II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak
AZAGRA
Deialdia, Azagrako Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko
Alkatetzak 2009ko otsailaren 3an eman ebazpenaren bidez onetsi zen Azagrako Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia. Honako hauek dira hartarako oinarriak:
1. oinarria.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Azagrako Udaleko bulegoetan aritzeko administrari laguntzaile lanpostu bat, oposizio bidez eta lan kontratu finkoarekin betetzea.
1.2. Izendapenak Azagrako Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta hartan izena emanen, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera.
1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko D mailari dagozkion ordainsariak.
1.4. Izendatuaren lanak eta eginkizunak deialdiko mailari nahiz kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkionak izanen dira. Lan eta eginkizun horien artean izanen dira jendeari harrera egitea, idazmakinak edo kalkulagailuak maneiatzea, ordenagailuak, pantailak eta terminalak erabiltzea, eragiketa aritmetiko eta aurrekontuetakoak eta, eskuarki, esleitzen zaizkion administrazioko eta antzeko eginkizun guztiak, bere lanpostuko eginkizunen barnean.
Era berean, aurreikusten denez, suerta daiteke ikuskatze eta kudeatze jarduerak lantokitik kanpo egitea, baita agintzen zaizkion prestakuntza ikastaroetan parte hartzea ere.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da beti eta Udalak noiznahi aldatu ahalko du.
1.6. Gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen da, lehen-lehenik, deialdiko lanpostua betetzeko, gainditzen duen izangaiak lanpostua betetzen ez duen kasuetarako; eta bigarrenik, itxaron zerrenda eratzeko, Udalak etorkizunean aldi baterako kontratuak egin behar dituenerako.Halakoetan, kontratazioa eginen da hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari hertsiki lotuz.
2. oinarria.-Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean:
a) Espainiako, Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko edo nazioarteko tratatuen arabera bidezko den estatuetako nazionalitatea izatea.
b) Adinez nagusia izatea.
c) Gutxienez ere eskola graduatua izatea, edo Lanbide Heziketako lehen graduko titulua edo baliokidea izatea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian aurreikusitako epe eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean bete beharko dituzte eta hautapen prozeduran haien jabe izan beharko dute, izendapena egin arte.
3. oinarria.-Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkeztuko dituzte, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean eta 14:00ak arte, Azagrako Udalaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legeak aurreikusitako maneretan. Azken egun hori larunbata bada edo balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.
Eskaerak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraituz egin behar dira, eta eskabidearekin batean aurkeztu beharko dira Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta Udal honek titular gisa edozein banku entitatetan irekirik duen kontu korrontean azterketa eskubideengatik 6 euro ordaindu izana frogatzen duen gordekina. Agiria ez aurkezteak probetara ezin aurkeztea ekarriko du.
3.2. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea luzaezina da.
4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bururatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko, halakorik bada.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea bururaturik, eta horiek ebatzi ondoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horretan eta beranduagoko beste batean, betiere Nafarroako Aldizkari Ofizialean, zehaztuko dira probak egiteko tokia, eguna eta ordua, eta Udaleko iragarki oholean argitaratuko da.
5. oinarria.-Epaimahaia.
5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: Azagrako alkatea.
Ordezkoa: lehen alkateordea.
Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendaturiko teknikaria.
Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendaturiko teknikaria.
Mahaikidea: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.
Ordezkoa: Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.
Mahaikidea: Azagrako Udaleko langileen ordezkari bat.
Ordezkoa: Azagrako Udaleko langileen ordezkaria.
Mahaikidea: Azagrako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Mendabiako Udaleko idazkaria.
5.2. Izangaiek mahaikideak errefusatu ahalko dituzte Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/92 Legean aurreikusitako moduan eta baldintzetan.
Errefusatze, abstentzio edo bestelako zioak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bat gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko.
5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, gutxienez kideen gehiengo osoa bilduta. Gehiengo hori jarduketa erabakigarri guztietarako eskatu ahal izanen da, deusetan ukatu gabe erabakigarriak ez diren zainketa edo kontrol jarduketetarako kideek delegazioak egitea.
Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
Berdinketak mahaiburuaren kalitatezko botoak ebatziko ditu.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria.-Oposizioaren hasiera eta garapena.
6.1. Oposizioaldia nola eginen den.
Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:
6.1.1. Lehenbiziko proba:
Lehen ariketa: teorikoa. idatziz erantzun beharko zaio informatika orokorreko ezagutzei buruzko galdera laburrez edo test modukoez osaturiko galde-sortari: informatikako kontzeptu orokorrak, ordenagailu baten osagaiak, Windows ingurunea eta Microsoft Oficce (Word, Excel eta Access).
Gehieneko puntuazioa: 15 puntu; gainditzeko, 7,5 puntu behar dira.
Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, eta horren barnean Wordi, Exceli edo Accessi buruzko ezagutzen gaineko probak sar daitezke.
Gehieneko puntuazioa: 15 puntu; gainditzeko, 7,5 puntu behar dira.
Proba horien gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.
Oposizioko puntuazioa 30 izanen da gehienez ere.
6.1.2. Bigarren proba.
Lehen ariketa: teorikoa. ordubeteko iraupena izanen du eta II. eranskinean jasotzen den programako gaiei buruzko galdera motz edo test modukoei idatziz erantzun beharko zaie.
0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko gutxienez ere 10 puntu beharko dira.
Bigarren ariketa: praktikoa. bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak.
Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edota ahoz egin ahal izanen du epaimahaiak. Bestetik, dokumentua makinaz, eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.
Proba honetan baloratuko dira alderdi gramatikalak nahiz agiriaren aurkezpena, baita epaimahaiak ematen dituen datuak behar bezala jasotzea ere, proba ahoz egiten bada.
0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko gutxienez ere 10 puntu beharko dira.
Hirugarren ariketa: ortografia. epaimahaiak prestatu edo hautatutako agiri baten zuzenketa ortografikoa izanen da edo, bestela, diktaketa bat egitea.
Horretarako 20 minutu izanen dira gehienez ere.
0,25 puntu kenduko da letra baten erabilera desegoki bakoitzeko, ortografiako, azentuazioko eta puntuazioko akats bakoitzeko
0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Gainditzeko gutxienez ere 10 puntu beharko dira.
Proba honetan, gehienez ere, 60 puntu lor daitezke.
6.1.3. Hirugarren proba. Buruz buruko elkarrizketa.
Epaimahaiak lanpostuarekin ikusteko duten gaien inguruko galderak eginen ditu.
Gehienez ere 10 puntu emanen dira eta ez da baztergarria izanen.
6.1.4. Oposizioko ariketak osatzen dituzten proba guztiak baztergarriak izanen dira. Hortaz, bazterturik geldituko dira proba horietan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez duten oposiziogileak, eta epaimahaiak ez ditu zuzendu ere eginen ariketa horretako gainerako probak. Hirugarren proba (buruz buruko elkarrizketa) salbuespena izanen da, ez baita baztergarria izanen.
6.1.5. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta oposizioaldiko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den, 48 ordu lehenagotik gutxienez ere.
6.1.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute.
Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.
6.1.7. Plika itxien sistema erabiliko da.
6.1.8. Oposiziogileen kopuru handiagatik batera eginen ez diren probak eratzen badira, gaien hautapen eta zozketa talde bakoitzerako bereiz eginen da.
Ariketa bakoitza baztergarria izanen da eta epaimahaia ez da hasiko hurrengo ariketa zuzentzen egindako ariketa bakoitzean gutxieneko puntuazioa lortu ez bada.
Azken emaitzan berdinketarik bada, hura informatika proban puntuaziorik altuena dutenen alde hautsiko da; eta, berdinketa mantenduz gero, mekanografia proban puntuaziorik altuena dutenen alde.
7. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Azkeneko ariketa zuzendu ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, erdietsitako puntuazio osoaren araberakoa, igorriko du Udalera; horretarako zenbatuko ditu izangai bakoitzak oposizioaldiko ariketetan erdietsitako puntuak; zerrenda horrekin batera puntuaziorik handiena erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena ere igorriko du. Aipatu proposamena Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.
7.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren bulegoetan:
1.-NANaren fotokopia konpultsatua.
2.-Jaiotze ziurtagiria.
3.-Bigarren oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, lehenago ekarri ez bada.
4.-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez dela izan adierazten duena.
5.-Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.
Zuzenbidean ezarritako bestelako frogabideak ere onartuko dira, eskatzen diren agiriak aurkezteko arrazoizko ezintasunik gertatuz gero.
7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.
7.4. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.
8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen prozesua bururatuta eta izangaiek 7.2. oinarriak aipatzen dituen agiriak aurkeztuta, Alkatetzak, ebazpen baten bitartez, Azagrako Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, administrari laguntzailearen lanpostua bete dezan.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Azagrako Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
8.4. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko 113/85 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan eta harekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio.
9. oinarria.-Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, hauetako errekurtso bat para daiteke:
-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aitzinetik eta hautara, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hura eman zuen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Azagran, 2008ko abenduaren 10ean.-Alkatea, María Antonia Berisa Sánchez.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: .............., adinez nagusia, NAN zenbakia: .........., bizitokia: ......................... (....................), karrika: ...................., zenbakia: ............, solairua:......, posta kodea: ..........; telefonoa:.................
Honako hau azaltzen dut:
Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, horretarako emandako epea bukatzen den egunean, Azagrako Udalean administrari laguntzaile lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian, .... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen,
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.
Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.
Azterketa eskubideak ordaindu ditudala.
Horrenbestez:
Eskabide hau onartu eta, beraz, Azagrako Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.
Azagran, 2009ko ..........aren .......(e)an.
(Eskatzailearen sinadura)
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
1. gaia.-6/90 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
2. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa.
3. gaia.-Nafarroako toki entitateen aurrekontu orokorrak. Egitura. Nafarroako toki ogasunen baliabideen zerrenda eta sailkapena. Udal zergak. Tasak eta prezio publikoak.
4. gaia.-Udalaren osoko bilkura arruntak, bereziak eta presakoak; kontzeptua eta deialdia. Bilkuretan erabakiak hartzea: gehiengoen zenbaketa, egitatezko eta zuzenbidezko kideak, botoaren zentzua, abstentzioa, kalitatezko botoa, bozketa motak.
5. gaia.-Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina.
6. gaia.-Alkatearen hautapena eta kargugabetzea. Eskumenak. Eskumenak bertze baten esku uztea. Alkateordeak. Eginkizunak. Osoko bilkura: osaera, eskumenak eta horiek beste baten esku uztea. Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak. Gobernu Batzarra.
7. gaia.-Nafarroako toki entitateen ondasunak. Kalifikazio juridikoa. Eskuratzea, defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. Inbentarioa, besterentzea eta kargatzea. Herri ondasunak.
8. gaia.-Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.
9. gaia.-Kontratua prestatzeko administrazio jarduketak. Kontratatzeko espedienteen tramitazioa. Orriak. Kontratuak esleitzea, hobetzea, formalizatzea eta esleitzeko moduak.
10. gaia.-Hirigintzako lizentziak eta jarduera sailkatuen lizentziak eta irekitzeko lizentziak. Edukia eta prozedura.
Oharra.-Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Iragarkiaren kodea: L0901953