35. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

677/2009 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Autoetarako Renove Plana 2009" izeneko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa energia aurreztu eta eragimenez erabiltzeko eta berotegi efektua sortzen duten gas isurpenak murrizteko neurriak garatzen ari da. "Autoetarako Renove Plana 2009" izeneko diru-laguntzen deialdia lan ildo horren ondorio da eta ibilgailu zaharrak hain kutsakorrak ez diren beste ibilgailu batzuekin aldatzea bultzatu nahi du.

Neurri hori, egungo krisialdian, jarduera ekonomikoa suspertzeko elementu garrantzitsua da, halaber, Nafarroako Gobernuak krisi ekonomikoari aurre egiteko dituen neurrien esparruan.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, deialdiko diru-laguntzak banan-banan ebaluatzeko araubidean ematea erabaki zuen.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Autoetarako Renove Plana 2009" izeneko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Deialdiaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 4.000.000 euroko gastua onestea, 2009ko gastuen aurrekontuetako "Krisiaren kontrako neurriak. Autoetarako Renove Plana 2009" izeneko 810003 81140 7800 425205 kontu-sailaren kargura.

2009ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legearen 4.12 artikuluari jarraikiz, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri zehatzak biltzen dituzten kontu-sailak handitzen ahalko dira. Hori horrela, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuz, horiei behar bezala erantzuteko, beharrezko aldaketak egiten ahalko dira aurrekontuan.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete horren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 18an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

ERANSKINA

"Autoetarako Renove Plana 2009" programaren diru-laguntzen
oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Deialdiaren xedea da ibilgailu zaharrak hain kutsakorrak ez diren beste batzuekin aldatzea bultzatzea, energia aurreztu eta eraginkortasunez erabiltzeko eta berotegi efektua sortzen duten gas isurpenak murrizteko neurri gisa.

2. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen ibilgailuak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Diru-laguntza emanen da M1 kategoriako (bidaiariak garraiatzeko ibilgailu automotorea) ibilgailu berriak (lehenengoz matrikulatuak) erosteko, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Kilometro bakoitzeko CO2-ko 100 gramo edo gutxiago botatzen duten ibilgailuak: 2.200 euro.

b) Kilometro bakoitzeko CO2-ko 140 gramo edo gutxiago botatzen duten ibilgailuak: 1.200 euro.

2. Ibilgailuaren prezioa 30.000 eurokoa izanen da gehienez, BEZa barne.

3. Nahitaezkoa da onuradunak duen kategoria bereko eta 250.000 kilometro edo 10 urte baino gehiagoko ibilgailua zentro baimendu batean suntsitzea, eta behin betiko baja ematea.

4. Ez da diru-laguntzarik emanen sistema edo erregai hauetakoren baten bidez elikatzen diren ibilgailuak erosteko; izan ere, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak horiek erosteko diru-laguntzen deialdi espezifikoa egin du:

a) Bateria bidezko elektrizitatea edo elektrizitate hibridoa (baldin eta bateria bidezko %100eko trakzio elektrikorako gaitasuna badute).

b) Hidrogenoaren zuzeneko erreketa edo erregai pilak.

c) Gas naturala eta petrolio gas likidotuak (GLP).

3. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Diru-laguntzen onuradun izaten ahalko dira 2009ko urtarrilaren 1etik Nafarroan bizi diren pertsona fisikoak, adinez nagusiak. Hori nortasun agiri nazionalaren (NAN) eta erroldaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da.

2. Halaber, eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskabide orriko erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatuko da.

3. Bereziki, zerga betebeharrak egunean dituztela frogatzeko, Nafarroako Zerga Ogasuneko ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Hori Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuratzen ahal da (www.navarra.es -Zerbitzuak -Tramiteak Ogasunarekin). Erosleak ziurtagiri hori aurkezten ez badu, kontzesionarioak telematika bidez eskuratzen ahalko du, interesdunak IFZ eta azkeneko errenta aitorpenaren PINa ematen badizkio.

4. oinarria. Entitate laguntzaileak.

1. Diru-laguntzen kudeaketan entitate laguntzaile izaten ahalko dira Nafarroako saltoki batean lurreko ibilgailuen txikizkako merkataritza jarduera egiten duten pertsona fisiko edo juridikoak, betiere Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.

2. Entitate laguntzaile dela egiaztatzen duen atxikitze agiria Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) horretarako prestatutako aplikazioaren bidez tramitatuko da. Bertan, behin eskabidea bete eta gero, kontzesionario bakoitzari dagozkion merkataritza zenbakia eta pasahitza emanen zaizkio.

Kontzesionarioak atxikitze agiria inprimatu beharko du eta, sinatu ondotik, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko du (Tomás Caballero parkea, 1, 31010, Iruña) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Atxikitze agiriarekin batera sinatzailearen NANaren kopia eta kontzesionarioak Nafarroako Foru Ogasunarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Sinatzailea kontzesionarioko ordezkaria izanen da eta ordezkari izateko lege botereak izanen ditu.

Informatika aplikazioa deialdia argitaratzen denean eskuragarri ez badago, kontzesionario interesdunek Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu laguntzen fitxatik behera kargatzen ahalko dute laguntzaile izateko atxikitze agiria.

3. Departamentuak egiaztatuko du entitate laguntzaile izateko baldintzak betetzen ote dituen, eta kontzesionarioa gaituko du eskabideak tramitatzeko.

4. Entitate laguntzaileen eskubide eta betebeharrak atxikitze agirian ezarriko dira.

5. oinarria. Jarduteko prozedura.

Diru-laguntza eskatzen dutenek eta kontzesionario laguntzaileek prozedura honekin bat jardun beharko dute:

1. Eroslea kontzesionario laguntzaile batera joanen da eta 2. oinarrian adierazitako ibilgailuren bat aukeratuko du. Horretarako, "Kontzesionario laguntzaileen zerrenda" kontsultatzen ahal du, Nafarroako Gobernuaren webgunean.

Diru-laguntza eskaera tramitatzeko, erosleak 3. oinarrian adierazitako dokumentazioa eman beharko dio kontzesionarioari (NANa, Nafarroan 2009ko urtarrilaren 1etik bizi dela frogatzen duen jatorrizko erroldaren ziurtagiria eta Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiria).

2. Kontzesionarioak, egiaztatu eta gero erosleak diru-laguntzaren onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen dituela, eskabidea bete eta ale bitan inprimatuko du, eskatzaileak sina dezan. Kopietako bat eskatzaileari emanen dio.

3. Kontzesionarioak ibilgailuaren prezioari deialdiaren 2. oinarrian ezarritako diru-laguntzak jotzen duen zenbateko bera deskontatuko dio, eta ibilgailu zaharra hartu, hondakin gisa egoki tratatzeko zentro baimendu batera eraman eta behin betiko baja tramitatuko du Trafiko Zuzendaritza Nagusian. Halaber, diru-laguntzaren xede den ibilgailuaren matrikulazioa Administrazioari jakinarazi beharko dio.

6. oinarria. Eskaerak egiteko epea.

Eskaerak egiteko epea 2009ko martxoaren 23an hasi eta abenduaren 19an bukatuko da. Ez dira onartuko ibilgailu berriaren erosketarekin lotutako fakturak edo bestelako agiriak (ibilgailu zaharraren suntsiketa ziurtagiria edo behin betiko baja), baldin eta aipatu epearen aurrekoak badira.

Dena dela, aurrekontuko dirua 2009ko abenduaren 19a baino lehen amaitzen bada, epea azkeneko ibilgailua saltzen den unean amaituko da. Kudeaketako informatika aplikazioaren bidez, une bakoitzean, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera, diru-laguntzaren xede izan daitezkeen ibilgailuen kopurua kontsultatzen ahalko da.

7. oinarria. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Horretarako, eskaerak aurkezteko ordena izanen da kontzesionario laguntzaileak eskabide orria kudeaketako informatika aplikazioaren bidez egindako bidalketari dagokiona.

8. oinarria. Diru-laguntzak ematea.

1. Eskaerak aurkeztu eta gero, unitate kudeatzaile eskumendunak ebaluatuko ditu horiek, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta ebazpen organoari proposatuko dio onuradunei diru-laguntza ematea eta kontzesionarioei pagatzea aldez aurretik aplikatutako deskontua, diru-laguntzak jotzen duen zenbateko bera, alegia. Ebazpen proposamen horretan aipatu eginen da onuradunek betetzen dituztela eskatutako baldintzak.

2. Eskabideren batek ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez zuzentzeko eskatuko da. Halaber, ohartaraziko da 15 eguneko epean hala egin ezik, onuradunak atzera egin duela ulertuko dela. Entitate laguntzaileari horren berri emanen zaio, interesdunei jakinarazteko.

3. Diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena eman eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratzeko epea 2 hilabetekoa izanen da, gehienez, ibilgailuaren matrikulazio datatik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

4. Diru-laguntza ezeztatzen bada eta entitate laguntzaileak egiaztatze eta tramitazio baldintzak arretaz bete ez baditu, bere erantzukizuna izanen da erosleari egindako deskontua, diru-laguntzak jotzen duen zenbateko bera, alegia, berreskuratzea.

9. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ibilgailu berria 3 hilabetean matrikulatzea, diru-laguntza eskaera aurkezteko datatik kontatzen hasita.

b) Ibilgailu zaharra kontzesionarioari ematea, ibilgailu berria jaso baino lehenago edo une horretan berean.

c) Diru-laguntzaren xede den ibilgailua gutxienez ere 3 urtez eduki eta erabiltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritako baldintzak betetzea.

2. Onuradunak baldintzaren bat betetzen ez badu, diru-laguntza itzuli beharko du, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

10. oinarria. Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu, onuradunek eta entitate laguntzaileek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

11. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio batzuen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen bestelako diru-laguntzekin eta, bereziki, Kreditu Ofizialeko Institutuak (KOI) kudeatzen duen "VIVE Plana 2008-2010" delakoarekin.

12. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira emandako diru-laguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0911931