39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

84/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateek kirol jarduerak bultzatu eta sustatzeko diru-laguntzen 2009ko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Kirolaren egungo ezarpena Nafarroan eta toki entitateek horretan duten inplikazioa dela eta, Nafarroako Gobernuak neurriak eskaintzen ditu Nafarroako populazio osoari kirola egiteko aukera emateko eta toki entitateei laguntzeko bere eskumenak bere gain hartu eta bere kirol antolaketa gara dezaten.

Hori horrela, Kirolari buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Kirolaren Institututik kirol jarduera toki entitateetan sustatzeko bideratzen diren baliabideak beste modu batean egituratu behar dira; izan ere, tamaina ertain edo txikiko toki entitateetara bideratu behar dira, oinarrizko kirol antolamendua finkatu edo sortu beharra dutenetara hain zuzen, herritarrei beharrezko diren kirol zerbitzuak eskaini ahal izateko eta, kasu guztietan, prestazioen maila hobetzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kirol jarduerak bultzatu eta sustatzeko Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen 2009ko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi horretara aurkezten diren Nafarroako toki entitateen eskaerak baloratzeko baremoa onestea. Foru agindu honen II. eranskinean ageri da.

3. Deialdi hau aurrera eramateko, 500.000 (bostehun mila) euroko gastua baimentzea. Nafarroako 2009ko aurrekontu orokorretan "Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak" izeneko 940002 9511 04609 336100 kontu-sailaren kargura ordainduko da diru hori.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 3an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

1. Deialdi honen helburua da toki entitateei norgehiagoka bidez diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2009rako.

2. Diru-laguntza motak.

Eman beharreko diru-laguntzak hauek dira:

2.1. Kirol sistema berriak ezartzeko diru-laguntza, kirol antolaketarik ez duten toki entitateetarako eta Kirol Zuzendariordetzaren iritziz kirol sistema egonkor gisa eratzeko modurik ez duten beste kirol programa batzuetarako. Diru-laguntza berariazko eta egoki bat emanen da, toki entitateari bide emateko bere kirol sistema lortu eta bertako herritarrei kirol zerbitzua bermatzeko.

2.2. Herrietan egun diren kirol sistemen funtzionamendua eta garapena hobetzeko eta sistema horiek indartu eta berritzeko diru-laguntzak, betiere Nafarroako Kirolaren Institutuak halakotzat hartzen baditu. Hauek izanen dira laguntzak:

2.2.1. Kirol teknikariak kontratatzeko laguntza:

Kirol teknikari bat urtean zehar kontratatzen duten edo azken bi urteetan kontratatu duten udalek eta kirol mankomunitateek izanen dute zilegi laguntza honetara jotzea.

a) Lanpostu sortu berria

Lanpostu sortu berria izendapenarekin esan nahi da entitatearen plantilla organikoan lehen aldiz agertzen dela.

b) Lanpostua hobetzea.

Izendapen horrekin esan nahi da lanpostuaren lanaldia edo maila aldatu dela eta, horren ondorioz, aurrekontua handitu. Osagarriei ez zaie aplikatuko.

a) eta b) ataletako laguntza hauek eskuratuko badira, lanpostuak honako baldintza hauek bete behar ditu:

-Plantilla organikoan egotea.

-A edo B mailetako lanpostu sortu berriak izatea, Gorputz Jardueretako eta Kirolaren Zientzietako eta Gorputz Hezkuntzako lizentzia edo diploma edukitzea eskatzen dutenak.

-Lanaldi osokoa (lanpostu berrien kasuan).

-Laguntzak ematen ahalko dira nahiz eta kontratuak izaera finkoa ez izan, laguntza lanpostuari eta ez pertsonari zuzendutakoa baita. Beraz, lanpostua behin diruz lagunduta, ezin izanen da kontzeptu berengatik berriz diruz lagundu.

Laguntza hau hartzen ahalko dute, orobat, kontratatzen den kirol teknikariaren kudeaketaldia beste arlo batzuekin banatzen denean, baldin eta kirol arloan aritzen bada kudeaketaldiaren %50 edo gehiago. Kasu horretan, kirol arloan zenbat denboran aritzen den, hainbestekoa izanen da laguntza.

Toki entitateek bigarren kirol teknikari bat kontratatzeko diru-laguntza emanen da.

Laguntza lanpostuarekin lotuta dago (lanpostua sortu edo hobetzea) eta ez langilearekin.

Laguntza hauek kontratazio urte bakoitzerako II. eranskinean ezarritako portzentajeen araberakoa izanen dira, jabetza hartzeko egunetik kontatzen hasita.

2.2.2. Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketa.

Hirugarren adinekoen kirola sustatzeko, aurkeztutako eskaeren artean laguntza emanen zaie toki entitateek bakarrik 65 urtetik gorakoentzako gorputz-ariketak gauzatzeko sustatzen dituzten proposamenei, foru agindu honen II. eranskineko 3.2 oinarrian eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

2.2.3. Emakumearen gorputz-ariketa.

Emakumearen kirola sustatzeko, aurkeztutako eskaeren artean laguntza emanen zaie zenbait proposameni. Toki entitateen proposamen horiek berariazko kirol programak garatu beharko dituzte, eta ezarritako xedeekin bat etorriko dira, eta populazioaren zati honi laguntza emanen diote.

2.2.4. Integrazio programak.

Honako ekintza hauek lagunduko dira: toki entitatearen kirol jarduera arruntean, jarduera horretan parte hartzen ez duten pertsona eta kolektiboen elkarbizitza erraztu eta bultzatzea helburu duten kirol programak egiteko ekintzak. Arrazoi ezberdinengatik ez dute pertsona eta kolektibo horiek kirol jardueran parte hartzen: zentzumenetako edo mugitzeko ezgaitasuna dutelako, mugak norberaren jardueran eta sozialki aukera gutxi dituztelako.

2.2.5. Kirolaren segurtasunerako laguntzak:

Kirol jardueretan arriskuari aurrea hartzen eta kontrolatzen saiatzen diren ekintzak lagunduko dira, batez ere langileen prestakuntzan, larrialdi kasuetan nola jokatu jakiteko.

Diru-laguntza berariazko eta egoki bat emanen da, toki entitateek erraztasuna izan dezaten herritarrei kirola egiteko orduan segurtasuna eskaintzeko eta larrialdi kasuetan berehala jokatzeko.

Desfibrilazioak bihotz-gelditze kasuetan duen garrantzia dela eta, osasun agintariek eta elkarte zientifikoen ustez komeni da desfibriladoreak larrialdi egoeretan parte hartzen duten lehenengo pertsonek erabiltzea. Desfibriladore erdiautomatikoen hobekuntzak bere erabilera erraztu du bihotzaren erritmoaren nahasteak antzemateko orduan eta tratamendu elektrikoan, erabiltzeko beharrezkoak ziren entrenamendu zailak saihestuta.

Kirola egiterakoan bihotza gelditzeko dagoen arrisku potentziala dela eta, laguntza honen helburua da, besteak beste, langileen prestakuntzan parte hartzea eta desfibriladoreak erostea. Langileen prestakuntza, batez ere kirolarekin harremana duten langileena, desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzeko izanen da. Desfibriladoreek foru agindu honen II. eranskineko 3.5 puntuko C. atalean agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

2.2.6. Jarduera arrunten programa.

Atal honetan kirol teknikaria duten kirol mankomunitateei emanen zaie laguntza, kirol mankomunitatearen programazioan modu egonkor eta etengabean gauzatzen diren kirol jarduera guztietarako, betiere herritar guztiendako badira.

2.2.7. Sustapen programa berariazkoetarako laguntza:

Udalerri bat Nafarroan indar gutxi duen kirol mota batekin lotzeko ekintzak lagunduko dira. Toki entitate eskatzaileak, herriko kirol klubak, Nafarroako Federazioak eta Nafarroako Kirolaren Institutuak interesa erakutsi eta parte hartu beharko dute proposamenean. Kasuan kasuko kirolaren edo kiroldegiaren berezitasuna dela eta, ez da nahitaezkoa izanen kirol klubak parte hartzea.

Aurkeztutako eskaerak ikusi eta erabakiko da horietatik zeinen bideragarritasun azterlana eginen den. Entitate horietako ordezkariek osatutako talde batek eginen du azterlana.

Azterlan hori izanen da Nafarroako Kirolaren Institutuak laguntza zeini eman erabakitzeko oinarria. Atal hori dela eta, eskuratzen ahal den diru kopurua, gehienez, udalak programarako ematen duen zenbatekoaren antzekoa izanen da. Horretarako, instalazioen alokairua zenbatzen ahalko da.

2.2.8. Kirol federazioekin sinatutako hitzarmenen ondoriozko laguntza:

Diru-laguntzak emanen dira herrietan kirol berriak ezartzeko, baldin eta kasuan kasuko kirol federazioarekin gauzatzen bada, hiru urte badirau eta kirol horretarako klub bat sortu nahi bada.

2.2.9. Kirol ikuskizunak:

Aurkeztutako eskaeren artean zeini laguntza eman erabakitzeko, kontuan izanen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren ustez duen interesa, ikuskizunaren kirol maila eta eragin ekonomikoa.

Nafarroako toki entitate guztiek eskatzen ahalko dute atal honetako laguntza.

Foru Komunitatearendako garrantzitsuak izateagatik, edukiagatik, egokitasunagatik edo hedabideetan oihartzuna izateagatik Nafarroako Kirolaren Institutuarendako interesgarriak diren eskaerak hartuko dira bereziki kontuan. Kasu horretan laguntza hitzarmenen bidez ematen ahalko dira berariaz.

3. Xedea.

3.1. Diru-laguntzak 1. oinarrian jasotzen diren ekintzak burutzean sortutako gastuak hein batean berdintzeko erabiliko dira, baldin eta titulartasuna toki entitateari badagokio eta 2008ko irailaren 30etik 2009ko irailaren 30era bitarte egiten badira.

3.2. Ez da zilegi izanen diru-laguntzak material inbentariagarria erosteko erabiltzea, eranskin honen 2.2.5. atalekoak izan ezik.

4. Onuradunak.

4.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean osaturik dauden eta Nafarroako Kirolaren Institutuak aitortutako kirol sistema daukaten udalek eta kirol mankomunitateek hartzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren diru-laguntzak.

4.2. Zilegi izanen dute deialdi honetako helburu diren banakako laguntzetara jotzea Nafarroako Kirolaren Institutuak aitortutako kirol sistema duten eta mankomunitate baten barruan dauden udalek, nahiz eta mankomunitateek ere laguntza jaso.

4.3. Aldi batez, kirol mankomunitate bihurtzeko tramiteak egiten ari diren entitate edo elkarteen eskaerak kontuan hartuko dira, baina jarduera arruntetarako laguntzak hartzen ahalko dituzte bakarrik.

4.4. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira berariazkoagoko deialdien helburu diren kirol jarduerako eta kirol ikuskizunetako programak.

5. Aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Diru-laguntzarako eskaerak eta agiriak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideen bidez.

5.2. 2009ko diru-laguntzetarako eskaerak eta agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Agiriak.

6.1. Eskaerak alkateak edo kirol mankomunitateko lehendakariak Nafarroako Kirolaren Institutuari igorritako eskabide baten bidez aurkeztuko dira, erakunde horretan eskuratuko diren inprimakiak erabiliz eta agiri hauekin batera:

a) Kirol sistema berriak ezartzeko, A inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko garatuko den edukia, justifikazioa eta harremanetarako pertsona.

b) Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketarako, B inprimakia erabiliko da, eta bertan deskribatuko jarduera eta parte hartzaileak.

c) Emakumearen gorputz-ariketarako, C inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko programaren xedeak, jarduerak, diru-sarrerak eta gastuak.

d) Integrazio programetarako, D inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko programaren xedeak, jarduerak, diru-sarrerak eta gastuak, eta lagunduko duten entitateak, halakoak egonez gero.

e) Kirolaren segurtasunerako laguntzetarako, E inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko prestakuntza ikastaroen zenbatekoa edo, kasua bada, desfibriladoreak erabiltzeko baimendutako langileak, bai eta desfibriladorearen zenbatekoa eta ezaugarriak ere, eta kirolaren segurtasunetik eratorritako beste edozein gastu.

f) Jarduera arrunten programarako, F inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko herria, kirol jarduera, mota, adina, sexua, noiz hasi eta noiz bukatuko den, parte-hartzaileak, diru-sarrerak eta gastuak.

g) Toki entitateetan kirol teknikariak lanpostu sortu berrietarako kontratatzeko edo orain diren kirol teknikarien lanpostuak hobetzeko kasuetan, behin betiko dokumentazio gisa edo urtean zehar bukatu beharreko prozedura hasteko abisu gisa, G inprimakia erabiliko da, eta horrekin batera beste agiri hauek aurkeztuko dira:

-Lanpostuaren ezaugarriak azaltzen dituen agiri ofiziala.

-Lanpostuaren kontratua edo lanpostuaren jabetza-hartzearen eginbidea.

-Zenbateko ekonomikoaren ziurtagiria.

h) Sustapeneko programa berariazko, H inprimakia erabiliko da, eta bertan eskaera arrazoitu eginen da, eta horretan dirauten aldeen asmoen adierazpena eta harremanetarako pertsonak zein diren aipatuko.

i) Federazioekiko hitzarmenetarako, I inprimakia erabiliko da, eta hitzarmenaren kopia bat erantsiko zaio.

k) Kirol ikuskizunetarako, K inprimakia erabiliko da, eta bertan zehaztuko dira izena, arrazoia eta deskribapena, kirol mota, datak, parte-hartzaileak, diru-sarrerak eta gastuak.

n) Oro har, kirol gaietarako gastu eta diru-sarreren aurrekontuen gaineko informazioa aurkeztuko da, kapituluka xehakatua (L inprimakia).

ñ) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak dituela dioen erantzukizuneko aitorpena.

6.2. Kirol ekintzak frogatzen dituzten agiriak dagokion urtearen urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

a) Idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkatearen ikus-onespenarekin, zeinetan jasoko baita gastu eta sarreren balantze ekonomikoa, ezarritako ereduaren arabera. Bestalde, fakturen izen zerrenda aurkeztu beharko da ere.

b) Diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa denean, onuradunak erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

c) Ikuskizun bakoitzaren fitxa betea, eta horrekin batera, idazkariak emandako gastu-sarreren balantze ekonomikoaren gaineko ziurtagiria. Bestalde, fakturen izen zerrenda aurketu beharko da ere.

Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

7. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko organo eskuduna.

8. Balorazioa.

8.1. Eskaeren gainean ebazteko balorazio batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek izanen ditu: Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol zuzendariordea, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Entitateen eta Kirol-errendimenduaren Ataleko burua, Kirola Garatzeko Eragileen Bulegoko burua eta Administrazio Publikoko teknikari bat, arlo juridikokoa.

8.2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, baremoa aplikatu ondoren ateratzen diren zenbatekoak eta aurkeztutako eskaaeren kopurua ikusi eta, deialdi honetarako finkatutako dirua nahikoa ez bada aurreikusitako gehieneko diru-laguntzak emateko, diru hori diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

9. Ebazpena.

1. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du eta interesdunei jakinaraziko zaie, justifikziorako epea bukatzen den egunetik lau hilabeteko epean gehienez.

Ezarritako epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaerak ukatutzat hartuko dira.

Diru-laguntza emateko ebazpenean diru-laguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaien ezetz, halakorik baldin bada.

2. Ematen den diru-laguntza hau bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa betez, deialdi honetan emandako diru-laguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren Institutuko eta Kirol Etxeko iragarki oholetan jarriko dira.

10. Betebeharrak.

10.1. Diru-laguntzaren onuradunek dirua nahitaez diru-laguntzaren helburuetan erabili beharko dute eta hala egin dela dokumentuen bidez justifikatu. Gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen konprobazio guztiak onartu eta aisatu beharko dituzte, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuak eskatzen dituenak ere bai.

10.2. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute diru-laguntzen hartzaileek. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

10.3. Diru-laguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte.

10.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala ikuskaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, indarra duten legeetan xedatu bezala.

10.5. Toki entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo ezartzen den beste bat erabili beharko dute diru-laguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 89/2004 Foru Dekretua betetzeko.

10.6. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezaritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

10.7. Toki entitateek berek eginen dute kirol teknikarien lan kontratazioa, eta Nafarroako Gobernuak ez du kontratazio horretan erantzukizun subsidiariorik izanen.

11. Diru-laguntza nola eta noiz pagatuko den.

Emandako diru-laguntza transferentzia bidez pagatuko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean, gehienez, justifikatu ondoren.

12. Ez-betetzeak.

12.1. Deialdi honen oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berarekin, jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko diru-laguntza eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.

12.2. Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

14. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Xedea.

Eranskin honetan ezarri da Nafarroako toki entitateek, kirol jarduerak bultzatu eta sustatzeko diru-laguntza deialdia dela-eta, aurkeztutako eskaerak baloratzeko baremoa.

2. Irizpide orokorrak.

1. Diruz lagunduko dira toki entitate eskatzaileak berak egiten dituen ekintzak.

2. 2008ko irailaren 30etik 2009ko irailaren 30era bitarte gauzatutako ekintzak, hau da, laguntzen deialdia egin deneko urte naturala.

3. Laguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen, eta jardueraren gastuaren %80koa izanen da gehienez.

3. Aplikatzeko baldintzak.

Diru-laguntzaren atalen eta esparruen ezaugarriak kontuan hartuta, atal hauetako baldintza zehatz eta berariazkoak ezarri dira.

3.1. Kirol sistema berriak eta kirol sistema egonkorrak izateko modurik ez duten beste kirol programa batzuk ezartzea.

A) Balorazio irizpideak hauek dira:

a) Egin gogo diren jarduketen izaera eta garrantzia (30 puntu)

-Proiektuko helburuak aurreikusitako helburuarekin bat etortzea eta koherenteak izatea, 15 puntu gehienez.

-Proiektua behar bezain landua izatea eta behar adinako kalitateaz eta aurretiko prestakuntzaz egina, 15 puntu gehienez.

b) Teknikariak eta ekintzen eragina kirol sistemaren sorreran eta jarraipenean (40 puntu).

-Titulazioa (10 puntu gehienez).

-Titulazio egokia izatea proiekturako (10 puntu gehienez).

-Proiektuan partaide diren kirol elkarte eta entitateak (10 puntu gehienez).

-Proiektuaren xede diren toki entitateak eta populazioguneak (10 puntu gehienez).

c) Finantzaketa irizpideak (30 puntu).

-Bideragarritasun ekonomikoa, 10 puntu gehienez.

-Baliabide publikoak eta pribatuak sortzeko gaitasuna, 10 puntu gehienez.

-Proiektuaren eragin ekonomikoa, 10 puntu gehienez.

B) Ataletako puntuak batuta, diru-laguntza honela kalkulatuko da: puntu kopurua bider 100 euro, horixe baita puntu baten balioa.

C) Diru-laguntzetarako honako muga hauek egonen dira:

a) Ezarri behar den kirol sistema berrirako aurreikusi eta onetsitako zenbatekoaren %50 bitarte.

b) Kirol mankomunitate bat eratzen ari diren toki entitateetan diru-laguntza gehienez ere 18.000 eurokoa izanen da eta puntuaren balioa 200 eurokoa.

3.2. Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketa.

A) Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz, baldin eta Nafarroako Kirolaren Institutuko Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren adostasuna lortzen badute honako puntu hauei dagokienez:

-Taldeek 15 pertsona izanen dituzte gutxienez eta 25 gehienez. Kasu berezietan, laguntza emanen zaie bestelako taldeei.

-Parte-hartzaile guztiek balorazio arrunt bat eginen dute kirol jardueran hasi baino lehen, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren jarraibideen arabera. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak emanen du aurretiko balorazio horretarako eredua, eta balorazioa medikuntzako edo kirurgiako lizentziadunaren nahiz erizaintzako unibertsitate diplomadunaren titulua duten osasun arloko langileek eginen dute.

-Jarduera ongi egiteko behar den azpiegitura izan beharko da (lokal estalia, bi mankuerna, 2 eta 3 kilokoak, zinta metrikoa, 4 kono eta erregela zurruna, 50 cm-koa).

-Jarduera fisikoaren ardura duten begiraleek "Hirugarren adinekoentzako jarduera fisikoari buruzko prestakuntza orokorreko ikastaroa" gainditua izan beharko dute, 2008ko abenduaren 31 baino lehen; ikastaroak 30 orduko iraupena izanen du eta Nafarroako Kirolaren Institutuak emanen du, eta NKIak zilegi izanen du balio bereko edo handiagoko beste batekin baliozkotzea.

-Jardueraren ardura duten begiraleek konpromisoa hartuko dute Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak aldian behin antolatzen dituen "Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketaren gaineko eguneratze-jardunaldietan" parte hartzeko.

-Taldeak Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak programaren jarraipena egin eta jarduerak ebaluatzeko programan parte hartzeko konpromisoa hartuko du.

-Begiraleek konpromisoa hartuko dute Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroari ariketa fisikorako programa honetan parte hartzen duten hirugarren adineko taldeei buruzko informazioa igortzeko (joatea eta irautea, egoera fisikoaren ebaluazioaren emaitzak, iradokizunak etab.). Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak informazio hori jasotzeko eredua prestatu eta igorriko die programa honen onuradun diren toki entitateei.

B) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren adostasuna lortzen duten taldeek 2.000na euroko laguntza jasotzen ahalko dute, gehienez.

3.3. Emakumearen gorputz-ariketa.

Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz. Hau dela eta, kirol eta gorputz jarduera programak sentsibilizazio ekintzak baino lehentasun handiagoa izanen dute eta lehenengo horiek diru-laguntzaren portzentaje handiagoa jasoko dute.

Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien eta jarduera horietako parte hartzaileen artean. Dena den, bi kontzeptu horiei dagokien laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren programaren defizita baino handiagoa.

3.4. Integrazio programa.

Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz.

Laguntza portzentaje handiagoa ezarriko da ezgaitasuna dutenentzako berariazko programentzako eta kolektibo batzuen baterako gorputz eta kirol jardueraren bidez elkarbizitza sustatzen dutenentzako.

Ez dira lagunduko programaren xedea betetzen ez duten proiektu berariazkoak.

Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien eta jarduera horietako parte hartzaileen artean. Dena den, bi kontzeptu horiei dagokien laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren programaren defizita baino handiagoa.

3.5 Kirolaren segurtasunerako laguntzak.

A) Atal honetako jardueretatik, programaren xedearekin lotura zuzena dutenak lagunduko dira diruz. Desfibriladoreak erosiko dira baldin eta baimena eta behar adinako prestakuntza duten langileak baldin badira. Halaber, prestakuntza ikastaroa ere diruz laguntzen ahalko da.

B) Atal honetarako dirua hein berean banatuko da onartutako jarduera guztien artean. Dena den, hartutako laguntza, guztira, ez da izanen toki entitate bakoitzaren ekintzaren defizita baino handiagoa.

C) Diruz laguntzen ahal diren desfibriladoreek gutxieneko honako ezaugarri hauek izanen dituzte:

-Homologatua. Teknika aldetik segurua eta aski frogatua.

-Funtzionamendu erdiautomatikoa, SMART trunkatutako onda bifasiko esponentzialaren bitarteko talka administrazioa duena.

-50 ohmeko kargarentzako 150 jouleko irteera energia paziente helduentzako eta karga berarentzako 50 joulekoa haurrentzako.

-10 segundu baino gutxiagoan kargatzen dena.

-Analisi/deskarga hiru zikloetarako, 60 segundu baino gutxiagoko deskarga zikloa.

-Talka desfibrilazio elektrodoen bidez administratzea.

-Desfibrilazio elektrodo berak erabilita, helduekin eta haurrekin erabiltzeko egokia izatea.

-Bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) maniobrak egiteko ahots gidari automatikoa izatea.

-Ekipamenduaren azterketa automatikoa. Mantentzeko beharrik ez.

-Litio-manganesoko bateriarekin funtzionatzen duena, bota eta erreziklatzen ahal dena, 200 talka edo etengabeko 4 orduko operazioa egiteko gutxieneko iraupena duena. Erabili gabe, gutxienez 4 urteko iraupena.

-Tamaina: gehienez ere 10 zentimetroko altuera, 20 zentimetroko zabalera eta 25 zentimetroko hondoa. 2 kilo baino gutxiagoko pisua.

-Garraiatzeko poltsa.

-Gomendio ofiazialen arabera, erantzukizuna protokoloak eguneratzeko orduan.

-Era berean, diru-laguntzen xede izanen dira arestian azaldutakoen antzeko ezaugarriak dituzten desfibriladore homologatuak.

3.6 Jarduera arruntak.

A) Kirol mankomunitateetako jarduera arrunten programak baizik ez dira lagunduko, gehienez 30.000 euro.

B) Atal honetako laguntzen %60 honako baldintza hauen arabera kalkulatuko da:

1. Herri batzuetan egitea.

2. Adin guztietako lagunentzat izatea.

3. Kirol mankomunitatearen kirol garapena bultzatzea.

%60 hori honako portzentaje hauen arabera aplikatuko da:

  • 8.000 euro bitarte: baldintzetako bat betez gero.
  • 12.000 euro bitarte: baldintzetako bi betez gero.
  • 18.000 euro bitarte: hiru baldintza betez gero.

C) Atal honetako laguntzen gainerako %40 aurkeztutako defizitaren eta honako indize hauen arabera kalkulatuko da:

  • 8.000 euro bitarte: defizita gastuaren %50etik gorakoa denean.
  • 10.000 euro bitarte: defizita gastuaren %40tik %50era bitartekoa denean.
  • 12.000 euro bitarte: defizita gastuaren %40tik beherakoa denean.

D) Biztanlegoa oso sakabanatuta duten mankomunitateei 1,25eko indize zuzentzailea aplikatuko zaie.

3.7. Kirol teknikarien kontratazioa.

A) Lanpostu sortu berria: laguntza kalkulatuko da oinarrizko soldataren eta gizarte segurantzaren batuketari kontratazio urteari dagokion portzentajea aplikatuta, taula honi jarraikiz:

URTEA

PORTZENTAJEA

GEHIENEZ

Lehena

%60

15.000 euro

Bigarrena

%45

12.000 euro

Hirugarrena

%30

6.000 euro

B) Lanpostua hobetzea: laguntza soldata igoeraren arabera kalkulatuko da, lanaldiaren luzapenetik edo/eta mailaren igoeratik abiatuta. Horri aplikatuko zaio hobekuntza hasi zeneko urteari dagokion portzentajea, koadro honen araberakoa:

URTEA

PORTZENTAJEA

GEHIENEZ

Lehena

%60

6.000 euro

Bigarrena

%45

4.200 euro

Hirugarrena

%30

2.400 euro

3.8. Sustapenerako berariazko programak.

Programaren bideragarritasuna adierazi ondoren emanen da laguntza. Laguntzak ez du 12.000 euro baino gehiago eginen, horixe baita muga.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren laguntza ez da entitateak emandakoa baino handiagoa izanen.

3.9. Kirol Federazioekiko hitzarmenak.

A) Atal honetako helburua herrian berria den kirol modalitate berri bateko kirol talde bat sortzea denez gero, laguntzak ezarriko dira baldin eta hitzarmenean proposatutako jarduketak xedearekin bat badatoz.

-%30 bitarte: lotura gutxi duten ekintzak.

-%30etik %60ra bitarte: argi eta garbi lotuak dauden jarduerak.

B) Hitzarmen bakoitzeko gehienez 6.000 euro emanen dira edo toki entitate batek aurkeztutako hitzarmen multzoko 12.000 euro.

3.10. Kirol ikuskizunak.

A) Eskaerak diruz laguntzen ahal diren kirol ikuskizuntzat hartuko dira, baldin eta ezaugarri hauek badituzte:

-Kirol federazioetako kirol modalitateekin edo prestakuntza aztertzeko modalidateekin zerikusia izatea.

-Espainiako edo Nafarroako goi mailako taldeek edo kirolariek parte hartzea.

-Ekonomia aldetik, entitatearentzat eragin handia izatea.

-Entitate eskatzaileak antolatuak izatea.

-Parte-hartze jendetsua izatea (kasu berezietan bestelako batzuk hartzen ahalko dira aintzat).

-Lehiatzeko maila handia izatea.

B) Honako eskaera hauek baztertu eginen dira:

-Federazioen egutegi ofizialetan egon ez eta A ataleko ezaugarriak betetzen ez dituzten herri probak.

-Toki entitateak edo diru-laguntzetarako beste deialdi batzuek lagundutako ekintzak.

-Jarduera arrunten programazioarekin bat datozen eta A ataleko ezaugarriak betetzen ez dituzten ekintzak.

C) Diru-laguntza defizitaren arabera kalkulatuko da. Horri, oro har, %25 aplikatuko zaio, baina %20 handitzen ahalko da ikuskizunaren mailak hala eskatzen badu.

D) Laguntzak, gehienez, hauek izanen dira:

-1.500 eurokoak oro har; kopuru hori handitzen ahalko da Nafarroako Kirolaren Institutuak interesgarritzat jotzen dituen jarduera berezietarako.

-600 euro, profesionalen pilota festibaletako partidetarako. Salbuespen gisa Nafarroako Kirolaren Institutuak zehazten dituen txapelketa ofizialak ere kontuan hartuko dira.

-300 euro, pilotari ez-profesionalen festibaletako partidetarako. Txapelketa izanez gero, festibal bakartzat hartuko da.

4. Lehentasun hurrenkera eta gastuaren portzentajeak

4.1. Foru agindu honen I. eranskineko 1. oinarrian ezarritako ataletarako laguntza eskaerak kontuan hartzeko lehentasun hurrenkera eta bakoitzari dagokion diru kopurua hauexek dira:

1.-Hirugarren adinekoentzako gorputz-ariketa, %6 gehienez.

2.-Emakumearen gorputz-ariketa, %9 gehienez.

3.-Integraziorako programak, %4 gehienez.

4.-Kirolaren segurtasunerako laguntzak, %7 gehienez.

5.-Kirol sistema berrien ezarpena, %4 gehienez.

6.-Jarduera arrunten programa, %46 gehienez.

7.-Kirol teknikarien kontratazioa, %5 gehienez.

8.-Sustapenerako berariazko programak, %7 gehienez.

9.-Kirol Federazioekiko hitzarmenak, %4 gehienez.

9.-Kirol ikuskizunak, %8 gehienez.

4.2. Atal baten kargura emandako diru-laguntzen kopurua atal horrek atxikia duena baino txikiagoa bada, soberakoa beste atal batean erabil daiteke, Kirol Zuzendariordetzak hala erabakita.

Iragarkiaren kodea: F0911391