39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

24/2009 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna duten ikasleei edo sendagilearen aginduz etxean luzaro egon behar dutenei ikasteko banakako laguntzak emateko deialdia egiten duena, 2008-2009 ikasturtean Nafarroako ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak egin ditzaten araubide orokorrean.

Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du ikasteko banakako laguntzen deialdia onets dadila, halako laguntzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak araubide orokorrean egiten ari diren ikasle hauei emateko: zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna dutenak, sendagilearen aginduz etxean luzaro egon behar dutenak, CIE-10 eta DSM-IV indarreko sailkapenaren arabera (eskizofrenia eta nahaste bipolarra) nahaste psikotiko eta afektiboak dituztenak eta ospitaleratze psikiatrikoa ekarri duten elikaduraren nahasteak dituztenak.

Deialdi honen bidez banakako laguntzak emanen zaizkie halako ikasleei, beren egoera dela-eta behar duten arreta pedagogiko bereziak dakarren gastua ordaintzen laguntzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2008-2009 ikasturtean ikasteko banakako laguntzak honako ikasle hauei emateko deialdia onestea: zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna duten ikasleak, sendagilearen aginduz etxean luzaro egon behar dutenak, CIE-10 eta DSM-IV indarreko sailkapenaren arabera (eskizofrenia eta nahaste bipolarra) nahaste psikotiko eta afektiboak dituztenak eta ospitaleratze psikiatrikoa ekarri duten elikaduraren nahasteak dituztenak. Deialdiaren oinarriak eranskinean ageri dira.

2. 20.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Hezkuntza Berezirako bekak eta laguntzak" izeneko 423001-42200-4809-322400 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdia eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Argibide eta Agiri Bulegoari, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoari eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendariari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 9an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Oinarriak

Lehena.-Laguntza hauen xedea da diruz laguntzea errefortzu pedagogikoko irakasle espezialisten kontratazioa eta horrek eragin ditzakeen ikasleen garraio gastuak.

Laguntza pedagogikorako eta garraiorako banakako laguntzak eska ditzakete zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna duten ikasleek, sendagilearen aginduz etxean luzaro egon behar dutenek edo nahaste psikotiko eta afektiboak dituztenek. Laguntza jaso ahal izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, ondoko hauek ere bete beharko dituzte onuradunek:

a) Hezkuntza premia bereziak izatea zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna izateagatik, sendagilearen aginduz etxean luzaro egon behar izateagatik edo nahaste psikotiko eta afektiboak izateagatik, eta, beraz, laguntza pedagogiko berezia behar izatea. Horretarako, CREENA-Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko taldeen aldeko txostena beharko da.

b) Minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiria edukitzea, eta ikusmeneko, entzumeneko edo mugimenduko minusbalio gradua %33koa edo handiagoa izatea.

c) Sendagileak aginduta etxean luzaro egon behar izatea, 21 egun baino gehiago, edo aldian-aldian eritasun kronikoa izateagatik.

d) Nahaste psikotiko eta afektiboak izatea CIE-10 eta DSM-IV sailkapenaren arabera (eskizofrenia eta nahaste bipolarra), eta ospitaleratze psikiatrikoa ekarri duten elikaduraren nahasteak.

e) Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean Derrigorrezko Hezkuntzaren ondoko araubide orokorreko ikasketetan matrikulaturik egotea, unibertsitateko ikasketak salbu.

f) Eskatu den laguntza ikastetxetik ez jasotzea.

g) Eskaera aurkezten den egunean helbidea Nafarroan izatea.

Bigarrena.-Laguntza pedagogikorako eta garraiorako banakako laguntzen gehieneko zenbatekoak ordu kopuruaren eta eskaera egiten duten ikasleen kopuruaren arabera ezarriko dira.

Esleitzen den guztirako dirutik 1.000 euro gordeko dira, deialdian ezarritako epea bukatu ondoren gertatzen diren beharrei kasu egiteko. Eskaera gehiago aurkezten ez bada, diru hori laguntza jaso duten guztien artean banatuko da modu proportzionalean.

Garraiorako laguntza eskatzen ahalko da laguntza pedagogikoa beste herri batean ematen bada eta etxetik bertara 8 kilometro baino gehiago badaude.

Mugitzeko ezgaitasuna duten ikasleen kasuan, aldez aurretik Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak garraio egokituaren beharrari buruz egindako txostena ikusita, gastuaren arabera ezarriko da laguntzaren zenbatekoa.

Hirugarrena.-Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

Eskaerak, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari zuzenduak, I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira eta, eskatutako agiri guztiekin batera, toki hauetakoren batean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egun naturaleko epean: Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (Santo Domingo, zk.g., 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Iruñeko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren kalea, 2, 31002 Iruña), edo Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren bulegoetako batean.

Oinarri hauetan ezarritako epetik kanpora aurkezten diren laguntza eskaerak ere onar daitezke, baldin eta beharrak epea bukatu eta gero sortzen badira, eta betiere 2008-2009 ikasturtearen barruan. Eskaera horiek deialdi honetan adierazi bezala baloratuko dira.

Laugarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

1.-Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki kutxako libretaren lehen orriaren fotokopia. Eskatzailea adingabea baldin bada, laguntza eskatzen duenaren aitak, amak edo tutoreak izan behar du libretaren titularra.

b) Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki kutxako libretaren titularraren NANaren fotokopia.

c) Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslea adingabea bada eta gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, eskaera egin duenaren menpe dagoela frogatzen duen agiria erantsiko zaio.

d) Zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna dutenen kasuan, Minusbalioa kalifikatzeko ziurtagiriaren fotokopia. Minusbalio graduak %33koa edo handiagoa izan behar du.

e) Familiaren etxean 21 egun natural baino gehiago egon behar izanez gero, sendagilearen ziurtagiria, eskatzailearen eritasuna dela-eta familiaren bizitokian luzaro egon behar duela adierazi eta justifikatzen duena.

f) Nahaste psikotiko eta afektiboak dituztenen kasuan eta ospitaleratze psikiatrikoa ekarri duten elikaduraren nahasteak dituztenen kasuan, sendagilearen ziurtagiria, ospitaleratzea egiaztatzen duena.

g) Laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia, behar bezala betea, eskaera lehen aldiz egiten denean edo bankuko kontua aldatzen denean. (Hezkuntza Departamentuan jasoko da).

h) CREENAko berariazko lan taldeko orientatzailearen txostena. Bertan zehatz azaldu behar da ikaslearen hezkuntza premia bereziak zertan diren, laguntzaren helburuak zeintzuk diren eta zergatik behar duen ikastetxetik kanpoko laguntza.

Txosten hori egiteko, informazioa eskatuko da ikastetxean.

i) Laguntza pedagogikoaren kostuaren aurrekontua, laguntza emanen duen profesionalak edo zentroak ziurtatua.

j) Bigarren oinarrian aipatzen den garraiorako laguntza eskatzen bada, zerbitzu horren hileko kostuaren aurrekontua aurkeztu beharko da, hilean zenbat egunetan erabiliko den kontuan harturik.

k) Bizilekua Nafarroan duela egiaztatzen duen ziurtagiriaren fotokopia.

l) Erantzukizuneko aitorpena, 1. eranskinean onuradun izateko adierazita dauden debekuetatik bat ere ez duela frogatzen duena, deusetan galarazi gabe aurkezten diren aitorpenak edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko Administrazioak duen ahalmena.

10 eguneko epea izanen da agiri bidez behar bezala egiaztatu ez diren eskaerak edo interesdunek hobeki argitu beharrekoak zuzentzeko.

Era berean, betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

Bosgarrena.-Deialdiaren ebazpena eta erreklamazioak.

1. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak esleituko ditu laguntzak, eskaerak aztertu eta baloratu ondoren eta Hezkuntza Berezirako Laguntzen Batzordeak proposamena eginda. Batzordeko kideak honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Kideak:

-Berariazko Programen Bulegoko burua.

-Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

-Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko gizarte-langile bat. (Idazkari lanetan arituko da).

2. Eskaerak aztertu ondoren, laguntzak baloratzeko batzordeak haiek emateko behin-behineko proposamena eginen du. Eman eta ukatzen diren laguntzen zerrenda interesdunen eskura izanen da Hezkuntza Departamentuko Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuan (Santo Domingo aldapa, 8., Iruña). Prentsaren bidez jakinaraziko da zein egunetatik aurrera kontsulta daitekeen zerrenda.

Eskatzaileren bati iruditzen bazaio deialdi honen oinarriak ustez gaizki aplikatzeagatik bere eskubideak urratu egin direla, Laguntzen Batzordeari eskaera aurkezten ahalko dio ukatutako laguntzak eta haien zenbatekoak berrazter ditzan, laguntzen zerrenda Hezkuntza Departamentuan interesdunen eskura paratzen den egunetik hasita 15 egun naturaleko epean.

Eskaerak Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ebatziko dira behin betikoz; ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Seigarrena.-Laguntzen ordainketa.

Laguntzak behin betiko ebazpena eman ondoren ordainduko dira. Onuraduna adingabea baldin bada, familiako buruari ordainduko zaio eta adinez nagusia bada, onuradunari berari, ordainketaren frogagiriak aurkeztu ondoren.

2009ko ekainaren 21a baino lehen, jasotako laguntzari dagokion gastua justifikatu beharko du onuradunak. Horretarako honako frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (Santo Domingo kalea, 8, 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Iruñeko Erregistro Nagusian (Karlos III.aren etorbidea, 8, 31002 Iruña), edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren bulegoetako batean:

-Laguntza pedagogikoa eman duen profesional behar bezala kreditatuak egindako ziurtagiria. Bertan agertu behar da ikasleari zer-nolako laguntza eman zaion eta laguntzagatik zenbat ordaindu den guztira.

Ziurtagiri hori behar den epean aurkezten ez bada galdu eginen da diru-laguntza.

Frogatzen den gastuaren zenbatekoa kobratutako laguntzarena baino txikiagoa bada, laguntza murriztuko da, frogatutako gastuaren neurrira.

Zazpigarrena.-Laguntzak itzultzea.

1. Hezkuntza Departamentuak noiznahi erabakitzen ahal du eskaerei buruzko espedienteak ikuskatu behar direla, haietan bildutako datuak, laguntza ematerakoan kontuan hartutakoak, egiazkoak ote diren frogatzeko.

Ikasle onuradunak ikerketan lagundu nahi ez badu edo eskatzen dizkioten argibide eta agiriak ukatzen baditu, berehala onuradun izaera kenduko zaio eta laguntza gisa hartutako dirua itzuli beharko du.

2. Eskatzaileren batek, deialdi honetako laguntzaz gainera, beste erakunde publiko edo pribatu baten laguntza jasotzen badu helburu berberarekin, eta laguntza hori deialdi honetakoa adinakoa edo handiagoa baldin bada, deialdi honetako laguntzaren onuradun izatetik geldituko da zuzenean. Laguntzaren zenbatekoa txikiagoa izanez gero, diferentzia ordainduko zaio.

3. Ezinbesteko baldintza da 2007-2008 ikasturteko deialdian eskatu ziren frogagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako laguntzetatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

4. Baldintzak betetzen ez badituzte, onuradunek hartutako laguntzak gal ditzakete; horretarako, eskabidean azaldutakoaren arabera laguntza emateko aintzat hartu ziren datuak benetakoak ote diren frogatzeko espedientea ireki beharko da. Hezkuntza Departamentuak ireki eta ebatziko du espediente hori, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 34. eta 35. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Espedientearen ondorioz laguntza deuseztatzen bada, eskatzaileak hartutako dirua itzuli beharko du, arlo administratiboan, zibilean eta penalean izan lezakeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Laguntzak deuseztatzeko ebazpena interesdun guztiei jakinarazi behar zaie banan-banan.

Zortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta deialdiaren oinarrien eta egintza administratiboen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Ikasteko banakako laguntzen deialdia, Nafarroako ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak araubide orokorrean egiten ari diren ikasle hauentzat: zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna duten ikasleak edo sendagilearen aginduz etxean luzaro egon behar dutenak. 2008-2009 ikasturtea

Ikaslearen datuak:

Deiturak

Izena

NANa

Jaioteguna ................................... Herria

Probintzia

Aitaren, amaren edo ordezkariaren deiturak eta izena:

IFZ

Helbidea: .................................. kalea, ...... zenbakia, .... pisua, .... letra

Herria .................................. Posta kodea

Probintzia .............................. Telefonoa

Ikastetxea

Herria .................................. Posta kodea

Egiten ari den ikasketak

Ikasmaila

Ikasteko banakako laguntza eskatzen du deialdi honetan ezarritako baldintzak onarturik, eta adierazten du ez duela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren arabera onuradun izateko ezarrita dauden debekuetako bakar bat ere.

Iruñean, 2009ko .........aren ...........(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

ANIZTASUNAREN, ORIENTAZIOAREN ETA KULTURA-ANIZTASUNAREN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: F0910400