura:

A-Aholkularitza juridikoa eta zerga aholkularitza.

B-Lan-burtsa.

C-Liburutegia.

D-Gailu profesionalen alokairua.

Barruko zein kanpoko aholkularitza juridiko eta zerga aholkularitza zerbitzuak aholkularitza eskainiko die lanbide jardueren praktikari lotuta dagoen arlo juridikoan edo zergetan laguntza eskatuko duten elkargoko kideei.

Lan-burtsaren helburua elkargoko kideak diren arkitekto teknikoei, ahal den neurrian behintzat, dituzten beharrizan, lanbide prestakuntza eta asmoen araberako enplegua edo lana zuzkitzea da.

Liburutegiaren helburua elkargoko kideei, bere funtsen aukeren arabera, lanbideari lotuta dauden argitalpenen kontsulta bermatzea da. Funtsa horiek zabalik egonen dira Arkitektura Teknikoko Unibertsitate Eskolako ikasleentzat eta beste profesional tekniko batzuentzat ere.

Gailuak maileguan uzteko zerbitzuari esker elkargoko kideek beraien lanbide jarduera errazteko tresnak eskura ditzakete. Atal honetan kostuari dagokionez garestiak izaten diren gailuak daude, edota lantzean behin baino ez direnak erabiltzen eta horregatik norbanako batek eskuratzeko zailak direnak; halaber, alokatzeko merkatuan ez dauden gailuak edo eskuragaitzak direnak izaten dira.

2.-Gobernu Batzordeari dagokio elkargoko zerbitzu edo talde berrien sorkuntza sustatzea, eta hori lanbide arloen interesei jaramon egiteko eta lanbidearen ospean eragina izateko eginen dute, aldi berean elkargoko helburuak hobeto lortzea bideratuz.

3.-Zerbitzu horien eta elkargoko taldeen antolakuntza eta funtzionamendua hala Gobernu Batzordearen erabakien bidez nola batzorde horrek emanen dituen arautegi zehatzen bidez erregulatuko dira.

V. TITULUA

Eregimen ekonomikoa eta finantza-erregimena

I. KAPITULUA

Bitarteko ekonomikoak

42. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1.-Elkargoaren baliabide ekonomikoak arruntak eta bereziak izaten ahal dira.

2.-Elkartearen baliabide arruntak hauek dira:

a) Elkarteak dituen ondasun eta eskubideen ekoizkinak eta egiten dituen era guztietako zerbitzu eta jarduerenak.

b) Elkargora sartzeko eskubideak eta elkargoko kideek ordaindu behar dituzten kuotak.

c) Bisatua behar duten elkargoko kide profesionalen esku-hartzeek eragiten dituzten kuota eta eskubideak, lanbide ekintza jakin bati dagozkion izaera, tamaina eta konplexutasuna kontuan hartuta ezartzen diren parametro objektiboen arabera zehaztuko direnak, alegia. Halaber, Elkargoak egiten dituen artekaritza eta peritazioen eta luzatzen dituen ziurtagirien edo elkargoen arloko indarreko irizpide eta arautegiak betez ezartzen diren gainerako funtzioen barreneko beste jarduketetan eskuratzen direnak.

3.-Baliabide bereziak hauek dira:

a) Elkargoak erakunde ofizialengandik, erakundeengandik eta norbanakoengandik jasotzen dituen dirulaguntzak, dohaintzak edo gainerako laguntzak.

b) Batzar Nagusiak erabakitzen dituen kuota bereziak.

c) Kidegoaren ondare bihurtzen diren ondasun eta eskubideak.

d) Ondasunak eta eskubideak besterentzearen ondoriozko emaitzak.

4.-Elkargoaren zamak bere kideen artean banatzen direnean eragiketa hori berdintasunez eta zuzentasunez eginen da.

5.-Baliabide guztiak Elkargoaren helburu eta funtzioen ondorio diren estatutuetako betebeharra betetzeko aplikatuko dira.

6.-Elkargoaren jarduera ekonomikoa urte natural bakoitzeko sarrera eta gastuen aurrekontu arrunten formulazioaren bidez erregulatuko da.

Inguruabarrek aholkatzen dutenean, aurrekontu bereziak egiten ahal dira ustekabeko beharrizanei edo presazkoei aurre egiteko.

7.-Aurrekontuak, hala arruntak nola bereziak, diruzain-kontulariak prestatuko ditu, eta Gobernu Batzordeak onetsiko. Ondoren Batzar Nagusiari aurkeztuko zaizkio eta horrek horiei buruzko bidezko erabakia hartuko du.

8.-Ekitaldi ekonomikoa bukatu ondoren Batzar Nagusiaren onespena beharko dute.

9.-Mota guztietako kobrantzak eta ordainketak, funtsen mugimenduak eta inbertsioak Gobernu Batzordeko kideei eman zaizkien eskumenen arabera aginduko dira, estatutu hauen 24. artikuluan ezarri den bezala.

VI. TITULUA

Diziplina araubidea

I. KAPITULUA

Zehapenak eta hutsegiteak

43. artikulua. Zehapen arrazoiak

Elkargoko kideek Kontseiluko Estatutu Orokorretan, estatutu hauetan, Elkargoaren Barne Erregimeneko Erregelamenduetan edo horien Batzar Nagusi eta Gobernu Batzordeen erabakietan bildu diren manuak ez betetzea, eta, oro har, lanbideko duintasun eta etikaren aurkako eraso guztiak izanen dira kasuan kasu aplikagarria edo bidezkoa izanen den zehapenaren zio eta, ondore horretarako interesatuari bidezko espedientea hasiko zaio.

44. artikulua. Hutsegite motak.

Hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izanen dira.

1.-Honakoak dira arau-hauste arinak:

-Nafarroako Elkargoko organoen estatutuen manuak edo organoen erabakiak ez betetzea, betiere ez ohartzeagatik edo azaltzen ahal diren utzikeriagatik direnean.

-Lanbidean jardutean zuzentasunik eza, munta gutxikoa bada.

-Gobernu Batzordearen bileretara behin eta berriz ez joatea edo behin eta berriz ekuordetuta egitea.

-Lankideen arteko arazo edo begirune falta txikiak.

-Elkargoan disziplinarik-eza adierazten duten ekintza arinak, edota jendaurrean lanbidearen ospea eta itxuraren kalterako diren jarrerak azaltzea. Oro har, azalpena duen eta unean unekoa den utzikeria edo ardurarik ezagatik lanbideko edo elkargoko betebeharrak betetzen ez diren gainerako kasuak.

2.-Hutsegite larriak dira:

-Inolako aitzakiarik edo azalpenik eduki gabe Nafarroako Elkargoak edo Elkargoen Kontseilu Nagusiak eraentzen dituzten organoen estatutuen manuak edo organoen erabakiak ez betetzea.

-Elkargoaren bidez tramitatzen ahal diren dokumentuetatik edozeinetan faltsukeriak egitea.

-Kontratatu diren lanak ez egitea eta jakitun egonik lanbideko ogibidesari ez egokiak jasotzea.

-Elkargoko kideek lankideko intrusismoa estaltzea.

-Aizunkeria, aurreikuspenik eza edo beste edozein inguruabar larri gertatu dela lanak egitea edo kontratatzea, baldin eta horrela lanbidearen ospeari eraso egiten bazaio edo indarreko legerian ezarri diren terminoetan lehia desleiala egiten bada.

-Elkargoko kideak Estatuko administrazioak zein Nafarroako Foru Komunitatekoak estatutu hauek aplikatzeko edo interpretatzeko eman dituen arauetatik edozein ez betetzea.

-Batzar Nagusiak estatutu hauek aplikatzeko edo interpretatzeko ematen dituen erabakietatik edozein ez betetzea.

-Lanbideari lotuta dauden gaiak jendaurrean azaltzea, ahoz zein idatziz, halako moduan non horrela lanbidea edo lankideak mespretxatzen diren edo haien izen onari kalte egiten zaion.

-Elkargoarekiko disziplinarik eza adierazten duten ekintzak errepikatzea eta horien barruan sartzen dira Gobernu Batzordeko eta elkargoaren gainerako organoetako kideak begirunerik gabe tratatzea.

-Zehapen arinak errepikatzea hutsegite horien artean gutxienez urte bateko epea igaro ez bada.

3.-Hutsegite oso larriak dira:

-Larrien kalifikazioa dutenak, baldin eta horietan gaizki jokatu eta maula egiteko usteak badaude eta, horregatik, eragiten dituzten kalteetan ere askoz ere mingarriagoak badira.

-Hiru hutsegite larri egitea eta hutsegite horien artean gutxienez urte bateko epea igaro gabe egotea.

-Lanbide jarduketan maulazko delitua egiteagatik zigorra jasotzea, baldin eta jendaurreko kontzeptuaren arabera era maltzur eta min egiteko jokatu bada.

-Lanbideko duintasuna eta etika nabarmen erasotzen duten ekintzak egitea.

45. artikulua. Zehapenak:

1.-Aplikagarriak diren zehapenak hauek izanen dira:

A) Hutsegite arinak:

-Hitzezko kargu-hartzea.

-Ofiziozko ohartarazpena.

-Gobernu Batzordera deitu eta gaitzespen pribatua hartzea; horren berri aktan eta elkargoko kidearen espedientean idatziko da.

B) Hutsegite larriak:

-Elkargoko buletina erabiliz edota Elkargoko kide guztiei igorriko zaien zirkularraren bidez, jendaurreko azalpen eta kritika gogorra.

-Zuzendaritzako karguetarako desgaitzea, gutxienez hiru hilabeterako eta gehienez bi urterako.

-Bisatu berriak etetea, gutxienez hiru hil eta gehienez urte baterako.

-Lanbidea egiteko etetea, gehienez sei hilerako.

C) Hutsegite oso larriak:

-Elkargoko kidearen izaera kentzea eta berariaz debekatzea lanbidean aritzea, gutxienez sei hil hilabete eta gehienez bi urterako.

-Elkargotik aldi baterako kanporatzea, gehienez bi urterako.

-Elkargotik behin betiko kanporatzea.

2.-Hutsegiteak iraungitzeko epea hiru urtekoa izanen da hutsegite oso larriei dagokienez, bi urtekoa hutsegite larriei eta sei hilekoa arinei dagokienez. Arau-hauste oso larrietan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste larrietan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinetan ezartzen direnek urtebetean. Hutsegitea iraungitzeko epea egin diren egunetik zenbatuko da eta zehapenei dagokienez, zehapena ezarri dien ebazpena irmo bihurtu den egunaren biharamunetik.

3.-Aurreikusi diren zehapen horiek ezartzeko derrigorrezko beharkizuna da bidezko disziplinazko espedientea hastea; espediente hori Gobernu Batzordeak tramitatuko du, lanbidearen Estatutu Orokorretan ezarri diren arauak betez.

VII. TITULUA

Goraipamen eta sarien erregimena

I. KAPITULUA

Goraipamenak eta sariak

46. artikulua. Goraipamenak eta sariak

1.-Elkargoko kideei goraipamenak eta sariak emateko sistema ezarri da. Sistema horren helburua ondoko gertaera hauek aintzatestea da:

A.-Lanbidean, irakaskuntzan edo ikerketan egindako jardueragatik eta elkargoari irabazteko asmorik gabe emandako ahalegina eta laguntza bereziagatik nabarmentzen diren elkargokideen aparteko merezimenduak.

B.-Elkargoko kideek lanbidean hogeita bost eta berrogeita hamar urte betetzen dituztenean.

2.-Elkargoko kideak ez direnek ere jaso ditzakete sari edo aipamen horiek, baldin eta lanbidearen aldeko jarduketa nabarmenak egin badituzte edota Elkargoarekiko jarrera eta jarduketa berezia frogatu badute.

3.-Sariak edo aipamen horiek diploma, intsignia, domina, plaka edo oroimenezko beste edozein objekturen bidez gauzatzen ahal dira.

4.-Sariak eta goraipamenak emateko derrigorrezkoa da Gobernu Batzordeak edo hogeita bost elkargo kidek formulatuko duten proposamen arrazoitu egokia. Proposamen hori eginen den lehen Batzar Nagusian onetsiko da.

VIII. TITULUA

Desegiteko prozedura eta likidazio erregimena

I. KAPITULUA

Desegitea eta likidazio erregimena

47. artikulua. Elkargoa desegitea eta likidazioa.

Nafarroako Aparejadore, Arkitekto Tekniko eta Eraikuntzako Ingeniarien Elkargo Ofiziala desegiteko beharrezkoa da Nafarroako Gobernuaren onespena. Onespen hori bidezko departamentuak proposamena egin ondoren gobernuak emanen duen foru dekretuaren bidez gauzatuko da, aurrez Arkitektura Teknikoko Kontseilu Nagusiak esan behar duena entzun ondoren.

1.-Desegiteari buruzko foru dekretuak berak zehaztuko ditu desegiteak ekarriko dituen ondorio juridikoak, eta bere ondare, eskubide eta betebeharren likidazioa egiteko prozedurak ezarriko ditu. Halaber, baldin eta horrelakorik balego, gerakinen destinoa ezarriko luke desegitea erabaki ondoren hura onesteko deituko den Elkargoko Aparteko Batzar Nagusiak likidaziorako onetsiko dituen arauak betez.

2.-Elkargoak bere nortasun juridikoa eta gaitasuna galduko du desegitea xedatu duen araua Nafarroako Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den unean.

AZKEN XEDAPENA

Honako estatutu hauek Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari igorriko zaizkio, horrek legezkoak direla adieraz dezan eta Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskriba dadin eta Nafarroako Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

Legezkoak direla adierazi ondoren inskribatu eginen dira, eta Nafarroako Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu. Estatutu hauek argitaratuko diren egunaren biharamunean jarriko dira indarrean.

Iragarkiaren kodea: F0910464