39. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

36/2009 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana. Horren bidez Oinarrizko Hezkuntzan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Batxilergoan eta Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak ematen dira, 2009-2010 ikasturterako.

Uztailaren 4ko 719/2007 Ebazpenaren bidez (102. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 17koa), irailaren 28ko 265/2007 Ebazpenak aldatua (134. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 26koa), lau urterako hezkuntza itunak onetsi ziren, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan, otsailaren 20ko 131/2007 Ebazpenaren bidez emandako arauei jarraikiz (33. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 16koa).

Uztailaren 17ko 738/2006 Ebazpenaren bidez (104. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 30ekoa), lau urterako hezkuntza itunak onetsi ziren Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Batxilergoan, otsailaren 9ko 109/2006 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (38. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa), eta urriaren 10eko 1001/2006 Ebazpenaren bidez aldatu zen (136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 13koa) 2006-2007 ikasturterako, eta gero 2007-2008 ikasturterako aldatu zen abuztuaren 17ko 718/2007 Ebazpenaren bidez (102. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 17koa).

Horren ondoren, 2008-2009 ikasturterako unitate itunduak aldatu ziren uztailaren 3ko 240/2008 Ebazpenaren bidez (105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa) eta hura, berriz, azaroaren 5eko 474/2008 Ebazpenak aldatu zuen (151. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 12koa).

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela Hezkuntza Departamentuarekin hezkuntza ituna sinatu duten ikastetxeetan unitate kopurua aldatzea, hezkuntzarako eskubideari bermabide egokia eman ahal izateko.

Erregelamendu ber horretako lehenbiziko xedapen gehigarriak, halaber, aipatzen du zilegi izanen dela unitateren baterako aldi bateko baimena duten ikastetxeekin sinatu den urtebeteko ituna luzatzea, xedapen horretan bertan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.

Hori guztia gogoan, bada, oraingo itunak aldatu eta/edo luzatzeko irizpideak finkatu eta prozedurak zehaztu behar dira.

Horregatik guztiagatik eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluaren bidez emandako ahalmenez baliatuz,

EBATZI DUT:

1. Oinarrizko Hezkuntzan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Batxilergoan eta Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak onestea 2009-2010 ikasturterako, honako oinarri hauei jarraikiz:

1. Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan, sinatutako hezkuntza itunak aldatu eta/edo luzatzeko, edo Oinarrizko Hezkuntzarako, Lanbide Heziketarako, Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Batxilergorako itun berriak sinatzeko, 2009ko maiatzaren 15a baino lehen.

Eskaerak ikastetxeen Erregistro Berezian ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.

Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea

2. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta nahiz Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza ituna aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

3. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honetako lehenbiziko atalean esan den epean, eta gutxienean honako datu hauek izanen ditu:

a) 2009-2010 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

4. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen lehenbiziko atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.

5. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Otsailaren 8ko 87/2007 Ebazpenean (43. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 6koa) eta otsailaren 9ko 109/2006 Ebazpenean (38. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa) finkaturiko ratioa bete beharko da. Horietan unitate itunduko ikasleen gutxieneko batez besteko erlazioa zehazten da, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatu bezala.

6. Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekreturen artikulu hauetan ageri den kopurua errespetatuko da: 13.1 artikuluak Haur Hezkuntzarako ezartzen duena, 21.1 artikuluak Lehen Hezkuntzarako ezarritakoa eta 27.1 artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako ezartzen duena. Halaber, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 52.5 artikuluan ezarritakoa beteko da Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetarako.

Hezkuntza itunen luzapena

7. Ikastetxe batek unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi bateko baimenarekin baldin badu, zilegi izanen du sinaturik daukan ituna luzatzeko eskatzea.

Ituna luzatu eginen da 2009-2010 ikasturterako, ikastetxeak irtenbidea eman behar badie bestela konpondu ez daitezkeen eskolatze premiei.

8. Ituna luzatzeko eskaerak, zazpigarren atalak aipatzen dituenak, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen lehenbiziko atalean aipatzen diren epeetan.

Itunak aldatu eta luzatzeko eta berriak sinatzeko prozedura

9.1. Itunak aldatu edo luzatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

9.2. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak zilegi izanen du txostenak eta balorazioak eskatzea, eskatzaileak aurkeztu dituen eskaera eta alegazioen gainean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Eskolatze Batzorde Nagusiari.

9.3. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

9.4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatu edo luzatzeko eskaeren gainean.

9.5. Horrekin batera, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Eskolatze Batzorde Nagusiak txostenak eta balorazioak egiten badituzte haiek ere kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta kasua bada, interesdunei espedientea erakusteko eta beren eskubidea babesteko bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko epea finkatuko du.

10. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak egiten duen proposamena Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiari igorriko zaio, ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak kontuan harturik.

11. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta luzapenak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak eginen du, hezkuntza administrazioaren izenean, eta bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.

12. Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatu edo luzatuko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Eskolatze Batzorde Nagusiko Burutzari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalera, Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegora eta Hizkuntza Itunen Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 9an.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Javier Esparza Sánchez.

Iragarkiaren kodea: F0910434