31. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

472/2009 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, hautaproba baten bitartez Zuzenbideko lizentziadunak diren izangaien zerrenda bat osatu eta, geroago, Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko gisa, aldi baterako eta araubide administratiboan, kontratatu edo izendatzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren otsailaren 23ko 472/2009 Ebazpenaren bidez, deialdi hau onetsi zen: hautaproba baten bitartez Zuzenbideko lizentziadunak diren izangaien zerrenda bat osatu eta, geroago, Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko gisa, aldi baterako eta araubide administratiboan, kontratatu edo izendatzeko deialdia, aldi baterako eta zerbitzu eginkizunetan.

OINARRIAK

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Aditzera ematen da, hautaproba baten bitartez Zuzenbideko lizentziadunak diren izangaien zerrenda bat osatu eta, geroago, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko gisa, aldi baterako eta araubide administratiboan, kontratatu edo izendatzeko deialdia, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak eta xedapen osagarriek ezartzen dutenaren arabera.

1.2. Lanpostu hutsak betetzeko aldi baterako kontratazio administratiboa eginen da. Hala ere, lanpostua aldi baterako bete behar duen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtzionarioa bada, A mailako lanpostu batean behin betiko aritzeko izendatua izan bada eta Zuzenbideko lizentziadun titulua soilik eskatu bazaio, aldi baterako izendatua izanen da, indarreko arauetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Sortzen diren lanpostu hutsetan arituko diren izendatuek aholkulari juridikoaren funtzioak beteko dituzte Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra eta hamasei urtetik gora izatea.

b) Zuzenbideko lizentziadunaren titulua izatea.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontratatzeko edo aldi baterako izendatzeko deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aurreko baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharrekoak direla ulertuko da, eta bete beharko dira, halaber, hautaketa prozesuan eta kontratatzeko unean ere.

3.-Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartu nahi dutenek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2. zenbakia, Iruña), erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2007ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 31n) aurkeztu beharko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute beharkizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Minusbalioa duten izangaiek zilegi izanen dute denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzea, baldin eta beharrezkoak badira ariketaren bat egiteko. Kasu horretan, hori eskabidean adierazi beharko dute, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute zer minusbalio daukaten eta zein diren eskatutako egokitzapenak. Horrekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4.-Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Izangaien onarpena.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko du izangai onartu eta baztertuen zerrenda, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta hortxe adieraziko du probak noiz eta non hasiko diren.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Batzordeburua: Ildefonso Sebastián Labayen jauna, Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: José Contreras López jauna, Legegintza eta Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: José Antonio Razquin Lizarraga jauna, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Francisco Negro Roldán jauna, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Zerga Aferen Ataleko burua.

-Mahaikidea: Fulgencio Larumbe San Martín jauna, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Auzi Aferen Ataleko burua.

-Ordezkoa: Francisco Javier Ugalde Adín jauna, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Penalen Ataleko burua.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

-Mahaikide-idazkaria: Idoia Tajadura Tejada andrea, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Zibilen Ataleko burua.

-Ordezkoa: Belén Cilveti Gubia andrea, Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko Afera Zibilen Ataleko burua.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.-Hautaketa prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

7.1. Proba praktiko-teoriko honen bidez eginen da hautaketa:

Epaimahaiak agertuko duen kasu praktiko bat idatziz ebatzi eta, ondotik, jendaurrean irakurtzea, bai eta epaimahaiak izangaiei eginen dizkien galderei ahoz erantzutea ere, hori guztia aholkulari juridikoaren lanpostuak berezko dituen gai eta eginkizunei buruz. Probaren lehenbiziko zatian izangaiek legeen testuak kontsultatzen ahalko dituzte.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aitzin.

7.2. Proba osorik hartuta baloratuko da; gehienez ere, 20 puntu lortzen ahalko dira.

Ariketa horretan gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.

7.3. Probak egiteko deialdi bakarra izanen da, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

7.4. Hautaprobetan, minusbalioa izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, deialdiaren 3.2 oinarriri jarraikiz.

8.-Gainditzen duten izangaien zerrenda.

Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari hura helaraziko dio, bai eta espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketak zozketa bidez ebatziko dira. Zozketara ukitutako izangaiei deituko diete.

9.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2009ko otsailaren 23an.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .............................................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala: ................... Jaioteguna: ................. Jaioterria: ................... (...................). Nazionalitatea: ............................ Gaur egungo helbidea (herria, probintzia, kalea, posta kodea): .............................. .................................................................... Telefonoak: .........................

Zure aurrean agertu eta adierazten dut:

Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko gisa aldi baterako kontratuak edo bitarte baterako izendatuak izateko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala (deialdia ..............(e)ko ...... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........aren ............(e)an).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den tituluaren jabe naizela.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Minusbalioa dudala eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dudala, adierazten ditudan arrazoiengatik (beste orri batean, minusbalioaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Horrenbestez,

Eskatzen dut onar nazatela Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusiko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko gisa aldi baterako kontratuak izateko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko deialdian.

Iruñean, 2009ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F0902693