27. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

27/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Ega ibaiaren erdiko ibilguko hondakin urak (Oteitza, Morentin, Aberin eta Muniain) Lizarrako araztegia erabiliz kudeatzeko sistema integratua" izeneko proiektua egiteko.

2008ko urriaren 20an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Jarduera abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuak Oteitza, Morentin, Aberin eta Muniaingo hondakin urak Ega ibaiaren ondoan eraikiko den ponpaketa-estaziora eramanen dituen lau hodi igorle eraikitzea aurreikusten du. Gune horretatik bulkatze hodi batek hondakin urak Lizarrako HUAra eramanen ditu. Proiektuan ponpaketa-estazioa elikatuko duen linea elektriko bat eraikitzea ere jaso da.

Oteitzatik ponpaketa-estaziorako hodi igorlea. Kolektore hori Oteitzatik hurbil aterako da eta hego-mendebaldeko norabidearekin Ega ibaiarantz joko du. Ibaia bertan den zubiari atxikia gurutzatuko du. Ibaia gurutzatu baino lehen irekitako zangak 8,8 m-ko sakonera izan beharko du. Kolektoreak 2.281,80 m-ko luzera izanen du.

Morentindik-ponpaketa-estaziorako hodi igorlea. Morentingo herritik hego-ekialdera izanen du jatorria eta egun diren labore eta bideen artetik joanen da 2.143,26 m-tan.

Muniaindik Morentinerako hodi igorlea. Muniaingo hilerritik lehendabizi ekialdera joko du eta ondoren hegoaldera, alorren artean. Kolektore hau Aberinetik heldu den hodi igorlearekiko loturaraino joanen da. Puntu horretatik aurrera hodi igorleak muino bat gurutzatuko du. Beraz, grabitatearen bidezko fruntzionamendu egokirako 7,25 m-ko sakonera izanen duen zanga bat beharko da. Morentingo hodi igorlearekiko lotura Aridos del Egatik hurbil eginen da, eta guztira 1.860,36 m-ko luzera izanen du.

Aberindik Morentingo hodi igorlerako hodi igorlea. 465,53 m-ko tarte txikia da. Aberinetik heldu da eta Muniaingo hodi igorlearekin lotura egnten du. Hondeaketa sakontasunik ez du behar.

Ponpaketa-estazioa. Oinaren azalera 10,6 m x 6,05 m-koa da eta Aberingo 2. poligonoko 334. eta 335. lurzatietan eraikiko da. Arestian aipatutako lau hodi igorleek ekartzen dituzten hondakin urak jasoko ditu eta bulkatze hodira bidaliko ditu.

Bulkatze hodia. Ponpaketa-estaziotik abiatu eta Lizarrako HUArako norabidea hartuko du Ega ibairen eskuineko ibaiertzeko ibarbasoen ondotik doazen egungo bideetatik. Azkeneko zatian kolektoreak Bideko Autobia gurutzatzen du beheko pasagune batetik. Bulkatze hodiak 5.375,92 m-ko luzera dauka.

Linea elektrikoa. Proiektuak 13,2 kV-eko linea elektrikoa eraikitzea aurreikusten du, Ega ibaiaren eskuinaldean den euskarri batetik abiatuta, ponpaketa-estaziotik 900 m-ra. Lehendabiziko 50 m-ak airekoak izanen dira eta gainontzekoak, bulkatze hodiaren ondoan, lur azpikoak.

Zangak egiteko okupatu beharreko zerrenda 16 m-koa izanen da gutxi gorabehera. Ingurumen aldetik sentiberak diren eremuetan okupazio zerrenda egun dagoen bidera mugatuko da, betiere bidea egonen balitz.

93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Arau horretako 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta ingurumenaren arloko eskumenak eskuordetzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Ega ibaiaren erdiko ibilguko hondakin urak (Oteitza, Morentin, Aberin eta Muniain) Lizarrako araztegia erabiliz kudeatzeko sistema integratua" izeneko proiektua egiteko.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen menpe egonen da baimena:

-Okupatu beharreko zerrenda 2,5 m-koa izanen da sakanak gurutzatzean eta 3,5 - 5 m artekoa izanen da lan eremuaren bi aldeetan, landaredi naturala duten hurrengo tarteetan:

.Oteitzako hodi igorlea: 1+530 - 2+120 k.p.

.Muniaingo hodi igorlea: 0+300 - 0+650 k.p.

.Bulkatzea hodia: kolektorea hurrengo k.p.en arteko bidetik joanen da: 0+550 - 1+050, 1+150 - 1+280, 2+050 - 2+150, 3+280 - 3+350.

.Arestian aipatutako ertzen artean lan eremua murrizteak obretako makineria eta ibilgailuak segidan lan egitera behartuko ditu, paraleloan egin beharrean.

-Kolektoreek egungo bideekiko paralelo doazen tarteetan, eta bide horiek aldeetako batean landaredi naturaleko heskaiak edo unadak dituztenean, lan eremua beste aldean irekiko da.

-Sakan edo errekekiko paralelo doazen lan eremuetako tarteek horien kanpoko ertzarekiko gutxienez 3 m-ko ukipenik gabeko lur zerrenda utziko dute.

-Okupatu beharreko zerrenda behar bezala balizatuko da ur bazterreko landarediaren edo landaredi naturalaren (karraskadiak, abariztiak) ondoan geratzen den aldean.

-Makinak eta ibilgailuak landaredi naturaletik urrunen dagoen aldetik pasatuko dira, lurraren trinkotzea eta zuhaitz eta zuhaixken enbor eta adarrak kaltetzea saihesteko. Aurrekoa betetzea ezinezkoa bada landaredia aldez aurretik kimatuko da berau kaltetzea saihesteko.

-Zangak ireki aurretik, landare-lurraren geruza kenduko da (gutxienez 30 cm) eta lurra modu egokian bilduko da, gero lursaila lehengoratzeko lanetan erabiltzeko.

-Ega ibaiaren inguruko lanak iraila eta apirilaren artean eginen dira. Lur mugimenduak landare estalkia kendu eta 48 ordu geroago eginen dira.

-Ukitutako eremua mirotz zuriaren eta mirotz urdinaren balizko habitata denez, zangak ireki baino lehen lan eremuen barnean bi espezie horien habiriak ba ote den egiaztatuko da.

-Hegaztiak linea berriarekin talka egiteko arriskua saihesteko linearen aireko tarte guztian (50 m) kableak seinaleztatuko dira, hegaztiak babesteko balizak erabilita. Nolanahi ere, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan agertzen diren determinazioak beteko dira. Dekretu horren bidez arau tekniko batzuk ezarri zitzaizkien instalazio elektrikoei, hegaztiak babesteko.

-Proiektuarekin batera doan Ingurumen ukipenen azterlanean adierazitako espezieekin landareztatze neurri guztiak aplikatuko dira (hidroereintzak eta landaketak).

-Proiektuaren aurrekontu orokorrak landaketak mantentzeko kontu-saila aurreikusi beharko du, landaredia behin betikoz errotu arte gutxienez indarrean egon beharrekoa. Nolanahi ere, epe hori landaretza berritzeko lanak egin eta bi urtekoa izanen da, gutxienez.

-Done Jakue bideari eta 13. iraganbidea izeneko abelbideari egindako ukipenari dagokionez, 2009ko urtarrilaren 22ko Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenean adierazitako jarraibide guztiak bete beharko dira.

-Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kenduta izan beharko dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura). Horrek ez du galaraziko sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratu beharra izatea, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Aberingo, Morentingo, Oteitzako eta Lizarrako udalei, Plangintza eta Laguntza Atalari eta NILSAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 23an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0901541