39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

100/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, hiru urtetik beherako haurrak dituzten emakume langileendako laguntzak emateko deialdia onesten duena, 2009rako.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek edo bertan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenek eskuratu ahal izateko.

Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen "amatasun laguntzak" izeneko lehen xedapen gehigarria aldatzen duen ekainaren 16ko 7/2005 Foru Legearen 1.a) artikulu bakarrak xedatzen duenez, deialdi bat onetsi behar da hiru urtetik beherako haurrak dituzten emakume langileei laguntzak emateko eta horiek emateko baldintzak eta eskatzeko epea ezarri.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak direla eta deialdia eta haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Hiru urtetik beherako haurrak dituzten emakume langileendako laguntzak emateko deialdia onestea, 2009rako. Foru agindu honen eranskinean ageri da.

2. 3.062.157,48 euroko gastua onartzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Ama langileendako laguntzak" izeneko 950001 92210 4809 231503 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau igortzea Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren Sustapenerako Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 11n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen "amatasun laguntzak" izeneko lehen xedapen gehigarria aldatzen duen ekainaren 16ko 7/2005 Foru Legearen 1.a) artikulu bakarrean aipatzen diren laguntzak emateko araubidea ezartzea da.

2. Onuradunak.

2.1. 2008an bere kontu edo beste inoren kontu lanean aritu ziren amak izaten ahalko dira deialdi honen onuradunak, Gizarte Segurantzan edo kasuan kasuko mutualitatean kotitzatu badute eta denbora horretan hiru urtetik beherako haurrak izan badituzte beren mende, betiere familia unitatearen errenta deialdi honetako hirugarren oinarrian zehazten diren mugen barruan badago.

2.2. Deialdi honi dagokionez, familia-unitatetzat honako hauek joko dira:

a) Ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda haiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, epaileak erabakirik ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo gaiberrituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

b) Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek edo besterik gabe elkarrekin bizi den bikote batek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda haiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, epaileak erabakirik ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo gaiberrituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak eta harekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

3. Laguntzen zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauexek kobratzen ahalko dituzte hiru urtetik beherako haurrak dituzten amek:

a) 1.800 euro urtean, 150 euro hilabatean, betebehar guztiak betetzen badira, familia unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako (507) + (050) + (706) + (765) laukien batura 18.000 eurotik beherakoa denean.

b) 1.200 euro urtean, 100 euro hilabatean, betebehar guztiak betetzen badira, familia unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako (507) + (050) + (706) + (765) laukien batura 18.000 eurokoa edo hortik gorakoa eta 28.000 eurotik beherakoa denean.

3.2. Aurreko puntuan aipatzen diren laukiak kontzeptu hauei dagozkie:

(507) = Tasa orokorreko zerga-oinarria.

(050) = Tasa bereziko kapital higiezinaren etekinak.

(706) = Tasa bereziko ondarearen irabaziak.

(765) = Tasa bereziko ondarearen irabaziak, inbertsioko funtsetatik datozenak.

3.3. Babespea partekatua denean, haurrak amak babesturik eman duen denborari dagokion zatia pagatuko da.

3.4. Deialdi honi esleituriko zenbatekoa 3.062.157,48 eurokoa da eta 2009ko gastuen aurrekontuko "Ama langileendako laguntzak" izeneko 950001 92210 4809 231503 kontu-sailetik pagatuko da.

4. Betebeharrak.

Deialdi honetako hirugarren oinarrian arautzen den diru-laguntza kobratu ahal izateko, onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) 2008an Nafarroan bizitzea eta helbide fiskala bertan edukitzea.

b) 2009an Nafarroako Foru Ogasunean 2008ko ekitaldiari dagokion errentaren aitorpena aurkeztea. Aitorpen hori aurkeztu beharrik ez badago, eskabidearekin batera halaxe jakinaraziko da. Kasu horretan, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Zerga Ogasunari argibideak eskatuko dizkio eskatzailearen diru-sarrera fiskalen gainean.

c) 2008an hiru urtetik beherako haurrak beren mende dituztela frogatzea, jaiotzagatik, adopzioagatik edo adoptatu aurreko harrera iraunkorragatik edo bakunagatik, baldin eta kasu horretan gutxienez ere urtebete iraun duela frogatzen bada.

d) 2008an, beren kontu edo besteren kontu lanean aritu direla frogatzea, eskubidea sortzen duen haurra jaio, adoptatu edo hartu eta gero.

e) Gizarte Segurantzako edo kasuan kasuko mutualitean kotizatu dela frogatzea, baita hilabetero 5 lanegunetan, lanaldi osoan, lan egin duela ere, 2008an.

f) Pertsona Fiskoen Errentaren gaineko Zergarako deialdi honetako hirugarren oinarrian ezarririko mugak ez gainditzea.

5. Eskabidea eta dokumentazioa.

5.1. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez kobratzeko inprimakiak Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusian, gizarte zerbitzu oinarrizkoetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan jasoko dira, bai eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es (Familiak. Laguntzak eta bekak) webgunearen bidez eta 012 telefono zenbakiaren bidez ere.

5.2. Laguntza eskabideak, amak eta aitak sinaturik, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusira igorriko dira eta deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuan aurkeztuko dira, González Tablas kalean, zk.g., 2009ko apirilaren 30a arte, egun hori barne, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietan.

5.3. Zenbat haurrendako eskatzen den laguntza, hainbat eskabide aurkeztuko dira. Horiekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen edo haren ezkontide edo bikotekidearen Nortasun Agiri Nazionalaren edo Atzerritarren Nortasun Txartelaren fotokopia.

b) Familia Liburuaren fotokopia.

c) Gizarte Segurantza ez beste araubideetako eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

c.1.) Administrazio publikoetan ari diren amek, zer departamentutan diharduten, bertako zerbitzu orria.

c.2.) Beste mutualitate batzuei atxikiriko amek, kasuan kasuko mutualitatean izena emanak daudela frogatzen duen agiria eta lanean ari direla frogatzen duten bestelako agiriak, hala nola, minutak, BEZaren adierazpenak eta abar.

d) Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabidea.

e) Banantze edo dibortzio kasuetan, eskatzaileak laguntzaren arrazoi den haurraren zaintza eta babespea dituela frogatzen duen epai, ebazpen edo erabakiaren kopia.

f) Haurrak aitak aitortu baditu, baina gurasoak ezkondurik ez badaude eta aita haietaz arduratzen ez bada eta eskabidea sinatzen ez badu, ezkontzatik kanpoko haurrendako neurrietarako epaia aurkeztu beharko da.

g) Aitak errentaren aitorpena Nafarroatik kanpo egiten badu, lehenago aipatu den epean laguntzaren eskabidea aurkeztu ondoren gehituko dio aitorpen hori espedienteari.

5.4. Eskabideak aurkeztuz gero, eskatzailea eta familia unitateko gainerako kideak beharturik egonen dira Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiari baimena ematera Nafarroako Zerga Ogasunari 2008ko zergaldiko Pertsona Fisikoen Errentari buruz behar dituen argibideak eska diezazkion deialdiaren gainean ebazteko. Halaber, baimena emanen diote Gizarte Segurantzako Lurraldeko Diruzaintzari Gizarte Segurantzako afiliazioari buruzko datuak uzteko. Horregatik, eskatzaileak eta, horrelakorik bada, haren ezkontideak edo haren bikotekideak sinatu beharko dute eskabide inprimakia.

6. Ebazpena.

6.1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiari dagokio eskabideen gainean ebaztea.

6.2. Eskabideak azterturik, Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko Familia Atalak, laguntzak emateko prozedurako instrukzio organoa baita, eman beharreko laguntzak proposatuko dizkio Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiari.

6.3. Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu ahala ebatziko du espedienteen gainean, arrazoiak azaldurik, horretarako aurrekontuetan dirurik dagoeino, eta betiere deialdi honetan eskabideak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denetik sei hilabete iragan baino lehen, eta eskatzaileari ebazpena jakinaraziko dio.

6.4. Jakinarazpen hori eskatzaile bakoitzari banatuko zaio, onuradun guztien zerrenda Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean argitaratzeko aukera deusetan galarazi gabe.

6.5. Ezarritako epean ebazpenik eta jakinarazpenik ez bada, ezetsitzat joko da eskabidea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

7. Ordainketa.

7.1. Laguntza ordainketa bakar batean eginen da urtean. Kalkulatzeko, eskatzaileak deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak bete ditueneko 2008ko hilabeteak hartuko dira kontuan.

7.2. Jaiotza kasuetan, laguntza jaiotegunetik aurrera emanen da. Adopzio edo harrera kasuetan, laguntza epaileak adopzioa erabakitzen duenetik aurrera edo administrazioak edo epaileak harrera iraunkorra, adoptatu aurrekoa edo bakuna, erabakitzen duenetik aurrera emanen da, baldin eta jaiotza, adopzioa edo harrera 2008an gertatu bada eta azken bi kasu horietan haurrak hiru urtetik beherakoak badira.

7.3. Jaiotza edo adopzio edo harrerari buruzko ebazpenak 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak badira, laguntza 2008ko urtarrilaren 1az geroztik emanen da, eskatzen diren gainerako betebeharrak betetzen badira.

7.4. Kasu guztietan, hots, jaiotzan, adopzioan edo harreran, laguntza 2008ko abenduaren 31 arte emanen da, salbu eta adingabeak lehenago betetzen baditu hiru urteak, kasu horretan ordura arte emanen baita laguntza.

8. Laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honen xede den laguntza Gizarte Segurantzak eta Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren Zuzendaritza Nagusiak helburu bererako ematen dituzten bestelako laguntzekin bateragarria da, eszedentziarako laguntzarekin izan ezik. Laguntza hori urtarrilaren 29ko 24/2001 Foru Dekretuak aldatu zuen ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuaren bidez arautu zen.

9. Laguntza iraungitzea eta itzuli beharra.

9.1. Laguntzarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari dagozkion zergatikoengatik eskuratuz gero, iraungi eginen da eta kobraturiko dirua osorik edo hein batean itzuli eta laguntza kobratu zenez geroztik izaniko berandutza interesak pagatu beharko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarririko zenbatekoan, bestelako zehapenak deusetan galarazi gabe.

9.2. Laguntza horretarako baldintzak bete gabe Administrazioari dagozkion zergatikoengatik eskuratuz gero, kobraturiko laguntza osorik edo hein batean itzuli baizik ez da egin beharko.

10. Maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuaren babesean aurkezturiko eskabideak.

Martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren eta maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuaren babesean ama langileendako aurkezturiko laguntza eskabideak betiere arautegi horri jarraituz gobernatuko dira.

11. Baliabideak.

11.1. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

11.2. Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean adierazitakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F0911982