39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

49/2009 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Garraioko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2009. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Sektoreko enpresek beharrezkoa zuten modernizazioaren ondorioz, gomendagarria da errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen esparru bat ezartzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2009. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea. Haren oinarriak ebazpen honen I. eta II. eranskinetan daude.

2. 170.000 euroko gastua onestea, 2009. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 62310/630001/4819/441100 kontu-sailaren kargura. Espediente zenbakia: RCSA 1442.

3. Ebazpen honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko otsailaren 13an.-Garraioko zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen
deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Europar Batasunaren esparruan salgaien eta jendeen garraio librea zabaltzearen ondorioz, beharrezkoa da enpresak merkatu berriei erantzun egokia emateko prestatuta egotea, lehiakorrak izatea eta haien eginkizunak kalitatez betetzea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektoreari lotutako pertsonentzako prestakuntza edo hobekuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroak antolatzeko eta testu didaktikoak argitaratzeko diru-laguntzetarako oinarriak ezartzea. Laguntza horiek bide emanen dute enpresa horien kalitatea hobetzeko, hala nola Nafarroan kokatutako garraio enpresen lehiakortasuna handitu eta merkatu berriak irekitzeko, bereziki Europar Batasunean.

2. Ekintzen, jardunaldien edo ikastaroen edukiak zuzeneko lotura izanen du errepideko garraioarekin eta bukatuak beharko dute egon 2009ko abenduaren 10a baino lehen.

Laguntzetatik kanpo daude gaitasun profesionaleko ziurtagiriak, segurtasun aholkularitzakoak eta merkantzia arriskutsuak eramateko baimenak erdiesteko ikastaroak.

Bigarrena.-Diru-laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2009. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 62310/630001/4819/441100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira. Nolanahi dela ere, laguntzak mugaturik egonen dira, aurrekontuko diruaren arabera.

Lehenengo seihilekoan egiten diren prestakuntza ekintzei dagokien diru-laguntza 100.000 eurokoa da eta bigarren seihilekoan egiten direnentzat 70.000 eurokoa.

Lehenengo seihilekoan egindako prestakuntza ekintzetarako diru-laguntza 100.000 euro baino gutxiagokoa bada, geratzen den dirua bigarren seihilean egindako ekintzak ordaintzeko behar den zenbatekoa osatzeko erabiliko da.

Deialdi honen babesean antolatutako prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren %80rainoko diru-laguntza ematen ahalko da.

2. Ondoko hauek dira diruz laguntzen ahal diren gastuak:

-Irakasle edo hizlariak.

-Material didaktikoa.

-Instalazioak alokatzea.

-Laneko ekipo eta baliabideak.

-Prestakuntza ekintzaren zabalkundea eta publizitatea.

-Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko gastuak. Diru-laguntzak emanen dira argitaratutako liburu edo giden kopurua Nafarroako Foru Komunitateko garraiolari kopuruaren araberakoa denean.

Ekintzaren kostua kalkulatzeko agiri bidez justifikatutako gastuak hartuko dira kontuan, gehi ehuneko hamarra, justifikatzen zailak diren gastuetarako (administrazioa, gutuneria eta beste).

Erabili beharreko instalazioak prestakuntza ekintzak ematen dituen entitatearenak direnean, ehuneko hamar gehiago erantsiko zaie justifikatzen diren gastuei, instalazioen amortizazio, argi, ur, kontribuzio eta abarren kostu gisa.

Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, ematen den diru-laguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez dadin.

Hirugarrena.-Onuradunak.

Diru-laguntzak jasotzen ahalko dituzte legearen arabera eratuak eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak dauden garraiolari elkarteek edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek.

Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden elkarte edo entitateei.

Laugarrena.-Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea.

1. 2009ko lehenbiziko seihilekoan egitea aurreikusita dauden prestakuntza ekintzetarako, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2009ko bigarren seihilekoan egitea aurreikusita dauden prestakuntza ekintzetarako, eskabideak aurkezteko epea 2009ko ekainaren 1etik 30era bitartekoa izanen da.

Eskabideak, II. eranskinean ageri den ereduarekin bat, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan aurkeztu beharko dira (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

2. Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauen jatorrizkoak nahiz notario batek edo administrazioak kautotutako fotokopiak aurkeztuko dira:

2.1. Hirugarren oinarrian eskatzen diren beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:

a) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.

b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.

c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.

d) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

e) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko Administrazioak lehendik dituen datuak badira, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpen bat egiten ahalko da, agiri horiek aurkeztu zirenetik aldaketarik ez dutela izan azaltzeko.

Eskabide hau aurkezteak berarekin dakar Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematea, laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko behebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

2.2. Egin beharreko jarduerei buruzko dokumentazioa:

a) Egin beharreko jardueren memoria eta haiek egiteko aurreikusten den egutegia.

b) Irakasleak. Ikastaroak eman behar dituzten pertsonen izena eta lanbide kualifikazioa azaldu beharko da.

c) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, sailez sail xehetua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.

Diru-laguntza zenbat ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzean azalduko dira datu horiek, II. eranskineko eredua erabiliz; interesdunek Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko bulegoetan (Yanguas y Miranda, 5, 31002 Iruña) jasotzen ahal dute eredua. Halaber, Interneten eskuratzen ahalko da (Nafarroako Gobernuaren ataria: www.navarra.es zerbitzu, laguntza eta beken gunean).

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.

Bosgarrena.-Baloraziorako irizpide objektiboak.

1. Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskabideen kopurua, ekintzen kalitatea, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira gehieneko puntuazioak eta irizpide objektiboak:

a) Eginen diren ekintzak:

-Ikastaro eta mintegiak: 10 puntu.

-Jardunaldiak: 8 puntu.

-Prestakuntzarako liburu, gidaliburu edo bestelako materialen argitalpena: 10 puntu.

b) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioetan prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalpenaren alorretan dauden beharrekin:

-Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza. 15 puntu.

-Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 10 puntu.

-Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 6 puntu.

c) Irakasgaien, irakasleen eta programen ezaugarriak edo egin beharreko jardueren kalitatea: 20 puntu.

d) Eskatzaileak zuzenean antolatutako ikastaro, mintegi eta jardunaldiak, bertako instalazioetan eginak: 5 puntu.

e) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena eta edukia: 10 puntu.

2. Diru-laguntzaren zenbatekoa bigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz kalkulatu eta irizpide hauek aplikatuz lortutako puntuazioen arabera ponderatuko da.

Seigarrena.-Ebazpena emateko eskumena eta epea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, hala nola aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraioko zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, diru-laguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta bakoitzari eman beharreko diru-kopurua.

2. Garraioko zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko ebazpena emanen du. Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskabidea ezetsi dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zazpigarrena.-Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundutako prestakuntza ekintzetakoren bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, ez egiteko arrazoiak azalduta.

Diruz lagundutako ekintza bat edo gehiago egin behar ez badira, entitate onuradunak eskatzen ahal dio Garraioen Antolamendu eta Kudeaketaren Zerbitzuari deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzeko, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada ordezkatzea onartu dela ulertuko da, baina emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da handituko.

3. Diru-laguntza jasotzen dutenek ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia jakinaraziko diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, ekintza hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, zerbitzu horretako funtzionarioek haren garapenaren segimendua egin dezaten. Liburuak, gidaliburuak eta abar argitaratuz gero, haien maketa aurkeztu beharko da aurretik, deialdian ezarritako helburuarekin bat datozen baloratzeko. Puntu honetan adierazitakoa bete ezean ezin izanen da ekintzari dagokion diru-laguntzaren ordainketa eskatu.

4. Onuradunak jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako diru-laguntzarik eskatu edo jasotzen badu, haren berri eman behar dio Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari.

5. Laguntzen onuradunek ikastaroen iragarkietan eta zabalkundean paratu beharko dute Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren diru-laguntza jaso dutela.

Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan.

Zortzigarrena.-Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diru-laguntzen onuradunek 2009ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute 2009ko lehen seihilekoan egindako prestakuntza ekintzei dagokien ordaintzeko eskaera eta epe horretan egindako ekintzen gastuen eta diru-sarrerren frogagiriak, eta 2009ko abenduaren 15a baino lehen gainerako prestakuntza ekintzei dagokiena.

Egiaztagiriak epe horietatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroen diru-laguntzak dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.

2. Onuradunek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatua beharko du.

b) Irakasleen nortasun datuak eta kalifikazioa, ikastaroen kasuan.

c) Eginiko jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.

d) Egindako ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren langileekin antolatua baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai erabilitako langileen soldataren kostu gordina, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.

e) Matrikulen ordainean izandako diru-sarrerak.

f) Elkarte onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinean berretsiko baitu egindako ekintzarako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publikoren baten eskutik.

g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du jarduera egiteko hornitzaileen kontratazioa eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela azaltzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den diru-laguntza ordainduko da.

Bederatzigarrena.-Ez-betetzeak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamargarrena.-Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntzekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamaikagarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Emandako diru-laguntzak eta haien onuradunen zerrenda argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren atarian: www.navarra.es zerbitzu, laguntza eta beken gunean.

Hamabigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, eta bere oinarrien eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo aurkatu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena:......................, NAN/IFZa: ................., bizitokia: ...................... , karrika: .........................., posta kodea: ..........; telefonoa: ......................, nire izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ..................... NAN/IFZa: ........... , bizitokia: .............................. , karrika: ............................, telefonoa: ......................, eskabidea aurkezten dut Nafarroako Foru Komunitatean, 2009. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdirako, Garraioko zuzendari nagusiak ..............aren ....(e)an emandako ....../2009 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz ( 2009ko ..... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, .......aren .......(e)koa).

Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

1) Aditzera ematen dut ez nagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.

2) Deialdiaren 4. oinarrian, 2.1 atalean, eskatutako dokumentazioa aurkezten dut edo adierazten dut dokumentazio hori Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko ........................ Departamentuan aurkeztu zela, eta adierazten dut dokumentazio horretan aldaketarik ez dela izan (ezabatu behar ez dena).

3) Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari baimena ematen diot laguntza emateko ebazpenaren proposamena egiten den unean onuradunak zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.

4) Egin beharreko jarduerari buruz laugarren oinarriaren 2.2 atalean eskatutako dokumentazioa aurkezten dut, ekintza bakoitzean ondoko datu hauek zehazturik:

-Ikastaro edo jardueraren izena

Egitea komeni dela azaltzen duen memoria

Helburua

Betetzeko beharrak

Eskura dauden baliabideak

Eskatutako diru-laguntza

Azaltzeko memoria

Ikastaro/mintegi/ekintzaren egitaraua

Egiteko eguna eta tokia

Irakasleak

Aurreikusten diren parte-hartzaileak

Aurrekontu zehaztua

Diru-sarrera aurreikusiak

-Matrikulengatik

-Bestelako diru-laguntzengatik

...................(e)n, 2009ko .......aren ....(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0910407