I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
12/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Bakedaon (Ameskoabarrena, Nafarroa) araztegiko hargune elektrikorako lurpeko kanalizazioa egiteko proiektua gauzatzeko Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena. Sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales S.A. da.
2008ko irailaren 19an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.
Jarduketaren helburua da behe tentsioko linearako lurpeko kanalizazioa egitea, Bakedaoko araztegia elektrizitatez hornitzeko; izan ere, arazo teknikoak direla eta, egungo hargunea ez dabil.
Behe tentsioko linea elektriko berria Bakedaotik gertu dagoen kontagailuen koadrotik araztegiaren ondoan dagoen saneamenduko ponpaketa putzuraino eramanen da. Lurpeko kanalizazioak 196 metro neurtuko du. Horietatik 24 metro hormigoizko bidea hondeatuz eginen dira, eta gainerako 172 metroak bide bereko areka erabiliz.
0,80 x 0,40 metroko zanga bat zulatuko da. Bertan, hormigoizko idulkiz babestutako PVCko hodiak jarriko dira. Bestalde, erregistroko kutxetak tapa eta marko burdinurtuzkoak izanen dira eta 60 x 60 x 60 cm neurtuko dute. Jarduketak lur mugimenduak eraginen ditu, 70 m³ ingurukoak, eta ukitutako lurra leheneratzeko erabiliko dira.
Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta da. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko araubidean ezarritakoaren pean jartzen dira batera. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Espedientean Ameskoabarrengo Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Bakedaon (Ameskoabarrena, Nafarroa) araztegiko hargune elektrikorako lurpeko kanalizazioa egiteko proiektua gauzatzeko Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Sustatzailea Navarra de Infraestructuras Locales S.A. da.
2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:
-Bide inguruko eta Arainaldeko erreka-zuloko landaredi naturalak material solidoen herrestatzearen ondorioz izan ditzakeen zeharkako kalteak saihesteko, materialak behin-behinean pilatzeko eremuak mugatu beharko dira; muga horiek Arainaldeko bidearen hasieran, Bakedaotik gertu, edo araztegian bertan jarriko dira.
-Hondeaketaren inguruko landaredi naturalak izan ditzakeen kalteak txikiagotzeko, ebaki beharreko zuhaitz itxurako landare espezieak mugatu beharko dira lehenik, adarrak ez puskatzeko edo sustrai sistemak eta zuhaitz espezie horien enborrek izan ditzaketen kalteak saihesteko.
-Instalaziorako erabiliko diren makinen olio edo erregai aldaketak edota mantentze lanak horretarako leku aproposetan eginen dira, eta behar diren neurriak hartuko dira, likidoak nahi gabe isuri eta urak eta lurrak kutsatzea saihesteko.
-Obra amaitzean, eremua ongi garbituko da. Hondakin guztiak eta berrerabil ezin daitezkeen soberakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.
3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, jarraian adierazten diren baldintzekin. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.
6. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Ameskoabarrengo Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko urtarrilaren 15ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0901236