36. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

213/2009 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Baikolar eta Zuintape mugapeetan (Altsasu) hondakin uren eroanbidea. Egungo ponpaketa kentzea" izeneko proiektua behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, azaroaren 5eko 1265/2008 Ebazpenaren bidez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zituen hamabost egunez.

Epe horretan zenbait alegazio jaso dira. Hona hemen emandako erantzunak:

1.-José Javier Barandiarán Oyarzabal jaunak eta María Isabel Oyarzabal Izaga andreak, AL-18 finkaren jabeak diren aldetik (Altsasuko 3. poligonoko 716. lurzatia), zera alegatu dute:

Proiektuak, hurrenez hurren, haien aita eta senarra zenaren finka zeharkatzen duela eta haiek direla jaraunsleak. Beste trazadura bat proposatu dute P-3 eta P-9 putzuen artean, eroanbidearen inpaktua gutxitzeko.

Alegazio egileei adierazten zaie espedientearen tramitazioaldian frogatu beharko dutela finkaren jabeak direla.

Bestalde, bi putzuen artean proiektuaren tarteak 480.92 m-ko luzera du, 2.60 m-ko sakonera batez beste eta okupazio-zerrendak 23 finka ukitzen ditu. Proposatu den tarteak 467.14 m-ko luzera du, 3.10 m-ko sakonera batez beste eta, orobat, 23 finka ukituko ditu.

Proiektuaren trazaduraren arabera, finka gehienetan eragin perpendikularra izanen da, eta proposatu den trazaduraren arabera, berriz, kasu gehienetan, eragina askoz handiagoa da, etenak izaten direlako. Gainera, zuhaitz gehiago ukitzen dira.

Egia da, proposatutako trazaduraren arabera, hodi igorlea laburragoa izanen litzatekeela, sakonagoa izanen litzatekeelako, kota altuago batetik eramanen litzatekeelako. Aitzitik, askoz ere lur gehiago erauzi beharko lirateke, eta gainera, eraikuntza lanetan entibazioa erabili beharko litzateke. Hori horrela, proiektuko prezioak aplikatuta, tarte honen aurrekontua 2,5 aldiz garestiagoa izanen litzateke.

Gainera, proposatu den trazadurak ukipena ondoko finketara eramatea besterik ez du egiten. Horregatik guztiagatik, alegazioa ezetsi egin da.

2.-Eugenio San Román Chicharro jaunak, AL-16 finkaren jabea den aldetik (Altsasuko 3. poligonoko 718. lurzatia), zera alegatu du:

Eskatu du bere finkan instalatu behar den kolektoreari Altsasun 3. poligonoko 178. lurzatian duen beste finka batetik datorren hondakin uren eroanbide bat lotzeko. Izan ere, finka horretan abeltegi bat du, edateko uraren sareari legez lotzeko baimena duena, baina hustubiderik gabe. Jabeak berak ordainduko luke hargune horren kostua.

Alegazio horri erantzunez, adierazten da P-5 putzua bere finkara eramanen dela. Hala ere, lotura egiteko behar diren baimen guztiak lortzea jabearen kontura izanen da.

3.-José Javier Ayestarán San Román jaunak:

Alegatu du Altsasuko 3. poligonoko 661. lurzatian (AL-34) frutarbolak dituela, blokeekin drainatuak, eta adierazi du, proiektuko dokumentazioa azterturik, hortik ondorioztatzen dela ez dela gomendagarria frutarbolik izatea hodiaren inguruko sei metroko tartean gutxienez; horregatik, eskatu du hodia bere finkaren ondo-ondotik paralelo dagoen bidera edo bere lurretan dagoen zangara ateratzea.

Jabeari adierazten zaio, proiektuaren arabera, hodi igorlea frutarbolen bi zerrendaren artetik eramanen dela. Kasu honetan aplikatu den zortasunak arbolak jartzea baimentzen du, gutxienez 1,5 metroko tartea utzita betiere.

Trazadura erditik doitu da, gutxienez 2 metroko tartea izan dadin. Hortaz, obra bukatutakoan, zilegi izanen da frutarbolak berriz landatzea, jabeak hala nahi badu.

Hodi igorlea bidearen ondora eramateak lanak zailduko lituzke, eta inguruan dagoen itxitura eraisteko arrisku handia egonen litzateke. Gainera, finkan sartzeko bidea aldi baterako moztu beharko litzateke. Proposatu den bidean erauzketa lanak egiteko, zangaren ondo-ondoan eremu bat beharko litzateke, lurrak pilatzeko. Horrenbestez, bide ondoan dauden frutarbolak berdin-berdin ukituko lirateke.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezetsi egin da. Nolanahi ere, trazadura egokituko da frutarbolak berriz landatu ahal izateko. Exekuzioaldian kontu handiz jokatuko da, ahalik eta arbola gutxien ukitzeko. Frutarbolak drainatzeko dauden blokeak konponduko dira hodi igorlea jarri eta gero.

4.-Amaia San Román Bengoetxea andreak eta Pablo San Román Bengoetxea jaunak, Altsasuko 3. poligonoko 689. lurzatiaren jabeak (AL-30) diren aldetik, zera alegatu dute:

Eskatu dute eroanbidearen trazadura aldatzeko eta finkaren mugetara eramateko, erantsi duten planoan adierazten den bezala. Era berean, eskatu dute aldatutako eremuan balorazio handiagoa aplika dezatela.

Ukitutako finkak ez du erregistro-putzurik, eta horregatik finkari eragiten zaion kaltea oso txikia da, izan ere, jabeek finka lantzen segi dezakete orain arte bezala.

Proiektuaren trazaduraren batez besteko sakonera 3,5 metrokoa da. Proposatutako trazaduraren arabera, metro bat sakonago eraman nahi da, eta horrek lurrak erauzteko lanen kostua %60 igotzea dakar.

Ukipenen balorazioari dagokionez, jakinarazten zaio balioespenaren gainean bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetze Epaimahaiak haren gainean erabakiko duela.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezetsi egin da.

5.-José Ignacio Zubieta Irañeta jaunak, Rosa María Larrea Percaz andrearen ordez, hori baita Altsasuko 3. poligonoko 650 lurzatiaren jabea (AL-41), zera alegatu du:

Altsasuko Udalak bidali duen jakinarazpena baino lehen ez zaiola ezer ere jakinarazi eta horrek babes eza eragin diola. Horrenbestez, formazko akats hori konpontzeko eskatu du. Era berean, kolektorearen trazadura P-11 eta P-19 putzuen artean aldatzeko eta proiektaturiko erregistroa bide publikoan instalatzeko eskatu du. Azkenik, eskainitako balorazioari buruz, uste du ez dela zuzenbidezkoa eta hura zehazteko aintzat hartutako irizpideak ez direla azaldu.

Alegazio egileari adierazten zaio proiektua jendaurrean jarri zela, ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda 2008ko azaroaren 13ko Diario de Navarra egunkarian eta 2008ko abenduaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta hantxe adierazi zirela alegazioak aurkezteko tokiak.

P-13 eta P-15 putzuen artean litezkeen trazadurak azterturik, proiektuaren arabera, 147 metroko luzera eta 2.70 metroko batez besteko sakonera atera dira. Alegazio egileak tarte honetarako egiten duen proposamenaren arabera, berriz, trazadurak 136 metroko luzera eta 3.80 metroko batez besteko sakonera izanen lituzke.

Egia da, proposatutako trazaduraren arabera, hodi igorlea laburragoa izanen litzatekeela, sakonago sartuko litzatekeelako, kota altuago batetik eramanda. Aitzitik, askoz ere lur gehiago erauzi beharko lirateke, eta gainera, eraikuntza lanetan entibazioa erabili beharko litzateke. Hori horrela, proiektuko prezioak aplikatuta, tarte honen aurrekontua 3 aldiz garestiagoa izanen litzateke.

P-13 putzua, proiektuaren arabera, bide ondoan kokatuko da. Horrenbestez, finkaren gaineko ukipena oso txikia izanen da.

Proposatu den trazadurak ukipena ondoko finketara eramatea besterik ez du egiten.

Ukipenen balorazioari dagokionez, adierazten da irizpideak balioespena egiteko fasean finkatuko direla. Balioespenaren gainean bi alderdien arteko adostasunik lortu ezean, Nafarroako Desjabetze Epaimahaiak haren gainean erabakiko du.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezetsi egin da.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 121/2007 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Baikolar eta Zuintape mugapeetan (Altsasu) hondakin uren eroanbidea. Egungo ponpaketa kentzea" izeneko proiektua behin betikoz onestea eta aurkeztutako alegazioak ebaztea, ebazpen honen azalpen zatian ezarritakoaren arabera.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Altsasuko Udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Altsasuko Udalari eta alegazio egileei jakinaraztea eta adieraztea admistrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 10ean.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Pedro Blas Pegenaute Garde.

Iragarkiaren kodea: F0911620