II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ANTSOAIN
Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren sorrera eta haren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua. Behin betiko onespena
Antsoaingo Udalak, 2009ko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, legezko quoruma zuela, honako erabaki hau hartu zuen:
Ikusirik hilabeteko jendaurreko epea iragan dela Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzua sortzeko hasierako erabakia eta haren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren onespena 2008ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 24an, argitaratu zirenetik, Antsoaingo Udaleko osoko bilkurak 2008ko azaroaren 26an hala erabaki baitzuen.
Ikusirik epe horretan ez dela alegaziorik aurkeztu, ez eta erreklamazio, kexa edo oharrik egin ere, bidezkoa da Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren sorrera eta haren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren onespena behin betikoak bilakatzea.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324 eta 325. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, Udalbatzako kideen erabateko gehiengoarekin erabaki da:
1. Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren sorrera behin betiko onestea. Haren xedea izanen da euskararen sustapena, kultur ondarea den aldetik, baita euskal hizkuntza eta kultura defendatu, bultzatu eta sendotzeko helburua duten ekintza guztiak, hala nola prestakuntza, kontzientziazio eta motibazio kanpainak eta hezkuntza jarduerak.
2. Behin betiko onestea Udaleko Euskara Zerbitzuaren Barne Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua.
3. Ondoko hauek zerbitzuko Batzarreko edo Kontseiluko kide izendatzea, osoko bilkuraren eskumeneko gainerako informazio batzordeetako proportzio eta kopuru berean: M.ª José Elizondo, Carmelo Jiménez, Javier Martínez Lacunza, Manuel Benítez, Patxi Leuza, Koldo Plá, Miguel Martínez Falero.
4. Behin betiko erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bai eta Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren testu osoa ere.
ANTSOAINGO UDALEKO EUSKARA ZERBITZUAREN ANTOLAKETAREN ETA
Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua
Zioen azalpena:
"Desagertua den Euskaren Patronatua 1983ko apirilaren 13an sortu zen, euskara sustatu eta arautzea xede zituelarik. Helburu hori hartuta, gure herrian, bai udal administrazioan bai udalerrian oro har, euskara sustatu eta arautzeko ekimenak diseinatu eta gauzatzen aritu da urtetan. Ekimen gehienak Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuekin batera egin dira.
Antsoaingo Udalak, 2000ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Antsoaingo udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Haren helburua da euskararen erabilera sustatu eta arautzea Udalaren eskumenekoak diren arloetan, eta helburu zehatzetako bat, berriz, euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea, helburu orokor hori lortze aldera.
Ordenantzak VI. kapituluan, "Euskararen sustapena" izenekoan, ezartzen du zein jarduketa garatu behar dituen Antsoaingo Udalak helburu horiek lortzeko.
Horretarako sortu da Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzua eta bere funtzionamendua arautzeko aurkezten da honako:
ERREGELAMENDUA
1. artikulua.
a) Antsoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren helburua da euskararen sustapena, kultur ondarea den aldetik, baita euskal hizkuntza eta kultura defendatu, bultzatu eta sendotzeko helburua duten ekintza guztiak, hala nola prestakuntza, kontzientziazio eta motibazio kanpainak eta hezkuntza jarduerak. Beste helburuetako bat izanen da euskara administrazioan sartzea.
b) Zerbitzu honen helburuetariko bat baita Antsoaingo helduak euskalduntzea, zerbitzu honek horretarako erraztasunak ezarriko ditu lan horietan aritzen den erakunderen baten bitartez, publikoa zein pribatua izan.
c) Zerbitzuak kontu-sail bat proposatuko du Antsoainen erroldatutako ikasleendako beka edo laguntzak emateko, horretarako prestatuko den inprimakian aldez aurretik ikasleak hala eskatuta.
2. artikulua.
Zerbitzu honen iraupena mugagabea da eta betiere Udaleko osoko bilkurak desegitea erabaki dezake, egoki juzgatzen duenean. Hala gertatzen bada osoko bilkurak ordezkatuko du.
3. artikulua.
Euskara Zerbitzuaren egoitza Antsoaingo Udalak horretarako utzitako lokalean ezarriko da.
4. artikulua.
Gobernua eta zuzendaritza Euskara Zerbitzuaren Gobernu Batzarraren edo Partaidetza Kontseiluaren esku egonen da. Honako hauek osatuko dute:
a) Udaleko alkatea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia izanen da Zerbitzuko burua.
b) Zinegotzi kideak osoko bilkurak izendatuko ditu, osoko bilkuraren eskumenekoak diren gainerako informazio batzordeetako proportzio eta kopuru berean izendatu ere, horiek legegintzaldi bakoitzean zehaztuko baitira.
Ikastetxe publikoko gurasoen elkarteko kide bat.
Irakasleen klaustroko kide bat.
c) Hizpidearekin baina botorik gabe:
Antsoaingo Udaleko euskara teknikaria.
Antsoaingo helduak euskalduntzeko zerbitzua kudeatzen duen entitate edo erakundearen ordezkari bat.
Euskaltegiko ikasleen ordezkari bat.
5. artikulua.
Zerbitzuko Batzar edo Kontseiluaren eginkizunak izanen dira:
Batzar edo Kontseiluaren beraren funtzionamendurako arauak onestea.
Urtero zerbitzuaren helburuak zehaztea eta garatu beharreko jardueren programa prestatzea, dagokion zenbateko ekonomikoarekin batera.
Urtero onetsitako jardueren programa nola gauzatzen den begiratzea.
Antsoaingo udalerrian Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza egoki garatu eta betetzen dela zaintzea, bere jarduketa eremuaren barnean.
Zerbitzuak egoki funtzionatzeko berrikuntzak, jarduerak eta bestelako ekimenak aztertu eta proposatzea.
6. artikulua.
Zerbitzuko Batzorde edo Kontseiluko kideen agintaldiak iraunen du:
Udaleko alkatearen edo hark eskuordetzen duen zinegotziaren eta udal ordezkarien agintaldia amaituko da udal legegintzaldiarekin batera; dena dela, Udaleko osoko bilkurak izendapena edozein unetan baliogabetu ahalko du, hala erabakitzen badu.
Gainerako kideen agintaldiaren iraupena ordezkatzen dituzten erakundeek erabakiko dute, eta horiek ere izendapena edozein momentutan baliogabetu ahalko dute. Izendapena baliogabetzen bada, erabakia igorriko zaio Partaidetza Kontseilu edo Batzarreko buruari.
7. artikulua.
Batzarra edo Kontseilua osatuko dute:
Burua: Antonio Gila Gila.
Osoko bilkurak aukeratutako kideak: M.ª Jose Elizondo, Carmelo Jiménez, Javier Martínez Lacunza, Manuel Benítez, Patxi Leuza, Koldo Plá, Miguel Martínez Falero.
Gurasoen elkarteko ordezkaria elkarteak berak izendatuko du.
Antsoaingo ikastetxe publikoko irakasleen klaustroko ordezkaria klaustroak hautatuko du bere kideen artetik.
Euskaltegiko ikasleen ordezkaria ikasleen artetik aukeratuko da.
Entitate laguntzailearen ordezkaria izanen da bere zuzendaria edo entitateak berak eskuordetzen duena.
8. artikulua.
Batzar edo Kontseilua gutxienez hiruhilean behin bilkura arruntean bilduko da.
Bilkura berezirako deia eginen da, bozkatzeko eskubidea duten bere kideen herenak eskatzen duenean, edo Batzarreko buruak egoki juzgatzen duenean.
Lehenengo kasuan, Batzarreko buruak gehienez ere hamabost eguneko epea izanen du bilkura berezi hori deitzeko eta gai-zerrendan bilkura berezia eskatu dutenek proposatutako gaiak baino ez dira agertuko.
9. artikulua.
Erabakiak hartuko dira bozkatzeko eskubidea duten bertaratutako kideen gehiengoarekin.
Batzar edo Kontseilua eratutzat joko da, bai bilkura arruntean bai berezian eta lehenengo deialdian, bozkatzeko eskubidea duten kideen erdia baino gehiago agertzen bada. Bigarren deialdian eratutzat joko da edozein delarik ere bertaratutako kideen kopurua, betiere Batzarreko buruaz gain bozkatzeko eskubidea duten kideen herena bertan bada.
10. artikulua.
Hona hemen Batzarreko buruaren eginkizunak:
-Ordezkari izatea eta ahalmenak emateko eskumena izatea.
-Bilkurak deitu eta haien buru izatea.
Idazkariaren eginkizunak dira:
-Behar bezala deitzen diren bilkuretan parte hartu eta haien aktak egitea.
-Hartutako erabakiak tramitatu eta betetzen direla zaintzea.
-Aholku ematea bere lanarekin zerikusia duten kontuetan.
-Espedienteak eta artxiboko agiriak zaintzea.
11. artikulua.
Zerbitzuak urtero lanerako plana eginen du, ekonomikoki baloratua, eta Antsoaingo Udalari igorriko dio, honek aurrekontu arruntak onetsi baino lehen.
Balorazio horretan kontuan hartuko dira zenbait laguntza eta beka, hain zuzen ere Udalaren laguntzailea den entitateak antolatutako euskara ikastaroetara doazen Antsoingo ikasleendako urtero bideratzen direnak, bai eta Antsoianen euskara sustatzeko lanean ari diren erakundeei bideratutakoak ere.
Balorazio horri gehituko zaio entitate onuradunek haien helburuak lortzeko egiten dituzten jardueren memoria, jarduera horiek azaltzen dituena.
Udaletik bertatik datozen bitartekoez gain, euskara sustatzeko zerbitzuak beste erakunde publiko zein pribatuen laguntza eta diru-laguntzak jaso ahalko ditu, bai eta bestelako diru-sarrerak izan ere.
12. artikulua.
Antsoaingo Udalaren Euskara Zerbitzuak ez du irabazi asmorik eta bere eskumenen artean du egoki juzgatzen dituen beste erakunde batzuei diru-laguntzak eta bestelako laguntzak eskatzeko ahalmena.
13. artikulua.
Zerbitzuak bere kontuak aurkeztuko dizkio Udalari urtero, kudeaketa operatibo eta ekonomikoaren memoriarekin batera.
Azken xedapena
Zerbitzua desegin ahalko da Batzarrak, Kontseiluak edo Udaleko osoko bilkurak eskatuta, betiere legezko kideen gehiengo osoak hala erabakitzen badu, bi kasuetan.
Desegiten denean, atxikita dituen ondasunak galduko ditu eta Udalak bere eskura izanen ditu erabat.
Antsoainen, 2009ko urtarrilaren 29an.-Alkatea, Antonio Gila Gila.
Iragarkiaren kodea: L0901606