28. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

13/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana, Villatuertako Arau Subsidiarioak AR-2 sektorean, Legardeta alderdian, aldatzeko espedientea, bertako Udalak sustatua, behin betikoz onesteko presuntziozko egintza baliogabetzeko adierazpena ofizioz berrikusteko prozedura irekitzen duena.

Gertakariak

1) 2007ko irailaren 4an Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan sartu zen Villatuertako Arau Subsidiarioak AR-2 sektorean, Legardeta alderdian, aldatzeko espedientea, bertako Udalak sustatua. Bertako Udalak hasiera batean onetsi zuen, 2007ko abuztuaren 30eko bilkuran, eta 2007ko azaroaren 21eko osoko bilkuran aldatu.

2) Txosten sektorialak jasota, Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 70.4 artikuluan xedaturikoarekin bat, 2007ko urtarrilaren 17ko ofizioaren bidez Villatuertako Udalari eskatu zitzaion dokumentazio hau aurkezteko dagokion txosten orokorra emateko:

A. Aldaketaren Ingurumen ondorioen azterlana (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 32. artikulua)

B. Aldaketaren 19. orrian aipatzen den MACLA-LKS enpresak egindako azterlana, kanpoko hirigintza zerbitzu desberdinen beharrak kuantifikatzeari eta horiek ebazteari buruzkoa.

C. Beharrezkoak diren hirigintza zerbitzuei buruzko Jurramendiko Mankomunitatearen txostenak.

3) 2008ko maiatzaren 26an egindako osoko bilkuran Villatuertako Udalak hasiera batean onetsi zuen aipatu espedientea, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu zuen 2008ko ekainaren 17an behin betikoz onesteko. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldez aurretik eskatutako dokumentazioa erantsi zaio..

4) 2008ko azaroaren 21eko izkribuaren bidez, Villatuertako Udalak administrazioaren isiltasuna dela eta Arau Subsidiarioen aldaketaren behin betiko onespenaren ziurtagiria eskatu zuen. Aipatu ziurtagiria 2008ko abenduaren 23an eman zen.

5) Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 23an emandako 2448/2008 Ebazpenaren bidez ingurumenaren aldetik desegokia dela adierazi zen.

Zuzenbideko oinarriak

Lehena.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 52. artikuluak xedatzen duenez, bide administratiboan egintzak eta xedepanak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko oinarrizko arautegian ezarri bezala baliogabetu, berrikusi eta utziko dira bertan behera, foru lege horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduaren ondoriozko berezitasunak berezitasun.

Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 53. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baliorik gabeko xedapen eta egintzak baliorik gabeko egintza hori egin duen organoak hasiko dituela. Kasu honetan, prozedura hori irekitzeko organo eskuduna Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendu kontseilaria da.

Baliogabetasuna adierazteko, betiere, Nafarroako Kontseiluak aldez aurretik aldeko txostena eman beharko du.

Bigarrena.-Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62.2 artikuluak hauxe xedatzen du: "Konstituzioa, legeak edo goi mailako xedapen administratioak urratzen dituzten xedapen administratiboak, legeari dagozkion arloak urratzen dituztenak eta atzera eragina ezartzen dutenak, banakako eskubideei onik egiten ez badiete edo eskubide horiek murrizten badituzte, zuzenbide osoz deusezak izanen dira".

Hori horrela, jurisprudekziak, duela urte askotatik hona, zehaztu izan du isiltasun positiboaren ondorioek baldintza bat dute, alegia: "Planeamenduari buruzko Erregelamenduaren 133.3 artikuluaren ondorioz, honi dagokionez, plan horren aldaketek ez dute legearen kontrako determinaziorik edo maila goragoko plan baten kontrakorik. Izan ere, horrela balitz, arau hori hausten duten kasuetan, isiltasun administratiboaren bidez lorturiko behin betiko onespena baliogabea izanen litzateke". (Auzitegi Gorenaren epaia, 1985eko uztailaren 8koa). Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea 1992an onetsi eta 1999an aldatu ondoren, irizpide horrek bere horretan iraun du: "planeamenduko figurak, hala nola, autoak, administrazioaren isiltasun positiboaren bidez onesteko arloan, nahitaezkoa da aztertzea planak legearen edo maila goragoko planen kontrako determinaziorik ba ote daukan edo plan horren onespenak legez edo erregelamenduz ezarririko betebehar berezirik bete behar ote duen" (Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaia, 2003ko azaroaren 13koa).

Bestaldetik, gaiari zuzenean helduta, beharrezkoa da adieraztea Villatuertako Udalaren plangintza-ahalmena eskumenekoa izan arren, horrek ez du esan nahi planeamendua onesteko garrantzi handiko zenbait gai kontutan hartu behar ez direnik. Hain zuzen ere, hautatzeko askatasuna, balizko antolaketa aukera askoren artean, arrazionaltasunaren eta koherentzia printzipioekin bat etorri behar du. Horiekin hertsiki lotuta, Espainiako Konstituzioaren 45. artikuluak, garapen iraunkorraren printzipioari buruzkoak, hurrengo hau adierazten du: "botere publikoak natur baliabideen arrazoizko erabileraz arduratuko dira, bizi kalitatea babestu eta hobetzeko eta ingurumena defendatu eta lehengoratzeko, nahitaezko elkartasun kolektiboan oinarrituta".

Aipatu ingurumen iraunkortasunerako printzipioa lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko berariazko legerian jaso da, bai estatukoan bai autonomia erkidegoetakoan ere. Zehazki Lurzoruaren Legearen testu bategina onetsi zuen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, bereziki 2., 10. eta 15. artikuluetan, lurzorua natur baliabide urria eta berriztaezina dela hartzen du abianpuntutzat; hori dela eta, lurraldearen okupazio iraunkor eta zentzuzkoa egitera behartzen du. Horretarako, lurzorua erabiltzeko oinarrizko irizpide gisa, lursailen nahikotasunari eta egokitasunari begiratu beharko zaie.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen agindu batzuek arestian aipatutako garapen iraunkorraren printzipioa jasotzen dute (2., 4. eta 5. artikuluak, besteak beste).

Horrek guztiak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 30. artikuluarekin eta Lurzoruaren Legearen testu bateginaren 15. artikuluarekin bat, onetsiko diren hirigintza tresnen ingurumen ebaluazio egokia eskatzen du, antolamendu berriak sortuko dituen eraginen analisi zehatza eginez berritzeko zailak edo ezinezkoak diren lurzoruaren kontsumoari dagokionez. Laburbilduz, printzipio horrek Foru Administrazioa behartzen du ingurumenaren aldetik bateraezinak diren hirigintza tresnak ez onestera, agortzen ahal diren natur baliabideak direnez atzeraeraginezineko arazo larriak sortzen ahal dituelako.

Nafarroan Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31. artikuluak arau subsidiarioen aldaketa honendako Ingurumen ebaluazio estrategikoa egiteko beharra ezartzen du, Konstituzio Auzitegiaren urtarrilaren 22ko 13/1998 epaiak xedatzen baitu ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren xedea dela "agintari eskudunei informazio egokia ematea, proiektu zehatz bati buruz erabaki ahal izateko, ingurumenarekiko izaten ahal dituen eragin garrantzitsuak ezagututa". Hori dela eta, "ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa hurrenez hurreneko bi uneetan egitea erabaki da: hasierako une batean proiektua onetsi edo baimentzeko organo eskudunetik desberdin den ingurumen organo batek "ingurumen eraginaren adierazpen" bat eman behar du; bigarren une batean, proiektuarekiko organo eskudunak obra, instalazioa edo jarduera egitea komeni den erabakiko du eta, hala bada, proiektua egiteko baldintzak ezarriko ditu ingurumena eta natur baliabideak zaintzeko".

Aurrekarietan adierazi den moduan, kasu honetan Villatuertako Arau Subsidiarioen aldaketa administrazioaren isiltasunaren bidez onetsi da, kontrako Ingurumen ondorioen adierazpenarekin.

Bestalde, ezinezkoa da Ingurumen ondorioen adierazpenaren nondik norakoak alde batera uztea, tramitazioan den plan edo proiektuarekiko aginduzkoa eta erabakigarria baita, eta ezinbesteko baldintza planeamendua behiz betikoz onesteko. Ingurumen ondorioen adierazpena ematea baldintza saihestezina da, ingurumenaren aldetik plana onestea egokia den ebazten baitu. Laburbilduz, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak adierazpena kontutan hartu behar du, zeren eta tramitatzen ari den planaren exekuzioaren ezintasuna ezartzen baitu. Horren erakusgarri, 4/2005 Foru Legearen 34.2 artikuluak hurrengoa ezartzen du: "ez da 3.A eranskinean aipatutako inongo plan edo programarik onesterik izanen ingurumen ondorioen adierazpenik gabe". Hori dela eta, Ingurumen ondorioen adierazpenak dagokion plana onesteko garrantzi erabakigarria du.

Kasu honetan, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 23an emandako 2448/2008 Ebazpenaren bidez ingurumenaren aldetik desegokia dela-eta hurrengoa adierazi zen: "Sektore horien eta poligonoaren handitzearen (iparralderantz eta ipar-ekialderantz, eta 455m-ko kotaraino, gutxi gorabehera,) arteko espazioan, ingurumen ukipenak bateragarriak izanen dira, Ingurumen ondorioen azterlanean zehaztutako aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatzen badira. Aipatu kotatik aurrera eta Muskilda muinorantz, lurraren malda handitzen da (%10etik gorako balioak) eta ingurumen ukipen handiak sortzen dira, bai topografian bai paisaian, lur mugimenduen eraginez nagusiki. Gertaera hori bereziki nabarmena da poligonoaren eta lurzoru urbanizaezinaren mugako bazterguneetan eta kontaktuguneetan, ageriko arro zabaleko kotetaraino iristen baita, paisaia balioko ingurune batean.

(...)

Natur ingurunearen ukipenak txikiagotzeko, industrialdea handitzeko proposamen orok hauek hartu beharko ditu kontuan: %10etik gorako malda duten eremuak baztertzea eta esparrua Ingurumen ondorioen azterlanean zehaztutako malden mapari jarraikiz mugatzea. Horrela, lurzoru urbanizaezinaren eta urbanizagarriaren arteko trantsizioa mailakatua izanen da eta baztergune horietan paisaia integratzeko aukerak hobetuko dira.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 51 artikuluak xedatzen du Udal Planak "etxebizitza, dotazio eta jarduera ekonomikoetarako lurzoru beharrak konpontzea izanen duela xede, proposaturiko hirigintza arloko erduaren beharrak eta justifikazioa aztertu ondoren". Hori dela eta, hazkunde horretarako aukeratu diren lurzoruak eskuragarri diren beste lurzoruekiko egokiak izan beharko dute.

Horrenbestez, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 53.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1) Villatuertako Udal Plana AR-2 sektorean, Legardeta alderdian, aldatzeko espedientea, bertako Udalak sustatua, behin betikoz onesteko presuntziozko egintza baliogabetzeko adierazpena ofizioz berrikusteko prozedura irekitzea.

2) Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta hogei eguneko entzunaldia ematea, edozein pertsona fisiko edo juridikok bidezkotzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

3) Foru agindu hau Villatuertako Udalari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 27an.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.

Iragarkiaren kodea: F0901593