36. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZILDOTZ

Lizentziak eman eta hirigintzan bestelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Zildozko Kontzejuko Batzarrak, 2008ko martxoaren 10ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lizentziak eman eta hirigintzan bestelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2008ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zildotzen, 2009ko otsailaren 3an.-Alkatea, Eduardo Olleta Mugueta.

ORDENANTZA FISKALA, LIZENTZIAK EMATEKO ETA HIRIGINTZAN BESTELAKO JARDUKETAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.5.h) artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza, etxegintzari eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.

3. artikulua. Kontzejuaren jarduera hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da, aipatu tasei loturik:

a) Etxe berriak egiteko obra lizentzien tramitazioa.

b) Eraikinak eraitsi eta husteko lizentzien tramitazioa.

c) Lurrak mugitu, zelaitu eta lurrerauzteko lizentzien tramitazioa.

d) Lurzatiketak eta banantzeak egiteko lizentzien tramitazioa.

Salbuespenak

4. artikulua. Tasen ordainketan ez da beste salbuespenik onartuko Foru Lege honen bosgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan ezarriak baizik, Foru Komunitateko administrazioaren, mankomunitateen, batasunen eta beraiek sorturiko entitate juridikoen alde aipatu aginduetan aurreikusitako kasuetan.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Zergadun diren aldetik, tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen dutenak, baldin eta zerbitzuak edo lizentziak eskatzen badituzte.

Etxegileak, sustatzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira.

Zerga ordaintzeko betebeharra

6. artikulua. Orokorrean, zergak ordaintzeko betebeharra lizentzia ematen den unean sortzen da. Uko egiten bazaio, lizentzia eskatzen den unean hasten da ordaintzeko betebeharra.

Tarifak eta karga-tasak

7. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Lizentziak eta planeamenduaren gaineko espedienteak tramitatzeko ardura duten bulegoetatik igorriko zaizkio espedienteak kontu hartzaileari, udal teknikariek adostasun txostena eman eta udal organo eskudunak lizentzia onartu eta gero. Kontu hartzaileak likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tarifa eta bere zenbatekoa.

9. artikulua. Proiektu berean dauden obrak, ordenantza honetan ezarritako sailkapenaren arabera, kontzeptu bati baino gehiagori dagozkionean, tarifetan jarritako portzentajeak edo kopuruak aplikatzearen emaitza izanen da tasaren zenbatekoa.

10. artikulua. Aginduzko lizentzia ematen denean, behin-behineko likidazioa eginen da. Haren zerga-oinarria behar den elkargo ofizialak ikus-onetsita aurkeztu den aurrekontuaren araberakoa izan daiteke, edo, aldiz, exekuzio proiektuaren kostuaren araberakoa, udal teknikarien kalkuluei jarraikiz.

Hasierako proiektua dagokion lizentzia eman ondoren aldatzen bada, lizentzia aldatzeko eskaera aurkeztu behar da, aurrekontu berriarekin batera, behin-behineko likidazio berria egiteko, aurrekontuan izandako aldaketaren arabera, lehenbizikoa gainditzen duen kopuru berean.

Aipatutako kostua Udaleko edo Kontzejuko teknikariek aztertuko dute eta errealitateari ez zaiola egokitzen ikusten badute, egokitzen saiatuko dira. Behin betiko likidazioa eginen da eta onesteko aurkeztuko.

Partikularraren aldeko diferentziarik izanez gero, itzuli eginen zaio; Kontzejuaren aldekoa bada, berriz, hura ordaintzeko hilabeteko epea emanen zaio. Ordaintzen ez badu, premiamendu bidera eraman eta han kobratuko zaio, besterik gabe.

11. artikulua. Ez dira tasaren zerga-oinarriaren zati izanen beste elementu batzuk, hala nola, altzariak eta beste, ezta obra proiektuan funtsezko ez diren beste batzuk ere.

Ordenantza honen eranskinean aipatzen denaz gain, tasaren ezarpen oinarriaren zatitzat hartuko da barne urbanizazioaren proiektuaren zenbatekoa, aurrekontua eguneratua dagoela.

12. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesatuari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Hona hemen ordenantza honetako arau-hauste bereziak eta haien kalifikazioa:

A) Arau-hauste soila. Lizentzia onartua izan gabe obrak abiatzea, baina hura eskaturik izatea ordenantzek eta gainerako xedapenek eskatzen dituzten baldintza guztiekin.

B) Arau-hauste larria. Udal administrazioari egindako obrek balio handiagoa dutela ez jakinaraztea eta haien aldaketen edo aurrekontuen aldaketaren berri ez ematea.

Obrak lizentziarik gabe egitea edo abiatzea.

Faltsukeria egitea karga-oinarria zehazteko funtsezko ezaugarriak aitortzean.

14. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagozkien guztietan, ordenantza fiskal orokorrari eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 93. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hirigintzako txostenak

15. artikulua. Partikularrek eskatzen dituzten obra lizentziak direla-eta dagokion organismoaren ustez beharrezkoa baldin bada fakultatiboen txostenak eskatzea, behar den ordainsaria kobratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta ondokoetan ezarritako legezko izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Bigarrena.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legea eta bidezkoak diren gainontzeko xedapenak aplikatuko dira.

TARIFEN ERANSKINA

1.-3. artikuluko a), b), eta c) idatz-zatien tarifa exekuzio materialaren aurrekontuaren %0,5 izanen da, zerbitzu-sari profesionalak barne eta BEZa kanpo.

Arestikoagatik ere, 20 euroko gutxieneko tarifa ezarri da lizentzia bakoitza tramitatzeagatik.

2.-3. artikuluko d) idatz-zatia. Zein den lurzatitzen, birzatitzen edo batzen den finkaren azalera, horren arabera eginen da tasen likidazioa, espedienteari lizentzia emateko; tarifa hauei jarraituko zaie:

a) 5.000 metro koadro bitarteko lurzatiak: 30 euro.

b) 5.000 metro koadro baino gehiagoko lurzatiak: 42 euro.

3.-Etxebizitza partikularren fatxadetan argien instalazioak kendu eta berriz jartzea: 10 euro/metro lineala.

Iragarkiaren kodea: L0910574