27. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

152/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, "Martzillako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako 8. sektorean (industria lurzorua) egiturazko aldaketa puntuala" proiektuaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin eta ingurumenaren aldetik egokia dela adierazten duena. Sustatzailea Martzillako Udala da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorren aldaketek, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

2008ko urriaren 7an Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu zen Martzillako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako 8. sektorean (industria lurzorua) egiturazko aldaketa puntuala" proiektuari buruzko espedientea, Ingurumen ondorioen adierazpenaren xede dena. Aldaketak Martzillaren Udalaren hasiera bateko onespena dauka, 2008ko apirilaren 24an egindako osoko bilkuran onetsia, eta 2008ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 23an egindako iragarkiaren bidez espedientea jendaurrean jarri zen, Ingurumen ondorioen azterlanik gabe. Akats hori 2008ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 3an egindako iragarkiaren bidez, espedientea bigarren aldiz jendaurrean jarrita konpondu zen.

2008ko urriaren 16an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen ondorioen azterlana ikusirik eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluarekin bat, Ingurumen ondorioen azterlana nahikoa zela adierazi zuen eta hburuzko dokumentazio osagarria eskatu zuen: betetze lurren jatorria eta kuantifikazioa, sektorearen aldaketa topografikoak eragindako ukipenen analisia, sektorearen inguruko lurren muga eremuen analisia eta erreten saretik doazen urak hustea bermatzeko neurriak. Dokumentazio hori 2008ko abenduaren 16an sartu zen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan.

Aldaketaren eremuak 238.549,62 m² hartzen ditu, hiru zatitan banatua: 220.314,47 m² NA-6630 errepidetik hegoaldera, 8. sektorea izenarekin, 10.662,16 m² 7. sektoretik mendebaldera (6. poligonoko 85., 86. eta 87. lurzatiak) eta 7.572,92 m² Azkoien-Zarrakaztelu NA-128 errepidetik iparraldera (1. poligonoko 166. lurzatia). 8. sektorea udal mugapearen hego-ekialdean dago, Martzillako hirigunetik 350 bat m-ra. Hurrengo hauek dira eremuaren mugak: iparraldetik NA-6330 errepidea (Azkoien-Funes-Martzilla), hegoaldetik Funesko bide zaharra deitzen zaion landa-bide bat eta mendebaldetik eta ekialdetik nekazaritza lurrak. 8. sektorea Aragoi ibaiaren meandro zahar batean dago, iragazkortasun handiko lurzoru alubialean, ibaiaren urak hartzen duen ordokian, orografia laua du. Bertan iparraldeko lurretatik heldu diren urak hustutzen dituen ureztaketa erreten sare bat dago, 7. sektorean. Honako hau da lursailen egungo erabilpena: batez ere ureztaketako belarkien laborantza, barazkiak eta landatutako makalak dituzten bi lurzati. Berezko landaredia osatzen duten zuhaizkak eta zuhaitzak bide eta erreten sareen ondoan agertzen dira soilik.

Gaur egun honela dago sailkaturik: produktibitate handiko lurzoru urbanizaezina, ekipamendu sistema orokorra, errepidearen babes eremua eta herrigunearen industria. Aldaketaren xedea da industriarako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzea. 8. sektorearen 6 exekuzio unitateren bidez eginen da. 8.1 unitatean lanak hasiak dira dagoeneko.

Aldaketak lursailaren kota 289,99 m-ra igotzea proposatzen du, modu horretan uholde arriskua saihesteko, jarduera esparruaren eremuko erretenak desbideratzeko, perimetroko zerrenda batean ekialdeko, hegoaldeko eta hein batean mendebaldeko orientazioetan berdeguneak antolatzeko eta NA-6630 errepidearekiko paralelo joanen den oinezkoendako sarbide bat egiteko, oinezkoendako eta txirrindulariendako soilik. Espedientean Uraren Zerbitzuko txostena bada.

Ingurumen ondorioen azterlanean ingurune fisikoa eta biologikoa deskribatzen dira, bai eta egungo erabilera eta landaredia eta kalitate akustikoa ere, eta azterketa sozioekonomiko laburra hartzen du barnean. Aldaketaren eraginak identifikatu eta aztertzen ditu eta prebentzio eta zuzenketa neurriak biltzen ditu airearen, landareen, azalen eta lurpeko uren eta paisaiaren kalitateari buruz, bai eta kalitate akustikoari, argi kutsaduraren prebentzioari eta energiaren kontsumoari, lur mugimenduei, landare lurren tratamentuari eta uholdeak izateko arriskuari buruz ere. Azkenik, ingurumena zaintzeko plan bat ezartzen du.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du. Bertan aztertu du nola bete den Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura eta urbanizazio proiektuarekin ados agertu da, zenbait baldintza betez gero.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Martzillako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako 8. sektorean (industria lurzorua) egiturazko aldaketa puntuala" proiektuaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin eta ingurumenaren aldetik egokia dela adieraztea. Sustatzailea Martzillako Udala da.

2. 8. sektorean eginen den urbanizazio proiektuan honako baldintza hauek bete beharko dira Ingurumen ondorioen adierazpena onesteko:

-Urbanizazio proiektuak lursailaren azkeneko kota hartu beharko du kontuan, 289,88 m, sektorean uholdeak egoteko arriskua murrizteko.

-Ingurumen ondorioen azterlanean agertzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriak bete beharko dira.

-Paiasaiarekin bat egiteko neurri gisa 8. sektorearen perimetroan landaketak eginen dira garaiera handiko espezieekin, besteak beste: Populus alba (zurzuriak), Populus nigra (makal beltza) eta Juglans regia (intxaurrondoak). Landaketak mantentzeko plana izan beharko du, gutxienez lehendabiziko 3 urterako.

-Proposatu den erreten sarearen aldaketak uren ebakuazio egokia bermatu beharko du, 8. sektorearen kanpoko eremuan uholde arazorik sor ez dadin.

-Industria lurzorutik nekazaritzako lurzoru urbanizaezinera igarotzeko muga eta trantsiziogunea malda desberdinak dituzten azaleren arteko ertz zuzenak saihestuko dituen azken topografia baten bidez eginen da. Kasu horretan malda 3H:2V-tik beherakoa izanen da.

-Berdeguneetan eta perimetroko landaketetan ereitea eta zuhaitzak jartzea ahalbidetuko duen landare lurra botako da. Bestalde, egokiak ez diren materialak hondakindegi baimendu batera eramanen dira.

-Betelaneko materialak legar-hobi baimendu batetik aterako dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari eta Martzillako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 20an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0901549