35. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CABANILLAS

Aldaketa, Cabanillasko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

2008ko abenduaren 9an egin bilkura berezian aldaketa onetsi zen hasiera batean Cabanillasko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan.

Hura 2009ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 9an.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1. c) artikuluaren bigarren paragrafoak honela dio: "hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da, baldin eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez badu. Hala izanez gero, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori eta behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira". Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez.

Cabanillasko Udaleko alkate udalburu Ana María Rodríguez Enerizek 22/2009 ebazpena eman du, otsailaren 16koa, eta horren bitartez aldaketa behin betikoz onetsi da Cabanillasko hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan, haren aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez delako.

Cabanillasen, 2009ko otsailaren 16an.-Alkatea, Ana María Rodríguez Enériz.

ORDENANTZA, CABANILLASKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Cabanillasko Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua.

Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu eta bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua.

Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

Debeku da lurrean bertzerik gabe lurperatzea, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik aitzina.

5. artikulua.

Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

II. KAPITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

6. artikulua.

Hilerriko seriotasunari eta antolamendu egokiari traba egin diezaiekeen animalia orori ez zaio hilerrian sartzen utziko. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira zerbitzuko udal ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuaren esleipena hartu duen enpresarenak edo hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak, betiere gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badauzkate.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izanen dira hilerriko bide eta muntaduretan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, erantzukizun hori bera kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari eskatzen ahalko zaio berehalaxe.

7. artikulua.

Obrak egiteko materialen sarrera Udalak horrexetarako finkatzen duen ordutegian baizik ez da eginen. Partikularrek egin beharreko obrak aldez aurretik ezarritako orduetan egin beharko dira eta 6. artikuluak aipatzen dituen lizentzia eta baimenak izan beharko dituzte.

8. artikulua.

Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea, baita legarrak kentzea edo gisakoak egitea.

Inguruabar bereziak direla-eta horrelakoak egin behar badira, hilerriko langileei baimena eskatu beharko zaie, eta horiek zehaztu beharko dute zein tokitan eginen diren lan horiek.

9. artikulua.

Udal organo eskudunek hilerriaren zaintza eta garbiketa lan orokorren ardura dute.

Titularren betebeharra da hilobiak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela ez eginez gero, hori aski izanen da ehorzketak egiteko baimena ez emateko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahal ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, kontzesioa iraungiko da eta hilobia Udalaren esku geldituko da. Hori guztia, titularrak ehorzketa-eskubideari bere borondatez uko egiten ahal diola ukatu gabe.

III. KAPITULUA

Gorputegia

10. artikulua.

Hilotzak gorputegian utziko dira hilerrira ailegatu eta berehala ehortzi behar ez badira.

11. artikulua.

Epaile eta osasun agintariek hilerrian ehortzi gogo diren hilotzak gorputegian sartzeko agindua eman dezakete, heriotzaz geroztik hogeita lau ordu iragan ez badira.

12. artikulua.

Partikularrei ez zaie gorputegian egoten utziko hilotzak hor dauden bitartean, agintariek halako denbora mugatu batean egiten dituzten bisitaldiak salbu.

IV. KAPITULUA

Hilotzak hobiratu, hobitik atera, lekuz aldatu eta haiei autopsiak egitea

13. artikulua.

Hilotzen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduaren arauen arabera eta ondoko artikulu hauetan xedatutakoari jarraikiz dira hilotzak edo gorpuzkiak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

14. artikulua.

Hilerrian, ehorzketarako ekartzen den hilotz orori lur emanen zaio, betiere legezko tramiteak bete badira.

15. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

16. artikulua.

Hilotzak hobitik zein egunetan eta zein ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udalean horren ardura dutenei, jarduketa hori ikusi ahal dezaten, lana gainbegiratzeko.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

17. artikulua.

Hilerrian berean bertze hilobi batera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

18. artikulua.

Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak ateratzen ahal dira hilobi mota guztietan, ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

19. artikulua.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen, epaile batek manatu ezean.

Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko. Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

20. artikulua.

Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.

21. artikulua.

Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian eta haren titularraren baimenaz.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. ATALA

Ehorzketa-eskubideak oro har

22. artikulua.

Ehorzketa-eskubidean titulu honek aipatzen dituen kontzesio eta errentamenduak sartzen dira. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen hastapenei jarraikiz.

23. artikulua.

Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira eta kontzesioak behar den titulua luzatuz egiaztatuko dira.

24. artikulua.

Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobi edo horma-hilobiaren erabilpena baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

25. artikulua.

Gizakien hilotzak eta gorpuzkiak hobiratzea izanen da aitzineko artikuluan definituriko ehorzketa-eskubidearen arrazoi eta xede. Beraz, eskubide hori heriotzaren unean eskuratuko da bakarrik horma-hilobiak badira, salbu eta 70 urte edo gehiagotan hildakoek, horietariko batek horma-hilobiak erosten ahalko baititu bere senar edo emaztearendako, betiere hilarria bi horma-hilobietarako luze-zabaletan paratzen badituzte.

Hilerriaren handipenean horma-hilobien kontzesioak emanen dira ezarritako ordenaren arabera, eta hori heriotza-datari jarraikiz osatuko da.

Estetika eta segurtasuna direla eta, hilarriak horma-hilobiaren barreneko gunean ezarriko dira, betiere hilerriaren apaindura orokor eta bateragarriaren mesedetan.

26. artikulua.

Horma-hilobiak edo hilerrian dagoen bertze edozein eraikuntza merkataritzarik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ezin dira salerosi, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

27. artikulua.

Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren esku geldituko dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ez dira udal hilerritik ateratzen ahal Udalaren baimenik gabe eta horrelakoetan ere bakarrik konponketak egiteko.

Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, artistikoa ez bada ere. Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den txikiena ere.

28. artikulua.

Todo nicho no utilizado deberá ser tapado conforme determine el MI. Ayuntamiento de la Villa de Cabanillas.

29. artikulua.

Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berarekin, ordenantza honetako xedapenekin bat.

II. ATALA

Ehorzketa-eskubideak eta, bereziki, kontzesioak

30. artikulua.

Kontzesioak eta errentamenduak honela ematen ahalko dira:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo babespekoek baizik ez erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek baizik ez erabiltzeko bada.

d) Bi ezkontideren izenean, lehen eskuraketaren unean.

31. artikulua.

Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez kontzesioen ez bertzelako ehorzketa-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz bertze eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

32. artikulua.

Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira eta hura udal administrazioak luzatuko du.

Kontzesio tituluetan hauek jasoko dira:

-Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

-Udalak noiz eman zuen kontzesio ebazpena eta hori zer epetarako den.

-Hirugarren pertsonei eskualdatzea, halakorik bada.

33. artikulua.

Hilobi titulu bat hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia luzatuko da, interesdunek eskaria eginda.

Hilobi tituluetako izenetan edo bertzelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira titularrak eskabidea egin ondotik.

34. artikulua.

Alkateak, eskaeren ordenari jarraikiz, hilobien kontzesioa emanen du, interesdunek halaxe eskatzen badute.

Adinez nagusia bada, jende guztiak eskatzen ahal du hilobien kontzesioa.

35. artikulua.

Ehorzketa-eskubidearen kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

36. artikulua.

Cabanillasko Udalak beretako gordeko du Udal hilerria irekitzeko eta ixteko ordutegia ezartzeko ahalmena.

37. artikulua.

Hilerrian ematen diren horma-hilobien kontzesio guztiak, ehorzketetarako eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesio hartzaileen eskubide guztiak.

38. artikulua.

Ordenantza hau baino lehenagoko kontzesioen edukia bere hartan utziko da, eta titulua ez da aldatuko; halakorik ez badago, ordenantza honek arautuko ditu.

III. ATALA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

39. artikulua.

Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik batere ez duten lagunen hilotzak ehorzteko hobiak izanen dira.

Horiek ez dira kontzesioetan sartuko eta haien erabilpena ez da inolako eskubideren menean egonen.

40. artikulua.

Hildako baten jendakiek ezta bertze pertsona interesdunek ez dute inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza erreklamatzen ahal.

Salbuespena egitea beharrezkoa izanen da agintari judizial eta sanitarioek horrela agintzen duten kasuetan.

IV. ATALA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

41. artikulua.

Hilobien oinordekotzari buruz Udalak egiten duen aitorpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez du arlo zibilean deusen gainean indarrik izanen.

42. artikulua.

Emandako horma-hilobiak eskualdatzen ahal dira inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen delarik.

43. artikulua.

Eskualdaketa inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, hilobia erabili izanagatik ere, behar diren baldintzak paratuz gero.

44. artikulua.

Mortis causa eskualdaketari dagokionez, hots, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, hauena izanen da, hurrenez hurren, eskualdaketarako eskubidea: testamentuaren araberako ondorengoak, bizirik gelditzen den ezkontidea edo, halakorik ez bada, testamenturik gabeko ondorengotza nortzuei dagokien, haiexek.

Kausatzaileak jabe-ondorengoak uzten baditu edo bizirik irauten duen ezkontiderik ez bada, eta hainbat lagun gertatzen badira interesdunaren ondorengo, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Gehiengoa ezina bada, eskubidea ondorengoen artetik zaharrenaren alde onartuko da.

45. artikulua.

Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldi oro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horregandik abiatuta kontatuko dira betiere, 48. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere jasoko dira kontzesioaren tituluan.

46. artikulua.

Horma-hilobien kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta jendakiei, ordenantza honetako aginduei lotuz betiere.

Horma-hilobien kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien jendakiak ehorzten ahal dira, mugarik gabe, aurrekoak nahiz ondokoak izan, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontzahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak bertze edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimenaren momentuan dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

47. artikulua.

Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdaketek ez dute epe hori aldatuko.

48. artikulua.

Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, betiere dagokion hilobian gorpuzkin ehortzirik ez bada.

Horretarako eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi beharko da interesduna bera edo, halakorik bada, haren legezko ordezkaria agertuz.

V. ATALA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

49. artikulua.

Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, honelakoetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoera dela eta, aldez aurretiko txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesdunari entzutea eman.

b) Hilobia abandonaturik uzten denean. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta urtebete geroago ondorengoek edo herentzia edo bertze titulu baten bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Ondorengoak edo herentzia edo bertze tituluren bidez subrogaturiko pertsonak eskualdaketa eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, 3 hilabete izanen dira hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko izapideak egindakoan, ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskura itzuliko da.

50. artikulua.

Horma-hilobiak errentan emateko tasen kobrantza arautu da:

-1, 2 eta 3. horma-hilobiak: 269,03 euro.

-4. horma-hilobia: 195,07 euro.

-Horma-hilobi berriak: 321,37 euro.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, alor honetako legeriak aurreikusitakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitatzen denean, uztailaren 2ko 6/1990 TAFLaren 325. artikuluari jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira, baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L0910428