39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

12/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko pergaminoak eta mapa historikoak berriztatzeko eta digitalizatzeko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako dokumentu ondarea aberatsa eta era askotakoa da, baita zabala eta barreiatua ere. Kultur ondare baliotsu oso horren barnean, zenbait dokumentu aurki daitezke, bai beren euskarriagatik, bai beren edukiagatik, oso berezi bihurtzen dituzten ezaugarriak dituztenak. Pergaminoaren gainean idatzitako dokumentuak eta plano historikoak dira, euskarri eta eduki horiek kontuan hartzeko moduko garrantzia ematen dietenak.

Pieza horien antzinatasunak eta berezitasunak arreta bereziko objektu bihurtzen dituztela kontuan hartuta, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera, Nafarroako dokumentu ondarearen kontserbazioa eta hedapena sustatzeko duen eskumenari dagokionez Nafarroako Gobernuak kontserbazioa eta hedapena barne hartzen dituen helburu bikoitz hori betetzeko behar diren mekanismoak abiaraztea erabaki du.

Nafarroako Gobernuak instalazio egokiak ditu dokumentu ondarea berreskuratzeko lana gauzatzeko. Teknologiak dokumentuak berriztatzen eta kontserbatzen lagunduko du eta, horrela, ikertzaileengana edo dokumentu horien berri izan nahi duen edozein herritarrengana helduko dira. Nafarroako Errege Artxibo Nagusitik berreskuratze lana egin daiteke, pergaminoen eta plano historikoen berriztapena, kontserbazioa eta digitalizazioa bateratzen dituena.

Horretarako, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ekintza garrantzitsu hori sustatzen du eta pergaminoko dokumentuak edo plano historikoak dituzten toki-entitateak eta elizarenak gonbidatu nahi ditu horretan parte hartzera.

Horrenbestez, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko pergaminoak eta mapa historikoak berriztatzeko eta digitalizatzeko laguntzen deialdia onestea, foru agindu honi erantsitako oinarri arauemaileen arabera garatuko dena.

2. Gehienez ere 30.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuan "Dokumentu ondarea berreskuratzea" izeneko A21002 A2200 4819 332100 kontusailaren kontura.

3. Foru agindu hau eta erantsitako oinarri arauemaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen eta bere oinarri arauemaileen aurka honakoak aurkeztu ahal izanen dira:

-Partikularra izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabete bateko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Administrazio publikoa izanez gero, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Aldez aurretik errekerimendua egin ahal diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 20an.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

ERANSKINA

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO PERGAMINOAK ETA MAPA HISTORIKOAK BERRIZTATZEKO ETA DIGITALIZATZEKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUEMAILEAK

1.-Xedea.

Hau da deialdi honen xedea:

a) Dokumentu ondarea osatzen duten pergamino euskarriko dokumentuak zein plano historikoak berriztatzeko, kontserbatzeko eta digitalizatzeko kanpaina arautuko duten baldintzak ezartzea.

b) Dokumentu horien datu-basea eta irudi-artxiboa egitea, edonoren eskura jarriko direnak.

2.-Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izanen dute honako hauek:

a) Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeak eta, hala denean, nortasun juridiko propioa duten udal erakunde autonomoak.

b) Nafarroako Foru Komunitatean dauden eliza-artxibategietako titularrak.

3.-Finantzaketa.

3.1. Deialdi honen xede diren berriztatzeko, karpetan sartzeko, kontserbatzeko eta digitalizatzeko prozesuen finantzaketa 30.000 eurokoa izanen da, gehienez, indarra duen gastuen aurrekontuaren A21002 A2200 4819 332100 kontusailaren kontura.

3.2. Jabeek altzariak ordainduko dituzte eta, hala badagokio, lokalen egokitzapena ere, berriztatu diren dokumentuak behar bezala kontserbatzeko.

4.-Eskabideen aurkezpena.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek edo pertsonek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte 30 eguneko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita:

a) Eskabidea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari zuzentzen zaion eta konpromisoa hartzeko behar bezalako ahalmena duen entitateko ordezkari batek sinatu duen eskari orokorraren bidezkoa. Bertan deialdi honetan parte hartzeko asmoa eta deialdia arautzen duten oinarrien -bereziki 7. artikuluan adierazi diren kontraprestazioak- berariazko onarpena adieraziko dira.

b) Berriztatzeko eskatu diren pergaminoen edo plano historikoen zerrenda, haien gutxi gorabeherako data, edukia (ezaguna bada) eta haien neurriak zehaztuta eta horietako bakoitzaren argazkia sartuta (I. Eranskina).

c) Eskatzaileak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan onuraduna izateko ezarritako debekuetan ez dagoela esaten duen norberaren erantzukizunpeko adierazpena.

5.-Eskabideen tramitazioa.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak horiek behar bezala aurkeztu direla egiaztatuko du.

Eskabidearekin batera 4. oinarrian ezarritako dokumentuak edo informazioak aurkezten ez badira, interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkezteko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5.2. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak eskabideak baloratuko ditu, dokumentuaren kontserbazio-egoeraren, antzinatasunaren eta edukiaren interesaren arabera.

5.3. Kultura zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, hiru hilabeteko gehieneko epean eskabidea onartuko da ala ez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie behar bezala, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren (Maiatzaren biaren kalea, zk. g., Iruñea) iragarki oholean argitaratuko da.

Ebazpen horren kontra partikularrek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen dute, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabete bateko epean; administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izanen dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera.

6.-Dokumentuak berriztatzeko prozedura.

Dokumentuak berriztatzeko prozesuan, prozedura honi jarraituko zaio:

6.1. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko teknikariek eskabide guztiak aztertu eta baloratuko dituzte eta berriztatu beharreko piezak hautatuko dituzte.

6.2. Teknikari horiek fitxa katalografikoa eginen dute, nazioarteko ISAD(G) arauari jarraikiz, eta hori Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren datu-basera erantsiko da.

6.3. Dokumentuak Ondasun Higigarrien Erregistroan sartuko dira.

6.4. Ondasunen jabeek hautatutako dokumentuak bidaliko dituzte Nafarroako Errege Artxibo Nagusira eta artxibo horretako teknikariek dokumentu horiek jaso, eta emate-akta eginen dute.

6.5. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko teknikariek hautatutako dokumentuak berriztatu, karpetan sartu eta digitalizatuko dituzte, ezarritako protokolo teknikoei jarraituta eta prozesu osoa dokumentatuta.

6.6. Bai dokumentuen fitxa teknikoa, bai kopia digitalizatua, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren datu-basera erantsiko dira, artxibo horretan edonork kontsulta ditzan. Kopiatzeari dagokionez, jabeek hori baimendu beharko dute. Era berean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia segurtasun-kopia baten gordailuzaina izanen da.

6.7. Lan guztiak egin ondoren, landutako dokumentuak jabeei itzuliko zaizkie dokumentuen kopia digitalizatu batekin, ekitaldi publiko batean, eta itzultze-akta eginen da.

7.-Onuradunen kontraprestazioak.

Berriztatutako dokumentuen jabeek honako konpromiso hauek hartu beharko dituzte beren gain:

7.1. Berriztatutako piezak behar bezala instalatzeko eta kontserbatzeko behar diren neurriak hartzea. Horretarako, beharrezko altzariak erosiko dira eta ingurumen baldintza egokiak dituen espazioan kokatuko dira.

7.2. Ikertzaileek dokumentazioa eskuratzen dutela bermatzea, erabilerari dagokionez dokumentuen kopia digitalizatua lehenetsita.

7.3. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari baimena ematea berriztatutako dokumentuen kopia digitalizatua izateko, sistema informatikoan irauliz ikertzaileen eta oro har herritarren eskura egon dadin, kontsultatzeko bakarrik.

7.4. Organo eskudunak sustatzen dituen kontrol teknikorako zereginak erraztea, kontraprestazioak betetzen diren egiaztatzeko.

8.-Araubidea.

Deialdi honetan berariaz ezarririk ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legean eta Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Pergaminoak eta mapa historikoak berriztatzea eta digitalizatzea

Datuak hartzeko fitxa

OBRAREN TITULARRA (1)

HELBIDEA

HERRIA

P.K.

HARREMANETARAKO PERTSONA

TELEFONO ZK.

HELBIDE ELEKTRONIKOA

Piezaren datuak

TITULUA

DATA

FORMATUA (2)

KONTSERBAZIO-EGOERA

? Ona

? Hondatuta

? Oso hondatuta

KONTSERBAZIO-EGOERA

Zabalera: _____________ mm

Garaiera: _____________ mm

Orriak _____________

KONTSERBAZIO-EGOERA

? Papera

? Pergaminoa

? Beste bat

______________

ARGAZKIA

OHARRAK:

(1) Obraren eskubideen jabea edo titularra den pertsona fisiko edo juridikoaren izena:

(2) Dokumentu sinplea, liburua, koadernoa, mapa, planoa, krokisa eta abar.

Iragarkiaren kodea: F0910806