39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

74/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2009. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean gizarte sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Nafarroako Parlamentuak, gure Foru Komunitatearen kontzientzia sozialaz jabetuta, herri eta herrialde pobretuen giza garapen iraunkorrari laguntzeko asmoz, funtsak eman izan ditu, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki, 14. artikuluak xedatzen du besteak beste funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko. Halaber, haren 7.2 artikuluak xedatzen du Nafarroako Administrazio Publikoek garapenerako lankidetzarako programetan garapenerako hezkuntzarako eta gizarte sentsibilizazio ekintzak bilduko dituztela, zuzenean edo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera egin beharrekoak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da Nafarroako gizartea garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzeko ekintzak egiteko diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkatutako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

Lehena.-2009. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean gizarte sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-2009ko gastuen aurrekontuko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900001-91200-4819-143102 kontu-sailari dagokion 400.000 euroko gastua baimentzea.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 2an.-Osasuneko konseilaria (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaren ordez, Nafarroako Gobernuko Lehendakariaren ekainaren 23ko 3/2009 Foru Dekretuarekin bat). María Kutz Peironcely.

ERANSKINA

2009. urtean garapenerako lankidetzaren barrenean gizarte sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.-Xedea eta helburua.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru-laguntzetarako deia egin du 2009rako, Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera gizarte sentsibilizazio ekintzak finantzatzeko, horrela garapen bidean dauden herrien arazoak hobeki ulertzeko. Nafarroako erakundeek proposatzen dituzten ekintzak formatu hauen bidez gauzatzen ahalko dira, besteak beste: zabaldkunde kanpainak; informazio zerbitzuak; bidezko merkataritzaren eta ardurazko kontsumoaren aldeko ekimenak, garapen bidean dauden herrietatik datozen produktuak babesteko; erakusketak; edo material didaktikoaren prestaketa. Prestakuntza ekintza arautuak eta arautugabeak eta hezkuntzarako besterik ez diren proiektuak bazter utziko dira espresuki.

2.-Aurrekontuetan aurreikusitako dirua.

Deialdi honetarako zenbatekoa 400.000 eurokoa da, Nafarroako 2009ko aurrekontu orokorreko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.-Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen betebeharrak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak eta legez eratuak izatea. Gainera, bi GGKE edo gehigoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berez nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

Gainera, bi GGKE edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berez nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, Garapenerako Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak izatea.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

e) Egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Oinarri honetako b) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

f) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

h) GGKE taldeak izanez gero, elkarteko entitate bakoitzak bete beharko ditu betebehar guztiak.

Laugarrena.-Garapenerako lankidetzaren arloan gizarte sentsibilizazio ekintzek bete beharrekoak.

Diru-laguntzen onuradun izan ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten gizarte sentsibilizazio ekintzek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta- edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko sentsibilizazio ekintzaren kostua.

d) Sentsibilizazi ekintza beraren faseren baterako diru-laguntzak jaso badituzte lehenago, haiek emateko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatu beharko dute.

e) Elkarte bakoitzak 20.000 euro eskatzen ahalko ditu gehienez, eta GGKE elkarteen kasuan, 40.000 euro.

f) Sentsibilizazio ekintzak 2009. urtean egin beharko dira.

Bosgarrena.-Eskaeren aurkezpena.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte (agiri motak bereizteko egindako 2 multzoetatik bakoitzari dagokiona karpeta edo gutun-azal batean):

a) Diru-laguntza eskatzen duen GGKEaren gaineko dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada):

a.1) Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

a.2) Identifikazio Fiskaleko Txartela.

a.3) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko diru-laguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

a.4) Bi ekintza edo gehiagotarako diru-laguntza eskatzen bada, aurreko ataletako dokumentazioa eskaeretako bakar batean aurkeztuko da.

a.5) Eskaera GGKE talde batena izanez gero, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a.5.1.) GGKEen batasuna osatzea. Taldeak berezko nortasun juridikorik eduki ezik, osaerako agirian taldeari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak egiteko adina gaitasun duen ahaldun edo ordezkariaren izenak agertu beharko du espresuki, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoak ere bai.

a.5.2.) Talde edo elkartea osatzen duen GGKE bakoitzaren eginkizunak eta zerginak adieraziko dituen agiria, non elkartearen izenean eta horren kontu sentsibilizazioa burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

a.6) Hirugarren oinarriko g) atalaren arabera onuradun izateko egoeretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

b) Gizarte sentsibilizazio ekintzaren gaineko dokumentazioa:

b.1) Sentsibilizazio ekintzaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta ekintzaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

b.3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek sentsibilizazio ekintzako zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta sentsibilizazio ekintzarako egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana sentsibilizazio ekintzaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.

Zazpigarrena.-Instrukzioa.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

2. Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskaturiko diru-laguntzarenak, entitate eskatzailearenak eta/edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aipatzen direnak, interesdunari eskatuko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat, hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.

Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1.-Garapenerako lankidetzaren arloan gizart sentsibilizazio proiektuetarako diru-laguntza eskaerak baloratzeko hurrengo gaikako ataletan sailkatuko dira:

A.-Alderdi orokorrak: milurte honen garapena, globalizazioa eta garapen iraunkorraren helburuetarako aurrekontuan dagoen diruaren %35 erreserbatuko da (140.000 euro).

B.-Alderdi espezifikoak: giza eskubideak eta nortasun kulturalak, bidezko merkataritza eta elkartasunerako ekonomia. Helburu horretarako aurrekontuan dagoen diruaren %35 erreserbatuko da (140.000 euro).

C.-Lankidetzarako agenteek egindako esperientzien gizarteratzerako aurrekontuan dagoen diruaren %20 erreserbatuko da (80.000 euro).

D.-Garapenerako lankidetzari lotutako bestelako alderdietarako aurrekontuan dagoen diruaren %10 erreserbatuko da (40.000 euro).

Gaikako atalen batean aurreikusiriko kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: Alderdi orokorrak (A), Alderdi espezifikoak (B) Esperientzien gizarteratzea (C) eta Bestelakoak (D).

2. Eskaerak 0 puntutik 100 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (%20): erakunde eskatzailearen oinarri soziala (10 puntu arte) eta gaitasun operatiboa (10 puntu arte) baloratu nahi dira. GGKE elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarentzako baloratuko da, eta, elkartea bi GGKEk osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan.

b) Ekintzaren kalitate teknikoa (%60): sentsibilizazio ekintzaren osagai teknikoak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

b.1) Ekintzaren barne koherentzia (25 puntu bitarte): oinarria (5 puntu bitarte), helburu eta jardueren arteko koherentzia (10 puntubitarte) eta jardueren zehaztasuna (5 puntu bitarte).

b.2) Aurrekontua (10 puntu bitarte): gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (5 puntu bitarte), gastuaren beharra (5 puntu bitarte).

b.3) Edukia, metodologia eta ekintzaren xede den populazioa (25 puntu bitarte): esku-hartzearen edukia (10 puntu bitarte); metodo didaktikoak eta berrikuntza (10 puntu bitarte) eta herritar onuradunak (5 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasuna (%20):

3. Diru-laguntzarako eskaera onartzeko, sentsibilizazio ekintzak gutxienez ere 50 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 10 gutxienez Plan Zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

4. Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatzen denarekin bat etorriko da.

Gaikako atal bakoitzean aurrekontuko dirua gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa portzentaje-tarte hauen arabera lorturiko balorazioaren arabera esleituko da: 50,00 eta 64,99 puntuen artean eskatutakoaren %70, 65,00 eta 79,99 puntuen artean eskatutakoaren %85, 80,00 puntu edo gehiago, eskatutakoa. Portzentajeen aplikazioaren ondoriozko kopurua zenbaki osoetara biribilduko da, hamartarrik gabe.

Halaber, portzentaje-tarteak aplikatu ondoren, gaikako atal bakoitzaren ondoriozko kopurua aurrekontuko dirua baino handiagoa bada, ondoriozko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak proportzioan banatu edo hainbanatuko dira.

Bederatzigarrena.-Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, organo instruktoreak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion diru-laguntzara egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposaturiko diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusiriko kofinantzaketaren batura baino.

Hamargarrena.-Ebazteko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira, eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie interesdunei.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren aurrerakinak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak propio baimenduz gero, diru-laguntzak emateko ebazpenean dirua aurretik ordaintzeko agintzen ahalko da.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. 2010eko martxoaren 31 baino lehen, onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute sentsibilizazio ekintzaren betetze mailaz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, González Tablas kaleko 7an.

2. Azken txostena justifikazio kontu baten gisakoa izanen da eta osagai hauek izanen ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Sentsibilizazio ekintzaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren araberakoa.

c) Sentsibilizazio ekintzako diru-sarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantziazio iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru-mota eta zenbatekoa eurotan.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako sentsibilizazio ekintzaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Aurkezten diren gastu guztien egiaztagiriak eduki beharko dira.

Egiaztagiri horiek fakturak edo merkataritzako trafikoan edo arlo juridikoan froga gisa erabil daitezkeen balio bereko bestelako agiriak izan daitezke, baina, betiere, zerrendan agertzen diren datuak bildu beharko dituzte.

Egiaztagiriak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira, eta ordainketa egin izana frogatu beharko dute.

4. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuak, diru-laguntzaren xede den jarduera egoki justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruzko espediente administratiboa itxiko du, zerbitzuaren txostenaren bidez edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Betiere entitate onuradunari jakinaraziko zaio.

Hamalaugarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontu-sail hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1) Ondasun higiezinak alokatzea.

a.2) Ekipamenduak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak.

b) Zeharkako gastuak.

Sentsibilizazio ekintzaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak dituen gastu administratiboak dira, alegia: langile, lokal eta bulegoko materialen gastuak eta bestelako gastu arruntak.

Gastuak frogatzeko, hamahirugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zail diren gastuak izan ezik. Hala gertatuz gero, GGKE onuradunaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, diruz lagundutako sentsibilizazio ekintzarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Diru-laguntzen xede diren gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

3. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

5. Boluntarioek egiten dituzten lanak ezin izanen dira diruz ordaindu eta, beraz, ezin izanen dira baloratu beharreko gastu gisa sartu sentsibilizazio ekintzaren aurrekontuan.

Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak ekintzaren zati baten gauzatzea hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaseigarrena.-Eginbeharrak.

Sentsibilizazio ekintza jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek ondoko hauek bete beharko dituzte:

a) Ekintza diru-laguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2009ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea, diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak egin ahal izateko, ekintza hori gauzatzenari den bitartean entitate onuradunaren herrialdean edo egoitzan ekintza gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa eta kokagunea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik. Esku-hartzearen bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak azkeneko txostenean jakinaraziko dira.

c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren, helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

d) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honetako hamahirugarren oinarrian aipatzen den azkeneko txostenaren bidez.

e) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

f) Nafarroako Gobernuari laguntzea sentsibilizazio ekintzaren garapenaren berri ematen, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

g) Proiektuaren publizitatea eta hedatze guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan, diru-laguntzaren onuradunen logotipoarekin batean, tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

h) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamahirugarren oinarriko 3. idatz-zatian aipatzen diren gastuen frogagiriak organo emailearen esku uztea, HALA eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatia urratu dela.

i) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetako hamazazpigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.

k) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, onuradunek ondasun horiek diru-laguntzaren xede den helbururako erabili beharko dituzte, gutxienez ere zazpi urtez erregistro publikoetan inskribatzen ahal diren ondasunak badira, eta bi urtez bestelakoak badira.

Hamazazpigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, diru-laguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

-Sentsibilizazio ekintzaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemezortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0911328