II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
AGOITZ
Aldaketa ordenantzetan. Behin betiko onespena
2008ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 1ean, Zabor bilketaren tasa arautzen duen ordenantzako aldaketa eta Lehen aldiz okupatzeko lizentzien tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren sorrera hasiera batez onesteko erabakia argitaratu zen.
Ez denez erreklamaziorik aurkeztu, bidezkoa da argitaratzea Zabor bilketaren tasa arautzen duen ordenantzako aldaketaren testua eta Lehen aldiz okupatzeko lizentzien tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren testu osoa.
Agoitzen, 2009ko otsailaren 3an.-Alkatea, Francisco José Enguita Moros.
ZABOR BILKETAREN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Bigarren Xedapen Gehigarriari testu hau gehitu zaio:
Bigarrena.-Zabor bilketaren tasari partzuergoaren zabor bilketa tasa gehituko zaio, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera.
LEHEN ALDIZ OKUPATZEKO LIZENTZIEN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari eta 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraituz ezarri da.
Zergapeko egintza
2.1. artikulua. Ordainarazpen honen xede izanen dira eraikinak eta instalazioak oro har lehen aldiz erabili edo okupatzeko eta haien erabilera aldatzeko lizentzia eskaini aurretik ematen diren zerbitzu tekniko eta administratiboak.
2.2. Ordainarazpen honi dagokionez, lehen aldiz erabili edo okupatzea izanen da Agoizko Udalak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan ezarritako baimena eman aurretiko ekintza.
Ordainarazpenak
3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.
Subjektu pasiboa
4. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluan aipatu pertsona fisiko edo juridikoak nahiz entitateak.
Tarifak
5. artikulua. Tarifak hauek izanen dira:
a) Eraikinak eta instalazioak oro har lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziagatik, 100 euro, etxebizitza edo lokal bakoitzeko.
Eraikin batean etxebizitza eta lokal asko badira, tarifa aterako da etxebizitza eta lokal kopuruari 100 euro biderkatuz.
Eraikin batek aurreko lerroaldean ezarritakoaz gain, garaje eta trastelekuak ere baldin baditu, horiek ez dira lokaltzat hartuko ordainarazpen honi dagokionean.
b) Eraikin eta instalazioen erabilera aldatzeko lizentziagatik, 50 euro.
Sorrarazpena
6. artikulua. Tasa sorrarazten da eta ordaindu beharra dago zergapeko egintza dakarren udal jarduera hasten den unean.
Subjektu pasiboaren betebeharrak
7. artikulua. Ordenantza honetan araututako lizentzia jasotzeko, 2. artikuluan aipatu bezala, subjektu pasiboak edo haren ordezkoak Agoizko Udalean aurkeztu beharko du lizentzia jasotzeko behar den hirigintzako dokumentazioa, betiere hirigintzako legerian ezarritakoari jarraituz.
Arau-hausteak eta zehapenak
8. artikulua. Tributu arloko arau-hausteei eta horiek kasu bakoitzean ekartzen dituzten zehapenei dagokien guztian, indarra duen legeriari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.
Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.
Iragarkiaren kodea: L0901959