36. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

721/2008 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Fusarium circinatum Niremberg et O?Donnell onddoa kontrolatzeko jarduketen programa ezartzen duena.

Fusarium circinatum Niremberg et O?Donnell, hemendik aurrera organismoa deituko dena, onddo patogeno bat da, jatorria Ipar Amerikan eta Erdialdeko Amerikan duena, eta "pinuaren txankro erretxinaduna" izeneko gaitzaren sortzailea da. Hedatzeko gaitasun handia du, eta Amerika, Asia edo Afrikako beste herrialde batzuetara ez ezik, Iberiar Penintsulara ere iritsi da.

Onddo fitopatogeno hau oso erraz barreiatzen da ugalketarako oihan materialen bidez, batez ere hazien bidez, eta askoz arrisku gutxiago izaten da gaitza duten guneetatik ateratako egurra edo botatako zuhaitzak garraiatzean barreiatzeko.

Nafarroan, onddo patogeno hori Pinus radiata D. Don zuhaitzen gune batzuetan soilik atzeman da, Foru Komunitateko ipar-mendebaldean, non espezie horrek oihan eremu guztiaren %3a baizik ez duen hartzen. Onddoa ez da atzeman, orain arte, beste inolako zuhaitz espezietan. Gogoratu behar da, bestalde, onddo patogeno hori mintegi batean atzeman zela 2007. urtean.

2006ko ekainaren 9an maiatzaren 26ko 637/2006 Errege Dekretua argitaratu zen, eta haren bidez Fusarium circinatum. Niremberg et O?Donnell onddoa kontrolatu eta desagerrarazteko programa nazionala ezarri zen. Dekretuak dio autonomia erkidegoek, beren lurraldean organismo hori agertu dela egiaztatzen bada, horren berri eman behar diotela Nekazaritza Ministerioko (gaur egungo Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioa) Nekazaritza Zuzendaritzari. Hori horrela, 2006ko abenduan, Nafarroako Foru Komunitateak intsinis pinuen gune batzuetan, eremu mugatu batean, onddoa agertu zela jakinarazi zuen.

Geroago, 2007ko ekainaren 18an, Europar Erkidegoen Batzordeak, 2007/433/EE Erabakiaren bitartez, presazko behin-behineko neurriak ezarri zituen, organismoa Europar Batasunean sar eta heda ez zedin. Neurri horien artean landareen inportazioa eta lekualdatzea sartzen da, baina ez da egur mugimendua aipatzen.

Komenigarria da Nafarroan organismoa desagerrarazi edo kontrolatzeko neurriak ezartzea eta horiek onura publikokotzat jotzea, honako arau hauek aintzat hartuta: Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legea, Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legea, organismo kaltegarriak desagerrarazi edo kontrolatzeko programa nazionalak arautzen dituen ekainaren 12ko 1190/1998 Errege Dekretua eta Fusarium circinatum onddoa desagerrarazi edo kontrolatzeko programa nazionala ezartzen duen maiatzaren 26ko 637/2006 Errege Dekretua.

Hori guztia kontuan harturik, foru agindu hau eman da, ondokoekin bat: otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legea, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aldatzen duena, 59/1992 Foru Dekretua, Mendiei buruzko Erregelamendua onesten duena 13/1990 Foru Legea garatuz, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legea eta Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legea,

AGINDU DUT:

1. Onura publikoa duela adieraztea.

Nafarroan onura publikokotzat jotzen da Fusarium circinatum Niremberg & O?Donnell onddoak sortutako gaitzaren kontrako borroka. Pinuaren txankroa deitu ohi da gaitz hori.

Era berean, martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 14. artikuluarekin bat, onura publikokotzat jo dira foru agindu honetan ageri diren babes neurriak eta urtarrilaren 21eko 58/2005 Errege Dekretuaren 16.2 artikuluari jarraikiz hartutakoak. Dekretu horren bidez neurriak ezarri dira, landareentzako edo landare produktuentzako kaltegarriak diren organismoei Espainian eta Europar Batasunean sartzea eta beste estatu batzuetara esportatu edo haietan barna hedatzea eragozteko.

2. Azterketa eta kontrol sistematikoak.

Onura publikoaren adierazpenak gaitza izateko arriskua duten espezieak ikuskatu, seinalatu eta laginak hartzeko jarduketak abalatzen ditu, bai ugalketarako oihan materialetan egiten direnak, bai mendietakoak eta egur parkeetakoak, horiek publikoak edo pribatuak izan.

2.1. Ugalketarako oihan materialen azterketak.

Fusarium circinatum onddoa baden ikusteko azterketak martxoaren 7ko 289/2003 Errege Dekretuan zehaztu diren ugalketarako oihan materialetako edozeinetan eginen dira. Azterketa horietan landareak ikusi eta laginak hartuko dira analizatzeko, haziak barne. Gabonetako zuhaitzak ekoizten dituzten mintegietan ere eginen dira ikuskapenak.

Azterketa urtean behin eginen da gutxienez, sintomak ikusteko egokiena den garaian.

Halaber, kontrolatuko da ea betetzen den mintegiek erosi edo saldutako landareak edo landare produktuak babestu behar dituzten agiriei buruzko legeria. Agiriak bi urtez gutxienez gorde beharko dira.

Onddo patogenoaren eragina izan dezaketen espezieen mintegietako azterketa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak eginen du, indarra duen araudiari jarraikiz.

2.2. Zuhaitz guneetako azterketak.

Zuhaitz gune publiko eta pribatuetako azterketak eta kontrolak egitean, lehenbizi zuhaitzak tokian bertan ikusiko dira eta, gero, laginak hartu eta lagina zein zuhaitzetan hartu den seinalatuko da.

Azterketa eta kontrol horiek egiteko, oihanetako kalteen jarraipenerako sarearen laguntza izanen da (I. mailako EE sarea Nafarroan), eta laginak hartzea areagotzen ahalko da, gaitza izateko arriskua duten espezieen guneetan kokatutako puntuen bidez, Oihanak Kudeatzeko Atalak egindako zuhaitz guneen kartografiarekin bat.

Laginak urtean behin hartuko dira, udaberriaren eta udazkenaren artean.

Azterketen emaitzen arabera, gaur egun mugatuta dauden eremuak berriz zehaztuko dira (organismoa agertu deneko gunea, gehi kilometro bateko tapoi eremu bat gune horren inguruan), eta eremu mugatuek gutxienez ere 2 urte iraunen dute hala, fokua desagertutzat jo baino lehen.

Onddo patogenoa izateko arriskua duten espezieen guneetako azterketak, indarra duen araudiari jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak eginen ditu.

2.3. Egur parkeetako azterketak.

Aztertuko diren egur parkeak Pinus spp. espeziearen egurra bildu eta eremu mugatuaren barruan daudenak dira, bai eta, eremu mugatutik kanpo egoteaz gainera eta Pinus radiata D. Don espeziaren egurra biltzeaz gainera, onddoa izateko arriskua duten espezieen guneetatik kilometro batetik beherako tartean daudenak ere.

Parkeetako azterketak urtean behin eginen dira gutxienez, eta laginak hartuko dira laborategian analizatzeko.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak onddoa izateko arriskua duten espezieen egur parkeen zerrenda eginen du eta, bertan, parkearen kokaleku zehatza, haren ezaugarri nagusiak eta pertsona edo enpresa titularraren izena azalduko dira, gutxienez.

3. Esku hartzen duten agenteak.

3.1. Hazi biltzaile, manipulatzaile eta hornitzaileek, mintegizainek, nekazariek, baso-langileek, egurraren lehen eraldaketarako industrietako langileek, inportatzaileek eta jarduera horiekin lotura duten jarduerak egiten dituzten profesionalek berehala jakinarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, edo, hirugarren herrialdeetako inportatzaileen kasuan, Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioko Nekazaritza Zuzendaritzari, Fusarium circinatum onddoaren sintomak atzeman dituztela hazietan, landareetan, zuhaitz guneetan edo horietatik lortutako produktuetan.

3.2. Hala, sektoreetako elkarteek, organismo kaltegarria agertu dela pentsarazten duen edozein sintoma atzemanez gero, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko diote.

3.3. Ugalketarako oihan materialen kasuan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalari jakinaraziko zaio, eta, zuhaitz guneen edo horietatik ateratako produktuen kasuan, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Oihanak Kudeatzeko Atalari.

4. Berrespen ofiziala eta berehalako ekintzak.

Foku bat atzematen denean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horren berri emanen dio Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari, jarraian aipatzen diren egoerak kontuan hartuta.

4.1. Ugalketarako oihan materialetan.

Material hori kutsatutzat joko da eta kaltetutako lotea berehala suntsituko du jabeak berak, kontrol ofizialaren pean. Suntsiketa, ahal dela, kutsatutako unadan, lurzatian edo establezimenduan eginen da, erreketa bidez edo ofizialki onartutako beste edozein metodo erabiliz.

Gero, ekoizpen prozesuan kutsatzeko arriskua izan duten instalazio eta baliabide guztiak desinfektatuko dira.

Ekoizpeneko tokian berean dauden eta kutsatzeko arriskua duten gainerako loteak ez dira hilabete batean gutxienez mugituko, eta tarte horretan azterketak eta tratamenduak eginen dira, aldian-aldian, fungizidak erabiliz, harik eta, egindako ikerketen arabera, material horien destinoa berariaz erabaki arte.

Kaltea izan duten ugalketarako oihan materialeko loteen hornitzaileek informazioa emanen dute haziaren jatorriari buruz, bai eta azken bi urteetan izandako irteerei buruz ere, eta horren berri berehala emanen zaie destinoko autonomia erkidegoei eta Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioko Nekazaritza Zuzendaritzari. Ez da tokitik mugituko jasotzen den ugalketarako oihan materiala eta, hala denean, horretatik ateratakoa, ez eta seguru asko kutsatuta dagoena ere.

Mintegiko material horrekin eginak izan daitezkeen landaketen jarraipena eginen da. Lote edo jatorri bereko hazia jaso ahal izan duten beste mintegi batzuk ere berehala ikuskatuko dira.

4.2. Zuhaitz guneetan.

Ikuskapenen ondorioz egiaztatzen bada zuhaitz guneetan onddoa badela, Oihanak Kudeatzeko Atalak, lurren titulartasuna alde batera utzita, hartu beharreko neurriak jakinaraziko dizkio lur horien jabeari. Neurri horiek ageriko sintomak dituzten landareak moztetik eta suntsitzetik has daitezke, eta lurzatiko zuhaitz guztiak mozteraino iritsi, gaitza duten zuhaitzen kopuruaren eta sintomen intentsitatearen arabera.

Zuhaitzak edo zuhaitz guneak suntsitzeko lehentasunezko epea azarotik martxora bitartekoa izanen da. Ateratzen den egurra eraldaketa zentro baimenduetara, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak foru agindu honen 5., 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera ezartzen dituenetara, eraman beharko da.

Oihanak Kudeatzeko Ataleko teknikariek esanen dute zein baldintzatan egin behar diren gaitza duten zuhaitzak edo zuhaitz guneak moztetik ateratako hondakinak suntsitzeko lanak, eremu horretan patogenoa desagertuko dela ziurtatu ahal izateko.

4.3. Egur parkeetan.

Ikuskapenen eta laginen analisiaren ondorioz egiaztatzen bada onddoa badela 2. artikuluan deskribatutako egur parkeetan, materiala lekuz aldatu eta prozesatu eginen da lehenbailehen, foru agindu honen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Artikulu honen azpiatal guztietan ezarritako neurriak nahitaez bete behar dituzte jabeek, ematen diren epeetan. Epea iragan eta neurriak hartu ez badira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak subsidiarioki har ditzake; halakoetan gastuak jabeak ordainduko ditu eta, gainera, zehapen espedientea irekiko da.

5. Agiriak eta lekualdatzearen kontrola.

5.1. Ugalketarako oihan materialen hornitzaileak.

Gaitza izateko arriskua duten espezieen ugalketarako oihan materialen hornitzaileak erregistratu egin beharko dira, 1993ko maiatzaren 17ko Aginduan xedatutakoarekin bat. Agindu horrek ezartzen ditu landareen, landare produktuen eta beste objektu batzuen ekoizle, merkaturatzaile eta inportatzaileek dituzten betebeharrak, bai eta erregistro ofizial batean inskribatzeko arau zehatzak ere.

Gaitza izateko arriskua duten espezieen ugalketarako haziei dagokienez, 289/2003 Errege Dekretuan araututa, zilegi izanen da etiketa ofiziala erabili ahal izatea pasaporte fitosanitarioaren ordez, baldin eta landare guztien edo lagin adierazgarri baten azterketa xehe eta ofizialetik ateratzen diren frogak biltzen baditu eta, beharrezkoa denean, baita garraiorako ibilgailuena ere, organismo kaltegarriak kutsatuta ez dagoela bermatzeko, 1993ko maiatzaren 17ko Aginduan xedatutakoarekin bat.

5.2. Garraio gida.

Eremu mugatu batetik iristen den egurra eremu mugatuaren barruan tratatu beharko da. Hori ezinezkoa bada, garraio gida bat eduki beharko da, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Oihanak Kudeatzeko Atalak interesdunen eskura jarri eta honako hau bilduko duena:

-Jabea.

-Zuhaitz gunearen kokalekua; herria, poligonoa eta lurzatia.

-Lanak baimentzeko agiria edo mozketa egiteko lizentzia, behar denaren arabera.

-Mendia ustiatzeko ardura duen enpresaren (edo enpresen) datuak.

-Mendiaren ustiapenean erabilitako egur parkearen kokalekua.

-Garraio enpresen datuak.

-Aldez aurretik baimenduta dauden enpresa hartzaileen datuak, 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Eremu mugatutik ateratako egurra hartzen duten oihan enpresek, egurra hartu eta gero, garraio gidaren kopia igorri beharko dute Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura, eta, gainera, ziurtatu beharko dute hartutako egur kopurua bat datorrela eman den garraio gidan ageri denarekin.

5.3. Pasaporte fitosanitarioa.

Eremu mugatutik ateratako egurra hartzen duten enpresek, tratamendu egokia egin ondoren (azala kendu eta 30 minutuko tratamendu termikoa 56ºC-tan), pasaporte fitosanitarioa luzatu beharko dute lehen eraldaketa izan eta merkaturatu behar diren produktuentzat.

Pasaporte fitosanitarioa luzatzeko eskaerak Oihanak Kudeatzeko Atalean tramitatuko dira, sozietatearen egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duten enpresen kasuan, edo landare osasunaren arloan eskumenak dituen erakunde autonomikoan, sozietatearen egoitza Nafarroatik kanpo duten enpresen kasuan.

Gaitza izateko arriskua duten espezieen ugalketarako oihan materialaren enpresa ekoizleek, kontrol fitosanitarioak jaso eta gero, pasaporte fitosanitarioa luzatu beharko dute merkaturatu behar diren zuhaitz-landareentzat. Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean tramitatuko dira pasaporte fitosanitario hori luzatzeko eskaerak.

5.4. Enpresek pasaporte fitosanitarioa luzatzeko tramitazioari dagozkion prozedurak eta formatuak 58/2005 Errege Dekretuan eta 1993ko maiatzaren 17ko Foru Aginduan ezarritako prozeduren eta formatuen araberakoak izanen dira.

6. Produktuen prozesaketa.

Eremu mugatuko produktuen prozesaketa eremu horretatik hurbilen dagoen eremu geografikoan egin beharko da. Produktuen prozesaketa ahalik eta azkarren egin dadin, eta enpresa hartzaileen ekoizpen ahalmenak kontuan hartuta, malgutasunez aplikatuko da irizpide hau.

Eremu mugatuan zentro hartzaile egokiak daudenean ekoizpen ahalmenari eta instalazioei dagokienez, egurra eta lehen eraldaketako produktuak ateratzeko ezinbestekoa izanen da, aurretik, azala kentzea eta 30 minutuko tratamendu termikoa egitea 56ºC-tan, edo horren pareko tratamendu termikoa, material horretan onddoa suntsitu dela ziurtatzeko.

Prozesaketa eremu mugatuetan egiterik ez dagoenean, eremu geografiko hurbilenean egitea gomendatzen da. Enpresen ekoizpen ahalmena dela-eta, eta prozesaketa azkar egin dadin, beharrezkoa bada beste autonomia erkidego batera eramatea, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalak bermatuko du organo autonomiko eta probintzialei informazioa emanen zaiela eremu mugatuetatik ateratako oihan produktu horien mugimenduari buruz.

7. Oihan produktuak hartzen dituzten enpresen erregistroa.

Nafarroako Foru Komunitateko eremu mugatuetatik ateratako oihan produktuak hartzen dituzten enpresen erregistroa sortu eta arautzen da.

Erregistroa publikoa eta Nafarroako Foru Komunitate osorako bakarra da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Oihanak Kudeatzeko Atalari atxikita dago, eta bertan enpresa hartzaileak inskribatuko dira, hau da, foru agindu honetako baldintzak betetzen dituzten eta, era berean, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak horretarako baimendu dituen enpresak. Oihanak Kudeatzeko Ataleko langileak arduratuko dira erregistroaz, eta atal horrek zuzendu eta kudeatuko du.

Eremu mugatuetatik ateratako oihan produktuak hartzen dituzten enpresa guztiek baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta beren autonomia erkidegoan horretarako sortutako erregistroan inskribatuta egon; horren berri Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari emanen diote.

Erregistro horretan inskribatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko enpresek beren eskaera, eranskineko ereduaren araberakoa, Oihanak Kudeatzeko Atalera igorriko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroaren bitartez (Tutera kalea 20, 31002 Iruña), edo edozein erregistro ofizialen bitartez.

Inskribatutako enpresa hartzaileek ondokoa bete beharko dute:

-Sozietatearen egoitza Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

-Enpresa Hartzaileen Erregistroan dauden datuak eguneratuak izatea eta, aldaketarik izanez gero, horren berri ematea arduradunari, beharrezkoak diren agiriekin batera. Enpresa baimenduen erregistroan izaten diren inskripzioak eta deuseztatzeak Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraziko zaizkio.

-Eremu mugatuetatik enpresara iristen diren garraio gida guztien kopia gordetzea.

-Deskargarako eremu berezi bat izatea egur parkeetan.

-Deskarga eremutik zerratokira eramaten den egurraren erregistroa izatea, agiri bidez antolatua.

-Oihanak Kudeatzeko Ataleko teknikariek oihan produktuen prozesaketari buruz egiten dituzten jarraipeneko kontrolak onartzea.

-Eremu mugatutik iristen diren produktuak lehenbailehen prozesatzea, enpresaren ekoizpen ahalmenaren arabera, enpresan lantzen diren beste produktu batzuen aurretik.

-Instalazio egokiak izatea, eta zurari 30 minutuko tratamendu termikoa egitea 56ºC-tan, edo horren pareko tratamendua, material horretatik onddoa kenduko dela ziurtatzeko.

-Egurra lehortegian egon den denbora eta lehortegiko tenperatura zehazteko sarrera erregistroa izatea.

-Eremu mugatuetaik iritsitako egur lehorreko loteak eta/edo, hala denean, kasuan kasuko azken produktuak identifikatzea.

-Eremu mugatuetatik ateratako oihan produktuen prozesaketan sortzen diren azalak erre egin beharko dira, eta ezin izanen dira beste ezertarako erabili. Ahal dela enpresaren instalazioetan erreko dira. Halako instalaziorik ez bada, olanez edo beste baliabideren bat erabiliz estalitako kamioi batean eramanen dira baimendutako beste instalazio batera. Foru agindu honetan ezarritakoa bete beharko da garraioan.

-Deskarga bukatutakoan kamioiak garbitzeko eremu bat izatea; garbiketa airez eginen da, eta gurpilak urez garbituko dira.

-Egurra, aurreko ataletan ezarritakoaren arabera prozesatu ondoren, pasaporte fitosanitario bat aldean duela aterako da enpresatik.

Enpresa hartzaileek egoitza Nafarroan ez dutenean, Fusarium circinatum. Niremberg et O?Donnell onddoa desagerrarazi edo kontrolatzeko programa nazionala ezartzen duen maiatzaren 26ko 637/2006 Errege Dekretuan eta kasu bakoitzean aplikatzen den araudi autonomikoan ezarritakoa beteko da.

8. Beste aurreneurri batzuk.

Foru agindu honetako aurreko artikuluetan azaldutako ekintzez gainera, ondoko aurreneurriak aplikatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean.

-Ugalketarako oihan materiala ekoizteko instalazioak.

Eremu mugatuaren barruan ugalketarako oihan materiala ekoizteko instalazioren bat baldin badago, seguru asko kutsatuta egonen dela adieraziko da hasiera batean, eta gaitza izaten ahal duen materiala ez da mugituko, harik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak haren destinoa berariaz erabaki arte, egindako ikerketen arabera.

Ikerketa epidemiologikoa eginen da, instalazioan kutsatuta egoten ahal diren espezieen material guztiaren jatorriari buruz.

Ugalketarako materiala banatu duen entitateak egindako beste horniketa batzuen destinoak ikertuko dira; hasierako fokua berretsi aurreko 24 hilabeteei buruzko ikerketa izanen da gutxienez ere.

Nekazaritza Zerbitzuko ekoizle, merkaturatzaile eta inportatzaileen erregistroan inskribatuko dira landareak eta landare produktuak manipulatzen dituzten instalazioak (indarra duen araudian zehaztuta dauden eta gaitza izaten ahal duten landare eta hazien mintegiak, lehortegiak, biltegiak eta banaketa zentroak), eta han ezarritako betebeharrak izanen dituzte, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren 17/05/1993 Aginduan xedatutakoarekin bat. Agindu horrek ezartzen ditu landareen, landare produktuen eta beste objektu batzuen ekoizle, merkaturatzaile eta inportatzaileek dituzten betebeharrak, bai eta erregistro ofizial batean inskribatzeko arau zehatzak ere.

Ugalketarako oihan materialak erabiltzen dituzten instalazioek, 637/2006 Errege Dekretuaren 6.3 artikuluan ezarritako betebeharrez gainera, beste hauek ere izanen dituzte:

Mintegi bakoitzak instalazioen eta ereiteko eremuen krokisa izanen du, landarearen ekoizpena identifikatu eta haren jarraipena egin ahal izateko.

Landareen ugalketarako materialaren (haziak, landareak edo aldaxkak) sarrera-irteeren frogagirien artxiboa eduki beharko da, eta agiri horiek 2 urtez gutxienez gorde.

Laneko liburu bat ere edukiko da, gaitza izateko arriskua duten koniferoen haziak zein egunetan erein diren idazteko eta, orobat, haien jatorria, kopurua kilogramotan emana, ereite eremuaren azalera eta egindako tratamendu fitosanitarioak jasotzeko. Egindako ikuskapenak eta kanpainan izaten diren gorabeherak ere jasoko dira liburu horretan.

-Pinus generoaren barruan gaitza izateko arriskua duten espezieen ereitea, landaketa edo birlandaketa.

Debekatuta dago eremu mugatuan Pinus generoko espezieak erein, landatu edo birlandatzea. Debeku horrek indarra izanen du Nafarroan eremu mugatuak dauden bitartean.

Nafarroako Gobernuak baimena eman dezake gaitza izateko arriskua duten espezieen progenieak eta klonak landatzeko, behar bezala justifikatutako saiakuntza zientifikorako bada.

-Hutsarteak betetzea.

Debekatuta dago hutsarteak Pinus generoko espezieekin betetzea, eremu mugatuan. Debeku horrek indarra izanen du Nafarroan eremu mugatuak dauden bitartean.

Deskribatu diren eremuetan, Pinus generoko espezieekin eginda dauden berroihaneztatzeetan, zilegi izanen da hutsarteak betetzea eta, hala behar denean, diruz laguntzea, baldin eta Pinus generokoak ez diren espezieekin egiten bada.

-Belar-sastrakak kentzea.

Debekatuta dago belar-sastrakak kentzea Pinus radiata D. Don-ekin berriki egindako berroihaneztatzeetan, eremu mugatuan.

-Bakantzea eta kimatzea.

Debekatuta dago, oro har, bakantze eta kimatze lana egitea Pinus radiata D. Don-ekin egindako berroihaneztatzeetan, eremu mugatuan.

-Egur parkeak.

Oihangintzako industrietan dauden egur parkeetan, non Pinus radiata D. Don-eko egurra biltzen den, eremu mugatutik kanpo eta gaitza izateko arriskua duten zuhaitz espezieen guneetatik kilometro batera baino hurbilago, ahalik eta egur gutxien izanen da pilatuta maiatzaren 1etik irailaren 1era bitarte.

Mendietan dauden parkeetan, oihan aprobetxamendurako baldintzen agirietan ezartzen den epea izanen da egurra pilatuta eduki ahal izateko epea.

9. Kalte-ordainak.

9.1. Oihan mintegiak.

Ugalketarako oihan materialeko mintegietan kutsatuta dagoen materiala suntsitu behar izatearen ondoriozko kalte-ordainak landarearen merkatuko balioaren %50 artekoak izanen dira. Hala denean, suntsitze lanen gastuetarako kalte-ordaina ematen ahalko da, establezimenduak ez dituen baliabideak erabili behar direnean.

9.2. Zuhaitz guneak.

Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetako mugen barnean, laguntzak emanen dira, baita kostu osoaren adinakoak ere, kaltetutako lurrak onddo patogenoaz kutsatzeko arriskua ez duten espezieekin berroihaneztatzeko, eta kaltetutako zuhaitz guneak kentzeko, operazio horrek errentagarritasun ekonomikorik ez duenean.

10. Argitalpena.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11. Baliabideak.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko abenduaren 31n.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Enpresa hartzailea erregistratzeko eskaera

Enpresa: ....................................................; ordezkariaren izen-deiturak:...........................................; NANa: ........................; ezaugarriak:

1.-Enpresaren datuak:

Izena eta sozietatearen izena:

IFK:

Herria:

Probintzia:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

2.-Jardueraren teknikari arduraduna:

Izena:

NANa:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

3.-Instalazioen tokia:

Izena:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Telefonoa:

Faxa:

Helbide elektronikoa:

4.-Jardueraren azalpena:

Enpresak konpromisoa hartu du eremu mugatuetatik ateratako oihan produktu hauek hartzeko:

a)

b)

c)

d)

Oihan produktu horietatik abiatuta enpresan ekoitzi edo tratatu eta bertatik ateratzen diren produktuak:

a)

b)

c)

d)

Egurrari, azala kendu eta gero, 56ºC-ko tratamendu termikoa eginen zaio 30 minutuz, edo horren pareko tratamendua, Fusarium circinatum Niremberg & O?Donnell onddoa suntsituko dela bermatzeko.

Enpresak eskatu du eremu mugatuetatik ateratako oihan produktuak hartzeko enpresa baimenduen erregistroan inskribatzea. Erregistro hori .................. Foru Aginduaren bidez sortu zen eta, horren bidez, Fusarium circinatum Niremberg & O?Donnell onddoak kaltetutako eremuetatik ateratzen diren oihan produktuak bildu, garraiatu eta tratatzeko arauak ezarri dira.

Enpresak Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Oihanak Kudeatzeko Atalari jakinaraziko dizkio instalazioetan edo jardueretan egindako aldaketak, edo erregistroko datuak aldatu beharra sortzen duen beste edozein gorabehera.

Enpresak konpromisoa hartu du Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak eginen dituen ikuskapenak errazteko. Ikuskapenak aurretik abisatu gabe egin daitezke, eta ondokoa kontrolatzeko eginen dira:

-Instalazioek foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikusteko.

-Foru agindu honetan ezarritako baldintza fitosanitarioak betetzen diren ikusteko.

Halaber, enpresak konpromisoa hartu du eskatzen zaizkion agiri guztiak aurkezteko, hartu diren konpromisoak betetzen diren egiaztatu behar baita.

Iruñean, 2009ko ....................aren ..............(e)an.

Sinatua:

Enpresaren legezko ordezkaria

Iragarkiaren kodea: F0910305