36. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko martxoaren 2an hartua, Milagroko Udalak eta Hezkuntza Departamentuak herri horretako Unibertsitateko Ikasgela finantzatzeko prestatutako 2009. urterako Lankidetza Hitzarmenaren testua onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 88. artikuluan, ahalmena ematen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gainerako administrazio publikoekin lankidetza hitzarmenak sinatzeko, nork bere eskumenen esparruaren barrenean.

Legezko arau horrek, 91. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola hitzarmen eta akordio horiek onartzea.

Hezkuntza Departamentuak Milagroko Udalarekin Lankidetza Hitzarmen bat sinatzea proposatu du, herri horretako Unibertsitateko Ikasgelaren gastuak finantzatzeko. Ikasgela UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren mende dago. Gastu hori finantzatzeko 60.000 euroko aurrekontu-zuzkidura dago gastuen indarreko aurrekontuko "Hitzarmena Milagroko Udalarekin. Unibertsitateko Ikasgelak" izeneko kontu-sailean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta Milagroko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren testua onestea. Erabaki honen eranskinean dago.

2. Hitzarmen horren finantziazioa, 60.000 eurokoa, gastuen indarreko aurrekontuko "Hitzarmena Milagroko Udalarekin. Unibertsitateko Ikasgelak" izeneko 431000 43100 4609 322300 kontu-sailaren kargura ordain dadila xedatzea.

3. Erabaki hau eta Lankidetza Hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Erabaki hau eta hitzarmenaren testua igortzea Milagroko Udalari, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Unibertsitate Hedapenerako Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Lekarozen, 2009ko martxoaren 2an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

ERANSKINA

Milagroko Udalaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko Lankidetza Hitzarmena, UHUNeko Tuterako zentro atxikiak Milagron duen Unibertsitateko Ikasgela 2009. urtean finantzatzeko

Iruñean, 2009ko .........aren ...........(e)an.

Esku hartzen dute:

Batetik, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea jaunak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kontseilariak.

Eta bestetik, Esteban Garijo Pérez jaunak, Milagroko alkateak.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote behar besteko gaitasuna eta ahalmen nahikoa hitzarmen hau ezartzeko. Horrenbestez,

Adierazten dute:

Lehena.-Etengabeko prestakuntza norberaren hobekuntza eta lanbideko hobekuntza dakarren eskakizun bat dela eta, horregatik, botere publikoek behar besteko sostengua eman behar diotela. Eskari hori egitea bidezkoa da, herritarrek gizarte, ekonomia eta kultur arloan aurrera egiteko lagungarria delako.

Bigarrena.-UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren mende Milagroko Unibertsitateko Ikasgela irekitzearekin batera, urrutiko unibertsitate modernoak eskaintzen dituen prestakuntza jarduerak egiteko aukera izanen da.

Hirugarrena.-Etengabeko prestakuntzak herritarrei aukerabide gehiago emateko duen garrantziaz jabeturik, Milagroko Udalak 2008ko apirilaren 1ean egindako osoko bilkuran erabaki du Milagroko Unibertsitateko Ikasgelaren sorrera eta funtzionamendua sustatzea. Ikasgela hori UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren mende dago.

Laugarrena.-UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren Patronatuak, Milagroko Udalaren ekimena bideragarria zela aztertu ondoren, 2008ko ekainaren 3an erabaki zuen Ikasgela hori sortzeko behar den baimena eskatzea UHUNeko Gobernu Batzordeari.

Bosgarrena.-UHUNeko Gobernu Batzordeak, 2008ko ekainaren 24an egindako blikuran, baimena eman zuen Milagroko Unibertsitateko Ikasgela sortzeko, Tuterako zentro atxikiaren mende.

Seigarrena.-Nafarroako Gobernuaren eskumena da herritarrek unibertsitateko ikasketak egin ditzatela sustatzea, Hezkuntza Departamentuaren bidez.

Zazpigarrena.-Horregatik guztiagatik, proposatzen da Milagroko Udalaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko Lankidetza Hitzarmen bat onestea, UHUNeko Tuterako zentro atxikiak Milagron duen Unibertsitateko Ikasgelaren jarduerak 2009. urtean finantzatzeko, klausula hauen arabera:

Klausulak

Lehena.-Hitzarmenaren xedea

Lankidetza Hitzarmen honen xedea da Nafarroako Gobernuaren eta Milagroko Udalaren arteko lankidetza esparrua finkatzea, UHUNeko Tuterako zentro atxikiak Milagron duen Unibertsitateko Ikasgelaren jarduerak 2009. urtean finantzatzeko.

Bigarrena.-Eginkizunak eta atxikipena

UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren Milagroko Unibertsitateko Ikasgelak, bi alderdiek halaxe nahi dutelako, lankidetza hitzarmen honetan ezartzen diren eginkizunak izanen ditu hitzarmenak indarra duen artean.

Unibertsitateko Ikasgela, ondorio akademikoei dagokienez, UHUNeko Tuterako zentro atxikiari lotua egonen da.

Hirugarrena.-Helburuak

Unibertsitateko Ikagelak UHUNeko Tuterako zentro atxikiak programatzen dituen ikasketa planak eta unibertsitate-hedapeneko jarduerak garatuko ditu.

Laugarrena.-Zuzendaritza eta funtzionamendua

Unibertsitateko Ikasgelako zuzendaritza lana UHUNeko Tuterako zentro atxikiko zuzendaritzari dagokio.

Bosgarrena.-Jarraipena eta ebaluazioa

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 88.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hitzarmen honetako Kontrol Organoa eratzen da. Organo horretan kide hauek izanen dira: Hezkuntza Departamentuaren aldetik, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiko, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko eta Unibertsitate Hedapenerako Ataleko arduradunak. Milagroko Udalaren aldetik, alkatea arituko da, edo honek eskuordetzen duen pertsona. Horiez gainera, bi kide arituko dira, horietako bat UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren zuzendaritza taldekoa.

Milagroko Udalak eskaturik, hitzarmen hau sinatu eta hurrengo 30 egun naturaleko epean, UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren zuzendaritzak Kontrol Organoari ikasketa jardueren urteko programaren berri eta gastuen aurrekontuaren berri emanen dio, eta horiek onesteko proposamena eginen du.

Era berean, Milagroko Udalak eskaturik, UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren zuzendaritzak, abenduaren 7a baino lehen, kontrol organoari jakinaraziko dio ikasketa programaren urteko programa noraino bete den eta, halakorik izan bada, egindako aldaketen berri emanen dio, hala nola gastuen aurrekontuaren gorabeheren berri. Azkenik, jarduerak eta horien gastua onesteko proposatuko du.

Seigarrena.-Finantziazioa.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, UHUNeko Tuterako zentro atxikiaren Milagroko Unibertsitateko Ikasgelaren finantzabidean lagunduko du. Horretarako, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, "Hitzarmena Milagroko Udalarekin. Unibertsitateko Ikasgelak" izeneko 431000 43100 4609 322300 kontu-sailean, 60.000 euroko zuzkidura dago.

Hitzarmen hau sinatu ondoren, aurrerakin gisa 30.000 euro ordainduko dira, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez baimendu ondoren.

Bigarren ordainketa, 30.000 eurokoa, prozedura bera erabiliz ordainduko da, behin Milagroko Udalak Hezkuntza Departamentuko Erregistroan jardueren urteko memoria eta dagokion justifikazio ekonomikoa aurkeztu ondoren, betiere abenduaren 16a baino lehen.

Zazpigarrena.-Milagroko Udalaren betebeharrak.

Milagroko Udalak konpromisoa hartzen du Ikasgelaren funtzionamendurako behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jartzera.

Zortzigarrena.-Indarraldia

Hitzarmenak sinatzen den unean hartuko du indarra eta, beraz, ordutik aurrera izanen ditu ondorioak bi alderdientzat.

2009ko abenduaren 31ra arte izanen du indarra, baina bi alderdiek berariaz erabakiz gero, urtez urte luzatzen ahalko da, betiere horretarako aurrekontuko diru-izendapen aski eta egokia baldin badago.

Hala ere, alderdiek edozein unetan aldatu edo amaitutzat jotzen ahal dute hitzarmena, hori egiteko ados daudela idatziz adierazten badute.

Edozein alderdik du hitzarmena bukatutzat emateko eskumena, iraungitzeko proposatzen den eguna baino sei hilabete lehenago jakinaraziz. Halakoetan, bukatutzat ematearen ondorioz bete gabe gelditzen diren betebehar guztiak bere gain hartuko ditu.

Bederatzigarrena.-Interpretazioa eta aplikazioa

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legearen 88.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hitzarmen honen interpretazio eta betetzeari buruz sortzen diren auziak, lehenbizi, Kontrol Organoak ebatziko ditu, eta alderdiek ez dute inola ere agiri honetan berariaz adierazitako betebeharrez besteko betebeharrik hartuko bere gain.

Hamargarrena.-Jurisdikzioa eta eskumena

Alderdiak, hitzarmen honen interpretazio edo aplikazioaren ondorioz sortzen diren auzietan, Iruñeko epaitegien mende jarriko dira espresuki, alderdiei legokiekeen beste edozein eskumeni uko eginez.

Eta adostasunaren adierazgarri, Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzen dute lehentxeago esandako egunean eta tokian.

Nafarroako Gobernuaren aldetik, Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.-Milagroko Udalaren aldetik, Alkatea, Esteban Garijo Pérez.

Iragarkiaren kodea: F0911287