27. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

239/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Tuterako udal mugapean zeramika produktuak fabrikatzeko Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Cerámica Tudelana, S.A. da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2008ko otsailaren 5ean emandako 240 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen Tuterako udal mugapean zeramika produktuak fabrikatzeko. Jardueraren titularra Cerámica Tudelana, S.A. da.

2008ko apirilaren 16an, titularrak aldaketa bat egiteko eskaera aurkeztu zuen, bi lehortegiak eta erretze labea handitzeko, 22,4 metro bakoitza. Handitze horrek erretze labean bulkadako bi erregailu berri jartzea dakar eta, horren ondorioz, instalazioak %10 gehiago kontsumituko du energia termikoa.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak erabaki zuen, Kutsaduraren Aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz, aldaketa ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketak bazuen garrantzia, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak uste baitzuen instalazioan egin beharreko aldaketak kontuan hartu behar zirela baimenean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tuterako udal mugapean zeramika produktuak fabrikatzeko Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2008ko apirilaren 16an eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Cerámica Tudelana, S.A. da. Baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eman zuen 2008ko otsailaren 5eko 240 Ebazpenaren bidez.

2. Ingurumen baimen integratuaren aldaketaren bidez aldaketa batzuk eginen dira Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2008ko otsailaren 5ean emandako 240 Ebazpenaren eranskinetan (instalazio horiei ingurumen baimen integratua eman zitzaien ebazpen horren bidez). Aldaketa horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

Eranskin berriek, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2008ko otsailaren 5ean emandako 240 Ebazpenarenak ordezten baitituzte, industria jardueretan bete beharreko funtzionamendu baldintzak ezartzen dituzte.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta 2016ko otsailaren 5ean bukatuko da. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

4. Ez da beharrezkoa izanen aurreikusitako aldaketetarako irekitze baimena eskatzea, izapide hori egin beharrik ez izateko aukeraz baliatuz, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen 93/2006 Foru Dekretuaren 39.c) artikuluan ezarritako moduan.

Horren ordez, aldaketak egin ondoren, obren eta aldatutako instalazioen zuzendaritza teknikoko ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Agiri horretan behin betiko planoak jasoko dira, tekniko eskudun batek sinatuta, bertan azalduz administrazio espedientean sartutako dokumentazioan zehaztu diren instalazio eta neurrien exekuzioa eta, hala denean, baimen honetan ezarritako neurri eta baldintza osagarrien exekuzioa, horiek zehatz adierazita.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

7. Ebazpen hau jakinaraztea Cerámica Tudelana, S.A.ri, Tuterako Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 26an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua, 7. solairua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0901634