35. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

27/2009 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarean sartzeko deialdia arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzat.

Osasuna Sustatzen duten Eskolen Sarea Osasunaren Mundu Erakundeko Europako Eskualde Bulegoak, Europar Batasuneko Batzordeak eta Europako Kontseiluak bultzaturiko proiektu bat da. Haren helburua eskola osasungarriak lortzea da, hezkuntzako komunitate osoari bizimodu osasungarriak izaten laguntzeko, osasuna sustatzeko giroan.

Hezkuntza Departamentuak eta Osasun Departamentuak, 1994an, lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu zuten, eskolaren esparruan Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko, eta sinadura haren ondorioz garatzen ari da aipatu den proiektua Nafarroako Foru Komunitatean. Urte hartan sinatutako proiektuaren lehentasunezko xedea zen "ikastetxeei Osasuna Sustatzen duten Eskolen zeregina betetzen laguntzea, Osasunaren Mundu Erakundeak, UNESCOk eta nazioarteko beste erakunde batzuek bultzatutako ildoan".

Halaber, Nafarroako Foru komunitatean, azken urteotan, hezkuntza planak oinarrizko gaitasunak hobetzera bideratu dira, hobekuntza planak erabiliz horretarako. Ikastetxeek bizimodu eta ohitura osasungarriak bultzatzeko planetan ezarri dituzten jarduerak sartu behar dituzte urteko programazio orokorrean. Ohitura horien artean: elikadura, ariketa fisikoa egitea, gorputzaren garbitasuna eta gorputz-jarrera egokia, segurtasuna eta istripuen prebentzioa, drogamenpekotasunaren prebentzioa eta heziketa afektibo-sexuala.

Nafarroako Foru Komunitatean Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarea garatzeko, Hezkuntza Departamentuaren eta Osasunekoaren artean lankidetza izateko bi egitura sortu dira: Eskolan Osasunerako Hezkuntza Sustatzeko Batzorde Autonomikoa, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarea bultzatzeko xedea duena (Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarearen barrenean betiere); eta Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sareak (OSEES) Nafarroako Foru Komunitatean duen Batzorde Teknikoa.

Batzorde Autonomikoa OSEESen Estatuko Laguntza eta Koordinazio Zentroarekin lankidetzan aritzen da, eta Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol Ministerioaren Hezkuntzako Ikerketa eta Dokumentazio Zentroan (CIDE) kokatuta dago.

Nafarroako Foru Komunitatean komeni da Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarea (OSEES) bultzatzea. Horrek Hezkuntza Departamentua behartzen du deialdi publiko bat egitera, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori hartu ahal dezaten, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarearen abiapuntuko agirian xedatu bezala.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeak Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarean sartzeko deialdia baimentzea, 2009. urterako, ebazpen honen 1. eranskinean ageri diren arauei jarraikiz.

2. 7.000 euro arteko gastua baimentzea, Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko.

Gastu hori 2009. urterako gastuen aurrekontuan gaitu den "Bizikidetzarako eta balioetan oinarritutako hezkuntzarako programak" izeneko 422000 42120 2269 321202 kontu-sailaren kargura eginen da.

3. Deialdia eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari, Hezkuntza Garapenaren Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten. Iruñean, 2009ko otsailaren 9an.

ANTOLAMENDUAREN, KALITATEAREN ETA BERRIKUNTZAREN ZUZENDARI NAGUSIA.-Teresa Aranaz Jiménez.

OSASUNA SUSTATZEN DUTEN ESKOLEN EUROPAKO SAREAN SARTZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK- 2009

1. Deialdiaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie, Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektuak aurkez ditzaten, Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarean sartzeko, 2009. urtean.

2. Proiektuen betebeharrak.

Ikastetxe bat Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarean sartzeko proposa dadin, Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektu bat aurkeztu behar du, eta baldintza hauek bete:

a) Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarea bultzatzen duten erakundeek gomendatutako printzipio orokorrak kontuan hartzea:

-Osasunerako Hezkuntzaren edukiak zeharka sartzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan.

-Bizimodu osasungarriak eta oreka fisiko, psikologiko eta soziala izaten laguntzen duten ohiturak, jarrerak eta balioak sortzea.

-Haurren gaitasuna handitzea, beren osasunaren inguruan egokienak diren erabakiak har ditzaten.

-Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak eta osasun eta segurtasun arloetako neurriak hartuz, neurri horiek betetzen diren begiratuz eta kudeatze egitura egokiak ezarriz, behar baldin badira.

-Lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeen, inguruko zentro soziosanitarioen, familien eta komunitatearen artean lankidetza harremanak ezartzea, osasunerako hezkuntza programa koherenteak presta daitezen.

-Irakasleei osasun kontuetarako funtsezko eginkizunak eman eta Osasunerako Hezkuntzan dagokien ardura handitzea, osasuna sustatzeko prestakuntza egokia emanez.

-Osasun zerbitzuek Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektuetan laguntza emateko duten hezkuntza ahalmenaz baliatzea, eta hezkuntza zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen erantzukizun partekatua eta lankidetza estua bultzatzea.

-Berdintasuna zeharka sartzea ohitura osasungarrien ikaskuntzan, eta zainketaren etika berri bat ere sartzea, berdintasunean oinarritutako gaitasun pertsonalak eta harremanetakoak garatzen laguntzeko.

-Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea laneko osasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari buruzko alderdiak.

Ikastetxeek beren hezkuntza proiektuan jasotako berariazko beharrei edo osasun arloko lehentasunei buruzko beste irizpideren bat sartzen ahalko dute.

b) Lan plan bat agertzea, 3. eranskinaren araberakoa, hiru urtean garatzeko.

c) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen klaustroak onetsia izatea, eta proiektuko jarduketetan irakasleen eta ikasleen %25 gutxienez inplikatuko dela agertzea.

d) Familiek, osasun etxeetako profesionalek, zonako gizarte zerbitzuek eta toki entitateen ordezkaritzak parte hartzeko ekintzak zehaztea.

3. Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Osasuna sustatzen duten eskolek laguntza hauek izanen dituzte: Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarearen Batzorde Teknikoaren aholkularitza eta jarraipena; osasunerako baliabideak eta material didaktikoak; prestakuntzarako berariazko jardueren eskaintza, ikastetxeko irakasleek osasunerako hezkuntzaren arloan prestakuntza izan dezaten; sareko eskolek esperientzen jarraipen eta trukerako urtero egiten dituzten topaketetan parte hartzea; jardueretarako diru-laguntzak; eta Osasuna Sustatzen duen Eskola gisa egiaztatzea, proiektuaren hirugarren urtea bukatutakoan eta Batzorde Teknikoak aldeko txostena eman ondoren.

4. Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarean sartzeko proposatzen diren ikastetxeek ondokoetarako konpromisoa hartuko dute:

a) Eskola osasungarriko proiektu bat garatzea, hiru urtean.

b) Ikastetxeko Osasun Batzordea eratzea, kide hauekin: irakasleak, ikasleak, familiak, ikastetxeko irakaskuntzaz kanpoko langileak eta osasun etxeen eta tokiko erakundeen ordezkariak.

Batzorde horren zereginak izanen dira proiektua dinamizatzea, Hezkuntza Komunitatearen ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntza proposatzea.

Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko, eta pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginengatik.

c) Urteko txostena aurkeztu beharko da Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuan, ikasturte bakoitzeko uztailaren 15a baino lehen, proiektua zein egoeratan dagoen jakiteko (ikus 4. eranskina).

d) Hiru urteak bukatutakoan, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikus 5. eranskina), aplikazioko aldi osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.

e) Sarearen barnean berariaz garatzen diren prestakuntza eta jarraipeneko jardueretan parte hartzea.

5. Aurkeztu beharreko agiriak.

Ikastetxe eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Eskaera orria, 2. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela eta ikastetxeko osasun batzordea eratu dela azaltzen duten aktak.

-Osasunerako Hezkuntza eta Osasunaren Sustapena garatzeko proiektua, hiru urterako, aurreko oinarrietan aipatutako betebeharrak biltzen dituena.

Proiektua paperean (hobeki alde bietan inprimatua eta paper birziklatuan eta kloroz zuritu gabean bada) eta euskarri informatikoan aurkeztuko da.

6. Eskaeren aurkezpena.

Osasuna Sustatzen duten Eskolen Nafarroako Sarean sartzeko interesa duten ikastetxeek Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dituzte eskera eta egokiak diren agiriak, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari zuzendurik, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean.

7. Ikastetxeak hautatzea.

OSEESen Koordinaziorako Batzorde Autonomikoak edo horrek bidezkotzat jotzen duen organoak baloratuko ditu proiektuak. Baloraziorako, 6. eranskinean ageri diren irizpideak aplikatuko dira.

8. Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarearen Batzorde Teknikoak proposaturik, eta urteko txostena positiboki ebaluatu ondoren, hezkuntzako berrikuntza jardueren 30-60 ordu ziurtatuko dira (6. eranskineko balorazio irizpideen arabera), egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da, parte hartzen duten gainerako irakasleen lanari baino 15 ordu gehiago emanez.

9. Argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak edozein bide erabiliz argitaratu eta zabaltzen ahalko ditu hautatuko proiektuak.

Proiektuen eta memoria pedagogikoen jarraipena eta ebaluazioa egiteko prozesua bukatutakoan, baloraziorako aurkeztutako materialak berreskuratzen ahalko dira: argitalpenak, bideoak, CDak. Proiektuak eta memoriak, berriz, Hezkuntza Departamentuan artxibatuko dira.

10. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak deialdi hau ebatziko du, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuak, Eskolan Osasunerako Hezkuntza Sustatzeko Koordinazioko Batzorde Autonomikoaren burua baita, egiten duen proposamena ikusi eta gero.

II. ERANSKINA

Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarea:
Parte hartzeko eskaera

............................................. jaunak/andreak, ................................. ikastetxeko zuzendaria den aldetik (herria: ........................ Nafarroako Foru Komunitatea),

Eskatzen du, .........(e)an egindako Eskola Kontseiluak eta ...........(e)an egindako Irakasleen Klaustroak onetsi ondoren, "Osasuna Sustatzen duten Eskolen Europako Sarea" izeneko proiektuan parte hartzea. Proiektu horren bultzatzaileak Osasunaren Mundu Erakundeko Europako Eskualde Bulegoa, Europar Batasuneko Batzordea eta Europako Kontseilua dira.

Horretarako, ikastetxe honek agiri hauek aurkezten ditu:

-Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren aktak.

Horrekin batera, ........................... jauna/andrea, Klaustro honetako irakaslea, proiektuko koordinatzaile arduradun izendatu da.

.................(e)n, 2009ko .............aren ..............(e)an

Stua.: ....................................

Ikastetxeko zuzendaria.

III. ERANSKINA

Proiektuaren lan plana prestatzeko eskema

1.-Aukeratu den proiektuaren justifikazioa.

2.-Testuinguruaren azalpena.

3.-Lehentasunak ezartzea.

4.-Helburuak.

5.-Familien, osasun etxeetako profesionalen, gizarte zerbitzuen eta toki entitateen ordezkarien parte hartzea.

6.-Jarduerak.

7.-Metodologia.

8.-Epeak.

9.-Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

10.-Aurreikusitako antolamendu mota eta funtzionamendua.

...........(e)n, 2009ko .......aren ....(e)an.

O. E. Zuzendaria Ikastetxeko proiektuaren koordinatzaile arduraduna.

IV. ERANSKINA

Proiektuaren urteroko txostena prestatzeko eskema

1.-Ikastetxearen antolamendua, Osasunerako Hezkuntzari eta Osasunaren Sustapenari dagokion proiektua garatzeko.

2.-Egindako jarduerak. Hasiera bateko asmo eta epeak noraino bete diren.

3.-Metodologia.

4.-Baliabideak eta langileak.

5.-Proiektuaren ebaluazioa eta bertan egindako doiketak.

.........(e)n, 2009ko ......aren ....(e)an.

O. E. Zuzendaria Ikastetxeko proiektuaren koordinatzaile arduraduna.

V. ERANSKINA

Proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko eskema

1.-Proiektua zein ingurutan garatu den: horren ezaugarri orokorrak eta kasuan kasukoak.

2.-Proiektuko helburuak betetzea:

-Hasiera batean proposatuak.

-Proiektua bukatzean lortuak.

3.-Proiektuko parte-hartzaileak: irakasleak, osasun langileak, hezkuntza komunitatekoak (ikasleen gurasoen elkarteak, etab.). Erakundeak.

4.-Egindako jarduerak:

5.-Proiektuan egindako aldaketak, hura gauzatzen ari zelarik:

-Helburuak.

-Edukiak.

-Jarduerak.

-Metodologia.

-Baliabideak.

-Ebaluazioa.

-Bestelakoak.

6.-Proiektuan erabilitako ebaluazio prozesuaren laburpena.

7.-Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak.

8.-Prestatutako materialak.

.........(e)n, 2009ko ......aren ....(e)an.

O. E. Zuzendaria Ikastetxeko proiektuaren koordinatzaile arduraduna.

VI. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

Proiektuen erredakzioa egitean, jarraian aipatzen diren eta proiektuak eta irakasle parte-hartzaileen orduak baloratzeko oinarrizko ildoa eratzen duten alderdiak azaldu beharko dira.

1.-Testuinguruaren azterketa eta ikastetxeko osasun beharrak egokitzea.

2.-Ikastetxearen izaera eta baliabideak erabiltzeko aukerak.

3.-Osasuna sustatzeko jardueretan orain arte izandako esperientzia.

4.-Proposatutako helburuen zehaztapena eta bideragarritasuna. Atzemandako osasun beharrekin koherentzia izatea.

5.-Hautatutako edukien eta proposatutako jardueren zehaztapena eta koherentzia.

6.-Metodologia berritzailea.

7.-Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea sustatzea.

8.-Prozesuaren ebaluazioaren deskribapena.

9.-Proiektua zona bereko ikastetxeetan koordinatzea.

10.-Berdintasunerako irizpideak aplikatzea.

Iragarkiaren kodea: F0910312