27. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

10/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Izabatik Frantziarako NA-1370 errepidearen 16+300 k.p.tik 21+500 k.p.rako tartean 22 kV-eko goi tentsioko lurpeko linea elektrikoa jartzeko proiekturako. Sustatzailea "Sociedad de Promoción de Inversión e Infraestructuras de Navarra (SPRIN)" sozietatea da.

2008ko irailaren 4an, Construcciones Mariezcurrena enpresak, SPRINen izenean, goian aipatutako proposamenari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan eta, eskaerarekin batera, memoria teknikoa eta ingurumen ukipenen azterlana.

Proiektu horren bidez Yeguacerosko kuartela energia elektrikoz hornitu nahi da, Erronkariko Ibaxaren Batzordea eremu hori kudeatzen hasten denean zenbait erabilera eman ahal izateko.

Linea hori lurpeko kanalizazio baten bidez eramanen da, Izabatik Frantziarako NA-1370 errepidearen azpitik, eskuinaldeko bazterretik 1,5 m-ra; hasiera 21+500 k.p.an izanen du, non antzeko kondukzio bat dagoen El Ferialgo aterpeari zerbitzu emateko, eta bukaera 16+300 k.p.an, Yeguacerosko kuartelaren sarbidea dagoen tokian.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Tramitatutako agirien artean Izabako Udalak 2008ko irailaren 1ean proiektuaren alde egindako txostena dago. Horren ondoren, 2008ko azaroaren 10ean, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena egin zuen, baina zenbait baldintza ezarrita.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aditzera eman du NA-1370 errepidea eta, beraz, aurreikusitako kondukzioa, 18+300 k.p.tik 21+500 k.p.ra bitarte, "Larra" 1 Natur Erreserbaren babes zerrendearen mugatik edo barnetik doala eta, ondorioz, "Larra-Artaparreta" izeneko ES2200001 Batasunaren Intereseko Lekutik.

Hala ere, kondukzioa errepidearen galtzadatik pasatuko denez eta aldi berean eginen direnez lanak eta "Izaba-Frantzia NA-1370 errepidea egokitu eta hobetzea, 11+800 k.p.tik 26+000 k.p.ra" proiektuko obrak, ez da zuzeneko ukipenik espero babestuta dauden eremu horietako habitat naturalen edo fauna katalogatuaren gainean, ez eta errepide hori hobetzeko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpenean baloratu eta onartutako ukipenak baino handiagorik ere. Aipatu den adierazpen hori Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 25eko 197/2008 Ebazpenaren bidez egin zen.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta aipatu foru aginduaren 28.1 artikuluan agertzen diren eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera nire esku baitaude,

EBATZI DUT:

1. "Sociedad de Promoción de Inversión e Infraestructuras de Navarra (SPRIN)" sozietateari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Izabatik Frantziarako NA-1370 errepidearen 16+300 k.p.tik 21+500 k.p.rako tartean 22 kV-eko goi tentsioko lurpeko linea elektrikoa jartzeko proiekturako.

2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:

-Egin nahi den jarduerak azpiegiturak eta zortasunak ukitzen ahal baditu, edo horiek jarduera baldintzatzen ahal badute, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Zangatik eta galtzadatik ateratzen diren hondakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira edo NA-1370 errepidea egokitzeko obran pausatuko dira.

3. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Basozaintzari, Izabako Udalari, Erronkariko Ibaxaren Batzordeari, Construcciones Mariezcurrena enpresari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 14an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0901175