35. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

SESMA

Kontribuzio bereziak

Sesmako Udalak, 2008ko abenduaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen kontribuzio berezien gaineko espedientea onestea, Sesmako zeharbidea hobetzeko obrak ordaintzeko -obra horiek Toki Azpiegituren 2005-2008 Planean sartuak daude- bai eta Costanilla, Del Cura eta Suizos karriketakoak ere. Kontribuzio berezi horiek jartzea eta ordainaraztea arrazoitua dago, izan ere hobetzeko eskaintzan eta onetsitako proiektuan zehaztutako eremuan higiezinen balioa handituko baita.

Erabakia Udalaren iragarki oholean jarri zen jendaurrean eta 2009ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urtarrilaren 21ean; epe horretan erreklamaziorik aurkeztu ez denez gero, behin betikoa bilakatu da onespena eta, hortaz, argitara ematen da haren testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Sesman, 2009ko martxoaren 4an.-Alkatea, Pedro María Mangado Pinillos.

Kontribuzio bereziak ezarri
eta agintzeko erabakiaren aldaketa

Udalbatza osatzen duten bederatzi kideetatik bederatzi osoko bilkuran elkartuta, aho batez erabaki dute:

Lehendabizikoa.-Sesmako zeharbidea hobetzeko obren ondoriozko kontribuzio bereziak ezartzea -obra horiek Toki Azpiegituren 2005-2008 Planean sartuta daude- bai eta Costanilla, Del Cura eta Suizos karriketakoen ondoriozkoak ere. Bidezko da haiek ezarri eta ordainaraztea, hobetzeko eskaintzan eta proiektuan zehaztutako eremuan dauden higiezinen balioa edo onura handitzen delako.

Bigarrena.-Zerga honela agintzea, behar dituen elementuak zehaztearren:

A.-Zergapeko egintza.

Kontribuzio berezien zergapeko egintza da subjektu pasiboak onura eskuratzea edo hobetzeko eskaintzan eta onetsitako proiektuan zehaztutako eremuan duen higiezinaren balioa igotzea.

B.-Salbuespenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarrian erabakitakoaren arabera, kontribuzio berezietatik salbu daude mankomunitateak eta batasunak, baita horien xedeak garatzeko sortzen dituzten entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere.

C.-Subjektu pasiboak.

Pertsona fisikoak eta juridikoak eta unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten nortasun juridiko gabeko entitateak kontribuzio berezien subjektu pasiboak dira, Sesmako zeharbidea eta Costanilla, Del Cura eta Suizos kaleak hobetzeko obren onura jasotzen badute. Haien zerrenda espedientean jasota dago.

D.-Zerga-oinarria.

Obraren kostua 1.306.348,67 eurokoa da eta Udalak bere gain duen kostua 487.022,31 eurokoa.

Subjektu pasiboen artean banatu beharreko kopurua edo zerga-oinarria 91.152,00 eurokoa da, hau da, jasandako kostuaren %18,716185. Kopuru hori aurreikuspena baino ez da. Obra bukatuta, kostu erreala aurreikusitakoa baino handiagoa edo txikiagoa bada, hura hartuko da kuotak kalkulatzeko, subjektu pasiboak adieraziko dira eta behar diren likidazioak igorriko.

E.-Kuotak.

Subjektu pasibo bakoitzari zerga-oinarriaren zati bat egoztearen emaitza da kontribuzio berezien kuota.

Fatxadaren metro lineala aplikatuko da banaketa modulu gisa. 32,00 eurokoa da fatxadaren metro linealaren prezioa, eta onetsi egin da subjektu pasiboen zerrenda, baita banakako kuotena ere, onuradunen artean banatu beharreko kopuruari moduluaren balioa (32,00 euro) aplikatzetik aterata.

F.-Sorrarazpena.

Obrak egiten diren unean sorraraziko dira kontribuzio bereziak, baina, Udalak, haiek ezarri eta agintzeko erabakia onetsitakoan, hurrengo urterako aurreikusitako kostua aldez aurretik ordaintzeko eskatu ahal du.

G.-Diru-bilketa.

Kontribuzio berezi hauen aplikaziotik ateratako tributu zorrak ordaintzearren, toki entitate honen ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoa aplikatuko da epe, errekargu eta gainerako puntuei dagokienez. Delako Ordenantza fiskal orokorrean jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer obra edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

H.-Kudeaketa arauak

Behin kontribuzio bereziak agintzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta, bestela, ediktu bidez.

Interesdunek zilegi izanen dute errekurtsoa paratzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusten duen bezala.

I.-Herritarren laguntza.

Toki entitateak sustatutako obrak egiteko ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak eratu ahal dituzte kontribuzio bereziak agintzen dituen erabakiaren jendaurreko aldian, lankidetza bidez obran laguntzeko.

Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.

J.-Xedapen aplikagarriak.

Ordenantza honetan jasotzen ez den hartan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, kontribuzio berezien egungo ordenantza eta toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

Aginduzko arau hauek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik hartuko dute indarra, ondorio juridiko guztiak sortzen dituztela.

Hirugarrena.-Espedientea jendaurrean jartzea hogeita hamar egunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko oholean agertuta. Epe horretan, interesdunek espedientea aztertu ahal dute eta bidezkoak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin. Orobat, jendaurreko epearen barrenean, ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa osa dezakete.

Ez bada erreklamaziorik, erabakia behin betiko onetsitzat joko da, eta banan-banan jakinaraziko zaie subjektu pasiboei dagozkien kuotak, haiek ezagunak badira, eta bestela, ediktu bidez.

Iragarkiaren kodea: L0911288