36. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

80/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrendako diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2009. urterako, nekazaritzari egiten zaizkion kalteak saihestu eta ehiza espezieen habitata hobetzeko.

Nafarroako alderdi batzuetan, zenbait ehiza espeziek, untxiek eta basurdeek batik bat, arazo larriak sortzen dituzte nekazaritzan, laboreetan egiten dituzten kalteengatik.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 86. artikuluan ezarritakoarekin bat, lege zibilen arabera erantzule direnek ordainduko dituzte ehizarako basa animaliek nekazaritzan eragindako kalteak.

Horren haritik, beste foru agindu baten bidez arautuko dira ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrendako diru-laguntzak, ehiza espezieek nekazaritzan eragindako kalteen erantzule direnean, ehizarako basa faunak eragindako kalte horiei aurre egiteko. Deialdiaren oinarrietan adierazten da ezen diru-laguntza hauek eskuratu ahal izateko beharrezkoa dela hesiak jartzea labore iraunkorrak edo balio ekonomiko handikoak babesteko, ehiza espeziek sorrarazten dituzten kalteak saiheste edo murrizte aldera. Ehiza aprobetxamenduaren titularrek, ukitutako jabeekin batera, babes sistema horiek paratu behar dituzte kalteen arriskua saihesteko.

Beste alde batetik, ehizarako basa fauna babesteko eta mantentzeko beharrezkoak dira habitata hobetzeko jarduerak, hala nola ehizarako ereintzak edo putzu txikiak egitea. Ereintzak janaria eskaintzen du urtearen parte handienean, berdetan eta aletan. Modu egokia da landare arrotzak eta intsektuak hazteko eta, sasoi batzuetan, estalpea eta babesa ematen die animaliei. Orobat, kaltea murrizteko eginkizuna du, ehiza espezieak haietara erakartzean ondoko laboreetako kaltea gutxitzen baita. Putzuetan ura pilatzen da ehiza espezieek euri gutxieneko sasoietan ura izan dezaten.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Ingurumen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela ehiza espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak ezartzeko.

Horregatik, egokitzat jo da laguntza lerro bat sortzea, 2009an barrutietan kalteei aurrea hartzeko edo habitata hobetzeko egiten diren ekintzen ondoriozko gastuak hein batean finantzatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako ehiza barrutien ehiza aprobetxamenduaren titularrei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, 2009. urtean ehiza espezieek nekazaritzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. 170.000 euroko gastua onartzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Elkarte eta partikularrendako laguntzak, biodibertsitatea zaintzeko" izeneko 740002 74200 7800 456300 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

2009. URTEAN NEKAZARITZARI KALTEAK SAIHESTEKO ETA HABITATA HOBETZEKO EKINTZETARAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Oinarri hauen xedea ehiza barrutien arduradunendako laguntzak arautzea da, 2009an ehiza barrutietan ehiza espezieek nekazaritzari egiten dizkioten kalteei aurrea hartzeko eta habitata hobetzeko egiten diren ekintzen ondoriozko gastuak hein batean finantzatzeko

Laguntza horiekin ehiza espezieek laborantzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko eta horien habitata hobetzeko neurriak prestatzen dira, ehizarako faunak laboreetan izan ohi dituzten eragin kaltegarriak murrizteko eta, bidenabar, horien babesa eta kontserbazioa bermatzeko.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Ingurumen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela ehiza espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak ezartzeko.

2. Diru-laguntza jasotzen ahalko dute:

Ehiza espezieek nekazaritzari egiten dizkioten kalteei aurrea hartzeko eta habitata hobetzeko egiten diren ekintzen ondoriozko gastuak, baldin eta modalitate hauetan sailkatzen badira:

-A modalitatea: Kalteei aurrea hartzea.

Ehiza espezieek laborantzan eragiten duten kaltea galarazi edo gutxitzeko jarduerak.

A.1. Laboreak babesteko hesi fisikoak.

Diru-laguntzaren xede dira hesi elektrikoak, sare-hesiak, hodi babesleak eta antzeko beste sistema batzuk.

Babestu beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), hautatu den sistema eta kaltetutako laborea jasoko dira eskabideari erantsiko zaion txostenean. Halaber, lurzatien planoa gehituko da, zein lurzati babesten diren adierazita. Diru-laguntza eskatzeko orduan ez jakinez gero babestu beharreko lurzati guztiak zein diren, ezjakintasun hori justifikatu ondoren, eskaturiko dokumentazioa aurkezten ahalko da 2009ko azaroaren 13a baino lehen.

Untxietatik babesteko laboreetako sare-hesiak metro bat garai izanen dira, gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste frutarbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan, etab.

Basurdeen kaltetik libratzeko hesi elektrikoak, ahal dela, zenbait labore sailetan ezarriko dira aldi baterako, hazitarako patata alorretan, belarsoro ezarri berrietan eta artasoroetan, batez ere, edo betiko, oihaneko ohiko irtenbideetan. Gutxienez ere, bi harikoak izanen dira -bata lurretik 25 zentimetrotara eta bestea 50 zentimetrotara-, eta bateriez edo korronte elektrikoz hornituko da, etxabereendako erabilitakoa halako biko intentsitatea dutela.

Hesi elektrikoak erabil daitezke, halaber, untxiek edo erbiek kalterik egin ez dezaten balio ekonomiko handiko aldi bateko laboreetan, adibidez brokoli edo beste barazkien alorretan.

Kanpaina honetan ez da diru-laguntzarik emanen materiala garraiatzeko, ezta hesi elektrikoak, sare-hesiak, hodi babesleak edo beste sistema batzuk ezarri eta mantentzeko ere.

A.2. Untxiak harrapatzeko tranpa kaiolak.

Untxiak harrapatzeko tranpa kaioletarako diru-laguntza emanen da, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren baimena bada haiek erabiltzeko.

Untxiak harrapatzeko kaiolek nahitaez prezinto zenbakidun bat eduki beharko dute, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak banatua.

A.3. Usainez eta zaporez uxatzea.

Usain edo zapore bidezko produktu uxagarriak, zenbait ehiza espezietarako eraginkor direnak. Ez da diru-laguntzarik emanen gai uxagarriak garraiatu eta kontserbatzeko eskulanerako.

A.4. Soinuz uxatzea.

Karburozko edo propanozko kanoiak, basurdea uxatzeko edo beste ehiza espezie batzuetarako sistemak, soinu bidez uxatzen dutenak.

-B modalitatea: habitata hobetzea.

Ehiza espezieen habitata hobetzeko jarduerak eta, hortaz, populazioa ugaltzekoak.

B0.1. Ehizarako ereintza.

Ereintza garrantzi handikoa da ehiza espezieen habitata hobetzeko; izan ere, janaria eskaintzen du urtearen parte handienean, berdetan eta aletan. Modu egokia da landare arrotzak eta intsektuak hazteko eta, sasoi batzuetan, estalpea eta babesa ematen die animaliei. Orobat, kaltea murrizteko eginkizuna du, ehiza espezieak haietara erakartzean aldameneko laboreetako kaltea gutxitzen baita.

Laborantzan erabiltzen diren lurzatietan bakarrik ereinen da. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak propio emandako baimena dagoenean bakarrik ereiten ahal da ehizarako larre utzitako lurretan edo berezko landaredia hazten den labore alor abandonatuetan.

Jarduera hauek izanen dira diru-laguntzaren xede: lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua. Lurzatietan ez da uztarik bilduko. Ez da diru-laguntzarik emanen lurzatiak ixteko ez eta alokairu kostuetarako edo horiek errentan emateko ere.

Erein beharreko lurzatiak, ahal dela, han-hemenka banatuta egonen dira ehiza barrutian, animaliak egokitu daitezen, lurraldetasuna errespetatu eta harrapakarien mesedeko pilaketak galarazteko. Hobe da eremu txiki frankotan ereitea lurzati handi gutxitan baino.

Lurra prestatzeko lanetan, Nafarroan ohikoak diren nekazaritzako praktika egokiak beteko dira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitakoak.

Laborea ahalik eta naturalena eta ekologikoena izanen da, animaliak ez pozoitzeko eta landareen nahiz ornogabeen dibertsitaterik handiena izan dadin. Ez da inoiz gai fitosanitariorik erabiliko. Ahal dela, ongarri organikoak zabalduko dira eta, kasu justifikatuetan bakarrik, lekuaren ezaugarriek ereintzaren garapena bermatuta ez dagoenean, ongarri mineralak eta/edo herbizidak erabiltzen ahal dira.

Ereintzaren dosia ohiko laboreetan erabiltzen denaren azpitik egonen da; izan ere, dentsitate handiko laboreek ez dute interesik ehizarako. Hazi ziurtatuen erabilera ez da inoiz beharko.

Erein beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), lurra lantzeko metodoa, laborantzak, lanak egiteko datak eta abar jasoko dira eskabideari erantsiko zaion txostenean. Halaber, lurzatien planoa gehituko da, ereintzarako zein lurzati proposatzen diren adierazita. Diru-laguntza eskatzeko orduan ez jakinez gero erein beharreko lurzati guztiak zein diren, ezjakintasun hori justifikatu ondoren, lurzati horien dokumentazioa aurkezten ahalko da 2009ko azaroaren 13a baino lehen.

B0.2. Sastraka garbitzea.

Sastraka garbitze txikiak (gehienez ere 2 hektarea) egiteko diru-laguntzak, ehiza espezieendako habitataren babes ahalmena handitzearren.

Garbiketak egin aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimen espresua eman beharko du.

Garbiketak egiteko egindako lanak subentzionatuko dira bakarrik. Lanak egiteko erreferentzia moduluak (laguntza har dezaketen gehienezko kostua) honako hauek izanen dira:

-Sasiak eskuz garbitzea: 1.301 euro hektareako.

-Sasiak makinaz garbitzea: 902 euro hektareako.

Sastrakaz garbitzeko lurren datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), sastraka garbitzeko modua, lanak noiz eginen diren, eta abar jasoko dira eskabideari erantsi beharreko txostenean. Halaber, lurzatien planoa gehituko da, sastraka garbitzeko zein lurzati proposatzen diren adierazita.

B0.3. Putzuak.

Putzu txikiak egitea edo lehendik daudenak nahiz iturriak garbitzea, ura pilatu eta ehiza espezieek euri gutxieneko sasoietan ura izan dezaten.

Putzuak egin edo garbitu aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimen espresua eman beharko du.

Putzu berriak leku egokietan eginen dira, behin ere ez sakanak moztuz, eta erripak ez sobera pikoak, basa fauna erraz hurbiltzeko modukoak. Lehendik dauden putzuak garbitzen direnean, parte bat garbitu gabe utziko da, ur ekosistemei loturiko landare komunitatea hondatu ez dadin.

Egin beharreko putzuen ezaugarriak (forma, neurriak, etab.), egiteko modua eta plano bat -zein tokitan eginen diren adierazita- jasoko dira eskabideari erantsiko zaion txostenean.

B0.4. Askak.

Aska artifizialak, nork bere erara eginak edo merkatuan diren modeloetakoak. Kanpaina honetan ez da diru-laguntzarik izanen askak garraiatzeko, ezta haiek betetzeko ere.

Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Onartutako inbertsioaren (BEZa barne) %50ekoa izanen da gehienez diru-laguntza.

Betiere, Nafarroako ehiza barrutietarako eskubidedunei laguntza ekonomikoak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta kreditua aurrekontuetan, eskabidearen ebazpen administratiboa egiten denean. Horrela, inbertsioei aplikatzen zaien portzentajea, gehienez ematen ahal den kopurua adierazten duena, murriztu eginen da, kreditu nahikorik ez badago aurrekontuan aurkeztu eta laguntzaren xede diren eskabidea guztiendako.

Murrizketa hori egin behar baldin bada, A modalitatean sartutako jarduketetarako onartutako inbertsioaren %50 errespetatuko da, eta B modalitateko jardueretan proportzionalki murriztuko da.

Hirugarrena.-Onuradunak.

Honako hauek izaten ahalko dira deialdi honetako laguntzen onuradun:

-Herrietako ehiza barrutietan:

  • Herriko ehiztari elkarteek, barrutiko titularra den toki entitateak ehiza guztiaren aprobetxamendua esleitu badie zuzenean.
  • Barrutietako titularrak diren toki entitateek, gainerako kasuetan.

-Ehiza barruti pribatuetan, irabazi-asmorik ez badute:

  • Haien titularrak.
  • Herriko ehiza elkartea baldin bada ehiza barrutiaren titularra eta ehiza aprobetxamendua harexek egiten badu, onuraduna ehiza elkartea bera izanen da.

Laugarrena.-Bete beharrekoak.

Betiere, eskatzaileek ondoko betebeharrak izanen dituzte:

1. Ehiza barrutiak ehiza antolatzeko plana onetsia izatea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dagoen informazioaren arabera, barrutiaren titularrak barrutia zuzen gobernatzea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren.

3. Ehiza-barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

4. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

Bosgarrena.-Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Eskabidea, eranskineko ereduaren araberakoa. Tokiko ehiztari elkarte eta/edo toki entitate batzuek ehizazaina konpartitzeko eskabideetan, onuradun bakoitzak eskabidea bat aurkeztu beharko du.

2. Barruti pribatuetan, titularrak zinpeko adierazpena aurkeztu beharko du, ehiza barrutiak irabazi-asmorik ez duela dioena.

Seigarrena.-Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.

2. Eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

3. Eskabidea egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea, I. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Azalpen txostena, honako hauen ingurukoa: Jarduketaren xedea, jarduketaren azalpen laburra, non eta noiz eginen den espresuki adieraziz, aurrekontua eta planoak, deialdi honen bigarren oinarriko modalitateetan adierazitakoari jarraikiz. Memorian eta aurrekontuan lanak zehaztuko dira, deialdiaren lehen oinarrian ezarritako modalitateen arabera.

c) Aurten burututako proiektuen kasuan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen burutu badira, edo 2008ko udazkenean erein baina iazko laguntzen deialditik kanpo direnean, gastuen faktura eta agiri guztiak erantsiko zaizkio eskabideari.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Deialdi honetako diru-laguntzak lehia bidez emanen dira. Onartutako eskabideek aurrekontuko muga gainditzen badute, onartutako eskabidea guztien artean banatuko da aurrekontua, eta hasieran zehaztutako laguntzak proportzioan murriztuko dira.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egoki iruditzen zaizkion argibideak eska ditzake, baita eskatzailea bera ager dadila ere, erabakia hartzeari begira lagungarria dela ikusten baldin badu.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak eginen ditu diruz lagundutako jarduerari buruz, eta jardueraren berri ematen duten agiri guztiak aztertzeko ahalmena izanen du; halaber, eskatzailea ager dadila eskatzen ahal du, bere erabakia hobeki oinarritzeko.

3. Diru-laguntzarekin batean ingurumen eta oihan arloko baimena ere ematen da, baina Administrazioari eskatu eta hark onartutako ekintzetarako bakarrik, aurkeztu eta onartutako txostenaren arabera. Ekintzaren batean aldaketarik gertatzen bada, Administrazioak baimendu beharko ditu ingurumen eta oihan arloko ondorioetarako.

Zortzigarrena.-Ebaluazio organoa.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Ehiza eta Arrantza Atalak ebaluatuko ditu eskabideak.

Bederatzigarrena.-Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.

1. Eskabidea harturik, oinarrietan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du diru-laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea lau hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskabidea.

Hamargarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

Hona hemen laguntza hauen onuradunen betebeharrak:

1. Diruz lagundu behar diren lanak egitea, kontzesioan onartutako baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat eta organo eskudunak egin dezakeen ikuskapenaren menpe.

Debeku da ekintza baterako ematen den diru-laguntza beste ekintza baterako erabiltzea. Ekintza baten barrenean aldaketa partzialak onar daitezke, bai proiektuan bai lanetan, betiere Ehiza eta Arrantza Atalak onetsiak badira. Nolanahi ere, ekintzarako emaniko diru-laguntza ez da handituko.

2. Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

3. Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

4. Lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea organo emaileari.

5. Diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa bada, obren exekuzio gastuen kasuetan, edo 12.000 eurotik goitikoa, ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta diru-laguntzaren xede diren kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Hamaikagarrena.-Lanak bukatzeko epea eta gastuen justifikazioa.

1. Ehiza aprobetxamenduaren titularrek kontuen justifikazioa aurkeztu beharko dute, II. eranskineko eredukoak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan, egindako gastuen fakturak erantsiz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe.

2. Diruz lagundutako jarduerak egiteko eta gastuen justifikazioa aurkezteko epea 2009ko azaroaren 13an amaituko da.

3. Justifikazio kontuan sartuko da egindako gastuen zerrenda zenbakiduna, 2. oinarrian ezarritako modalitateen arabera xehekatua, kontzeptu bakoitza zehaztuz eta aurkezten diren fakturekin parekatuz. Fakturak jatorrizkoak izanen dira edo fotokopia konpultsatuak eta onuraduna den ehiza aprobetxamenduaren titularraren izenean emanak, betiere. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzeko, fakturekin batera bankuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, transferentzia bidez ordaindu bada, edo ordainagiria, fakturaren igorleak sinatua, ordainketa esku-dirutan egin bada.

Hamabigarrena.-Ordaintzeko modua eta epeak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eskabideak ordaintzeko ebazpena eman ondoren ordainketa eginen da, dena batera.

Ordainketa deialdiko hamaikagarren oinarriari jarraikiz egin eta justifikatzen diren gastuen araberakoa izanen da, baina ordaintzen dena ez da inoiz ere hasieran finkatutako diru-laguntza baino handiagoa izanen.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira era guztietako gainerako diru-laguntzekin. Baina, programa eta/edo jarduera baterako bi diru-laguntzaren edo gehiagoren bidez emandako zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ehiza eta Arrantza Atalari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hamalaugarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamabosgarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko ''Zerbitzuak'', ''Laguntzak eta bekak'' atalean argitaratuko da.

I. ERANSKINA

2009. urtean ehiza espezieek nekazaritzan egin ditzaketen kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko diru-laguntzaren eskabidea

........................... jaun/andreak, NAN ............, helbidea ..................... kalean duenak, ...... zenbakia, ....., pisua, ...... udalerrian, ............ telefono zenbakia, bere izenean edo ...................................... , IFZ..............., egoitza ............ kalea, ..... zenbakia, ........ solairua, ......... udalerria, ............... telefono zenbakia, ......ko NA-....... matrikulako ehiza barrutiaren ehiza aprobetxamenduaren titularraren izenean edo hura ordezkatuz (ezabatu egia ez dena),

Honako hau azaltzen dut:

2009. urtean ehizarako basa faunak eragindako kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduen titularrei diru-laguntzak emateko deialdiari dagokionez, zeina 2009ko .......aren ..........(e)ko ......... Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen, eskatzen diren beharkizunak betetzen eta deialdi horren oinarriak osorik onartzen ditudala. Hori dela eta, atxikitako memorian adierazten diren jardueretarako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren diru-laguntza eskatzen dut, ........................ eurokoa, guztira.

Era berean, hauxe adierazten dut:

-Ez naizela beste diru-laguntzarik jasotzen ari jarduera bererako edo, jasoz gero, behar bezala justifikatzen dudala, deialdiko hamabigarren oinarriarekin bat.

-Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere ez nagoela.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diodala Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikuskatzeko, horrela egiazta dezan, diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak ditudala.

.................................(e)n, 2009ko ................aren ..........(e)an.

(Eskatzailearen, ehizarako eskubidedunaren, sinadura)

INGURUMENAREN ETA URAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

II. ERANSKINA

Justifikazioko kontua

2009. urtean ehiza espezieek nekazaritzan egin ditzaketen kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko diru-laguntzak

MODALITATEA

KONTZEPTUA

ZENBAT.

FAKTURAREN

DATA

FAKTURA ZENBAKIA

Modalitatea: faktura zein modalitateri dagokion adieraziko da, deialdiaren 2. oinarriaren arabera (A.1, A.2, A.3, A.4, B.1, B.2, B.3, B.4).

Kontzeptua: faktura zein inbertsio edo ekintzatarako ordaindu den azalduko da.

Faktura zk.: fakturak hurrenez hurren zenbatuko dira eta justifikazio kontuari era ordenatuan erantsiko zaizkio, gastua benetan pagatu izanaren frogagiriekin batera.

Iragarkiaren kodea: F0911444