27. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

11/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, txatartegi jarduerarako eta hondakin arriskugarri eta ez-arriskugarriak kudeatzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea erabakitzen duena. Proiektua Tafallako 19. poligonoko 476. lurzatian, Margalla alderdian kokatzen da eta Servicios y Suministros Saher, S.L.k sustatu du.

2008ko abenduaren 23an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen Tafallan txatartegi jarduerarako eta hondakin arriskugarri eta ez-arriskugarriak kudeatzeko proiektuaren Ingurumen baimen integraturako laburpen-memoria, Servicios y Suministros Saher, S.L.k sustatua, administrazioaren beste edozein esku-hartze abian jarri baino lehen proiektuak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar ote den erabakitzeko, besteak beste, ingurumenaren arloan indarra duten legezko irizpideei jarraikiz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezartzen denez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabaki beharko du 2A eranskineko proiektu batek ingurumenean izanen duen eraginaren ebaluazioa behar duen ala ez, 3C eranskinean dauden ingurumen arloko irizpideak aintzat harturik. Betiere, erabakiaren arrazoiak azaldu beharko ditu. Dekretu hark Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua garatu zuen. Aipatu foru dekretuaren 3.C eranskinean ezarritako irizpideak erabilita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak ebatzi du ez dela beharrezkoa Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio gisa tramitatzea.

Egungo jarduera inguruko industrietan ekoizten diren hondakin ez arriskugarriak (burdin txatarra eta bestelakoa, papera, kartoia, plastikoak eta zurak) eta arriskugarriak (bateriak) bildu, klasifikatu, berezi eta biltegiratzea da, ondoren sektore bereko beste enpresetara eramateko, betiere lehengaia eraldatu gabe. Jarduerak Tafallako Udalaren 1999ko martxoaren 12ko alkatetzaren ebazpenaren bidez emandako jarduera lizentzia badu, Sancha Hermanos S.L sozietatearen izenean. Ondoren titulartasuna Servicios Suministros Saher enpresara aldatu zen. Azken enpresa horrek baditu hondakin arriskugarri eta ez-arriskugarrien kudeatzaileen ziurtagiriak.

Espediente berriarekin instalazioaren barne antolaketa aldatu nahi da eta kudeatu beharreko hondakin arriskugarri eta ez arriskugarrien maila zabaldu, eraikuntza eta eraispenetako material gehiago tratatu ahal izateko, hondakin toxiko eta arriskugarrien artean hurrengo hauek besteak beste: kloratu gabeko emultsioak, olio sintetiko eta biodegradagarriak, olioaren arazketatik datozen lohiak eta hondakinak, ontziak eta ontzien hondakinak, xurgatzaileak, iragazpen materialak, zapi eta arropa kutsatuak, olio-iragazkiak, balazta-likidoak eta izotz-kontrakoak.

Instalazioak zolata badu eta ur-lineak gaika banatzeko prestatua dago, kutsadurari aurrea hartzeko neurri gisa. Instalazioan eraikin ere estali bat bada, eta bertan eremu estankoak daude. Egun bertan bateriak biltegiratzen dira eta hondakin arriskugarriak kudeatzeko erabiltzea aurreikusi da. Dena dela, jarduera berriak materialak banatu eta manipulatzeko arau berekin jarraituko du. Funtzionamenduan den jarduerak ez du isuririk sortzen eta bertatik sortzen diren hondakinak kudeatzaile baimendu bati eramaten zaizkio.

Aipatu beharrekoa da jarduera txatartegiko egungo instalazioek dagoeneko ukitutako lurretan eginen dela. Eremu horretan badira azalera zolatuak, euri-urak banatzeko sareak eta txatartegiko estalpeak, eta ura edo lurzorua kutsatzaileen infiltrazio eta barreiatzea saihesteko neurriak aurreikusi dira.

Bestalde, abenduaren 28ko 93/2006 foru Dekretuarekin bat, 2A eranskinean sartuta dagoen proiektua Ingurumen baimen integratuaren menpe dago. Prozedura horren helburua osasunaren eta ingurumenaren gaineko eraginari eta kutsadurari jatorrian aurrea hartzea eta murriztea da. Ebaluazio hori egokiena dela jotzen da, kontuan izanda jardueraren ezaugarriak, eta informazioa eskuratzea eta herritarren parte hartzea bermatzen direla, uztailaren 18ko 27/2006 Legearekin bat, ingurumen arloan informazioa eskuratzea, herritarrek parte hartzea eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituena.

Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokalekua eta izan dezakeen eragina azterturik 3C eranskinean ezarritakoari jarraikiz eta espedientean agertzen diren txostenak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Tafallan txatartegi jarduerarako eta hondakin arriskugarri eta ez-arriskugarriak kudeatzeko jardueraren Ingurumen baimen integratuaren proiektuak, Servicios y Suministros Saher, S.L.k sustatuak, Tafallako 19. poligonoko 476. lurzatian, Margalla alderdian kokatuak, 2A eranskinaren 14. idatz-zatian sartzen denak, ez du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioarik behar, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuko 3.C eranskineko ingurumen irizpideak aplikatuz. Espedienteak Ingurumen baimen integratua behar du.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta interesa dutenek, Administrazio Publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Tafallako Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 14an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0901223